Txikipedia:Arroka
From Wikipedia, the free encyclopedia
Arroka edo harria mineral batez edo gehiagoz osatutako material gogorra da. Arrokak Lurraren kanpoko geruza solidoa osatzen du, lurrazala izenekoa. Geruza honen azpiko atala arroka solidoa da, edo arroka-geruza. Goiko atalean, apurtutako arroka zatiak daude. Arroka zati txikienek harea eta lurra osatzen dituzte. Lurrazalaren azpian beste arroka-geruza bat dago, gehienbat solidoa dena, mantua deritzona. Mantuan, urturiko arroka-poltsak eratzen dira, magma alegia.
Arrokak solidoak diren arren, Lurreko arroka-geruza solidoa aldatu egiten da denboran zehar. Lurrazalean gertatzen diren hainbat fenomenoren eraginez, geruza horrek presio gogorrak jasaten dituz, eta presio horiek geruza solidoa deformatu egiten dute. Denbora luzeko presioaren eraginez, arroka-geruza tolestu egin daiteke eta tolesdurak sortzen dira. Beste batzuetan, deformatu eta tolestu ordez, geruza solido hori apurtu egiten da. Horrelakoetan, apurtutako bi geruza-zatiak mugitu egiten dira, eta failak sortzen dira.