Euskal Herriko merkataritza Behe Erdi Aroan
From Wikipedia, the free encyclopedia
Merkataritza Euskal Herriko ekonomia ekimen garrantzitsuenetako bat izan zen XIV. eta XV. mendeetan; merkataritzaren bidez bere kokagunea -alegia, Pirinioetako ertzaren eta Bizkaiko golkoaren arteko bidegurutzea- baliatzen zuen, eta, era horretan, itsasaldeko elikagai defizit betikoa gutxitzen.
Nolanahi ere, hiru espazio guztiz desberdinak bereiz daitezke jardun honetan.
Hasteko, herri mailako merkataritza bat aipa daiteke, batez ere hiriguneak hornitu, eta haien eskulanak merkatura bidean jartzea helburua zuena. Nolabaiteko garrantzirik zuten hirietan, eskulangile txikien dendetara eta merkatari espezializatuenetara -harategietara, adibidez- biltzen zen, eta orobat eguneroko merkatura. Aitzitik, hiri txikietan, eta eskulangile gutxi zirenetan, garrantzi handia izan ohi zuen asteroko merkatu egunak, eta egun horixe bihurtzen zen herriko merkataritzan ardatz nagusia.
Merkataritza harremanen bigarren barrutia eskualde mailakoa zen, eskualdeko soberakinen esportazioan eta eremu batzuetan falta ziren gaien inportazioan oinarritzen zena. Euskal Herriaren kasuan, horren adibide argiak dira Nafarroako eta Errioxako ardoaren kostaldeko merkaturatzea, eta Añanako Gesaltzako gatzarena; Baionatik eta bizkaitar eta gipuzkoar kostaldetik zetorren arrainaren salmenta barrualdean; edota burdinaren merkaturatzea.
Azkenik, nazioarteko merkataritzan Euskal Herriak izan zuen esku hartzea nabarmendu behar da. Erdi Aroaren erdialdera azokek -merkatari bilkura handien gisakoak ziren, urtean behin edo bitan egiten zirenak-, monopolizatu zuten merkataritza honen parte handi bat. Euskal Herrian berandukoa da azoken fenomenoa -lehen azokak Nafarroan egin ziren, hain justu Lizarran eta Tuteran, 1251tik aurrera, baina kostaldeko probintzietan, Balmasedako eta Urduñako azoka baimenak ez ziren 1288 arte lortu-, eta ez zuten inoiz paper erabakigarririk jokatu euskal lurretako merkataritzan. Hala ere, hori ez zen oztopo gertatu Euskal Herria nazioarteko merkataritzan sar zedin. Izan ere, batez ere XIV. mendetik aurrera, euskaldunek oso pisu handia izan zuten itsas garraio eta merkataritzan, Atlantiko nahiz Mediterraneo aldean.
Hain zuzen ere, nazioarteko merkataritza handiak izan zituen aldaketarik sakonenak XI-XV. mende bitartean, eta horretxen bitartez hiru aldi handi bereiz daitezke, oso argi. Lehenak XI. eta XII. mendeak hartzen ditu; hurrena XIII. mendea da, aldaketa handiak gertatu baitziren mende horretan, euskal merkataritzaren itsasoko zabalkundearen aitzindari izango zirenak, eta merkataritza trafikoa izugarri areagotu zutenak; eta, azkenik, XIV. eta XV. mendeak, zeinetan iritsiko baita gorenera nazioarteko proiekzio hori.
Hainbat ikuspuntutatik azter daitezke aldi horien arteko aldeak: aurrena, XI. eta XII. mendeetan, lehorreko bideetatik egingo da batez ere salgaien trafikoa, eta Behe Erdi Aroan berriz itsas trafikoa izango da nagusi. Bigarren ikuspuntu batetik, garraioaren garestitasuna zela-eta, lehen aldian ohiko ziren salgaiak pisu gutxikoak izatera igaro ziren, txikiak neurriz eta prezioz garestiak.
Alabaina, itsas merkataritza zabaldu zenean, asko merkatu ziren joan-etorriak, eta era horretan neurri handiagoko salgaiak hasi ziren mugitzen, prezioz merkeagoak zirenak eta bezero gehiago zituztenak. Eta, azkenik, Euskal Herriaren kasuan, aldaketa sakon bat gertatuko da salgaien trafikoan.
XI-XII. mendeetan ekialde-mendebal norabideko ardatz batek bideratzen zuen merkataritza, Santiago Bidetik barrena, Gaztelako Meseta eta Europako gainerako lurrak lotuz, Araba eta Nafarroan zehar. Baina XIV. eta XV. mendeetan ipar-hegoalde zen merkataritzaren norabide nagusia, itsasaldea eta barneko lurrak lotzen zituena beraz; kasu horretan, gainera, bikoitza zen ardatza. Lehen ardatzak bizkaitar kostaldea eta Gipuzkoako mendebaleko eremua hartzen zituen, eta, Araban barrena Meseta aldera luzatuz, Burgos zuen gune nagusia. Bigarren ardatza, berriz, Baionatik eta Gipuzkoako ekialdeko kostaldetik abiatzen zen, eta gero, Iruñetik igaro ondoren, Nafarroatik jarraitzen zuen, Ebroko ibarraren aldera.