From Wikipedia, the free encyclopedia
Artearen historiaren azterketa artelanak bere garapen historikoan eta testuinguru estilistikoan (generoa, diseinua, formatua eta itxura) aztertzen dituen diziplina akademikoa da, baita artistak beren testuinguru kultural eta sozialean ere[2]. Azterketa-metodo ezberdinen bidez, arte bisualak (pintura, eskultura eta arkitektura) aztertzen ditu funtsean, eta gutxiagotan beste arte eder batzuk (musika, dantza, literatura), arte-industriak eta arte-lanbideak (urregintza, altzarigintza, jantziaren historia, eta abar)
Definizio zabal batean, artearen historiako ikasketek barne biltzen dute arte-kritika (artearen merkatuan eta arte-erakusketetan, arte-ekoizpenen balioespen garaikideari aplikatuta, parte hartzen duten museoak, galeriak, erakusketen arte komisario, azokak, espazioak edo instalazio artistikoak) eta arte-teoria (estetikaren adierazpena eta bere bilakaera historikoa —estetikaren historia—); modu mugatuan, artearen historiografiarekin edo artearen historiarekin identifikatzen dira (hau da, artearen historialarien ekoizpen historiografikoa jorratzen duen historiografiaren adarrarekin) artearen historia zientzia bezala duten zientzialariekin, historiatik bertatik eratorritako gizarte zientzia dena[3].
Ernst Gombrichek artearen historiaren eremuak Zesarren Galiaren antza duela ikusi zuen, tribu ezberdinez hiru zatitan banatuta, nahiz, nahitaez, etsaiak izan ez: "jakintzaileak", (ezagutzaileak, zaleak) kritikariak eta arte historialari akademikoak[4]
Eremu horien ezinezko mugaketa objektibotasunaren arazoa askoz ere larriagoa bihurtzen du interes ekonomikoen, moda intelektualen eta gustu artistikoaren mendeko judizio estetikoen arteko lotura estuak artearen historiako ikasketetan historiografiaren edo gizarte zientzien beste esparru batzuetan baino, horiek, jada, zientzia fisiko-naturalak baino subjektiboagoak baitira. Artea lantzen duen literatur ekoizpenaren zati batean erabiltzen den hizkuntzak, batzuetan, ohiko zorroztasun formala eta zehaztasun metodologikoa alde batera utzi ohi du testu zientifikoetan, idatzitakoaren kalitate estetikoaren alde eginez, edo hiperbole bezalako bizioetan erortzen da (kualitateen ponderazio gehiegizkoa edo paralelismoak, antzekotasunak eta harreman nekezak bilatzea), baita mistifikazioan ere (ezkutatzea, faltsutzea edo baita datuak asmatzea ere)[5].
Diziplina gisa, artearen historia artearen kritikatik bereizten da: hau da, lan jakinen artean, konpara daitezkeen pareko estilokoekin, balio artistiko erlatiboa ezartzen edo estilo edo mugimendu oso bat berroneztez arduratzen dena; eta artearen teoria artearen oinarrizko izaeraz arduratzen dena, sublimearen enigmari buruzko ikerketa estetikoekin erlazionatzen duena eta edertasunaren esentzia zehazten duena. Artearen historiaren azterketa bietatik ezberdina izango litzateke, zeren arte historialariak historiaren metodologia erabiltzen baitu galderei erantzuteko: nola iristen da artista bere obra sortzera? Nortzuk dira bere babesleak? Nortzuk bere irakasleak? Nortzuk bere ikasleak? Nor da bere publikoa? Zein indar historikok moldatu zuten bere lana? Nola eragin zuen bere lanak gertakari historikoen bilakaeran?
Artearen historiaren azterketa diziplina akademiko nahiko berria da; XIX. mendean hasten da[6].Historiaren beste adar batzuen analisiak, hala nola historia politikoa, literaturaren historia edo zientziaren historia hitz idatziaren argitasuna eta hedagarritasunari etekina ateratzen dion bitartean, artearen historialariak kontzeptu formalen, ikonologiaren, semiotikaren (estrukturalismoa, post-estrukturalismoa eta dekonstrukzioa) azterketan oinarritzen dira: psikoanalisia eta ikonografia[7]; baita lehen mailako eta bigarren mailako iturriak (erreprodukzio artistikoak) eztabaidarako eta aztertzeko arrazoi gisa ere[8]. Bigarren Mundu Gerraren ostean, argazkien erreprodukzio eta inprimatze tekniken aurrerapenek artelanen erreprodukzio fidelak egiteko gaitasuna areagotu zuten. Hala ere, arte bisualen estimua eta azterketa autore askoren ikerketa-eremua izan da mendearen amaieran. Artearen historiaren definizioak artearen definizioan dagoen dikotomia islatzen du: artea, historia gisa, testuinguru antropologikoan, edo artea formaren azterketa gisa.
Arte historialariek norberaren 9 metodo, era askotarikoak, erabiltzen dituzte artelanen kalitatea, izaera eta historia ikertzeko[9].
Analisi formala objektuaren forman zentratzen dena da. Formaren elementuak lerroa, tamaina, kolorea, konposizioa, erritmoa, eta abar. Modurik errazena izango litzateke, analisia exegesi bat besterik ez baita, baina historialariak kritikoki eta bisualki pentsatzeko duen gaitasunaren araberakoa da.
Analisi estilistikoa elementu formalak estilo koherente batean konbinatzean zentratzen dena da. Normalean, analisi estilistiko batek, mugimendu edo joera artistikoei, erreferentzia egiten die objektu jakin baten eragina eta garrantzia ateratzeko baliabide gisa.
Azterketa ikonografikoa objektu baten diseinu-elementu jakinetan zentratzen dena da. Horrelako elementuen irakurketa arretatsu baten bidez, haien jatorria trazatu daiteke eta motibo horien jatorria eta ibilbidea dakarten ondorioak atera. Era berean, objektu hori ekoizteko arduradunen balio sozial, kultural, ekonomiko edo estetikoei buruzko oharrak egin daitezke.
Azkenik, arte-historialari askok teoria kritikoa erabiltzen dute artelanen inguruko ikerketak egiteko. Teoria kritikoa lan berriagoak jorratzen direnean erabiltzen da gehien, XIX. mendearen bukaeratik. Zertxobait lausoagoa den terminoak, artearen ikuspegi teorikoak, erabilera kronologiko zabalagoa du, estetikaren analisi psikologikotik kritika marxistaraino eta artearen historiren diziplinaren barruan finkatu diren beste batzuk (feminista, arraza-teoria kritikoa, queer teoria, teoria postkoloniala). Beste ikerketetan bezala, arte historialarien artean, interes akademikoa badago naturan eta ingurumenean, baina, oraindik, ez du arreta nahikorik jaso norabide hori zehazteko.
Artearen historiaren eremua, tradizioz, denborazko edo eskualdeko zatiketa batean oinarritutako espezializazioetan banatzen da eta, ondoren, azpizatiketetan oinarritutako bitarteko artistikoan (pintura, eskultura, arkitektura), eskola edo artista zehatzetan, edota horien lanaldietako hiperespezializazioetan edo artelan berezietan. Bestalde, antzinako artearen eta arte modernoaren kontzeptuak ez ohi dira bat etortzen Antzinako Aroko artearen edo Aro Modernoko artearenekin, baizik eta XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako abangoardiaren ohiko arteen berritzeari lotutako irizpide estetikoekin. Mendebaldekoak ez diren zibilizazioen arterako, denbora-segidak ez du zer ikusia mendebaldean Erdi Aroko, Errenazimenduko, Barrokoko arteaz, eta abarrekin.
«Arte primitiboa» fenomeno historiko oso anitzak biltzen dituen termino orokorra da. Arte primitiboaren adibiderik zaharrenak (ezagutzen ditugun artelan zaharrenak) Goi Paleolito garaikoak dira, ziurrenik K.a. 20.000 eta 10.000 artean. Arte hori, bere hasierako faseetan, Harri Aroan bizi izan ziren «hasierako gizaki» deitutakoek gauzatu zuten.
Baina «arte primitiboa» ere deitzen zaio europarrek, XV. eta XIX. mendeen artean, aurkitutako zenbait herri garaikidek, Afrikako, Amerikako, Hego Itsasoko eta Asiako zenbait tokitako jatorrizko kulturak egikaritutakoari, hori pentsatzeko arrazoirik egon gabe suposatzeko historiaurreko Europako gizakiaren kultura Europatik kanpo aurkitutako antzinako tribu horien antzekoa zenik.
Mendebaldeko artearen azpizatiketa ugarien aurrean, antzinako Asiako artearen edo Afrikako artearen espezializazioa eta «arte primitiboaren» kontsiderazio generikoa partekatzen duten beste batzuk (guztiak artearen kanon historiografikoaren barneko eraketa nahiko berrikoak) oso globala izan ohi da, nahiz hazten doan gutxiengoa izan eta elkarren artean zerikusi gutxi duten zibilizazioak edo kulturak eta oso aldi zabalak biltzen dituena.
Eurozentrismoaren salaketa, kulturaren esparru guztietarako orokorra, bereziki nabarmentzen da artearen historiaren azterketari dagokionez, XIX. mendearen amaieratik, abangoardiaren testuinguruan, arte-munduaren barruan sortu zen susmoa, (inpresionisten ekialde urruneko arte plastikoaren erakarpena, Gauguin-en tahitiar fasea, afrikanismoa eta Picassoren fase kubistaren primitibotasuna). Geroagoko beste ikuspuntu batzuetatik, kulturaniztasunaren, indigenismoaren eta, lehen, kultura primitibo deitzen zirenen defentsatik begiratuta (zuzentasun politikoan erortzea leporatzen zaien irizpideak), normalean, mendebaldekoak ez diren zibilizazioen kultur agerpenek mespretxuz tratatu izan ohi da. eta erreklamatu eta birbaloratu egin behar dira.
Artearen eta artefaktuaren arteko zatiketa semantikoaren berrikuspenean (ingelesezko artifact-etik) mendebaldeko kulturak irizpide estetikoekin sortutako objektuak baloratu ditu, lehen artistikoki estimatzen ez zirenak, eta egungo artearen ezaugarri berezienetako batekin lotuta dago: artisten eta haien artearen erakusketaren arteko harremana eta museoak eta mota guztietako espazioak mota guztietako artelanak eta instalazio artistikoak adierazteko baliabide gisa erabiltzea.
Alor metahistoriografiko horretan, (artearen historiaren ikerketa zientifikoa iturri dokumental gisa, hau da, historiografia artistikoaren historiografia egitea edo artearen historiaren azterketaren azterketa) aitzindaria Julius von Schlosser alemaniarra izan zen bere Die Kunsliteratur (Arte Literatura, Viena 1924) monumentalarekin, XIX. mende aurreko garai aldira mugatuta. Lionello Venturi italiarrak (Arte Kritikaren Historia, 1936) XX. mende arteko sintesia egin zuen. Espainiako estatuan, Marcelino Menéndez y Pelayo poligrafoak Ideia Estetikoen Historia (1883-1884) zabal eta esbrdina egin zuen[10].
Artearen historia gisa sailka daitezkeen arteari buruz dauden lehen idazlanak Xenokrates Sizion-goaren ideiak dira, agian, lehen arte historialaria izan zen eskultore greziarra eta Plinio Zaharraren Historia naturalis liburuan Greziako pintura eta eskulturaren garapena aipatzen den zatian aipatzen dena. Plinioren lanak, zientziaren entziklopedia izan arren, eragin neurrigabea izan zuen artean Errenazimenduaren ondoren, bereziki Apelles margolariak erabilitako teknikei buruzko pasarte batek. Vitruvioren Hamar Arkitektura Liburuek eraikuntza teknika greko-erromatarrak sistematizatu zituzten, nahiz eta arkitektura-lan zehatzei buruzko informazio askorik ematen ez zuen. Erretorikoek, aldiz, artelanen deskribapenean jarri zuten arreta (Filostratoren irudiak). Pausaniasen Greziaren Deskribapenak interes topografikoa du batez ere[11].
Era berean, modu independentean bada ere, VI. mendean arteari buruzko garapen historiografikoak gertatu ziren Txinan, non ospe handiko artisten kanona ezarri etafuntzionarioen klaseko idazleek egindako sailkapenen esku utzi baitzen (Txinako kaligrafian derrigorrezko prestakuntza dela eta, artistatzat har daitezke haiek ere). Zibilizazio horren beste iturri bat Xie He-ren Pinturaren sei printzipioak da.
Erdi Aroko literatura artistikoa bereziki arrotza da arteari buruzko kontzeptu historiografiko edo kritikoetatik, tradizio neoplatonikoaren espekulazio filosofiko-estetikoen (Plotino, San Agustin, San Tomas Akinokoa) formatan konkretatzen dena. Sevillako San Isidorok, Etimologiak liburuan, eskematikoki deskribatzen ditu musika, pintura, iztukua eta arkitektura (dispositio, constructio eta venustatan banatzen duelarik, hori proportzio vitruviarrak baino apaingarri garrantzitsuagoa dela kontsideratuz). Tradizio intelektual horretan ere, Witelo (Tomas Akinokoaren lagun fraidea), optikari buruzko tratatu batean, naturalismo klasikoaren aurka egiten du, artifizialaren edertasuna naturalaren gainetik jartzean. Literatura teknikoa errezeta liburu moduan prestatu zen, hala nola Herakliorenak (De coloribus et artibus Romanorum I tratati, beira, zeramika, miniatura eta harrien propietate magikoei buruzko informazioa biltzen duen miszelanea) edo Teofilo presbiteroa, XII. mendeko beneditarra (Schedula diversarium Artium edo De Diversis Artibus, miniaturaz, horma-pinturaz, beiraz, metalez, boliaz eta harri bitxiri buruz). Villard d'Honnecourt arkitekto gotiko frantziarra, Album o Livre de portraiture izeneko bere zirriborro-koadernoan, anatomiari arrotza den proportzioen teoria bat garatzen saiatu zen.
Gehiegizko apaingarriaren aurkako erreakzioak San Bernardo Clairvauxkoa zistertarrarekin hasten dira, eta, irizpide ezberdinekin, Italiako Errenazimendu aurrekoek (Dante, Petrarka eta Bocaccio) jarraitzen dute. Artistaren figura sozialaren balorazioa Filippo Villani (De origine civitatis Florentiae et eiusdem famosis civibus, 1400) historialari florentziarrarekin hasten da, Florentziar ospetsuen artean Giotto eta Cimabue zerrendatzen baititu. Cennino Cennini margolariak, Il libro dell'arten, Erdi Aroko azken errezeta liburu edo tailer-eskuliburua egin zuen, Pizkundearen kontzeptuak (modernoa, erliebea, natura, fantasia) sartzen zituen bitartean.
Erdi Aroko Bizantzioko testuak Dionisio Furnakoak (XVIII. mendea) bildu zituen Hermeneia tes Zographikesen[12].
Pizkundearen hasieratik, artearen eta artisten inpresio pertsonalak idatzi eta zabaltzen ari baziren ere (lehen adibide bat Lorenzo Ghiberti izan zen), manierismora arte izan ez zen Historiografia artistikoaren oinarria ezartzen du (artearen aurrerapena eta garapena azpimarratuz) Giorgio Vasari margolari eta eskultore toskanarrak, Viterenegileak (Le vite de ' più eccellenti architetti, pittori, et scultori italiani, da Cimabue insino a' tempi nostri (Italiako arkitekto, margolari eta eskultore bikainenen bizitza Cimabuetik gure garaira arte) 1542–1550, bigarren edizioa, 1568an handitua). Berea erlazio pertsonal eta historikoa zen, banakako artista italiarren biografiak erakusten zituena; horietako asko bere garaikideak ziren, eta zuzenean ezagutzen zituen. Ospetsuena Michelangelo zen, eta Vasari txundituta geratu zen, nahiz eta mutur batzuetan itsutu egin zen. Vasariren arteari buruzko ideiak XVIII. mendera arte iraun zuten, kritikariak historia pertsonalizatuaren estilo berezia berdintzen saiatu zirenean[13].
Rafaello Borghinik Vasariren Viteren jarraipen kronologikoa egin zuen, non XVI. mende amaierako artistak sartu zituen (Il Riposo, in qui della pittura e escultura si favella, 1584).
Karel van Mander holandarrak, 1604an, Alkmaarren Schilderboek argitaratu zuen, antzinako artea eta Italiako Pizkundeko pintura eta Europako iparraldeko margolariak (bere zatirik originalena eta baliotsuena) lantzen dituen lau liburutako lan teoriko eta historikoa, Vasariar biografien ereduari jarraituz.
Garai berean, arkitekturari buruzko idazleek, historiografikoak ez diren irizpide tekniko edo estetikoak erabiliz, iraganeko edo garaikideko lanen datuak ematen dituzte beren lanetan; Andrea Palladio, Vincenzo Scamozzi eta Sebastiano Serlio italiarrak, Diego de Sagredo espainiarrak, Francisco de Holanda portugaldarrak (De pintura antigua, 1548), Androuet du Cerceau eta Philibert de l'Orme frantsesak edo Wendel Dietterlin alemaniarrak[14].
Giovanni Paolo Lomazzok (Tratado dell'arte della pittura, 1584) maisu lonbardiarren inguruko informazio ugari ematen du.
XVII. mendean, eskuliburu artistikoak ugaritu egin ziren (Federico Zuccaro, Giovan Battista Agucchi), eta, horien artean, Giovanni Pietro Bellorirenak (Vite de'Pittori, Scultori ed Architetti moderni, 1672) eredu vasariarraren gainditzea suposatzen du, italiarra ez den pintura sartuz Erromako Frantziako Akademiaren irizpide kosmopolita eta klasizistarekin (Nicolas Poussinen laguna zen), Filippo Baldinucci (Notizie de' professori del disegno da Cimabue in qua, 1681) gehiago Vasariren jarraitzaile den bitartean zeinaren datuak eguneratzen eta zuzentzen duen, baita ondorengo artisten informazioa gehitzen ere. Veneziako pinturan ardaztuta daude: Carlo Ridolfi eta Marco Boschini (italiarrak ez ziren margolari perfektutzat hartu zituen lehena izan zena: Rubens eta Velázquez). Espainian, Pablo de Céspedes, Vicente Carducho, Francisco Pacheco edo Jusepe Martínez. Frantzian, André Félibien des Avaux (Entretiens su les plus excellents peintres anciens et modernes, 1666) eta Roger de Piles (Abregé de la vie des peintres, 1699) bezalako egileek sartu zuten artearen historiografia. Alemanian, Joachim von Sandrart (Teutsche Academie, 1675), Vasari eta Van Mannderen ereduak jarraitzen ditu.
Frantziako Akademian eragindako eztabaida batean, Charles Perraultek 1687an planteatutakoa, antzinakoen eta modernoen arteko eztabaida bezala ezagutzen den eztabaida intelektualaren jatorrian dago, baita historia intelektualaren une erabakigarri batekin ere lotuta dagoena: Europako kontzientziaren krisia deiturikoa[15].
XVIII. mende ilustratuaren erdiko hamarkadetan, neoklasizismoaren garaipen estetikoaren aurretik, benetako sukar arkeologikoa piztu zen (Herkulano, 1711, Erromako Palatinoa, 1729, Tivoliko Villa Adriana, 1734, Ponpeia 1748); Ingalaterran bereziki, sukar palladiarrarekin eta Grand Tour-eko ohitura aristokratikoaren hasierarekin bat egin zuena. Testuinguru horretan gertatu zen James Stuart eta Nicholas Revett Greziara egindako bidaia, 1751 (Atenaseko Antigüedades, 1762an argitaratua)[16] eta Caylus-en (Antigüedades Bilduma, 1750), Robert Wood (Palmirako hondakinak, 1753 eta Ruins of Balbek, 1757), William Chambers (Designs of Chinese Buildings), Robert Adam (Ruins of the Palace of the Emperor Diocleziano Spalato at, 1764) eta abarren lanen agerpenak.
Antzinako arteari buruzko ezagutza multzoa sortzen ari zen antzinako zaharren justaposizio akritiko hutsetik haratago zihoana. Antzinatearen ideia generikoa gainditu zen greziar eta erromatar artea gero eta zuzenago bereizteko, eta baten edo bestearen lehentasun estetikoa eztabaidatu zen. Informazio eta iritzi truke horiek Italiako arte idazleen elite ilustratu batek partekatu zituen, eta Europako Erdialdeko pertsonaia nabarmenak hartu zituen bere baitan: Francesco Milizia, Carlo Lodoli (1690-1761) eta Francesco Algarotti (1712-1764) oinarrizko lan baten egilea, Arkitekturari buruzko saiakera (1753). Bohemiako jatorrikoa, Vienako Habsburgotarren lurraldeetan, Anton Raphael Mengs (1728-1779), margolari eta artearen teorialaria ( Reflections On Beauty and Taste In Painting, 1762), ingurune intelektual horretan parte hartu zuen Erroman egin zuen egonaldian, eta zapore berri horren teorian zein praktikan zabaltzaile handia bihurtu zen, Espainian oihartzun handiarekin, han egin baitzuen bere lanaren zati handi bat. Erromatar talde oso horren ekarpenik erabakigarriena prusiar batek egin zuen: Winckelmann, Albani kardinalaren liburuzaina eta Mengsen lagun ona[17].
Aldi berean, Parisko saloietan, Denis Diderot entziklopedistak berezko garrantzia izan zuen arte-kritika oinarri neoklasikoetatik abiatuta.
Johann Joachim Winckelmann-ek (1717-1768) Vasarik nortasun artistikoari egiten zion kultua kritikatu zuen, garrantzi handiena ikusle ikasiaren ikuspuntuari eman behar zitzaiola eta ez artista karismatikoarenari. Winckelmannen idatziak arte kritikaren hasiera izan ziren. Barroko eta Rokoko formen gehiegikeri artistikoei egindako kritikagatik eta gustuaren erreformarako neoklasizismo soilago baten aldeko proposamenagatik egin zen ospetsu, oinarrizko Pizkundearen pentsamendura itzultzearekin. Bere Antzinateko Artearen Historian, lau garai bereizten ditu: zaharra (gaur egun arkaikoa deiturikoa), sublimea (K.a. V. mendeko klasizismoa), ederra (K.a. IV. mendeko klasizismoa) eta geroagoko dekadentzia (egun helenismoa deitzen duguna)[18]. Winckelmannen berritasun metodologikoa bere aldarrikapen zientifikoa zen funtsean, eta horrek artearen historiarako abiapuntutzat jotzen du[19].
Luigi Lanzik (Storia pittoria dell'Italia del risorgimento delle belle arte fin preso le fine del XVII secolo, 1789) aitzitik, artisten banakotasunean egin zuen azpimarra, estiloen eta eskolen bilakaeran, italiar puntu aurrenazionalista batetik. ikuspegia. Obra artistari egoztearen arazoa planteatzen du zientifikoki[20].
Jacob Burckhardt (1818-1897) suitzarrak, artearen historian oinarrizko pertsonaiatzat har daitezkeen beste egileetako batek, Pizkundearen Kultura Italian (1860) ezinbesteko lanarekin, Winckelmannen XIX. mendean zehar egindako planteamenduen jarraipena irudikatu zuen[21]. Burckhardtek adierazi zuen Winckelmann izan zela: antzinako artearen garaiak bereizten eta estiloaren historia munduaren historiarekin lotu zuena. Aipagarria da, Winckelmannen garaitik XX. mende arte, artearen historiaren esparru akademikoan alemanez mintzatzen ziren pertsonaiak zirela nagusi.
Winckelmann zen Johann Wolfgang Goethe eta Friedrich Schillerrentzat irakurketa gogokoena, eta, biak, artearen historiari buruz idaztera bultzatu zituen. Goethek Laokoon-en deskribapena egitera bultzatu zuen (On Laocoonte, 1798) Gotthold Ephraim Lessing-en Laokoon edo pinturan eta poesian egindako mugei (1766, Winckelmannek 1764ko Artearen Historian antzinatean egindako eskulturaren tratamenduan inspiratuta eta harrituta nola oinazea eta heriotza obra eder baten objektu izan zitezkeen). Aurretik, Edmund Burke ingelesak bere Philosophical Inquiry into the origine of our ideas about sublime and the beautiful (1756) argitaratu zuen, non sublimearen kontzeptua finkatu baitzuen: izua edo egonezina eragiten, baina eutsi ezinez erakartzen duena; pintoreskoaren aldean (XVIII. mendeko Ingalaterran erabilera estetiko berri batekin finkatutako beste termino bat) harrigarria, erakargarria eta singularra besterik ez dena eta hausnarketa atsegin batera gonbidatzen duena. Hori guztia klabe aurre-erromantikoan, batetik hondakinek sortzen duten gozamen estetikoa edo bestetik naturaren ikuskizun ikaragarriak (ekaitzak, amildegiak) justifikatzeko[22].
Artea espekulazio filosofikoaren gai nagusi gisa agertzea 1790ean, Immanuel Kanten Judizioaren Kritika agertzean sendotu zen, eta, ondoren, Hegelen Estetikari buruzko hitzaldiak (1818tik Berlingo irakasle katedran emanak eta hil ondoren bilduak 1831n).
Karl Friedrich von Rumohr-ek (Italienische Forschungen, 1827-1831) artxiboan ikertutako lehen iturrien azterketa kritikoan oinarritutako artearen historiografia garatu zuenobjektibotasun handiagoaren bila.
Filosofia hegeliarrak inspirazio zuzena izan zuen Karl Schnaase-ren (1798–1875, Niederländische Briefe) lanean, zeinak artearen historiaren oinarri teorikoak ezarri zituen diziplina autonomo gisa. Bere Geschichte der bildenden Künste, diziplina horren lehen eskuliburuetako batek, Antzinatetik Pizkundera arte hartzen duena, bere irakaskuntza erraztu zuen aleman hizkuntzako unibertsitateetan. Garai berean, Franz Theodor Kugler-en (1808-1858) antzeko lan bat argitaratu zen.
John Ruskin poligrafo ingelesak (1819-1900, Modern Painters, by a Graduate of Oxford -1839-, Seven Lamps of Architecture -1849-) estetikan eta arte-kritikan izan zuen bere oinarrizko arloetako bat. Artearen ikuspegia, funtsean historiografikoa ez bazen ere, paisaia-margolari modernoen nagusitasuna eusten zuen maisu zaharren gainetik; aitzitik, arkitekturaren eta arte dekorazioen alorrean, industrializazioari eta baliabide naturalen erabilerari muzin egiten zion, material berriak ( batez ere, burdinurtuz moldean egindako dekorazio-motiboak) gezurra bezala ikusten baitzuen artisau-ezagutza tradizionalaren zintzotasun tradizionalaren aurrean, alde batetik kontserbadore eta erreakzionarioen antza duten jarrerak mantenduz eta bestetik sozialista utopikoen kritika sozial batzuekin ados zetozenak, zehazki William Morrisen eta Arts and Crafts mugimenduaren proposamenen aurretik.
Napoleonek Egiptora egindako espediziotik (1798), Ekialde Hurbiletik eta Greziatik bertatik etorritako material arkeologikoen benetako arpilaketa izan zen, gehienbat Europako potentzia nagusien hiriburuetako museoetara bideratua (Louvre, British Museum —Elginen marmolak)— eta Berlingo museoak —Altes Museum, Pergamon Altar—, Munich — Glyptothek, Staatliche Antikensammlungen—, Viena edo, xumeago, Madrilgo Arkeologia Museoa).
Arkeologoaren figura erromantikoaren profesionalizazioak (Champollion, Ippolito Rosellini, Heinrich Schliemann, Robert Koldewey, Augustus Pitt Rivers, Flinders Petrie, eta jada XX. mendean Arthur Evans, Howard Carter edo Mortimer Wheeler) indusketa eta informazioa tratatzeko prozedura egokiak progresiboki ezartzea ekarri zuen, eta horrek arkeologia sistematikoa sortu zuen, jeloskor metodo zientifikoa zorroztasunez aplikatu nahi duen zientziatzat hartzeaz, eta hori erakunde arkeologikoen sorreraren bidez bideratu zen (1829tik Friedrich Wilhelm Eduard Gerhard-ek Instituto di corrispondenza archeologica - Institut für archäologische Korrespondenz - Arkeologia Korrespondentzia Institutua Erroman sortu zuenean)[23].
Horrelako erakundeak, herrialde bakoitzeko nazio mailan erreproduzitutakoak, beste esparru batzuetan nazio presentzia lehiakorra zen erakustaldirako aplikatutako gizarte zientifikoen parekoak ziren, geografikoan adibidez (batzuetan, esplizituki, elkarte kolonial deitzen zitzaien)[24]; denak inperialismoan ohikoa den munduaren banaketa kolonialaren aldeko lasterketan kokatuta.
Heinrich Wölfflin (1864-1945), Burckhardtekin Basilean ikasi zuena, arte modernoaren historiaren aita da. Berlin, Basilea, Munich eta Zuricheko unibertsitateetan irakatsi zuen. Bere ikasle asko geroago egindako proiekzioagatik nabarmendu ziren, hala nola Jakob Rosenberg eta Frida Schottmuller. Diziplinaren ikuspegi zientifiko bat sartu zuen hiru kontzeptutan zentratuz. Lehenik eta behin, psikologia erabiliz saiatzen zen artea ikasten, bereziki Wilhelm Wundt-en lana aplikatuz. Besteak beste defendatzen zuen artea eta arkitektura onak direla giza gorputzaren antza badute. Adibidez, etxeak egokiak dira haien fatxadak aurpegien antza badute. Bigarrenik, artea metodo konparatiboaz aztertzeko ideia aurkeztu zuen. Koadro bakoitza besteekin alderatuz, estilo bereizketak egiteko gai zen. Bere Pizkunde eta Barroko lanak ideia hori garatzen zuen, eta garai estilistiko horiek elkarrengandik bereizita erakusten lehena izan zen. Giorgio Vasariri ez bezala, Wölfflin-i ez zitzaizkion artisten biografiak interesatzen. Izan ere, «izenik gabeko artearen historia» proposatu zuen. Azkenik, artea aztertu zuen nazionalitatearen, eskolen eta estilo nazionalaren ideian oinarrituta. Bereziki italiar edo alemaniar kulturan, zer zen italiarra edo alemana argitzea interesatzen zitzaion. Interes hori luze azaldu zuen Albrecht Dürer artista alemaniarrari buruzko monografian. Artearen Historiaren Oinarrizko Kontzeptuak (1915) liburuan, estetika klasikoa eta estetika barrokoa kontrastatu eta definitu zituen bikote kontzeptu batzuen bidez (lineala/piktorikoa, batasuna/aniztasuna, eta abar).
Arte-historialariak
Orokorra
|
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.