Bigarren Mundu Gerra
gatazka (1939–1945) / From Wikipedia, the free encyclopedia
Bigarren Mundu Gerra 1939-1945 urteen artean mundu osoan hedatu zen gerra izan zen.[1] Munduko herrialde gehienek, tartean potentzia handi guztiek, aurkako bi aliantza militar osatu zituzten: Aliatuak eta Ardatza. Gerra egoera sortu zen, zuzenean 30 herrialdetako 100 milioi pertsonari eragin ziona. Parte-hartzaile handienek euren ekonomia, industria eta zientzia gaitasun osoa jarri zuten gerra irabazteko esfortzuaren alde, zibilen eta militarren baliabideen arteko muga lausotuz. Gizateriaren historian hildako gehien eragin duen guda izan da[2], munduko biztanleen % 2 hil baitzen (50 eta 85 milioi pertsona artean), horietako gehienak Sobietar Batasuneko eta Txinako zibilak. Gerra honen barnean sarraskiak, Holokaustoa bezalako genozidioak, bonbardaketa estrategikoak, planifikatutako gosete eta gaixotasunak izan ziren; historian bonba nuklearrak erabili diren gerra bakarra izan da[3][4][5][6].
Japoniak Asia eta Ozeano Barea kontrolatu nahi zituen, eta gerran zegoen Txinarekin 1937tik[7], nahiz eta ez zen egon gerra deklarazio formalik[oh 1] . Horregatik, Alemaniarekin batera borrokatu zuen Japoniak, zehatz mehatz Estatu Batuen aurka. Bigarren Mundu Gerra ofizialki 1939ko irailaren 1ean hasi zela esan ohi da, Alemaniak Polonia inbaditu zuenean, Frantziaren eta Erresuma Batuaren gerra deklarazioak ekarri zuena. 1939aren amaieratik 1941eko hasierara, kanpaina eta itun ezberdinen bidez, Alemaniak Europa kontinentalaren zatirik handiena konkistatu zuen, eta Italia eta Japoniarekin batera Ardatza eratu zuen. 1939ko Molotov-Ribbentrop Itunaren ondorioz, Alemaniak eta Sobietar Batasunak Polonia, Finlandia, Errumania eta Estatu baltikoak anexionatu eta banatu zituzten. Ipar Afrika eta Ekialdeko Afrikako kanpainen ostean, eta 1940aren erdialdean Frantziaren erorketarekin, gerrak Europako Ardatzeko potentzien eta Britainiar Inperioaren artean jarraitu zuen. Balkanetako Kanpainak, airez eman zen Ingalaterrako Gudua, Blitza eta Atlantikoko Guduak jarraipena eman zion gerrari. 1941eko ekainaren 22an Ardatzeko potentziek Bizargorri Operazioa abiatu zuten Sobietar Batasuna inbadituz, historia osoan zehar gerra batean egondako eremurik handiena irekiz. Ekialdeko Fronteak Ardatza geldotu zuen, batez ere Alemaniako Wehrmachta, erresistentzia gerra batean sartuz. 1941eko abenduan Japoniak Pearl Harborko erasoa egin zuen Ameriketako Estatu Batuen eta Europar kolonien aurka. Erasoaren ondorioz AEBk gerra deklaratu zion Japoniari, Erresuma Batuaren babesarekin; Europako Ardatzek AEBren aurkako gerra abiatu zuten, Japoniar aliatua babesteko helburuarekin. Japoniak Ozeano Barean arrakasta azkarra izan zuen, kolonia askotatik Europa kenduz; armada lokal askok Japonia babestu zuten dominazio honetatik askatzeko.
Ardatzak aurrera egin zuen Ozeano Barean ahalik eta 1942an Japoniak Midwayko Gudua galdu zuen arte; beranduago, Alemania eta Italiak porrota izan zuten Ipar Afrikan eta, ondoren, Stalingradeko Guduan Sobietar Batasunean. 1943an Alemaniak porrot gehiago izan zituen Ekialdeko Frontean, Aliatuek Sizilia eta Italia inbaditu zituzten eta Ozeano Barean hainbat garaipen izan zituzten, Ardatza erretiratze estrategikora bultzatuz. 1944an Mendebaldeko Aliatuek Alemaniak okupatutako Frantzia inbaditu zuten, Sobietar Batasunak bere lurralde osoa berreskuratu zuen eta Alemania eta bere aliatuen aurka ekin zion. 1944 eta 1945 bitarte Japoniak porrot garrantzitsuak izan zituen Asian, bereziki Txinako Hegoaldean eta Erdialdean zein Birmanian, Aliatuek Pazifikoan Japoniako Itsas-armada murrizten zuten bitartean.
Gerra Europan Mendebaldeko aliatuek eta Sobietar Batasunak Alemania inbaditu zutenean amaitu zen, Sobietar tropek Berlingo guduan garaitu, Adolf Hitlerrek bere buruaz beste egin eta 1945eko maiatzaren 8an Alemaniaren errendizioa sinatu zuenean. Aliatuek 1945eko uztailaren 26an Potsdameko Adierazpena sinatu zuten, baina Japoniak ez zituen errenditze-terminoak onartu; Ameriketako Estatu Batuek, orduan, Hiroshima eta Nagasakiren gainean bi bonba nuklear jaurti zituzten, abuztuaren 6an eta 9an. Japoniaren inbasioa gertu zen, bonba atomiko gehiago eror zitezkeen eta Sobietarrak Japoniaren aurka gerran sartu ziren Mantxuriako Guduan, Japonia errenditzera behartuz 1945eko abuztuaren 15ean. Gerra krimenak epaitzeko epaitegiak eratu zituzten Aliatuek, eta Alemaniaren eta Japoniaren aurkako epaiketak egin ziren.
Bigarren Mundu Gerrak munduaren egitura politikoa eta soziala guztiz eraldatu zuen. Nazio Batuen Erakundea sortu zen nazioarteko kooperazioa bultzatzeko eta etorkizunean gatazka berriak egotea ekiditeko; Txinak, Frantziak, Sobietar Batasunak, Erresuma Batuak eta Ameriketako Estatu Batuek Nazio Batuen Segurtasun Kontseilua osatu zuten, kide egonkor gisa. SESB eta AEB bilakatu ziren superpotentzia etsai berriak, mende erdi iraun zuen Gerra Hotza piztuz. Europaren suntsiketa erraldoiaren aurrean, euren boterearen gainbehera etorri zen, Afrikaren eta Asiaren deskolonizazioa piztuz. Industria kaltetuta ikusi zuten herrialde gehienek berreskurapen ekonomikoa ikusi zuten. Integrazio politikoa, bereziki Europan, errealitate berri bat izan zen, gerra aurreko etsaitasunetik identitate komun bat sortzeko ahaleginarekin[8].
Eskuarki, Bigarren Mundu Gerrako azken kausatzat Alemaniak Polonia inbaditzea eta Japoniak Ozeano Bareko hainbat punturi (AEBei eta kolonia britainiar zein herbeheretarrei) eraso egitea jotzen dira. Nolanahi ere, gerrara eraman zuen bidea luzeagoa izan zen.
Europan
Lehen Mundu Gerrak erradikalki aldatu zuen Europako mapa politikoa. Alde batetik, Erdialdeko Inperioen gainbehera eman zen, Austria-Hungaria deseginez, Alemaniar Inperioaren ordez Weimarko Errepublika errepublika sortuz, eta Otomandar Inperioa desegin eta Turkia sortuz. Errusiar Iraultzaren amaieran Urriko Iraultza eman zenean Boltxebikeek hartu zuten boterea Errusian, ondoren Sobietar Batasuna sortuz. Bitartean, Lehen Mundu Gerrako Aliatuek, tartean Frantzia, Belgika, Italia, Errumania edo Grezia, lurraldea irabazi zuten, eta nazio-estatu berriak sortu ziren Europa osoan zehar.
Mundu gerra berri bat ekiditeko, Nazioen Liga sortu zen 1919ko Parisko Bake Biltzarrean. Erakunde honen helburu nagusiak segurtasun kolektiboaren bidez gatazka armatuak ekiditea, desarmatze militar eta nabala eta nazioarteko gatazkak ekiditeko negoziazioa eta arbitrajea ezartzea ziren[9].
Lehen Mundu Gerraren ostean sentimendu bakezalea orokortu zen arren[10], irredentismoa eta errebantxismoan oinarritutako nazionalismoak ugaritu ziren Europako hainbat herrialdetan. Sentimendu hau bereziki garrantzitsua izan zen Alemanian. Versaillesko Itunean, herrialde garaileek zigor ekonomiko eta politiko larriak ezarri zituzten herrialde garaituen gainean. Alemanian, jende askoren ustez bidegabekeriak eta umilgarriak izan ziren. Itun horren ondorioz, Alemaniak bere lurraldearen %13 inguru galdu zuen eta itsasoz-haraindiko lurralde guztiak, espresuki debekatu zitzaion beste lurralde batzuk anexionatzea, kalte-ordainak ezarri zitzaizkion eta herrialdeak izan zezakeen armadaren tamaina mugatu zen.[11]. Agintariak zigor horiek arrazoizko egoerara eramaten saiatu ziren arren, 1929ko krakak eragin zuen krisialdia zela medio[12], ahalegin horiek guztiak alferrikakoak izan ziren.
Alemaniar Inperioa Azaroko Iraultzaren ondorioz desegin zen, gobernu demokratiko bat sortuz, beranduago Weimarko Errepublika gisa ezagutuko zena. Gerra arteko garai honetan errepublika berriaren defendatzaileek aurkari zuzenak izan zituzten ezker politikoan zein eskuin politikoan. Bitartean, Aliatuen parte izan zen Italiak lurralde batzuk eskuratu zituen; hala ere, Italiar nazionalismoa haserre zegoen, Erresuma Batuak eta Frantziak Italia gerran sartzeko egindako promesak ez zirelako bete. 1922 eta 1925 bitartean Benito Mussolinik gidatutako mugimendu Faxistak boterea eskuratu zuen Italian, agenda nazionalista, totalitario eta klase-kolaborazionistarekin, demokrazia ordezkatzailea deseginez, sozialismoaren, ezkerreko alderdien eta liberalen aurkako errepresioa bultzatuz, eta politika espantsionista indartsu batekin, Italia mundu mailako potentzia batean bilakatzeko asmoz, eta Erromatar Inperio Berria proposatuz[13].
Alemanian, zilegitasun txikiko errepublika horretan, krisialdi ekonomikoan itota, jende askok sistemaren kontrako alderdietara jo zuen. Arrakastatsuena Adolf Hitlerren alderdi nazia (NSDAP) izan zen. Hitlerrek 1933ko urtarrilaren 30ean hartu zuen boterea Alemanian. Mein Kampf (Nire borroka) liburuan adierazi zuen bezala, bere helburua Versaillesko Ituna iraultzeaz gain, Alemaniarako etorkizun loriatsua eta oparoa lortzea zen. Horretarako, Alemaniaren inguruko lurraldeak (Lebensraum - Bizitzeko tokia) konkistatu eta alemaniar bihurtu nahi zituen.
Adolf Hitlerrek Municheko Putscha egin zuen 1923an gobernua kanporatzeko, baina ez zuen lortu; hamar urte beranduago Alemaniako Kantziler berria izatea lortu zuen. Demokrazia ezeztatu zuen eta Ordena Berria ezarri zuen, arrazan oinarritutako erreforma erradikal bat; laster hasi zen Alemaniaren berrarmatzearekin[14]. Bitartean, Frantziak bere aliantzak segurtatu nahi zituen, eta Italiari baimena eman zion Etiopian esku-hartze osoa izatea, Italiar kolonialismoa areagotuz. Egoera okerrera egin zuen 1935aren hasieran, Sarreko arroaren lurraldea Alemaniarekin legalki batu zenean, Hitlerrek Versaillesko Ituna errefusatu zuenean, bere berrarmatze programa azkartu zuenean eta soldaduzka berriro ere sartu zuenean[15].
Asian
Versalleseko Hitzarmenean botere kolonial gisa harturik, Japoniako politiko eta militar askok Asia konkistatzeko eta batzeko eskubidea aldarrikatu zuten. Hori zela eta, Mantxuria 1931n eta Txina 1937an inbaditu zituen Japoniak.
Bigarren Txina-Japonia Gerra hori 1937ko uztailaren 7an hasi zen hain zuzen ere. 1931tik bere menpe zegoen Mantxuriatik eraso zuen Japoniak. Lehengo aurrerapenak Shangai hirian moteldu ziren, nahiz eta abendurako japoniarren eskuetan erori. Nanjing hiriburua ere hartuta, txinatar nazionalistek Chongqingera mugitu zuten gobernua gerra bukatu arte. Nanking hirian egundoko sarraskia burutu zuten japoniarrek, hilabetean 300.000 lagun garbitu baitzituzten.
Ameriketako Estatu Batuen eta Erresuma Batuen erreakzioa Txinari (Kuomintangi hain zuzen ere) laguntza ekonomiko eta militarra igortzea izan zen. 1940tik aurrera, Japoniaren aurkako enbargoa ere ezarri zuten abian.
Enbargoari aurre egiteko, Asia eta Ozeano Barean lurralde berriak inbaditu zituen Japoniak, Frantziak, Herbehereak, Erresuma Batuak eta Sobietar Batasunak Europako gerra beste kezkarik ez zutelakoan, eta AEBek, gerrarako prest egon gabe, akordioa bilatuko zutelakoan. Japoniako agintariek adierazi zuten bere asmoa Ekialdeko Asia Elkarren Kooperazio Gunea sortzea zela, Europako menpe inperialistatik askea.
AEBak gerran sartzera eraman zituen kausa zuzena Pearl Harborren erasoa izan zen, 1941eko abenduaren 7an. Lau egun geroago Alemaniak gerra deklaratu zien AEBei. Sobietar Batasunaren aurka 1939ko udaberrian baino ez zuen Japoniak jardun. Mongolian egin zuten topo. Japoniako hazkundea Ekialde Urrunean mehatxutzat jo zen Moskun. Japoniako erasoa atzera eraman zuten sobietarrek, Georgi Zhukov jeneralaren agindupean. Horren ostean, bakeak iraun zuen bi estatuen artean. Historialari batzuen arabera, bi fronteko gerraren beldurrak bultzatu zuen Sobietar Batasuna Alemaniarekin akordioa sinatzera.