Donostiako arraunketa
From Wikipedia, the free encyclopedia
Donostiako arraunketa hirian sendo errotutako kirola da, tradizio handikoa eta urteetan zehar talde eta elkarte ugari sortu dituena.
Donostia | |
---|---|
Sorrera | 1907 Amaikak Bat 1911 Fortuna 1912 Esperanza 1922 Ur-Kirolak 1924 Loiolatarra 1933 Empuje 1941 Chimparta 1956 Txapel Aundi 1960 Jaizkibel 1960 Ibaeta 1965 Arraun Lagunak 1968 Kai-alde 1968 Donostia AB 1997 Kiriko AKE 2007 Donostiarra |
Herria | Donostia, Gipuzkoa |
Patroia(k) | Luis Karril, Kiriko, Soterotxo, Famao, Pintxan |
Kolorea(k) | zuria |
Trainerua | |
Palmaresa | Gizonezkoak 14 Kontxako Bandera 0 TKE Liga 1 KAE 1 Liga 1 KAE 2 Liga 1 Federazioaren Liga 2 Espainiako Txapelketa 1 Euskadiko Txapelketa Emakumeak 2 Kontxako Bandera 2 Euskotren Liga 4 Euskadiko Txapelketa 2 Gipuzkoako Txapelketa 1 ETE Liga |
Traineru arraunketako kirola, kostako herri guztietan bezala, arrantzaleen lanbidetik sortu zen Donostian ere XIX. mendearen amaieran, eta, arrantza-jarduera indartsuko hiria izanik, parte hartze zabala izan zuten bertako kuadrillek garaiko estropada eta desafioetan. Luis Karril eta Kiriko bezalako lege zaharreko patroi donostiar handiak izan ziren garai hartan.
1920ko hamarkadaren inguruan arrantza ontziak higiarazteko arrantzaleen giza indarra erabiltzeari utzi zitzaionean, hiriko elkarteek hartu zuten kuadrillak eratzeko eta sustatzeko ardura, eta, hamarkada batzuk geroago, arraun klub modernoek hartu zuten haien lekukoa. Kirol honek Donostian beti eragin izan duen grinaren erakusgarri da datu hauxe: Kontxako Banderan 12 elkarte donostiar desberdinek parte hartu dute, eta, kaiko edo Parte Zaharreko arrantzale giro hertsian ez ezik, Loiola, Martutene eta Ibaeta auzoetan ere sortu izan dira arraun taldeak eratzeko ekimenak.
Kirol emaitzen aldetik denboran zehar gorabeherak izan dituzten arren, talde horiek guztiek hainbat Kontxako Bandera lortu dituzte (Donostia hirugarrena da sailkapen nagusian), baita maila goreneko txapelketak ere arraun modalitate guztietan: (traineruetan, trainerilletan, bateletan, aulki mugikorreko kategoria guztietan eta Mediterraneoko llaütetan). Arraunketa olinpikoan ere jarduera zabala izan dute Donostiako arraunlari eta taldeek, 1920ko hamarkadan hasi eta modalitate honetan era jarraituan aritzen lehenak izan baitziren bere inguruan.