Lankide:JonBEG/Proba orria
From Wikipedia, the free encyclopedia
Kimikan, metalak (grezieraz: Metallon) elektroiak galdu eta ioi positiboak (katioiak) erraz sortzen dituzten elementu kimikoak dira, atomoen artean lotura metalikoak dituztenak. Metalak moldakorrak izaten dira normalean (xafla finetan mailakatuak izan daitezke), baita harikorrak ere (alanbreetan luza daitezke). Metalak elementu kimikoak izan daitezke, burdina adibidez, aleazioak, esate baterako, altzairu herdoilgaitza, edo konposatu molekularrak, hala nola sufre-nitruro polimerikoa.Taula periodikoko 118 elementuetatik 95 inguru metalak dira, edo izan daitezke. Kopurua zehaztugabea da; izan ere, metalen, ez-metalen eta metaloideen arteko mugak zertxobait aldatzen dira, inplikatutako kategorien definizio unibertsalik ez baitago.
- Artikulu hau gai kimikoari buruzkoa da; musika-estiloa gaitzat duena beste hau da: «Heavy metal»
Fisikan, metal esaten zaio, oro har, elektrizitatea zero absolutuko tenperaturan eroateko gai den edozein substantziari[1]. Normalean metal gisa sailkatzen ez diren elementu eta konposatu asko metaliko bihurtzen dira presio handien pean. Adibidez, iodoa, metala ez bada ere, presio atmosferikoa baino 40 eta 170 mila aldiz presio handiagoaren pean metal bihurtzen da pixkanaka. Era berean, metaltzat hartzen diren material batzuk ez-metal bihur daitezke. Sodioa, adibidez, ez-metal bihurtzen da presio atmosferikoa baino bi milioi aldiz presio txikiagoan.
Astrofisikan, "metal" terminoa era zabalagoan erabiltzen da helioa baino pisutsuagoak diren izarretako baten elementu kimiko guztiei erreferentzia egiteko, eta ez soilik metal tradizionalei. Ildo horretatik, nukleosintesiaren ondorioz izarren nukleoetan metatzen diren lehen lau "metalak" karbonoa, nitrogenoa, oxigenoa eta neoia dira, guztiak ere elementu kimikoen sailkapenetan metaltzat hartzen ez direnak. Izarrek atomo arinak fusionatzen dituzte bere bizitzan zehar, batez ere, hidrogenoa eta helioa. Hortaz, objektu astronomikoen metalikotasuna elementu kimiko astunenek osatzen duten materiaren proportzioa da[2][3].
Metalak, elementu kimiko gisa, lurrazalaren % 25 dira, eta bizitza modernoaren arlo askotan erabiltzen dira. Metal batzuei, haien indar eta erresistentziagatik, askotariko erabilerak ematen zaizkie, adibidez, altuera handiko eraikinak eta zubiak eraikitzeko, edota ibilgailuak, etxetresna elektrikoak, hodiak eta trenbideak fabrikatzeko. Metal preziatuak txanpon gisa erabiltzen ziren historikoki, baina aro modernoan, metal preziatuak ez ezik, beste 23 elementu kimiko erabiltzen dira gutxienez objektuak fabrikatzeko.
Badirudi metal finduen historia kobrearen erabilerarekin hasi zela duela 11.000 urte inguru. Urrea, zilarra, burdina, beruna eta letoia ere Kristoren aurreko bosgarren milurtekoan erabiltzen ziren, brontzearen lehen agerpen ezaguna baino lehen. Ondorengo garapenen artean, hauek dira aipagarrienak: altzairuzko lehen formen ekoizpena, sodioaren aurkikuntza -lehen metal arina- 1809an, aleazio-altzairu modernoen sorrera eta, Bigarren Mundu Gerraren amaieratik, forma sofistikatuagoen garapena.