Txikipedia:Biziaren jatorria
From Wikipedia, the free encyclopedia
Lurreko biziaren jatorria zientziak oraindik erabat argitu ez duen auzia da, oso zaila delako bizia nola sortu zen erakusten duten frogak aurkitzea.
Gai hau ikertzen duten zientzialarien ustez, duela milioika urte (4.000 milioi, beharbada), antzinako Lur planeta gaztean zeuden konposatu organiko sinple batzuk elkartu eta konposatu konplexuagoak sortu zituzten; konposatu konplexuago horiek hazteko eta ugaltzeko gai ziren. Horrela sortu omen ziren Lurreko lehen organismoak, geroztik gure planetan bizi izan diren milaka eta milaka espezieen jatorrian daudenak.
Lurraren lehen garai haietan, gure planetan ez zegoen biziarentzat egokia zen ingurunerik. Jarduera bolkaniko indartsua zegoen nonahi, eta atmosferaren osaera ere ez zen batere egokia biziarentzat. Hortaz, baldintza zail haietan, non sortu ote zen bizia?
Biziaren jatorria bilatzen hasi baino lehen, ordea, ondo ulertu beharra dago zein diren bizia egon ahal izateko ezinbestekoak diren baldintzak.
Konposatu eta osagai batzuk behar-beharrezkoak dira bizia egon ahal izateko: hidrogenoa, metanoa, nitrogenoa, karbono-dioxidoa, fosfatoak eta amoniakoa. Osagai horiek elkartu ahal izateko eta erreakzioren bat eragin ahal izateko, disolbagarri bat behar dute, ura, adibidez.
Beste alde batetik, edozein bizi-forma hazi eta ugaldu ahal izateko, energia-iturri bat behar izaten du. Organismo bizien artean, badira batzuk, autotrofo deitzen ditugunak (landareak, adibidez), beren energia sortzeko gai direnak, eta beste batzuk, heterotrofoak (animaliak, esate baterako) beste organismo batzuk kontsumitzen dituztenak energia inguratu ahal izateko.
Hori dela eta, biziaren lehendabiziko formak ez zeukan bestelako organismorik kontsumitzeko; beraz, autotrofoa izan behar zuen nahitaez; hau da, eguzkiaren edo elementu elektrokimikoen laguntzaz energia sortzeko gai izan behar zuen.