Txikipedia:Merkataritza
From Wikipedia, the free encyclopedia
Merkataritza era guztietako ondasunak, produktuak eta zerbitzuak trukatzeko salerosteko jarduera da. Ondasunak eta produktuak pertsonek lantzen edo fabrikatzen dituzten objektuak dira, adibidez, elikagaiak, arropa, ordenagailuak, etab.; zerbitzuak, berriz, materialak ez diren gauzak dira, adibidez, ilea moztea, garraioak, energia ematea, osasun-arreta, etab.
Jarduera hau ekonomiaren hirugarren sektorearen barruan sartu ohi da, zerbitzuen sektorean, alegia, eta funtsezkoa da herrialde garatuen ekonomian, biztanleen beharrak asetzen ditu, lana ematen dio jende askori eta, oro har, ekarpen handia egiten dio herrialdearen barne produktu gordinari.
Merkataritza historiaurreko garaietatik datorren jarduera da. Hasieran, trukearekin hasi zen: norbaitek zerbait ematen zion beste norbaiti beste zerbaiten truke. Geroago, gizakiak dirua asmatu zuen, produktuei balio zehatzagoa emateko. Gaur egun, ondasun, produktu eta zerbitzuak diru truke salerosten dira.