Txikipedia:Parlamentu
From Wikipedia, the free encyclopedia
Parlamentua lurralde edo herrialde bateko biztanleen ordezkaritza duen batzarra edo erakunde politikoa da. Batzar horretan, hauteskundeen bitartez biztanleek aukeratzen dituzten politikariek parte hartzen dute. Politikari horiei «parlamentari» deitzen zaie. Haien ardura estatuko gai garrantzitsuenei buruzko eztabaidak egin eta erabakiak hartzea da. Adibidez, legeak sortzen dituzte; hau da, estatu bateko biztanle guztiek bete beharreko arauak. Beraz, parlamentua estatu edo lurralde batean botere legegilea duen erakundea da.
Parlamentuak, gainera, herrialde batek funtzionatzeko behar duen aurrekontua erabakitzen du. Aurrekontua estatuaren diru-sarrera eta gastu guztien zerrenda da, eta parlamentuak erabakitzen du nola lortu diru-sarrera horiek (orokorrean, herritarren zergen bitartez) eta zertan gastatu (adibidez, ospitaleak eta eskolak eraikitzen, medikuei, irakasleei eta beste funtzionarioei ordaintzen, etab.).
Estatu demokratiko bateko parlamentarien beste zeregin bat estatuko gobernuaren lana kontrolatzea da. Parlamentua osatzen duten politikarietako batzuk hauteskundeak irabazi dituen alderdi politikokoak dira; hauteskundeak irabazi dituen alderdia hiritarren boto gehien eta ordezkari gehien lortu dituena da, eta ondorioz, gobernua osa dezake. Beste batzuk, aldiz, hauteskundeak galdu edo boto eta ordezkari gutxiago lortu dituzten alderdietakoak dira. Parlamentari horiek «oposizioa» deritzoguna osatzen dute; hau da, gobernua osatu duen alderdiko kideak ez diren parlamentariak. Gobernuko alderdiak gehiengo nahikoa lortzen duenean, nahi dituen legeak onar ditzake; gehiengo nahikoa ez badu, aldiz, oposizioarekin negoziatu beharko du, lege horiek edo gobernuko politikak onartzeko.