Txikipedia:Lokomozio
From Wikipedia, the free encyclopedia
Lokomozioa leku batetik beste batera mugitzeari ematen zaion izena da. Lokomozio hitzarekin bai izaki bizidunek eta baita makina batek ere egiten duten edo egin dezaketen mugimendua adierazten da.
Hitzaren jatorria jakiteak bereziki laguntzen du haren esanahia ulertzen: izan ere, latinezko "locus" (lekua) eta "motio" (mugitzea) hitzak elkartuz sortutakoa da; beraz, "lekuz mugitzea" esan nahi du.
Lokomozioa modu askotakoa izan daiteke, egiteko moduari, inguruari, abiadurari eta beste ezaugarri batzuei begiratuta. Lokomozioa non gertatzen den kontuan hartuz gero, lurrekoa, uretakoa edo airekoa izan daiteke, eta inguru bakoitzean modu desberdinean egiten da. Lurrean, adibidez, ibiltzea, korri egitea eta narrasean aritzea dira lokomozio-modu nagusiak; urtean, berriz, igeri egitea; eta, airean, hegan egitea.
Mugimendua gertatu ahal izateko, energia behar da, grabitatearen indarra eta ingurunearen igurtzia gainditzeko, hain zuzen: mugi daitezkeen izaki bizidunek janarietatik ateratzen dute energia; gizakiek eraikitako makinek, berriz, motore bat behar dute eta energia-iturri bat. Adibidez, bizikleta bat ez da bere kabuz mugitzen; bizikletan gabiltzanean, gu geu gara bizikletaren motorea eta energia-iturria. Auto batek, berriz, motore bat dauka eta gasolina edo antzeko erregai bat behar du mugitu ahal izateko.
Izaki bizidunen, eta, bereziki, ornodunen lokomozioan (gizakion lokomozioan, adibidez), hiru sistema behar dira lokomozio-funtziorako:
- Eskeletoa: elementu sendo eta artikulatuak eskaintzen ditu, mugimendua eragiten duten indarrak aplikatu eta biderkatzeko.
- Gihar edo muskuluak: eskeletoko hezurrak mugitzeko indarra aplikatzen dute, uzkurtuz eta lasaituz.
- Nerbio-sistema: giharren uzkurdura eta lasaiketa kontrolatzen du.