Txikipedia:Kimika
From Wikipedia, the free encyclopedia
Kimikak elementuak eta konposatu kimikoak aztertzen ditu, baita horiek batera nola funtzionatzen duten ere. Edozelan ere, kimika zientzia konplexua da, eta alor hauek ere ikertzen ditu:
- Materiaren partikula mikroskopikoek (atomoek) nola osa ditzaketen egitura handi batzuk (gorputza, zuhaitza, harria, metala…).
- Molekulak sortzeko, atomo horiek nola lotzen diren, eta zergatik lotura batzuk posible diren eta beste batzuk ez.
- Erreakzio kimikoa izeneko fase batean, konposatuen arteko erreakzioak nola ematen diren.
Gaur egun, kimika oso zientzia garrantzitsua da, eta etorkizunean ere eragin handia izango du hainbat alorretan: teknologia berriak, botikagintza, petrolioaren ordezko erregaiak, energia-iturri berriak...
Baina fenomeno kimikoak ulertzeko ahalegina nahiko berria da: XIX. mendekoa, hain zuzen ere. Izan ere, materia osatzen duten atomoak ezin dira mikroskopioaren bitartez ikusi; eta, are gutxiago begi hutsez. Horregatik, fenomeno kimikoak aztertzeko eta frogatzeko, beharrezkoa izan zen aurretik propietate elektriko eta magnetikoak detektatu ahal izatea. Lehenago, emaitzak esperimentazioan baino ez ziren oinarritzen. Emaitza mota horiei enpirikoak deritze.