Txikipedia:Mapa
From Wikipedia, the free encyclopedia
Mapa lurralde baten xehetasunak jasotzen dituen marrazki edo irudi lau bat da. Mapak zehaztasun handikoak dira: oso ondo adierazten dute non kokatuta dagoen gauza bakoitza (hiriak, mendiak, ibaiak...) eta distantziak oso ondo kalkulatuta egoten dira. Informazio hori dena sinboloen bidez adierazten dute: marrazkiak, lerroak, puntu eta geziak, koloreak eta abar.
![Thumb image](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/2/2e/Euskal_Herriko_kolore_mapa.png/640px-Euskal_Herriko_kolore_mapa.png)
Ohituraz, mapek halako orientazio bat izaten dute kasu gehienetan: goi aldean iparraldea jartzen da.
Mapa mota ugari daude, baina nagusiak hauek dira:
- Mapa fisikoa: lurralde batean dauden mendiak, ibaiak, aintzirak, itsasoak, etab. adierazten ditu.
- Mapa topografikoa: lurralde bateko inguru fisikoari buruzko informazioa (erliebea, ibaiak, hiriak eta herriak), ematen du halako eskala batean, hau da, mapako eta errealitateko neurrien artean dagoen halako proportzio batean.
- Mapa politikoa: mapa politikoek lurraldearen banaketa administratiboa adierazten dute; hau da, herrialde edo lurraldeen izenak, mugak eta hiriburuak.
Horiez gain, badira mapa tematikoak ere; mapa hauek lurralde bateko ezaugarri jakin bati buruzko informazioa irudikatzen dute: biztanleria, nekazaritza, klima, jarduera ekonomikoak, etab.