Txikipedia:Landa-ingurune
From Wikipedia, the free encyclopedia
Landa-ingurunea edo nekazaritza-eremua batez ere lehengai eta baliabide naturalak eskaintzen dituen lurraldea da. Haren barruan, hainbat jarduera ekonomiko aurki daitezke, gehienbat nekazaritzari, abeltzaintzari, basogintzari eta meatzaritzari lotuak; dena dela, gaur egun, beste hainbat jarduera gehiago ere topa daitezke inguru hauetan.
![Thumb image](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/5/58/Paisaje_Vitoria_Otazu_01.jpg/640px-Paisaje_Vitoria_Otazu_01.jpg)
Biztanleria-dentsitate gutxi eta tamaina mugatuko biziguneak izaten ditu, hau da, herri ez oso handiak; leku hauetan bizi direnek askotan hiri handietan baino lotura handiagoak eta harreman estuagoak izaten dituzte batzuek besteekin, ia denek elkar ezagutzen dutelako. Horrek eragina izaten du haien jokamoldean eta baita mundua ulertzeko moduan ere.
Landa-inguruneetako paisaiak naturalak diren arren, gizakiak neurri handi batean eraldatu egin du goian aipatutako jarduera ekonomikoak garatu ahal izateko.