Lankide:Artizartar/Desintegrazio erradioaktibo
From Wikipedia, the free encyclopedia
Desintegrazio erradioaktiboa nukleo atomikoetan gertatzen den prozesu bat da, zeinaren bitartez energia galtzen baitute erradiazio gisa. Erradiazioaren izaeraren arabera, hiru desintegrazio mota bereiz daitezke: alfa desintegrazioa, beta desintegrazioa eta gamma desintegrazioa. Izan ere, alfa zein beta desintegrazioetan partikulak igortzen dira; gamma desintegrazioan, aldiz, fotoiak. Desintegrazio mota edozein dela ere, nukleo atomiko ezegonkorrak dituen materialari erradioaktibo deritzo.
Desintegratzen den isotopo erradioaktiboari guraso esaten zaio eta prozesuak gutxienez nukleido seme bat sortzen du. Gamma desintegrazioetan eta egoera nuklear kitzikatuen arteko barne-transformazioetan izan ezik, desintegrazio erradioaktiboak transmutazio nuklear baten bidezko seme bat du ondorio, zeinak protoi edo neutroi kopuru desberdina (edo biak) baitu.
Desintegrazio erradioaktiboa ausazko prozesua da, hau da, lagin batean dauden atomoen artean ezinezkoa da aldez aurretik jakitea zein atomo desintegratuko den.[1][2] Zientzialariei zaila izan omen zitzaien aurresangarritasunik eza onartzea teoria kuantikoa garatu aurretik.[1] Hala ere, lagin baten ikuspuntu makroskopikotik posible da desintegrazio-tasaren neurri bat ematea, desintegrazio-konstantearen edo erdibizitzaren bidez. Atomo erradioaktibo desberdinen erdibizitzen arteko aldea magnitude-ordena anitzekoa izan daiteke: joktosegundo batzuetatik (hidrogeno-1 adibidez), unibertsoaren adina baino 160 trilioi aldiz handiagora arte (telurio-128 kasu).[3][4]
Lurrean erradioaktiboak diren 34 isotopo daude naturan. Isotopo horiek eguzki-sistema sortu baino lehenagokoak dira eta nukleido primordial izenaz ezagunak dira.[5] Nukleido primordialak eguzki-sistema sortu zeneko izarrarteko ingurunean presente zeuden, eta nukleosintesiaren bidez sortu ziren izarretan, supernobek unibertsoan zehar barreiatu zituztelarik. Uranioa edo torioa nukleido horien adibide dira. Bestalde, badaude bizitza laburragoa duten 50 isotopo erradioaktibo inguru, nukleido primordialen desintegrazio-kateen produktuak direnak edota aribideko prozesu kosmogenikoen ondorio direnak, karbono-14 adibidez, zeina izpi kosmikoen bidez atmosferan sortzen baita. Gainera, isotopo erradioaktiboak era artifizialean ere sor daitezke, partikula-azeleragailuetan edota erreaktore nuklearretan, esate baterako.[6]