Neandertal
From Wikipedia, the free encyclopedia
Neandertalak[1] (halaber, Neandertalgo gizakia, Homo neanderthalensis edo Homo sapiens neanderthalensis[2]) Eurasian orain dela 40.000 urte arte bizi izan zen giza espezie edo azpiespezie arkaiko bat izan zen[3][4][5][6]. Ziurrenik aldaketa klimatikoaren ondorioz[7][8][9], gaixotasunen ondorioz[10][11] edo bi horien arteko konbinazio baten ondorioz desagertu ziren[9].
Neandertal | |
---|---|
Pleistozeno berantiar | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Primates |
Familia | Hominidae |
Generoa | Homo |
Espeziea | Homo neanderthalensis William King, 1864
|
Banaketa mapa | |
Ez dago argi neandertalak gizaki modernoengandik noiz banandu ziren; ikerketek duela 315.000[12] eta 800.000 urte bitarteko tarteak proposatu dituzte[13]. H. heidelbergensis arbasoaren eta neandertalen arteko dibergentziaren garaia ere ez da argia. Neandertal hezurrik zaharrenak duela 430.000 urte datatuak daude, baina sailkapena zalantzazkoa da[14]. Neandertalak fosil ugariengatik ezagutzen dira, batez ere duela 130.000 urtetik aurrera[15]. Espeziaren tipoa, Neanderthal 1, 1856an aurkitu zen Alemaniako Neander haranean. Fosil horren baliagarritasunaz eztabaida asko izan ondoren, XX. mendearen hasieran primitiboak, inozoak eta basatiak zirela pentsatzen zen. Nahiz eta horien ezagutza eta pertzepzioa aldatu egin den, geroztik komunitate zientifikoan, eboluziorik gabeko kobazuloetako gizaki arketipoaren irudia nagusi da oraindik ere herri-kulturan[16][17].
Neandertal teknologia nahiko sofistikatua izan zela uste da. Mousteriar harrizko lanabes industria zuten[18][19], eta litekeena da sua sortzeko[20][21] eta haitzuloetako sutondoak eraikitzeko trebetasunak ere izatea[22][23], urki azalezko bikea[24], gutxienez burusien eta pontxoen antzeko arropa sinpleak[25], ehungintza[26], Mediterraneoan zehar nabigatzea[27][27], sendabelarrak erabiltzea[28][29][30], baita lesio larriak artatzeko ere[31], janaria biltegiratzea[32] eta sukaldaritzako teknika ezberdinak erabiltzea ere, hala nola, erretzea, irakitea[33] eta ketzea[34]. Neandertalek elikagai asko erabiltzen zuten, batez ere apatxak dituzten animaliak[35], baina baita beste megafauna[36], landare[37][38][39], ugaztun txiki, txori[40] eta uretako eta itsasoko baliabideak ere[41]. Nahiz eta puntako harrapariak izan, hartza, lehoiak, kobazuloko hiena eta beste harrapari handi batzuekin lehiatzen ziren[42]. Pentsaera sinboliko eta Paleolitikoko labar artearen hainbat adibide egotzi zaizkie Neandertalei, baina ez da ziurra[43]. Adibideetako batzuk hegazti hezurretatik[44] edo oskoletatik[45] egindako apaingarri posibleak, objektu ezohikoen bildumak, hala nola kristalak eta fosilak[46], grabatuak, musika ekoizpena[47], Divje Babe flautak adierazten duen bezala[48], eta duela 65.000 urte baino lehen eztabaidarekin[49] dataturiko Espainiako kobazuloko pinturak[50][51]. Sinesmen erlijiosoen proposamen batzuk ere egin dira[52]. Neandertalak mintzatzeko gai bide ziren, agian hizkuntza artikulatuekin, nahiz eta haien hizkuntzaren konplexutasuna ez den ezagutzen[53][54].
Gizaki modernoen aldean, neandertalek gorpuzkera sendoagoa eta gorputz-adar laburragoak zituzten. Ezaugarriok klima hotzean beroa mantentzeko egokitzapen gisa azaltzen dira sarri, baina neandertalak sarri bizi izan ziren paisaia epeletarako egokitzapenak ere izan litezke[55]. Hala ere, hoztasun espezifikoko egokitzapenak zituzten, hala nola, gorputz gantz-biltegi espezializatua[56] eta sudur handia, airea berotzeko[57] (nahiz eta sudurra isuri genetikoek eragin izan[58]). Gizon neandertalen batezbesteko garaiera 165 cm ingurukoa zen eta emakumezkoena berriz, 153 cm, industrializazioaren aurreko gizaki modernoen antzekoa[59]. Neandertal gizonen eta emakumeen burmuinek 1.600 cm3 eta 1.300 cm3 inguru zituzten hurrenez hurren, gizaki modernoentzako balioen eremuan dagoena[60][61][62].
Biztanleria oso txikia zen, gene ahul kaltegarriak nabarmen hedatu ziren[63] eta distantzia luzeko sare eraginkorrak ez-ohikoak ziren. Dena den, eskualdeko kulturen eta komunitateen arteko komunikazio erregularraren frogak daude[64][65]. Kobazuloetan bizi ziren, eta leize artean mugitzen ziren urtaroen arabera[66]. Neandertalak tentsio handiko giro batean bizi ziren, traumatismo tasa altuekin, eta % 80 inguru 40 urte baino lehen hiltzen ziren[67]. Neandertalen eta gizaki anatomikoki modernoen arteko hibridazioaren frogak 2010eko Neanderthal Genoma Proiektuaren zirriborroan aurkeztu ziren[68][69][70]. Baliteke duela 316-219 mila urte gertatu izana[71], baina litekeena da duela 100.000 urte gertatu izan eta, berriro ere, duela 65.000 urte[72]. Badirudi, halaber, Siberiako gizaki arkaikoa zen Denisovarrekin ere hibridatu izana[73][74]. Eurasiar, australo-melanesiar, natibo amerikar eta iparrafrikar genomen % 4 inguru gene neandertalak dira, Afrikako Saharaz azpiko eremuan azpialdeko biztanleek, aldiz, ez dute bat bera ere edo agian % 0,3ko gehienez ere. Guztira, neandertalren genomaren % 20 bizirik dirau gaur egun[75]. Neandertalengandik heredaturiko gene asko kaltegarriak edo hautespen naturalaren eragina izan lezaketen arren, neanderthal genetikak giza immunitate sistema modernoan eragina duela dirudi[76][77], eta beste hainbat funtzio biologikotan eta egituratan ere inplikatuta dagoela[78], baina zati handi batek DNA ez-kodetzailea dela dirudi[79].