Nafarroa Garaia
Euskal Herriko lurraldea eta, Espainiako lurralde egituran, autonomia erkidegoa / From Wikipedia, the free encyclopedia
Nafarroa Garaia —1982az geroztik, administratiboki Nafarroako Foru Erkidegoa[1] edo Nafarroako Foru Komunitatea[2]— Euskal Herriko zazpi herrialdeetatik handiena da (10.391,08 km², Euskal Herriaren % 49,6), Euskal Herriko erdialdean eta hegoaldean dagoena, eta Espainiako autonomia erkidegoetako bat. 643.234 biztanle ditu, eta Iruñea du hiriburu (201.653 biztanle).
Nafarroako Foru Komunitatea | |||
---|---|---|---|
Comunidad Foral de Navarra | |||
Ereserkia: Nafarroako Gorteen Ereserkia | |||
| |||
Geografia | |||
Hiriburua | Iruñea 42°49′0″N 1°39′0″W | ||
Hiririk handiena | hiriburu | ||
Azalera | 10.391,08 | ||
Punturik altuena | Hiru Erregeen Mahaia (2.438 m) | ||
Punturik sakonena | Bidasoa (18 m) | ||
Mugakideak | Errioxa, Aragoi, Euskal Autonomia Erkidegoa, Akitania Berria eta Frantzia | ||
Administrazioa | |||
Nafarroako Gobernuko lehendakaria | María Chivite | ||
Legebiltzarra | Nafarroako Parlamentua | ||
Epai autoritatea | Nafarroako Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusia | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 661.537 (2021) 13.983 (2019) | ||
Dentsitatea | 63,66 bizt/km² | ||
Hizkuntza ofizialak | |||
Erabilitako hizkuntzak | ikusi
| ||
Giza garapen indizea | 0,918 (2013) | ||
Ekonomia | |||
BPG nominala | 18.121.000.000 € (2010) | ||
Historia | |||
Sorrera data: 1841eko abuztuaren 16a | |||
Bestelako informazioa | |||
Ordu eremua | |||
navarra.es |
Nafarroa Garaia Iberiar penintsularen iparraldean dago. Mugakide hauek ditu: Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa ipar-ekialdean, Aragoi ekialdean eta hego-ekialdean, Errioxa hego-mendebaldean, Araba mendebaldean, eta Gipuzkoa ipar-mendebaldean.
Nafarroa lehen aldiz idatziz IX. mendean agertu zen, Eginardok idatzitako Vita Karoli Magni lanean, Karlomagnok Ebro ibaian zehar egindakoak aipatzen direnean[3]. Etimologiari dagokionez, Jean-Baptiste Orpustanen ustez naba hitzetik eratortzen da, akaso aitzineuskaratik, eta mendiz inguratutako lautada esan nahiko luke, Iruñerriari erreferentzia eginez[4]. Alfontso Irigoienen arabera arre koloreari egiten dio erreferentzia, nabar kolore horren izena ere baita. Terra nabarra esaldiarekin lur arrea esan nahiko litzateke[5]. Manuel Lekuonaren ustez, etimologia hauek ez dira egokiak, eta nahar hitz semitikotik eratorriko litzateke, ibai esan nahi duena[6].
Edonola ere, Nafarroa terminoarekin artikulu honetan lantzen den Nafarroa Garaia zein Nafarroa Beherea izendatzen dira. Arrazoi historikoak direla eta, Nafarroako Erresumari ere egiten dio erreferentzia. Gaur egun badira ere Euskal Herriari erreferentzia egiteko Nabarra edo Nafarroa Osoa terminoa erabiltzen dutenak[7].
Gaztelaniaz Navarra terminoa erabiltzen da. Nafarroako Foru Komunitatea Espainiako autonomien barruan Nafarroa Garaia osoa hartzen duen eremu politikoa da, artikulu honetan ere lantzen dena.
Alderdi fisiko-geografikoei begiratuta, Nafarroa Garaia hiru eremu geografikotan banatua dago oro har: Mendialdea, Erdialdea eta Erribera. Hiru eskualde horien tamaina eta eskualde bakoitzaren berezitasunak ikusita, azpibanaketa bat egitea komeni da. Hala, Mendialdean Nafarroa Garaiaren iparralde hezea, Pirinioetako haranak eta Pirinio aurreko haranak edo arroak bereizten dira. Nafarroa Garaiko Erdialdeak bi zati ditu, Ekialdeko Erdialdea eta Mendebaldeko Erdialdea edo Lizarraldea. Eta Erriberak, berriz, beste bi zati dauzka: Ekialdeko Erribera edo Tuterakoa, eta Mendebaldeko Erribera edo Lizarrakoa.
Geologia
Mendiak
Bost mendi altuenak Nafarroako Pirineoko ekialdean daude. Euskal Herri osoko mendi garaienak ere badira horiek. Mapako puntu berde eta moreak dira, honako hauek: Hiru Erregeen Mahaia (2444 m), Ezkaurre (2047 m), Arlas (2044 m), Txamantxoia (1945 m), eta Abodi (1520 m).
9 mendi lerro hauek bereizi ohi dira:
- Abodi: Aezkoa eta Zaraitzu; Abodi (1.533 m).
- Alaitz: Iruñerri eta Orbaibar; Higa (1.289 m).
- Andimendi: Sakana; Beriain (1.493 m).
- Aralar: Sakana eta Leitzaldea, Tolosaldea eta Goierri bereizten ditu; Intzako dorrea (1.431 m) eta Txindoki/Larrunarri (1.346 m).
- Kodes: Lizarrerrian, Arabako Mendialdearen mugan; Joar (1.418 m).
- Leire: Zangozerria eta Irunberrialdea; Arangoiti (1.355 m).
- Lokiz: Lizarrerria eta Arabako Mendialdea; Otzamendi/Montesanto (1.255 m) eta Lokiz/San Cosme (1.114 m).
- Nafarroako Pirinioa: Bortziri, Baztan, Erroibar, Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkari; Hiru Erregeen Mahaia (2.428 m).
- Urbasa: Sakana eta Lizarrerri; Baiza (1.183 m).
Ibaiak
Nafarroako ibaiek, urtero, 10.048 hektometro kubiko garraiatzen dituzte. Horietatik, erdia inguru (5.011) Nafarroa Garaian dauden euriek sortzen dituzte, eta beste erdia beste lurralde batzuetatik ekartzen dituzten ibaiek[9]. Ur isuria neurtzeko hainbat estazio daude lurralde osoan zehar[10].
Mediterraneoko isurialdea
Mediterraneoko isurialdea da Nafarroan eremu gehien hartzen duena, bere lurraldearen %90 inguru[9]. Ibai guztien ura Ebro ibaiaren bitartez iristen da itsaso hartara. Zona zabala da, eta ezaugarri oso desberdinak dituzten hainbat eremu bereizten dira: eremu atlantiko hezea, eremu piriniarra, mendi ertaina edo mediterraneoa eta hegoaldea (lauagoa eta idorragoa). Ebro ibaia Nafarroan Vianan sartzen da eta Cortesen atera. Bere inguruan nekazaritza emankorra eta herri handiak daude, Lodosa, Castejon edo Tutera bezala.
Ebroren ibai emaile nagusi hauek dira:
- Odron ibaia Mues, Los Arcos, Elizagorria eta Mendabiatik igaro ondoren, Ebrora isurtzen da. Elizagorrian Linares ibaia hartzen du.
- Ega ibaia, Urederra emaile nagusiarekin.
- eta Aragoi ibaia Nafarroa Garaiko gainontzeko ibaien urak Ebrora daramatzana.
Aragoi ibaiak jasotzen ditu Nafarroako ibai gehienen urak. Lehenengo Onsella jasotzen du, Zangoza pasata. Ondoren Irati ibaia jasotzen du, Irunberriko arroila igaro eta gero; honek, lehenago, Erro, Urrobi eta Zaraitzu jasoko ditu, azken honek Arbaiungo arroila sortzen duena. Tafalla inguruko urak Zidakos ibaian biltzen dira, eta Caparrosotik gertu bere urak Aragoin isurtzen dituenak. Batzen zaion azken ibai handia, Ebrora iritsi aurretik Arga da, Nafarroa iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duena. Ibai honek Ultzamako urak jaso ditu lehenago, Iruñerria zeharkatu du eta, bertatik ateratzen ari dela, Sakanako urak jaso ostean Larraun ibaiarenak jaso dituen Arakilekin batzen da.
- Ebro ibaia, Tuteran
- Irati ibaia, Irunberriko arroilan
- Urederra ibaiaren jaiolekua
- Zubia Uharte-Arakilen, Arakil ibaiaren gainean
Kantauriko isurialdea
Kantauriko isurialdean hainbat ibai ditu, orografia malkartsuagoa baita bertan. Mendebaldetik ekialdera, lehenengo ibaiek Oriara urak isurtzen dituztenak dira. Leitzaran eta Araxes ibaiak Nafarroa Garaian jaiotzen dira, nahiz eta ibilbide gehiena Gipuzkoan egiten den. Donostia itsasoratzen den Urumea Goizuetan jaiotzen da, eta bere arroaren %60 Nafarroan dago[9].
Hurrengo ibaia Bidasoa da, Lapurdirekin muga egiten duena. Nafarroako Kantauriko isurialdeko ibairik zabalena da azalerari begira. Bertara urak isurtzen dituzten erreken artean daude, besteak beste, Onin (Lesaka udalerrian); Latsa (Arantza eta Igantzi udalerrietatik doana[oh 1]; Ezkurra ibaia, Malerreka eskualdean, Saldiasko lurrak zeharkatzerakoan Urtzuriko errekarenak eta aurrerago Lotzabian (Beintza-Labaien), Zubieta (Txitxiluko erreka jasoz), Ituren, Elgorriaga eta Doneztebetik (Ezpelura erreka jasoz) pasatzen dena; Baztan ibaia Baztan udalerrian. Berez Bidasoa izena hartu behar zuen, baina Baztan udalerrian Baztan izena hartzen du Bidasoa ibaiak. Besteak beste erreka hauekin: Beartzun, Artesiaga edo Marin. Nabarmenak dira Xorroxin ur-jauzia (Baztanen, Erratzun) eta (Putzubeltz ur-jauzia (Arantza udalerrian).
Azkenik, Nafarroan jaio eta Lapurdin itsasoratzen diren bi ibai arroetara isurtzen duten errekak ere badaude: Urdazurira isurtzen duten ibaiak daude Zugarramurdin eta Dantxarinean eta Errobira isurtzen dutenak Luzaiden eta Baztanen. Pirinioetako ur isurialdean Nafarroa Garaiaren aldean dauden iturburu gutxi batzuek Aturrin amaitzen dute.
Urtegiak
Hauek dira Nafarroa Garaiko urtegiak: Allotz, Artikutza (2019an hustuta), Esa, Eugi, Itoitz, Las Cañas aintzira, Leurtza, Arritzulegi (Mendaur), Urdalur, eta Usotz.
Klima
Nafarroako Foru Erkidegoa Pirinio mendien, Euskal Herriko arkuaren eta Ebro ibaiaren arroaren artean dago. Elkarren oso bestelakoak diren mendi horiez gainera, Nafarroa Garaian elkartzen dira Kantauri aldeko eta Mediterraneo aldeko isuriak eta klima ozeanikoa, subalpeetakoa eta mediterraneoa, bakoitzak bere landaredi berezia duela. Horren guztiaren ondorioz, kontrasteak dira Nafarroa Garaiaren ezaugarri nabarmenenetako bat, eta arrazoi beragatik, heterogeneitatea dute eskualdeek ezaugarri, nahiz batetik besterako trantsizioa oso mailakatua den.
Geografia ezaugarri horien trantsizio mailakatu horrek ez ditu zehatz bereizten uzten Nafarroa Garaiko eskualdeen arteko mugak. Eskualde banaketa, beraz, era askotara egin daiteke, nahiz banaketa horiek batzuetan bat etorri ez. Nolanahi ere, kontuan izan behar da banaketa hori aztertu beharreko gaiaren araberakoa izaten dela, eta hartara denak izan litezkeela baliagarri.
Mugak
Nafarroak Arabarekin egiten du muga mendebaldean (92,569 km) eta Gipuzkoarekin (100,734 km). Iparraldean Lapurdirekin (39,105 km), Nafarroa Beherearekin (87,372 km), Zuberoarekin (30,269 km) eta 9,27 kilometro Biarnorekin.
Ekialdean Huescarekin 33,266 km. ditu eta Zaragozarekin 191,97. Gainera, Petilla Aragoik beste 33,325 kilometro ditu Zaragozarekin ere. Hegoaldean batez ere Errioxarekin egiten du muga 153,086 kilometroz.
Historiaurrea
Neolitoa Nafarroan K. a. 5. milurtekoan kokatu behar da eta gutxi gorabehera K. a. XVIII. menderaino luzatu.[11]. Behe Neolitoan aztarna gutxi aurkitu dira eta horregatik hasiera batean influentzia eskasa egon zela uste da.[11]. Autore batzuen arabera Nafarroa eta Mediterraneoko, Akitaniako eta Kantauri aldeko biztanleen artean nahasketak egon ziren[11]. Baina beste batzuen arabera[12] elkarte kultural berdina zen Pirinioetan, bai iparraldean zein hegoaldean, zegoena.
Aldaketa klimatikoa zela eta animalien aldaketak egon ziren. Ehiza jada ez zen kobazulo inguruetan bizi, baizik eta lautadetan. Hori dela eta kobazuloak alde batera utzi ziren hein handi batean eta lautadatara jaitsi. Honek ere elkartze kulturala egotea ekarriko luke. K. a. 5. milurtekoan garia eta txakurra agertu ziren Nafarroan. Garagardoaren antzeko edariak, harri bero batekin eginda, agertu ziren ere. Nafarroako gaur egungo lurraldean 1.000 biztanle inguru zeuden eta 12 tribu. [11]
Neolito Ertaina K.a. 3.500etik K. a. 2500 urtera arte luzatu behar da. Garai honetan agertzen da lehenengo aldiz zeramika Nafarroan. Garai honetan biztanleria gehiena kobazuloetan bizi zen, eta horrekin lotutako kultura dago, nahiz eta silex edo bestelako aztarna gutxirekin. Zenbait aztarnategik aukera ematen digute berrikuntza horiek ailegatu zireneko bilakaera ikusteko, Zatoiako (Abaurregaina) kobazuloan lehenbiziko zeramika aztarnak aurkitu dira, harri leunduzko tresnak, erabiltzeko errazagoak (azal leundua, forma borobilekoa); eta Marañongo La Peñan edo Biotzariko Padre Areso babestokian abereen hezurrak aurkitu dira.[13]
Goi Neolitoan Iberiar Penintsulatik kanpai-formako ontzien kultura hedatu zen, eta beste migrazio bat egon zen Ekialdeko Europatik. Baina ez dirudi bertan geratu zirenik.[11]. K. a. 2. milurtekoaren hasieran trikuharri eta harrespilak egiten zituen kultura megalitikoa hedatu zen Pirinioetan eta baita Nafarroa osoan ere. Brontze Aroaren hasiera eman arte biluzik joaten ziren eta uste da hortik aurrera bizarra mozten hasi zirela eta buruan apaindurak jartzen.
Baskoien lurraldea Erromatarren garaian
Gaur egungo Nafarroa Garaiaren zatirik handiena baskoien lurraldean sortu zen. Izan ere, Iruñea, Erdi Aroko erresumaren hiriburua, Ponpeio jeneral erromatarrak gotortutako hiria zen (Pompaelus latinez). Erromatarrek guztiz menperatuta zeukaten lurraldea K. a. 74rako. Beti ere, erromatartzea, erromatarren kultura elementu material eta espiritualen onartze eta beretzea den aldetik, sakonagoa izan zen agerean saltusean baino, biziagoa klase aberatsen artean nekazarien artean baino.[14] IV. mende amaieran hasitako migrazio mugimenduen ondorioz, eten egin ziren administrazio loturak Erromarekiko. Badirudi antzinako germaniarrek Pirinioak gurutzatu nahi izan zituztenean, bertako noble multzo batek aurre egin ziela. Urte batzuk geroago, bagauda izeneko jendetza matxinatu zen baskoien lurraldean.
Erdi Aroa
Urte ilunak
Erromatarren agintea desagertuta, bisigodoak bilakatu ziren Iberiar penintsulako botere nagusia. Hainbat errege godok baskoien aurka egin zuten borroka. Geroagoko zenbait kroniketan irakur daiteke errege horietako askok baskoiak menderatu zituztela (domuit vascones), baina behin eta berriro menderatu beharrak esan nahi du, ziurrenez, ez zituztela inoiz menderatzen. Datuak urriak izanda, ez dago garbi noraino menderatu zuten bisigodoek baskoien lurraldea. Iruñean bisigodoen hilerria agertu da[15], eta Iruñeko hainbat apezpiku izan ziren Toledoko kontzilioetan. Iparraldeari dagokionez, datu gutxi ditugu. VII. mendean errege frankoek gaskoien (iparraldeko baskoien) lurraldea okupatu nahi izan zuten. Badirudi frankoek agintea galdu ahala nagusitu zirela bertakoak, eta Akitanian zehar hedatu. 714tik aurrera, gudaroste musulmanak bertan izateak, ageriagoan jarri zituen iparraldeko (saltus) eta hegoaldeko (ager) baskoien arteko kultura ezberdintasunak. Ebroko haraneko jaun handiki batek, Cassius kondeak, kalifarekin elkar hartu eta bere aginpidea sendotu zuen, eta hurrengo lau mendeetan Erribera gobernatu zuen banukasitar dinastiaren buru bilakatu zen. Mendekotasun politikoarekin batera, kulturaren islamizatzea etorri zen.[14]
VIII. mendean eta hurrengoaren lehen laurdenean, printze kristauen eta musulmanen arteko adiskidetasunezko hitzarmena izan zen Nafarroan politikaren ezaugarria, odol loturak eta interes ekonomiko berdinak baitzituzten elkarrekin. Ama berberaren semeak izan ziren, adibidez, Eneko Arista eta Musa ibn Musa, banukasitarren buruzagi ospetsua. Kidetasun horrek, eta Nafarroa Pirinioen hegoaldeko muturrean kokatua egoteak eragin berezia izan zuten Iruñeko Erresuma sortu eta finkatzekoan. Baskoiek hitzarmenak hautsi ondoren, ordea, Iruñea eraso zuten Uqba eta Yusuf valiek.[14]
Iruñeko ahaideen eta banukasitarren arteko harreman on horiek VIII. mendearen azken herenean ere eman zituzten beren emaitzak. Karlomagnok akordio bat egin zuen Zaragozako buruzagi musulmanarekin, hark hiria eman ziezaion, baina gudaroste frankoa hirira iristean, iruzur egin ziotela konturatu zen. Horren ondoren, Karlomagnoren tropek Iruñea suntsitu zuten, baina baskoiek mendeku hartu zuten Pirinioetan, Orreagan zehazki, 778ko abuztuaren 15ean armada frankoa ustekabean harrapatu baitzuten segada batean. Hala ere, agintari kristau eta musulmanen arteko harremanen gorabeherek jarraitu zuten, adibidez, Argantzongo haitzarteko guduan (803), Iruñea menderatzeko Ludovico Piorenak (812), karolingiarren aldeko Belaskoren aurka emirrak egin zituenak (816) eta Akitaniako erregeak Eblo eta Aznar kondeen gidaritzapean antolatua (824). Garai honetan Leireko monasterioa bilakatu zen Nafarroako Erresuma izango zenaren ernamuina.[14][16][17][18]
Nafarroako Erresuma
Erresuma independentea eratzen
806 eta 812 urteetan, Iruñea frankoen mendean zegoen. Hala ere, enperadore frankoek ezin zuten inperioz haraindiko lurraldeak behar bezala zaindu, etxean zuten arazoak zirela-eta. Horrela, apurka-apurka eskualdea inperioaren eraginetik ateratzen joan zen eta bertako dinastia indartzen. Iruñea inguruko euskaldunak (navarri) Iruñeko Erresuman egituratu ziren X. mende hasieran, 824tik aurrera jaurerri bat eratuz, Eneko Enekoitzen gidaritzapean, Arista ezizenekoa, Iruñeko errege-erreginen aitzindari.
Ondorengo Gartzia Enekoitz (851-882) izan zuen[19]. Kordobako emirerriak preso izan zuen urte asko eta litekeena da Ximeno leinuko Gartzia Ximenitz erregeorde edo erregekidea izatea.[20] Erresumak orduko euskaldunen lurralde guztiak hartu zituen Antso III.a Nagusiaren garaian, Pirinioen ekialdetik (Ribagorza) Garonaraino (1032-1035) eta Gaztelaraino (are, Leon ere). Testamentuan, lau semeren artean banatu zituen bere mendeko lurrak, haiek kudea zitzaten, baina formalki Iruñeko erregeari Gartzia III.a Santxez Naiarakoari, Iruñeko erregeari men eginez. Hargatik, seme horiek eta haren ondorengoek erresumak sortu zituzten: Gaztela, Aragoi. Aragoi-Iruñeko Erresuman, Alfontso Borrokalaria erregeak berriz elkartu zituen lurralde asko. 1118an, hegoaldera hedatu zen, eta Tutera (Erribera) konkistatu.
Antso VI.a Jakitunak eta Antso VII.a Azkarrak hiribildu ugari sortu zituzten, hiri gutunen bidez, eta Donejakue bidearen bidez kolonizazio handi bat hasi zen haren inguruan. Alfontso VII.a Gaztelako erregeak basailutzat hartu zituen bai Gartzia bai Antso VI.ak (1150 - 1194) bere semea[21]. Hala ere, Antso VI.ak menpekotzatik ateratzea lortu zuen[22]. Gaztelaren aurkako kanpaina hasi baino lehen, aldaketa nabarmena izan zen: Antsok Pampilonensium Rex titulua erabiltzeari utzi eta Rex Navarre titulua aldarrikatu zuen; harrezkero, Nafarroako Erresuma deituko zen. XIII. mendetik aurrera, Gaztelako Erresumak Nafarroa mendebaldea inbaditu zuen, Bizkaia (1179) Araba, Durangalde eta Ipuzkoako lurrak (1199-1200).
Nafarroako Erresumak lurraldeen eta biztanleriaren ia erdia galdu zuen eta itsas irteerarik gabe geratu. 1234an, Antso VII.a hiltzean, bertako dinastiak amaitu ziren, eta trukean Tibalt I.a Evreuxkoa hasi zen erregetzan. Horren aurrean, Nafarroako indar aktiboek foruak jarri zituzten indarrean, nafar legeak bermatzeko. 1451n, Gerra Zibila piztu zen Joan II.a Aragoiko errege gaztelarra Nafarroako koroa usurpatu zuenean. 1479an, Biarnoko Katalina Foixkoa bihurtu zen erregina, eta beaumontar indarrei egin behar izan zien aurre. Hala ere, garaituak izan ziren (1507). Bakea lortutakoan, Fernando Katolikoaren tropek, Albako dukea buruan zutela, erresuma inbaditu zuten 1512an, salbu eta Bortuez Haranzko Lurraldea merindadea.
Espainiar Koroaren konkistaren ondoren
1521eko udaberriko erresuma berreskuratzeko ahalegin batek porrot egin zuen. Xabierko Frantziskok (Frantsesek), nafar legitimista galtzaileen alderdikoak, Jesusen Lagundia eratzen lagundu zuen, eta Asian misiolari ibili ondoren santu eta Nafarroako patroi bihurtu zen, San Ferminekin batera. 1589. urtean, Henrike III.a Nafarroako erregea Henrike IV.a Frantziakoa bihurtu zen, katolizismoa onartu ondoren. Ondorengo Frantziako errege guztiek, beraz, Roi de France et de Navarre titulua izan zuten. Espainiar koroarekiko tentsio handien artean, 1576an Diputazioa eratu zen, Filipe II.ak haren autonomia zapuztu bazuen ere (1594). Nafarrek koroaren gerretan parte hartu behar izan zuten, hala nola Katalunian 1639an, kontraforua zena. Desertzioak ugariak izan ziren.
XVII-XVIII. mendeetan, nafar ugarik Ameriketara emigratu zuten, eta euskaldunen kofradietan bildu ohi ziren, hala nola San Ferminen Kongregazioa eta Arantzazuko Andre Mariarenak. Juan Goienetxe baztandarra aberastu egin zen Madrilgo errege gortera hurbilduz, asmo merkantilista batez. Nafar ilustratuak sendotu egin ziren XVIII. mendean. Dena den, Karlos III.a espainiar erregeak areagotu egin zuen agintearen zentralizazioa, eta estutu egin zituen nafar foruen kontrako neurriak, aduanen gaian. Mendeko azken hamarkadetan, Nafarroa Garaiaren merkataritza Pirinioez iparraldera eta Hego Euskal Herriko beste lurraldeetara bideratzen zen, % 37,2 eta % 62,3, hurrenez hurren.[23] Jose Maria Magallon San Adriango markesak ilustrazioa sustatu zuen, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearekin lankidetzan arituz.
Foruen amaiera
1794ko Konbentzioaren Gerrak borrokak eta suntsipena ez ezik, koloka batean utzi zituen foruak, frantses iraultzaileei aurre egitera espainiar errege armada Nafarroara heldu zenean eta Manuel Godoy Espainiako ministro ahalguztidunak foruak deuseztatzea bilatu zuenean. Nafarroa Garaiko frantsestuak baztertuak izan ziren behin betiko Espainiako Koroan Fernando VII.a errege koroatu zutenean (1814); orduan, foruak berrezarri ziren, joera kontserbadore eta erlijioso handi batez.[24] Ekonomia krisian zen, itotzen, eta 1833an Espainian liberalak gobernura heldu zirenean, nafar askok mendira jo zuten altxamendurako boluntario, espainiar agintari berriei aurre egitera eta nafar foruak babestera.
Karlista horiek Zumalakarregi gipuzkoarra zuten buruzagi, eta indartsu egin ziren Ameskoan. Urte eta erdian, Espainiako gobernu liberalaren armadari gailendu zitzaizkion Nafarroan eta Euskal Herriko gainerako eskualde gehienetan, salbu eta hegoalde eta ekialdean. Aldiz, Zumalakarregiren heriotzak (1835) karlisten pixkanakako beheraldia hasi zuen. 1836an, espainiar agintariek Nafarroako Diputazioa desegin zuten, trukean probintziako diputazio bat izendatuz. Boluntario karlistak akiturik, Espainiako gobernuaren armadak Nafarroa Garaia okupatu ahal izan zuen. 1841ean, diputazio horretako ordezkariek Foruak Eraldatzeko Legea sinatu zuten, Nafarroako Erresuma probintzia bilakatuz.
Trukean, Nafarroa Garaiak zerga bilketari eta administrazioko prerrogatiba batzuei eutsi zien. Aduanak Pirinioetara eta itsasaldera lekualdatu ziren. Nafarrak Espainiako soldadutzara behartuak izan ziren: kintak. Amorrua eta ondoeza nagusitu ziren, eta herritar askok erbestera jo zuten. Kontrabandoa ugaldu egin zen. Lurraldea Espainiako ekonomiara ireki zen, eta 1857tik 1864ra burdinbidea bete-betean heldu zen Nafarroara: 1857an Tutera eta Iruñera, eta 1864an Norteko burdinbidea Altsasura. Mende erdialde eta amaieran, herri euskalduna ugari erdaldundu zen erdialdeko eskualdeetan, euskara Iruñean, Lizarran eta Tafallan galduz.
Karlistaldietatik Espainiako Gerra Zibilera
1872an, Espainiako giro politiko ezegonkorraren erdian, boluntario partidak eratu ziren mendialdean. Karlos Maria Borboi erregenahia Nafarroara itzuli zen deserritik, eta Bigarren Karlistaldia piztu zen, eta Orokietan izan zen lehen gudua maiatzean, boluntario karlisten eta Espainiako gobernuko tropen artean. Ondorioz, Zornotzako bake ituna sinatu zuten bi indarrek. Aldiz, bi urtera berpiztu egin zen gatazka eta, oraingoan, karlistak Nafarroa gehienean nagusitu ziren, baita Hego Euskal Herri gehienean ere. Hiriburua Lizarran finkatu zuten, eta estatu karlista bat osatu zuten.
Aldiz, 1875 hasierarako, Alfontso XII.a erregearen espainiar militar kontserbadore konstituzionalistek boterea hartu eta 100.000 soldadu eta gehiagoko armada bat igorri zuten Nafarroara, eta lurraldea okupatu. Canovas del Castilloren erregimenak Nafarroa gerraren errudun izendatu zuen eta, ondorioz, biztanleriak askotariko hertsapenak jasan zituen: gerra legea, isunak, armadaren mantenua, presoak kolonietara igortzea, etab. Kupoa aldatzeko legeak ezarri ziren Madrilen. Bigarren Karlistaldi ondorengo urteetan, askok Ameriketara jo zuten eta Nafarroa Garaiak biztanleria galdu zuen, funtsean landa gizarte gisa iraunez. Herri lurrak pribatizatzen joan ziren, lurjabe handien eskuetan utziz.
Elkartasun eta aldarrikapen mugimendu bat piztu zen Nafarroa Garai osoan, Laurak Bat mugimendua bihurturik beste euskal lurraldeekin. Kultur mugimendu erromantiko handia sortu zen, tartean zirela, Pablo Sarasate eta Julian Gaiarre musikariak, Iruñeko Orfeoia, etab. Navarro Villosladak Amaya o los vascos del siglo VIII eleberri historikoa idatzi zuen. Gainera, nafar intelektualen talde foruzale batek Nafarroako Euskal Elkargoa sortu zuen; besteak beste Juan Iturralde Suit, Nicasio Landa, Arturo Campion eta Serafin Olabe zituen kideak. Bitartean, ordea, Gamazo ministroak Espainiako aurrekontuetan Nafarroako fiskalitatea aldatzeko ahalegina egin zuen, baina aurrez aurre aurkitu zuen 1893-1894ko Gamazada herri protesta zabala. Batetik, foruak berrezartzeko mugimendu karlista berpiztu zuen (integrismoa) eta, bestetik, euskal nazionalismoaren haziak erein zituen. Nafarroa probintziako diputazioak "foru" izendapena aldarrikatu zuen izenean. Aldi berean, lankidetzan hasi zen beste euskal diputazioekin elkarren interesak defendatuz eta harremanak estutuz.
1896 eta 1903artean filoxerak mahasti gehienak suntsitu zituen, eta Etxauriko fokutik abiatuta Nafarroan zehar hedatu zen.[25] Ondorioz, herritar horiek fabrika berrietara jo zuten lan bila, lurraldeko azukre industriara nabarmenki. Langile mugimendua agertu zen. Egunkariek garapen handia izan zuten, bereziki El Pensamiento Navarrok eta El Diario de Navarrak. Primo de Riveraren diktaduraren ondoren, Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu zen, eta euskal estatuturako egitasmoa umotu zen (1931), baina zapuztuta geratu zen buruzagi karlista batzuen oposizioaz .
Espainiako Gerra Zibiletik Frankoren diktadurara
Nafarroa Garaian, Elkarte Tradizionalistak indar handia hartu zuen, eta Errepublikaren kontrako jarrera nagusitu. Espainiako Errepublikaren laikotasunak etsaigoa aurkitu zuen Nafarroa Garaian. Bestalde, lurrik gabeko milaka nekazarik lurjabe aberatsen lursailak hartu zituzten beren eskuetan 1933ko urrian, eta lurjabeak mendeku zain geratu ziren.[26] Karlista erreakzionarioenak eta elizkoienak nagusitu ziren, eta Errepublikaren kontrako kolpea egosten hasi ziren Varela eta Lizartza gidari zituztela. Karlisten eta Mola jeneralaren arteko ezusteko hitzarmen batek 1936ko uztailaren 18ko estatu kolperako bidea zelaitu zuen.[27]
Berehala karlistak kalera irten eta batailoiak eratu ziren. Erretagoardian, errepresioa eta izua zabaldu ziren altxamenduarekin bat egin ez zutenen kontra, bereziki Erriberan, era horretan guztira ia 3.500 herritar erailez 1936an eta 1948 arte.[28] Bitartean, Iruñetik Gipuzkoako kanpaina militarra abiatu zen. Euskal hezkuntza eta kulturaren adierazpenak, halaber, gogor pertsegitu ziren, hala nola Lizarran eta Elizondon. Probintzia gehienak kolpistekin bat egin zuenez, foru prerrogatiba ugariri eutsi zien, adibidez, kupoa. Karlistek 1841eko erregimenaren jarraipena ikusi zuten. Gerra traumatikoa izan zen eta isiltasuna nagusitu zen; gainera, galtzaileentzat, hamarkadetako umiliazioa hasi zen.
40 urteko diktadura hasi zen. Franco haren buruak Elkarte Tradizionalista karlista desegin zuen, beharturik FET y de las JONS eratuz ("sindikatu bertikala", 1937ko apirila), nafar karlista asko sumindurik utzi zuena; tentsioak bizi ziren falangistekin. Hala ere, karlistak Francoren erregimen berrira egokitu ziren. Dogma nazional-katolikoa egin zen nagusi lurralde osoan, adibidez, 1941ean Javierada deitu erromeria egiten hasi zen Xabierrera. Euskara debekatua izan zen, eta meza euskaraz emateari utzi zitzaion herri askotan. Kulturgile ugari hil egin ziren, edo deserriko bidea hartu.
Batzuek unibertsitate baten premia sumatzen zuten, eta abantailak eman zitzaizkion espainiar talde ultrakatoliko bati Iruñean finkatzeko: Opus Dei eta Nafarroako Unibertsitatea (1952ko urria). Gero eta indar handiagoa hartzen hasi zen Nafarroa Garaiko gizarte bizitzan, diktadura erregimenean bezala. Berretsi egin zen 20ko hamarkadan hasitako joera: Iruñerako inmigrazioa eta hazkunde demografikoa. Iruñean industria oparo garatu zen 60ko hamarkadan, ibilgailuen sektorean bereziki. Errepideak hobetu egin ziren. Horrek, aldi berean, gizarte klaseko kontraesanak eta gatazkak harrotu zituen, eta langile mugimendua eta protestak berpiztu. Karlismoan, arrakalak agertzen hasi ziren, eta euskal mugimendu abertzalea sendotzen.
Trantsizioa eta Nafarroako Foru Erkidegoa
1975eko azaroan, Franco diktadorea hil zen, eta erregimenaren erreforma hasi zen, hauteskunde askeak eginez. Mobilizazio handiko eta anitzeko garaia zen eta, besteak beste, amnistiaren aldeko[29] eta ekologiaren aldeko manifestazioak eta protestak izan ziren. ETAk, talde parapolizialek eta polizia erasoek indarkeria giroa areagotu zuten, hildako eta kaltetu ugari ekarriz 70, 80 eta 90eko hamarkadetan. Jurramendiko erasoek (1976ko maiatzean) nafar karlismoaren amaiera zelaitu zuten. Nafarroako Foru Diputazioaren hurbileko abokatu eta enpresaburuek Adolfo Suárezen UCD alderdiarekin bat egin zuten, baina gero Jesús Aizpúnek UPN alderdia sortu zuen (1979), Hego Euskal Herriko estatutua (Euskadi) arbuiatuz, eta adieraziz Nafarroako foruak indarrean zirela.[30]
HB alderdia Iruñeko bigarren indarra bilakatu zen 1979an, UCD ofizialistatik 750 botora.[31] Presioen erdian, Nafarroako PSOE-PSEk guztiz aldatu zuen bere posizioa, foru erkidegoa sortzearen alde agertuz Foru Hobekuntza deitutako erregimenean (1982), diktadurakoaren foru jarraipen zena. PSNk hauteskundeak irabazi zituen urte horretan, eta Gabriel Urralburu hasi zen Nafarroa Garaiko lehendakari. Hautsi ziren EAErekiko lotura organikoak. 1986ko abenduan, Euskararen Legea onartu zen, foru erkidegoa zona desberdinetan banatuz, hainbat eragozpen politiko jasan zituen arren.[32][33] Lege hori Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere aplikatzekoa zen;[33] NUP unibertsitatea, hain zuzen, 1987an sortu zen. Urralbururen agintaldia 1991n amaitu zen, Juan Cruz Alli gailendu zitzaionean, UPN alderdia pasa baitzen alderdi bozkatuena izatera.[34]
Otano hurrengo lehendakaria (PSN) UPN alde batera uzten saiatu zen EA eta CDNrekin batera, baina Diario de Navarrak PSNren ustelkeria datuak atera zituen, eta gobernu hori desegin egin zen. Orduan, UPNko Miguel Sanz heldu zen lehendakaritzara. Agintaldi horretan (1996-2011), Leitzaran eta Aragoiko autobiak eraikitzen amaitu ziren (A-15 eta A-21), baina Sanzek uko egin zion EAErekin lotuko zuen X diseinuko AHT burdinbidea eraikitzeari. Bitartean, Nafarroako eta Iruñeko Udal Aurrezki Kutxak bat egin zuten Nafarroako Kutxa eratuz (CAN, 2000). Aldiz, Barcinaren agintaldian, Nafarroako kutxa enblematiko horrek porrot egin zuen, eta CaixaBankek erosi (2012), utzikeria eta praktika ustelen salaketen erdian. Ustelkeria eskandaluek PSN, Geroa Bai eta Ahal Duguren koalizio bat erkidegoko gobernura heltzeko bidea zelaitu zuten (2015), polarizazio handi baten erdian.
Bandera
Nafarroako Foru Erkidegoko bandera Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 7.2 artikuluak ezarri zuen:[35]
« | Nafarroako bandera gorria da, erdian armarria duela | » |
- Nafarroako Banderra Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian(1931-1936)
- Nafarroako bandera frankismoaren garaian
- Nafarroako bandera egun, 1981etik
Armarria
Nafarroako armarria ikur heraldiko bat da, mendeetan zehar Nafarroaren eta Nafarroako Erresumaren ikur nagusia izan dena. 1982ko abuztuaren 10eko Lege Organikoak, ondokoa adierazten du 7.1 artikuluan:
« | Nafarroako armarria, hondo gorriaren gainean paraturiko urrezko kateez da, katemailaz osaturiko zortzi besoen elkargunean esmeralda bat dutela eta ororen gainean, berriz, Errege koroa, Nafarroako antzinako Erresumaren sinboloa.[36] | » |
Egun Nafarroako Foru Erkidegoko armarri nagusia da.
Ereserkia
Gorteen Ereserkia Nafarroako Foru Erkidegoko ereserki ofiziala da Nafarroako Sinboloei buruzko 24/2003 Foru Legearen arabera.
Ereserkiaren jatorrizko doinua, "Erresumako Gortearen Sartzerako Martxa" izeneko pasaklaustro barrokoa da, Iruñeko katedraleko klaustroan jotzen zen Nafarroako Gorteetako kideak batzarretara zihoazenean.
Martxa hori XIX. mendetik jotzen zen ospakizun ofizial nagusietan, eta Nafarroaren ereserkitzat.
Nafarroako Gobernuak ereserkiaren harmonizazio ofiziala onartu zuen 1993an eta Manuel Iribarrenek 1971n idatzitako hitzak erantsi zizkion Jose Maria Azpirozek euskaratu zituelarik.
Banaketa tradizionala
Tradizioz, Nafarroa Garaia hiru irizpideren arabera banatu izan da beti: lurraldeak, merindadeak eta eskualdeak.[37][38]
- Lurraldeak
Lurraldeak kontzeptu zehaztugabe samarra dira, kokapenaren arabera zehaztuak. Hiru lurralde daude: Mendialdea, Erdialdea eta Erribera. Mendialdea herrialdearen iparraldean dago; oro har, lurralde berde eta menditsua da, landaretza eta euri ugarirekin, eta ibar meharrak ditu. Desnibel handiko eremua da, euskara biztanle gehienen ama-hizkuntza gisa bizirik iraun duen eremua. Bertze biak ez bezala, Mendialdea izena nahiko generikoa da, eskuarki mendikatearen izenarekin (Pirinioak, Pirinioaurrea...) edo zuzenean dagokion ibarraren izenarekin (Baztan, Malerreka, Sakana...) aipatzen baita.
Bertzalde, Erdialdea Mendialdea eta Erribera arteko trantsizio-eremua da. Iparraldeak antzekotasun gehiago ditu lehenengoarekin, eta formarekin hegoalderantz egiten da; ezaugarri horiek galdu egiten dira, bigarrenarengandik hurbilago dauden beste batzuen mesedetan. Hemen erliebea txikiagoa da, baina koska bat dago oraindik. Landaretza ez da hain ugaria, eta haranak irekiagoak dira. Hegoalderago, haranak ez dira ia bereizten. Oro har, Erdialdearen mendebaldean (Lizarrerria) eta ekialdean (Erdialdea bera) bereizten dira.
Azkenik, Erribera oso eremu laua da, ibar oso emankorrak ditu, eta ia landaredi guztia laborantza-formakoa da. Malda txikia amildegi itxurakoa da, eta prezipitazioak gero eta urriagoak dira. Eremu idor samarra da, eta lekurik idorrenera iristen da Errege Bardeak basamortu batean. Aurreko bi lurraldeetan ez bezala, Erribera elkarrengandik urrun dauden herri handietan banatzen da, modu independentean garatu direnak, eta, beraz, hemen eskualde tradizionalak ez dira existitzen, soilik geografikoak dira, dauden ibaiaren ertzaren arabera.
- Merindadeak
Merindadeak (nafarreraz: Merinaldeak) Nafarroako Erresumaren banaketa tradizional nagusia izan dira, eta gaur egun arte mantentzen dira, nahiz eta 1979tik ez duten inolako erabilgarritasun administratiborik. Merindadea merio baten agintaritzapean dagoen lurraldea da. Merioak eskumen judizialak eta betearazleak zituen, eta, gainera, erregearen ordezkari gisa jarduten zuen.
Jatorrizko lau merindadeak Iruñekoa edo Mendialdea, Zangozakoa edo Bortuak, Lizarrakoa edo Lizarrerria eta Tuterakoa edo Erribera dira. 1407an, Erriberriko merindadea sortu zen, Lizarrako, Zangozako eta Tuterako merindadeen lurraldeetatik abiatuta, eta merindadeak hiriburuaren izenarekin soilik ezagutzen hasi ziren. 1530 arte, Nafarroa Beherea ere barne hartzen zuen. Seigarren merindadetzat, Bortuez bestaldeko merindadea detua, hartzen den arren, zehazki bailegoa zen, hau da, baile izeneko administrariaren ardurapean zegoen. Merioa Zangozan zegoen.
Aro Garaikidean, hauteskunde-barrutia izan ziren XIX. eta XX. mendeetan. Gaur egun, ordea, merindadeek ez dute eskudantziarik, barruti judizialekin bat egiten badute ere. Merindadeetatik abiatuta sortu ziren, baina Zangozari zegokion egoitza Agoitzen zegoen, eta gauza bera gertatu zen Erriberri eta Tafalla artean. Gainera, Burlata Zangozako merindadean dago, baina Iruñeko barruti judizialean.
Nafarroa Garaiko egungo merindadeak bortz dira, eta hauek dira: Iruñekoa, Zangozakoa, Lizarrakoa, Erriberrikoa eta Tuterakoa.
- Eskualdeak
Lurraren orografia dela eta, goinafartar lurraldearen zatirik handiena, Euskal Herri osoa bezala, elkarrengandik hurbil dauden herri txikietan banatzen da. Horrek eragin du, antzinatik, herriek beren artean bat egitea, entitate zabalagoak eratuz, gutxi gorabehera ibar geografikoekin bat datozenak. Ibar beraren barruan, gauza asko partekatzen dira (euskalkia, kultura, ohiturak, elezaharrak...), eta horri esker, XIX. mendeko administrazio-erreformak egin arte, banaketa tradizional horiek administratiboki ere izan ziren.
Gaur egun, ondorio praktikoak direla eta, udalerriak ez datoz guztiz bat administrazio-banaketa horiekin zenbait kasutan, baina bai beste batzuetan. Hala ere, horrek ez du eragozten eguneroko bizitzan oso presente egotea, bereziki Mendialdean, non zatiketak geografikoak baino ez diren. Erriberan, ezaugarri geografiko eta demografiko bereziak dituztenez, banaketa horiek ez dira kontuan hartzen. Erdialdean, ohi denez, iparralderago daude.
Horiek ez dira gaur egun indarrean dauden administrazio-eskualde ofizialak, baina horietako batzuek Aezkoako Batzarre Nagusia, Erronkaribarko Batzorde Nagusia edo Izarbeibarko Mankomunitatea bezalako egiturak dituzte. Bertze batzuk, Erroibar edo Baztan kasu, gaur egungo udalerriekin bat datoz, eta, beraz, bertako Udalak dira eskualdeko administrazio-erakundea. Zenbait kasutan, eskualdeko herri bat bereizi egin zen udalerri independente bihurtzeko (adibide gisa balio dezaten: Beriain, Agoitz, Lekunberri edo Jaitz), eta bertze batzuetan, herri guztiak udalerri gisa eratu ziren (Aezkoa, Berrotza, Bortziriak...).
Nafarroa Garaiko eskualde tradizionalak | |||
MENDIALDEA | |||
Kantaurialdea | Iruñerria | Pirinioak | Pirinioaurrea |
---|---|---|---|
ERDIALDEA | ERRIBERA | ||
Lizarrerria | Erdialdea | Lizarrerriko Erribera | Tuterako Erribera |
|
|
Banaketa administratiboa
Administratiboki, Nafarroa Garaia eskualdeka banatuta dago. Eskualde horiek, aldi berean, udalerritan banatzen dira, eta barruan kontzejuak, lekuak, etxaldeak eta herri hustuak dituzte.[39][40]
- Eskualdeak
2019ra arte, Nafarroako Parlamentuak ofizialki eskualde-banaketa onartu zuen arte, Nafarroa Garaia ez zegoen ofizialki eskualdeetan banatuta. Ordutik, lurraldea 12 eskualdetan eta 4 azpieskualdetan banatzen da: Baztan-Bidasoa, Erdialdea, Erribera, Erriberagoiena, Estellerria (Montejurra eta Estellerriko Erribera azpieskualdeak), Iruñerria (Metropolialdea eta Ibarrak), Izarbeibar-Novenera, Larraun-Leitzaldea, Pirinioak, Pirinioaurrea, Sakana eta Zangozerria.
Eskualde-banaketa horrek ezaugarri historiko eta tradizionalak hartzen ditu kontuan, nahiz eta Erdialdea edo Erribera eskualdeetako batzuk ez datozen guztiz bat banaketa tradizionalekin. Hala ere, merindadeek legezko ondorio praktikorik ez dutenez, ez da haien antolaera errespetatu; izan ere, eskualde batzuk mankomunitate jakin batekoak dira oso-osorik, eta beste batzuk hiru merindadetan banatu dira.
Gaur egun, eskualde horiek sortzeko prozesua amaitu gabe dago, eta figura horiek legez existitzen dira, baina ez dute ez lurralde-egiturarik ez erakunde publikorik, lehen zeuden mankomunitateak ez baitira oraindik desegin. Aurreikusita dago eskualde-kontseiluak sortzea, Katalunian gertatzen den bezala, eta horiek izatea mankomunitateen eskumenak izango dituztenak, bertzeak bertze, ura edo hondakinak.
- Udalerriak
Nafarroa Garaiak 272 udalerri ditu gaur egun. Hauxe da biztanleriaren oinarrizko erakundea, Euskal Herriko gainerako udalerrien parekoa. Udalerri bakoitza demokratikoki aukeratutako alkate batek eta zinegotzi-kopuru jakin batek gobernatzen dute, biztanleriaren arabera.
XIX. mendeko erreforma administratiboen ondoren, bi udalerri mota agertu ziren: sinpleak eta konposatuak. Udalerri sinpleak, iparraldeko udalerri gehienen antzekoak, dira eredu ohikoenak, non Udala den udalerrian dagoen guztia biltzen duen administrazio-organoa. Horiek ez bezala, udalerri konposatuak bereziki Mendialdean eta, intentsitate txikiagoarekin, Erdialdean daude. Udalerri horiek, populazioaren sakabanaketaren ondorioz, hainbat biztanlegune dituzte, kontzeju, leku edo etxalde moduan. Kontzejuek beren administrazio-organoa dute, kontzejuaren berezko gaiak administratzeaz arduratzen dena, nahiz eta tokiko Udalaren mende egon.
Gaur egun, 353 kontzeju daude Nafarroa Garaian. Aurreko garaietako kopurua baino txikiagoa da; izan ere, herrialdeko landa-eremuek pairatzen duten despopulatzea dela eta, mota horretako administrazio-erakundeak baitaude gehien, haien autogobernua bideraezina da. Horren ondorioz, kontzeju asko desagertu egin dira, eta leku bihurtu dira.
- Partzuergoak
Nafarroa Garaia herrialde partikularra da, bere lurraldearen zati bat ez baitago inongo udalerritan. Kasurik ezagunena Errege Bardea da, nahiz eta eszenatoki hori berrogeita hamar bat aldiz errepikatzen den, bai Urbasa, Andimendi edo Lokiz bezalako azalera handietan, bai txikiagoetan, Erremendia edo Xaldua kasu. Hauek dira partzuergoak.
Partzuergoa bi subjekturen edo gehiagoren artean itundutako komunitatea da, lursail batzuen jabetzari edo aprobetxamendu jakin batzuei dagokienez. Subjektu horiek, oro har, kontzejuak edo udalerriak dira, eta fazeria ezartzen duten lurrak, oro har, haien arteko mugakideak dira.
Gaur egun, 70 bat partzuergo daude Nafarroa Garaian, nahiz eta 110 baino gehiago izatera iritsi ziren Foru Berria onartu ondoren, nahiz eta gerora batzuk desagertu egin ziren, erabilgarritasunik ez zutelako, edo kongozanteak kontzeju izatetik toki soil izatera igaro zirelako, eta, beraz, eskumenak udal beraren esku geratzen ziren.
Biztanleriaren banaketa
Biztanleriaren mugimenduak
Udalerri populatuenak
Udalerrien artean, hauek dira nagusiak 2016ko datuei dagokienez:
Azken urteotako hazkunde eta mugimendu demografikoak kontuan hartuta, ordea, badira beste udalerri batzuk garrantzi handia hartzen ari direnak, hala nola Berriobeiti edo Galar.