![cover image](https://wikiwandv2-19431.kxcdn.com/_next/image?url=https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/e/ef/Akanpadadonostia004.jpg/640px-Akanpadadonostia004.jpg&w=640&q=50)
M-15 mugimendua
From Wikipedia, the free encyclopedia
M-15 mugimendua, nazioartean ingelesez Spanish Revolution ("Espainiar Iraultza", euskaraz), espainiar estatuan 2011ko maiatzaz geroztik eta 2012 urteko amaierara bitartean izan zen protesta eta gizarte mugimendua izan zen, hasieran hainbat hiritan kanpaldi iraunkorrak eginez aste batzuetan zehar eta politikoen eta interes ekonomikoen aurkako protesta-ekintza zuzenak ondoren, benetako demokrazia eta erreforma politiko eta sozioekonomiko sakonak exijitzeko. Protestetan parte hartzen zuten pertsonei gaztelaniaz Ciudadanos Indignados (euskaraz, Hiritar Haserretuak) deitu zitzaien. Protesta mugimenduak modu autonomoan garatu zen, bere baitan inongo talde edo erakunderen parte hartze nabarmenik gabe eta antolakuntza horizontal eta lauso batez. Hasierako ekimena maiatzaren 15ean Espainiako hainbat hiritan Democracia Real Ya taldeak eta atxikitako beste hainbat elkartek deituriko elkarretaratzeak izan ziren. Bertan milaka pertsona bildu ziren, sare sozialen bidez antolaturik, Espainian benetako demokrazia eskatuz, bi alderdi politiko nagusien (PSOE eta PP) ustelkeria eta nagusigoa, gazteen langabezia altua, gobernuak finantza krisia dela eta bankuei emaniko diru-laguntza salatuz eta beste hainbat aldarrikapenekin batera.
- Artikulu hau 2011 abiarazitako gizarte-mugimendu zabalari buruzkoa da; horren haritik eta Atzeraldi Handia dela eta izandako murrizketen aurka sortutako protesta multzo heterogeneoa gaitzat duena beste hau da: «2011-2013ko murrizketa sozialen aurkako protestak Espainian»
2011ko maiatz eta ekaineko protestak Espainian eta Hego Euskal Herrian | |
---|---|
![]() Donostian Bulevarreko kioskoa izan zen kanpaldi eta asanblada-tokia. | |
Kokapena | Espainia |
Iraupena | 2011ko maiatzaren 11tik |
Ezaugarriak | Desobedientzia zibila, protestak, kanpaldiak |
Mugimendu herrikoia zabaldu egin zen hurrengo egunetan, Espainiako hainbat hiritan kontzentrazio etengabeak edo kanpaldiak eginez, egunetik egunera jarraipen eta oihartzun zabala sortuz. Nolanahi ere, pertsona gehien bildu zituzten Madrilgo eta, neurri txikiagoan, Bartzelonako kanpaldiak izan ziren mugimenduaren erreferentzia nagusiak. Mugimendua zabaltzeko nabarmena izan zen Twitter, Facebook eta beste sare sozialen erabilera. Mugimenduarekiko elkartasun-ekintzak nazioartera ere zabaldu ziren. Maiatzaren 22an Espainia osoan udal hauteskundeak burutu behar zirela eta, hauteskunde autonomiko zenbaitekin batera, alderdi politikoek arreta eta kezka azaldu zuten mugimenduarekiko, batzuk, gehienetan eskuinaren aldetik, mugimenduaren manipulazioa gaitzetsiz, eta beste batzuk mugimenduaren erreibindikazioak bereganatuz. Orohar, ordea, mugimendua talde politiko, hedabide eta intelektual gehienen atxikimendua jaso zuen hasierako egunetan, baina asteak aurrera joan ahala, protesten seta eta sistema politiko eta ekonomikoaren aurkako mezu iraunkorrak direla eta, botereen aldetik protesten aurkako iritziak zabaltzen joan ziren. Horrek eragin nabarmena izan protesten kudeaketa polizialean: hasieran giro baketsuan garatu baziren ere, hauteskundeen ondoren eta bereziki kanpaldietatik protesta-ekintza zuzenagoetara igarotzean, protesta egiten zutenen aurkako errepresio poliziala areagotzen joan zen. Dena den, hauteskunde egunaren ondoren, mugimendua indarra galtzen joan zen, politologo eta soziologoen iritziz, erreferentzia sinboliko eta ideologiko argia ez izateagatik eta lidergo ezagatik. Azkenik, ekainaren erdialdean kanpaldi gehienak desegin ziren, baina bestelako protesta ekintzak antolatzen jarraitu zen. Hilabeteak pasa ahala, mugimendua indarra galtzen joan zen, baina horren ordez arloan arloko protesta eta mugimendu ugari sortu ziren, Atzeraldi Handia dela eta ezarritako murrizketen aurka. 2014ko hasieran, ordea, Ahal Dugu alderdia sortu zen mugimenduaren txanda hartzeko. Parte hartu zuen lehenengo hauteskundeetan arrakasta nabarmena lortuta, PP eta PSOE alderdien bipartidismoa hautsi zuen indarretako bat izan zen.
Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere kanpaldiak eta protestak izan ziren, Espainian izandako protesten ildotik, antzeko erreibindikazioekin eta, hasieran horren inguruko kritikak izan baziren ere, horiei gaineratu lekiokeen kutsu abertzalea erabat baztertuz.