Txikipedia:Kalkolitoa
From Wikipedia, the free encyclopedia
Kalkolitoa, Kobre Aroa edo Eneolitoa historiaurreko garai bat izan zen, Neolitoaren eta Brontze Aroaren artekoa, hain zuzen ere. Kalkolito izena grezierako “khalko” hitzetik dator: “kobre” esan nahi du. Garai honekin Metal Aroa hasi zen (K.a. 5000 – 1000 gutxi gora behera). Izenak adierazten duen bezala, garai honen ezaugarri nagusia izan zen gizakiak erabili zuen lehen metala azaldu zela: kobrea.
Aro honen hasiera eta bukaera ez dira zehatzak, historiaurreko etapa bakoitzaren garapen teknologikoa ez zelako berdina izan planeta osoan. Hala, Kobre Aroa kobrearen aurkikuntzarekin lotuta dago. Hasieran, gizakien taldeek ez zekiten nola urtu metal hori, eta hotzean mailukatzen zuten, kobrearekin objektuak egiteko.
Hala ere, garaiak aurrera egin zuen ahala, zeramikak egiteko eta labekatzeko teknika berriak sortu ziren. Horren ondorioz metalgintza eta aleazioak (metalen nahasketak) hasi ahal izan ziren. Modu horretan, gizakiek brontzea aurkitu zuten, eta Metal Aroaren bigarren etapan sartu ziren: Brontze Aroan.