Aztarna ekologiko
Kapital naturalaren gaineko giza eskaera neurtzeko metodoa / From Wikipedia, the free encyclopedia
Aztarna ekologikoak bizi-premiak betetzeko erabiltzen den azalera adierazten du. Beraz, aztarna ekologikoak munduko lurraldeetan zenbateko azalera erabiltzen den jakiten laguntzen du.
Aztarna ekologikoak lurralde bateko populazioak bere kontsumo beharrak asetzeko, biztanle batek bizitzeko, etxebizitza batek bere funtzionamendurako… naturaren zenbateko azalera behar duen adierazten du. Kontsumo horren mugak ezagutzeko karga ahalmena ikusi behar da.
Karga ahalmena, kontsumitzen diren baliabideak ekoizteko eta sortzen diren hondakinak asimilatzeko dagoen lehorreko eta itsasoko azalera biologikoki produktiboa da: basoak, larreak, laborantzak eta itsasoak. Karga ahalmenak eskualde batean, herri batean edo planeta osoan dauden basoen, laborantzen, larreen edo itsasoaren azaleretatik lor daitezkeen baliabide naturalak adierazten ditu.
- Adibide bat jartzearren, lurraren azalera produktiboa lurrean bizi diren biztanle guztien artean banatzen bada, pertsona bakoitzari 1,8 hektarea dagokio bere behar guztiak asetzeko, hots, 1,8 hektarea/pertsona, bi futbol zelai pertsonako (datuok 2004koak dira: urtero aldatu egiten dira, jaiotza gehiago gertatzen direlako, baina lur emankorra gero eta txikiagoa delako).
Planetako populazio zati batek dagokion 1,8 hektarea horiek baino gehiago kontsumitzeak arazoa dakar, ez baitago orduan planeta nahikorik kontsumitu eta sortzen dena ekoizteko eta asimilatzeko. Lur bateko populazioaren aztarna ekologikoa bizi den lekuko lurraldearen karga ahalmena baino handiagoa bada, biztanle horiek defizit ekologikoa dutela esaten da. Defizit ekologikoa duten herrialdeek munduko beste herrialdeetako lur ekoizleak erabiltzen dituzte eta horrek etorkizuneko belaunaldien baliabideak ustiatzen ditu