Txikipedia:Bigarren sektore
From Wikipedia, the free encyclopedia
Ekonomiako bigarren sektorea natur baliabideetatik ateratako lehengaiak eraldatu eta produktuak ekoizteko jarduerak biltzen dituen sektorea da. Sektore honetako jarduera nagusiak eraikuntza eta, batez ere, industria dira. Bigarren sektoreak makinak erabiltzen ditu gaur egun bere produktuak ekoizteko, eta energia-iturriren bat behar izaten dute horretarako. Aspaldiko garaietan, eraldaketa hauek eskuz egiten ziren, eskulangintza edo artisautza deitzen den jardueraren bidez.
Bigarren sektoreko industriek ekoizten dituzten produktuak bi eratakoak izaten dira:
- Produktu landuak: kontsumo-produktuak hau da, kontsumitzeko prest daudenak (arropa, altzariak, autoak, ordenagailuak...).
- Produktu erdi-landuak: produktu landuak egiteko erabiltzen diren bitarteko produktuak (altzairua, aluminioa, plastikoa, erregaiak...).
Herrialde garatuetan sektore honek Barne Produktu Gordinaren zati ez oso handia hartzen du gaur egun (industria sektoreak munduko ekonomiaren %30,7 okupatzen zuen 2012an), baina, hala ere sektore estrategiko edo oso garrantzitsutzat jotzen da; ingeniaritza- eta ikerketa- eta garapen-lanak ematen dizkie hirugarren sektoreko enpresei.