From Wikipedia, the free encyclopedia
Gizakietan bi diafragma nerbio edo nerbio freniko daude, ezkerrekoa eta eskuinekoa. Hauek idun plexutik sortzen dira, C3, C4 eta C5 mailetatik, hala ere zuntz gehienak C4 mailatik aterako dira. C5 mailako zuntzak berandu gehitzen direnean gainerako zuntzei, diafragma nerbio gehigarri izena hartzen dute.
Diafragma nerbio | |
---|---|
Xehetasunak | |
Honen parte | Plexu brakiala |
Identifikadoreak | |
Latinez | nervus phrenicus |
TA | A14.2.02.028 |
FMA | 6191 |
Terminologia anatomikoa |
Nerbio bago, nerbio esplakniko eta azken 6 saihetsarte nerbioekin batera, diafragma inerbatzen dute, beraz arnasketarako oso nerbio garrantzitsuak dira. Ezker nerbio frenikoa eskuinekoa baino luzeagoa da, bere ibilbidean bihotza inguratzen duelako.
Diafragma nerbioa, nerbio mistoa da, hau da, zuntz motorrez gain, zuntz sentsitiboak ere baditu, tendoi zentroko eta pleura mediastinikoko informazioa jasotzen dutenak.
Freniko hitza grekoko phren hitzetik dator, eta diafragmari egiten dio erreferentzia.[1]
Diafragma nerbioa bizkar muinaren iduneko zatitik dator, eta bere jatorria nukleo eragilearen aurreko adarrean du; hau da, aurreko erroan. Idun plexutik sortzen da, C3,C4,C5 mailetatik (zuntzen jatorri nagusia C4-tik dator). Baliteke, ordea, C2 eta C6 mailako zuntzek ere parte hartzea[2].
Orokorrean atze eta erdialdeko ibilbidea du. Lapranki jaisten da barneko jugular zainarekin batera eta aurreko eskalenoaren aurretik igaroko da. Iduneko faszia sakona eta zeharkako idun arteria nahiz eskapula gaineko arteria igaroko ditu ere.[3]
Ezkerreko diafragma nerbioa ezkerreko lepauztai azpiko arteriaren lehenengo zatiaren aurretik igaroko da eta eskuinekoak, berriz, eskuineko lepauztai azpiko arteriaren bigarren zatia zeharkatuko du. Aldiz, orokorrean bi aldeetan (ezker zein eskuin) nerbioa lepauztai azpiko zainaren atzetik igaroko da. Toraxera haren goiko irekigunetik sartuko da eta bertan, birika erroaren aurretik igaroko da mediastino aldeko pareta pleuraren eta zuntzezko perikardioaren artean.
Eskuin zein ezker diafragma nerbioak diafragma zeharkatzean diafragma-abdomenetarako adarrak deituko dira.
Iduneko nerbio gehienekin gertatzen den bezala, hemen ere hainbat kokapen anatomiko egon daitezke.
Gerta daiteke diafragma nerbioa lepauztai azpiko zainaren aurretik igarotzea atzetik igaro beharrean[4] (lepauztai azpiko zain nahiz arteriaren artean igaro ohi da). Kokapen horrek, ordea, arazoak ekar ditzake hainbat prozeduretan.
Bestalde, aipagarria da esatea diafragma nerbio gehigarria ere egon daitekeela (kasuen ⅓)[2]. Izan ere, gerta daiteke C5 mailako zuntzek berandu bat egitea gainontzeko zuntzekin. Horrela, C5 zuntz horiek diafragma nerbio gehigarriaren osagai izango dira .
Diafragma nerbioa ukituz aurkitzeko, hoberena pazientea ahoz gorako etzanera jartzea da. Aurreko eskaleno giharraren aurreko aurpegian haztatzeko beharrezkoa da C5 mailan esternokleidomastoideo giharra desplazatzea erdialderantz. Aurrekoa egin ezean, esternokleidomastoideoak aurreko eskalenoa estaliko luke.
Nerbio mistoak dira; beraz, adar aferenteak zein eferenteak dituzte.
Zuntz motorrek (eferenteak) eraginda, diafragmaren kontrakzioa gertatzen da. Uzkurketa honi esker, diafragma beherantz joango da eta torax barrunbearen espazioa handituko da, horrenbestez, biriketara airea sartzeko espazioa emango dio, arnas gora bultzatuz. Bestalde, arnas beherean, diafragma erlaxatzean barrunbe torazikoan dagoen espazioa txikitzen da, airea kanporatzea eraginez.
Gorputzean bi diafragma nerbio daude (ezkerrekoa eta eskuinekoa) bata bestearen independente, horregatik, haietariko batek paralisi bat izatekotan besteak arnas funtzioa betetzen jarrai dezake.
Zuntz sentsitiboei (aferentei) dagokienez, diafragmatik, birka pleuratik, perikardiotik eta peritoneo diafragmatikotik informazio sentsitiboa hartzen dute. Diafragman lesio bat izanda, min igorria ere sentituko dugu; minaren informazioa diafragma nerbioak sortzen diren zuntzek(C3-C5) inerbatzen duten larruazal guneko informazioarekin (ezkerreko sorbaldaren ertzekoarekin, bereziki) nahastu delako entzefalora igo aurretik. Zuntz hauek gero burmuinetara helduko dira, eta nahasketa horren ondorioz, mina sorbalda inguruan sentituko dugu naiz eta lesioa diafragmatikoa izan.
Diafragmaren inerbazioaz arduratzeaz gain, abdomeneko errai batzuk eta peritoneoa sentikorki inerbatuko dute ere diafragma nerbioek.[5][6]
Horrez gain, zuntz begetatiboak dituzte, hau da nerbio sistema autonomoaren parte diren zuntzak.
Nerbio frenikoaren lesioaren eraginez eratzen den patologia aipagarriena, diafragma paralisia da. Beraz, lesioak gehienbat diafragma muskuluan eragiten du.
Diafragma paralisian, diafragmaren mugimenduaren etetze partziala edo osoa gertatzen da. Paralisi hau, nerbio frenikoaren lesioaren ondorioz eratu daiteke. Horrez gain, diafragma eratzen duten bularrezurreko gihar-zuntzen, saihetseko muskulu zuntzen edo gerriko muskulu zuntzen aplasia edo atrofia batek eraginda erazten da patologia hau.
Diafragma nerbioarekin loturiko alterazio bat zotina da. Diafragmaren ez-borondatezko uzkurketak eragiten du zotina. Hori nerbio frenikoa narritatzeagatik gertatzen da kasu askotan. Kontrakzioan arnasa hartzen denez, airea sartzen da kontrol handirik gabe, ahots korden aurka talka eginez eta hauek ixtea eraginez. Aurrekoaren ondorioz, alterazioaren berezkoa den soinua sortzen da. Bere kabuz desagertzekotan, ez du tratamendurik behar. Hala ez bada, tratatzeko modua ez dago batere argi, baina eraginkorrena diafragmara doan estimulua garraiatzen duen neurona presinaptikoa inhibitzea dela dirudi. Hala ere, hau ez da kasu guztietan eraginkorra izaten, eta batzuetan kirurgia ezinbestekoa da. Normalean frenizektomia partziala egiten da, unilaterala hain zuzen, eta behar bezala funtzionatzen ez duen nerbioaren funtzionamendua eteten da.
Nerbio frenikoa idun-mailatik sortzen da (C3-C5) eta diafragma inerbatzen du. Beraz, idun-maila azpian gertatzen diren bizkarrezur-muineko lesioak jasaten dituzten pazienteak gai izango dira ondo arnasteko, beste motatako paralisiak izan arren (beheko gorputz adarren paralisia adibidez).
Plexu brakialeko lesioek besoko, besaurreko edo eskuko hainbat eskualdeetan paralisiak sor ditzakete, moztuak izan diren nerbioen arabera. Ondoriozko paralisia klinikoki tratatu da nerbio frenikoa emaile bezala erabiliz. Horrela, nerbio muskulukutaneoaren zein erdiguneko nerbioaren neurotizazioa lortu da. Tratamendu honek arrakasta tasa handia du (%84,6) nerbio kaltetuaren inerbazioaren berriztapen partzial edo osoan.[7] Gainera, teknika honek eragin minimoa du nerbio frenikoaren arnasketa funtzioan. Hala ere, egon dira kasuak non birikaren Bizi-edukiera (VC) txikiagotu den. Hauek guztiak eskuineko nerbio frenikoa emaile moduan erabili denean eman dira, ez ordea, ezkerreko nerbio frenikoa erabiltzean[8].
Kirurgia toraziko bat egitean, oso garrantzitsua da nerbio frenikoa identifikatzea zein babestea. Horretarako, medikuak nerbio frenikoa manipulatu ahal du erantzun nerbioso bat sortzeko[9].
Gibel-transplanteetan, eskuineko nerbio frenikoa zapaldu egin daiteke kaba zainerako erabiltzen den pintzarekin[10].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.