Txikipedia:Meteorologia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Meteorologia eguraldiaz eta atmosferaz arduratzen den zientzia da. Horretan jarduten dutenak meteorologoak dira.
Meteorologoek hainbat neurketa egiten dituzte sateliteko irudien laguntzarekin, eguraldia ikertzeko: haizearen indarra eta norabidea, presio atmosferikoa, tenperatura, prezipitazioak, hezetasuna eta hodeiak. Horretarako, hainbat tresna asmatu dira, hala nola barometroa, presio atmosferikoa neurtzeko.
Gaur egungo meteorologian, programa informatiko oso konplexuak erabiltzen dira neurketetan lortutako datuak sartzeko. Datuen neurketa eta ikerketa horietan oinarrituta jakin daiteke zernolako eguraldia egingo duen ondoko ordu edo egunetan. Datu eta ondorio horiekin, meteorologoek txosten meteorologikoak egiten dituzte. Txosten horien laburpenak ikus ditzakegu, adibidez, egunkarietan eta telebistan, eguraldiari buruzko informazio-saioetan.
Meteorologoek, eguraldiaren aurreikuspen edo iragarpenak egiteaz gain, gerta daitezkeen hondamendi meteorologikoei buruz abisatu ere egiten dute; adibidez, urakana, ekaitza edo uholdeak gerta daitezkeela.
Meteorologia nahiko zientzia berria da. Lehen meteorologoetako bat James Glaisher britainiarra izan zen, Londresko Meteorologia Elkartearen sortzaileetako bat 1850ean. Garai hartan, jende askok barre egiten zion Glaisheri, eguraldia zientifikoki aurreikustea ezinezkoa zela uste baitzen.