kontinente From Wikipedia, the free encyclopedia
Afrika munduko kontinenterik handienetan hirugarrena da[2], Asiaren eta Amerikaren atzetik; eta jendetsuenetan bigarrena, Asiaren atzetik. 30,3 milioi km2 ditu[3], inguruan dituen uharteak barne, Lurraren azaleraren % 6 eta lur lehorraren % 20.[4] 2016an, 1.200 milioi biztanle zituen,[5] munduko biztanleen % 16. Afrikak mugakide ditu Mediterraneoa iparraldean, Suezko istmoa eta Itsaso Gorria ipar-ekialdean, Indiar Ozeanoa hego-ekialdean, eta Ozeano Atlantikoa mendebaldean[6]. Kontinentearen parte dira Madagaskar eta beste uhartedi batzuk. 54 estatu burujabe, bederatzi lurralde eta de facto independente diren baina nazioarteko onarpen osorik gabeko beste bi estatu ditu.[oh 1] Kontinentearen eremurik handiena, eta herrialde gehienak, Ipar hemisferioan daude; baina beste zati handi bat eta herrialde batzuk, ordea, Hego hemisferioan. Era berean, Lurraren lau hemisferioetan dagoen kontinente bakarra da.
Azalera | 30.221.532 km² |
---|---|
Biztanleria | 1,1 miliar biztanle[1] (2013, 2.a) |
Biztanle-dentsitatea | 30,51 bizt./km² |
Jentilizio | afrikar |
Herrialdeak | 54 |
Dependentziak | 8 |
Hizkuntzak | arabiera, frantsesa, ingelesa, swahilia eta beste asko |
Ordu-eremuak | UTC-1-UTC+4 |
Hiri nagusiak | Kairo, Lagos, Kinshasa, Khartum, Alexandria |
Afrikako biztanleria kontinente guztien artean gazteena da:[7] 2012an, adinaren mediana 19,7 urtekoa zen, munduko mediana 30,4 zelarik.[8] Aljeria da Afrikako herrialderik zabalena azalerari dagokionez[9], eta Nigeria da biztanle gehien duena.[10] Afrika, eta bereziki Ekialdeko Afrika, Hominidae kladoaren eta giza eboluzioaren jatorrigunea izan zen.[11] Izan ere, Afrikan aurkitu dira gizakien lehen arbasoak, bai eta ondorengo beste ahaide batzuk ere, orain dela 7 milioi urtekoak; tartean daude Sahelanthropus tchadensis, Australopithecus africanus, A. afarensis, Homo erectus, Homo habilis eta Homo ergaster. Homo sapiensik zaharrena Etiopian aurkitu da, orain dela 200.000 urte datatua.[12]
Askotariko klimak ditu, eta kontinente bakarra da iparraldean eta hegoaldean klima epelak dituenak. Ekuatoreak zeharkatzen du eta barnean hainbat basamortu, baso tropikal eta kostaldeko eremu klimatiko ditu.[13]
Etnia dibertsitate oso handia du, bai eta kultura eta hizkuntza ugari ere[14]. XIX. mendean, Europak ia Afrika osoa kolonizatu zuen. Egungo afrikar estatu gehienak XX. mendean hasitako Afrikako deskolonizazioaren ondorio dira. Afrikako estatuen artean Afrikar Batasuna lortzeko kooperazioa dago: erakundeak egoitza Addis Abeban du.
Antzinako erromatarrek Africa Terra «afrien lurra» (afer, afri, «kartagotar») deitzen zioten kontinenteko iparraldeko zatiari, Niloren mendebaldera zeuden lurrei eta Antzinako Libiari.[15][16] Badirudi izen hori libiar leinu bati eman zitzaiola, egungo berbereen arbasoei. Afer izenaren jatorriari dagokionez, fenizierazko afar («hautsa») hitzetik datorrela hipotetizatu da denbora luzez.[17] Azken urteotan, ordea, beste hipotesi bat garatu da:[18] berbererazko ifri (plurala: ifran), «haitzuloa», haitzuloetako biztanleak aipagai izanik.[19] Hitza egun Tripolitaniako Banu Ifran leinuan aurki daiteke; berbere leinu horrek jatorria Yafranen du, Libiako ipar-mendebaldean.[20]
Antzinako Erromaren garaian, Kartago Afrika Prokontsularra izeneko probintzian antolatu zen, K.a. 146an Hirugarren Gerra Punikoa amaitu ondoren. Probintzia horren parte zen egungo Libiako kostaldea.[21] -ica atzizki latinoak "lurraldea" adierazten du (adibidez, Celtica zen zelten lurraldea). Aurrerago, musulmanek Ifriqiya eskualdea eratu zuten, bizantziarren Afrikar Exarkia konkistatu ostean.
Azken aurkikuntza paleontologiko eta arkeologikoen arabera, orain 5 milioi urtetik existitzen ziren jada hominidoak Afrikan. Euren garezurren anatomia Afrikako tximinoen antzekoa zen, baina lokomoziorako forma bipedoa garatu zuten lehenengoek, eta horrek abantaila handia ematen zien bizitokia aukeratzerako orduan, baso eta oihanez landa, sabanan bizitzeko aukera ematen baitzien horrek. Eta esan beharra dago, sasoi hartan Afrika lehortze bidean zegoela, eta sabana baso eta oihanen eremuak hartzen.[22] Orain 3 milioi urte Australopithecus deritzen hominidoak sortuak ziren Afrikako erdialde, hegoalde eta ekialdean.[23]
Hurrengo jauzi ebolutibo garrantzitsua orain 2 milioi urte gertatuko zen, Homo habilisen iritsienarekin,[24] hauek izan baitziren tresna eta erremintak sortzen lehen espezie hominidoa, honek haragia jatea ahalbidetu zielarik. Hala ere, ehizarako orduan ez zegoen beste harraparien mailan, nahiz eta habiaren batetik arrautza bat edo beste lapurtuko zituen, eta animali txikiak harrapatu. Orain 1,8 milioi urte agertu zen lehenengoz Homo erectus Afrikan, ia garai berean egin zuelarik Kaukasian, Europako ekialdean. Espezie honetako lehen kideek garun txikia zeukaten oraindik, eta ez zituzten harrizko erreminta sinple batzuk baino garatu. Garuna beranduago hasiko zitzaien, eta Homo erectusek erreminta konplexuagoak garatuko zituen, acheliar motakoak. Ziur aski hauek izan ziren lehen ehiztariak. Gainera, Homo erectusek sua menperatu zuen, eta lehenak izan ziren Afrikar kontinentetik landa irten zirenak, nahiz eta puntu honetan eztabaida dagoen historialarien artean (batzuek diote Homo georgicus izan zela lehena).[25]
Aurkitutako fosiletatik interpretatu denagatik, Homo sapiensak bizi izan ziren Afrika hegoalde eta ekialdean orain 100.000-180.000 urte (dena dela, datu berrien arabera, data hori askoz lehenago kokatu behar litzateke).[26] Orain 40.000 urte izan zen Afrikatik Planeta osorako zabalkundea, arrasto linguistiko, kultural eta genetikoek egiaztatzen dutenez. Izotz Aroaren amaieran (K.a. 10.500) haran emankor bihurtu zen berriro Sahara.[27]
Hala ere, K.a. 5000. urterako berriro ere eremu lehor bihurtu zen Sahara, klima geroz eta bero eta lehorragoaren erruz, eta horrek bertako biztanleak, berriro ere, galtzea ekarri zuen, Niloko haranera desplazatu baitziren.[28] Niloko haranean bizitoki iraunkorrak sortu zituzten, baina klimak okerrera egin zuen, eta Afrika erdialdeko eurite indartsuak desagertu ziren. harez geroztik, Afrikako ekialdea lehorra da .[29]
Munduan izan zen kanpai formako ontzien kultura ipar-mendebaldeko Afrikan ere sortu zen. Kultura hori gerra-mentalitatearen sorrerarekin lotzen dute adituek. Zeramikako ontzi horiek hilobietan agertu ziren.[30]
Afrika iparraldean haitzetako margoak aurkitu izan dira. Horietan animaliak ageri dira, baina baita giza irudiak ere, armekin eta apaingarriekin.
Garai horretan Aintzira Handietako lurraldeko herriak Mediterraneoaren ekialdeko kostaldean kokatu eta aurre-Kanaango herriak sortu; jende horrek Jordan ibaiaren, Mediterraneoa eta Sinai basamortuaren arteko beheko lurrak menperatu zituen.
Urte haietan Afrikan hainbat kultura sortu ziren: zonaldez zonalde aztertuko dira.
Glaziazio garaian Ipar Afrikako baldintza ekologikoak oso desberdinak ziren. Gaur egun Sahara basamortua den espazioan larre lehorrak zeuden[31], nekazaritzako oso egokiak eta, horri esker, Neolitoan, K.a. 4000 urte inguruan ehiztari-biltzaileak kultura goiztiarra garatu zen. Kultura horren aztarnak dira arroketan aurkitutako petroglifoak eta zenbait monumentu megalitikoak.[32]
Glaziazioa bukatu ondoren Saharako bizi-baldintzak erabat gogortu ziren. Hala ere, Nilo haranaren inguruan nomo komunitateek ondorengo Antzinako Egiptoko kulturaren oinarriak prestatu zituzten. Faraoien dinastiak sortu baino lehen Niloren ertzetan tribu primitiboak bizi izan ziren eta, proba adierazgarri moduan, haien aztarnategi arkeologikoak utzi zituzten. K.a. 6000 urterako inguru horietan nekazaritza antolatua ezagutzen zuten.
Afrikako lehenengo aztarna idatziak Antzinako Egipton topatu dira.[33] Egiptoko egutegia Brontze Aroko eta Burdin aroko kulturak datatzeko patroia bezala erabiltzen da, horregatik. K.a. 3100 urtean, Narmer faraoiarekin, Egiptoren batasuna lortu zen; Narmerrena Antzinako Egiptoko historiaren 31 dinastien lehenengoa izan zen. Dinastia horien arabera hiru fase bereizi dira: Inperio Zaharra, Inperio Ertaina eta Inperio Berria. Gizako piramideak, Kairotik gertu, laugarren dinastian eraikiak, ondo asko erakusten dute erlijioak eta faraoien gobernuak lortutako boterea. Gizako piramide handia —Keops faraoiaren hilobia— Munduko Zazpi Mirarietatik oraindik zutik dirauen bakarra da. Antzinako Egiptok bere boterearen, aberastasunaren eta zabaleraren gailurra Inperio Berriarekin lortu zuen (K.a. 1567-1085).
Antzinako Egiptoren eragina Afrikan askotan espezialisten artean eztabaidatutako gaia izan da. Urtetan, gehiago hartzen zen kultura hau Mediterraneo aldeko kultura bezala eta ez Afrikakoa bezala. Dena dela, planteamendu hau atzera egiten ari da azken urteotan aurkikuntza berriei esker. Esaterako, Egiptotik edo Egiptora joan diren populazio mugimendu handiak ikusi egin dira. Esaterako, Egiptotik Badari kultura Nubia iparraldera zabaldu zen. Halaber, desertizazioa gertatu baino lehen Saharan zehar mugimendu garrantzitsuak eman ziren. Dena dela, dinastien aurretik Nilo haranean garatu zen kultura oinarrian kultura indigena zela, beraz afrikarra.
Iparraldeko Afrika eta Saharaz hegoaldeko Afrika artean Sahara basamortuak benetako oztopo sortu zuen. Hala ere, komunikazioa mantendu zen batez ere merkataritzari esker. Iparraldean Feniziako kulturarekin batera Antzinako Greziako koloniak lehen eta Erromatar Inperioa gero zabaldu ziren eta kontinentean haien eragina zabaldu zuten. Erromatarrek Magrebeko Afrikako lurralde garrantzitsuak haien inperioaren probintziak bihurtu zituzten: Mauritania, Afrika Prokontsularra, Tripolitania, Zirenaika eta Egipto.[34]
Fenizia Mediterraneoaren ekialdeko kostaldearen eta Libanoko mendien arteko lur zatia zen, beraz Asia. Bertan, zibilizazio oparoa egon zen k. a. II. mendetik aurrera. Inoiz ez zen batasun politikorik lortu herrialdean, baina hiri federazio oparoa eratu zuten. Hiri nagusiak Arados, Biblos, Sidon, Tiro, Akko (gaur egungo Akre), Arvad (Ruad), Berit (Beirut) eta Ugarit izan ziren. Lurraldea hain txikia zenez, Mediterraneo itsasoan zehar merkataritzan jardun behar izan zuten. Euren kostako hainbat lekutan koloniak sortu zituzten, Gadirrekoa adibidez, Espainian, eta Kartagokoa, Tunisian Ipar Afrikan. Han zirtzileriak, lurrinak, purpura eta anbar kolorez tindatutako oihalak saltzen zituzten. Trukean, metalak, larruak eta esklaboak erosten zituzten.[35]
K.a. lehen mila urtetan burdinaren lana Ipar Afrikan zabaldua zen eta Sahararen bitartez hegoalderantz zabaldu zen.[36] K.a. 500 urtearen inguruan Mendebaldeko Afrikan metalurgia ohikoa bihurtu zen, ziur aski kartagotarren eraginez; urte horren inguruan burdinaren lana Afrika ekialdeko eta mendebaldeko zenbait zonaldetan ezaguna zen nahiz eta beste zonaldetan Kristo ondorengo lehen mendeak arte zabaldu ez izan. Merkataritza sareak, bestetik, urte horretan ere, K.a. 500 inguruan alegia, zabalduak ziren edo behintzat horren aztarnentzat har daitezke Afrika mendebaldean topatutako Egiptoko, Nubiako eta Etiopiako kobrezko objektuak.[37]
K.a. 631 urtean greziarrek Zirene hiria sortu zuten, Antzinako Libian. Hiria kolonia garrantzitsua bihurtu zen; basamortuz inguratuta egonez, ordea, haien eragina Afrikako barrualdean oso eskasa izan zen. Greziarren eragina, aldiz, Egipto aldean handia zen. Alexandria, Alexandro Handiak K.a. 332an urtean sortua, garrantzi handia lortu zuen garai helenistikoaren Ptolomeotar dinastiaren agindupean. Ptolomeotarrek hegoalderantz joateko saiakerak egin zituzten eta horrela nolabait Etiopia ezagutu zen.
Libiako basamortuan, bestetik, K.a. 500 urtetik K.o. 700 urtetara garamante zibilizazioa garatu zen. Dirudienez garamanteak tuareg herriaren arbasoak izan ziren.[38]
Zirenaika, Egipto eta Kartago antzinaroko benetako potentziak bihurtu ziren baina, azkenik, erromatarrak haien gainean inposatu ziren. Bereziki gogorra Erroma eta Kartago arteko lehia izan zen; Kartago K.a. 146 urtean erori zen. Mende bat baino zertxobait gehiago Egipto eta Zirenaika Inperio Erromatarraren menpe gelditu ziren, bestetik. Erromatarren garaian Ipar Afrikako herriak joritasuna ezagutu zuten baina beti Saharako basamortuak erromatarrentzat benetako harresi moduan funtzionatu zuen; Fezzan izan zen salbuespen bakarrenetakoa. Nubia eta Etiopiaraino ere heldu ziren erromatarrak Neronek Nilo ibaiaren iturburua ezagutzeko bidali zuen espedizioari esker; dena dela, espedizioak ez zuen bere helburua bete. Ziur aski erromatarrek lortu zuten Afrika gaineko ezagupenen lan adierazgarriena II. mendeko Klaudio Ptolomeo lanetan ikus daiteke. Ptolomeok Indiako ozeanoaren kostaldeari buruzko ezagupenak erakutsi zituen, Rhapta hiriraino, egungo Tanzanian, eta Niger ibaiaren existentzia ezagutzen zuen.[39]
Erromatarren okupazioaren urteetan Asia, Europa eta Ipar Afrika arteko elkartrukea garrantzitsua izan zen. Horri esker, kultura klasikoa Mediterraneoko kostalde guztietan zabaldu zen eta, kristautasuna sortu zenean, zonalde osoan zabaldu zen, Tunisia, Egipto eta Etiopia barne. Aro klasikoaren amaiera Ipar Afrikan herri bandaloen inbasioarekin bat heldu zen, V. mendean bandaloek Afrikako probintzia erromatarrak konkistatu zituztenean. Dena dela, Inperio Erromatarren boterea VI. mendean itzuli zen lurraldera, Bizantziar Inperioarekin.
Historikoki, fenomeno oso garrantzitsua gertatu zen VII. mendean zehar: arabiar musulmanen iritsiera. Egiptotik hasita, Itsaso Gorritik Iberiar penintsula eta Ozeano Atlantikoraino musulmanak nagusitu ziren.[40] Ipar Afrikako kristautasuna ia ordezkatu egin zuen, Egipton salbu, bertan Eliza Ortodoxo Koptoak bizirik iraun zuen neurri handi batean, Etiopiaren eta haren kokaleku estrategikoaren eraginez. Musulmanen nagusitasuna Ipar Afrikako gizartea eta historia erabat aldatu zituen.
K.a. 4. milurtekoaren inguruan Etiopian nekazaritza sortu zen. Antza, gertaera hau era independentean eman zen eta produktu nagusiak hauek ziren: kafea, teff-a, artatxikia, basartoa, garagarra eta ensetea. Beste zonaldetik landare hauek heldu ziren: kotoia, porongoa, angurria... Halaber animalia asko etxekotu ziren, batzuk hantxe bertan, Etiopian eta Somalian, esaterako astoak; baina animalia gehienak Sahel eta Nilotik heldu ziren.
Etiopiar kultura desberdina zen, berezia, nahiz eta tarteka Eurasiako kulturekin kontaktuak izan. Hizkuntzak, kultura eta laborantza sistemak propioak ziren. Milaurteetan Etiopiak gobernu zentralizatua izan zuen. Garrantzi berezia Aksumgo Erresumak izan zuen, K.a. IV. mendetik I. mendera indartu zen estatuak; Erromatar Inperioaren eta antzinako Indiaren arteko trukean paper garrantzitsua jokatu zuen.
Ekialdean beste kultura garrantzitsua garatu zen, swahili kultura. Urteetan, historialariek swahiliak kolono pertsiarren ondorengotzat hartu zituzten, baina egun bantu herrien arabiar merkatariekin izandako harremanen ondorengoak direla segurtzat jotzen da. Harreman horiek VII. mendetik VIII. mende hasiera arte izan ziren. Swahiliak hegoalderantz jaitsi ziren, Muqdishora (Somalia) eta egungo Mozambikera, Komore uharteetara eta Madagaskarrera.
Nekazaritzaren hastapena mendebaldeko Sahelen K.a. 5000 urte inguruan ematen da. Izan ere, zonalde tropikaletan gertaera hau beranduago ematen da, K.a. 3000 urtearen inguruan; zonalde horretan olioa ustiatzeko palmondoak hasi ziren landatzen, baita nyama afrikarrak. Abeltzaintza, bestetik, Saheletik eta Nilo ibaitik zabaldu zen. Ondoren, beste zonaldetako landareak ere sartu ziren, besteak beste, kaupia, kotoia, artatxikia, angurria, edankuia...
K.a. 1000 urte inguruan, bantu migratzaileak Aintzira Handietako zonaldera heldu eta kokatu ziren. Milurteko erdira aldera ere gaur egungo Angolan eta Kongoko Errepublika Demokratikoan haien aztarnak aurkitzen dira. Urte horietan Afrika erdialdean emandako gertakizun nagusietariko bat egungo Txaden Kanem-Bornu Inperioaren sorrera dugu. Inperio hau hurrengo mendeetan loratu zen, Sahel lurraldeko etorkizuneko estatu handien oinarriak prestatuz.
Afrika hegoaldeko historia garai horietan benetako misterioa da. Antza, kontinentearen beste kulturekiko isolamendu egoera batean mantendu zen hegoaldea. K.a. 500. urtearen inguruan isolamendu horren amaiera eman zen, nolabait, egungo Zambian eman ziren bantu migratzaileen agerpenarekin. Hego-ekialdean, bestetik, khoisan edo boskimanoen etnia-taldeak abereen etxekotze prozesuari ekin zioten, halaber, ehiztarien eta biltzaileen bizi-modua baztertuz, nagusia lurraldean ordura arte. K.a. 300 urterako bantu etnia egungo Hegoafrikan zeuden eta horrek estatu zentralizatuak sortzeko bidea ireki zuen.
K.a. I. milurtekoan erdialdeko Afrikan bantu herrien zabaltzeko prozesua hasi zen. Ziur aski, populazio horien hedatze hori kultibo batzuen zabaltzearekin bat zetorren. Prozesu horrek sakonki aldatu zuen Saharaz hegoaldeko Afrikaren banaketa genetiko eta linguistikoa. Horren ondorioz, kontinentearen alde horrek gaur egungo egoerarekin antz handia hartu zuen, hau da, Niger-Kongoko hizkuntzak erabiltzen dituzten herri ugari eta, tartean, gutxiengoetan, bantu ez diren beste motatako hizkuntzen erabiltzaileak: khoisan hizkuntzak, sandawe, hadza hizkuntzak...[41] Zenbait kasutan ere bantuak ez diren markatzaile genetikoak dituztenak, esaterako, pigmeoak.
Bantuen zabaltze prozesuak mendetan jarraitu zuen. Europako lehenengo esploratzaileak heldu zirenean oraindik jarraitzen zuen. Horren puntako unean Hegoaldeko Afrikan Zulu Erresumaren sorrera izan zen.
VII. mendean fenomeno garrantzitsu bat gertatzen da: arabiarren eta musulmanen immigrazio handi bat. Afrikako iparraldean aurretik bereber artean eragina hori ikusten zen, bai hizkuntzaz baita ere erlijioaz. Islama ipar osoan zabaldu egin zen eta, ondoren, Sahararen bitartez, hegoalderantz zabaldu zen.[42] Ekialdean ere, arabiarrak, persiarrekin eta indiarrekin batera, koloniei garrantzitsuei esker (Mombasa, Malindi, Sofala), tinko kokatu ziren. Dena dela, XIV. mende arte Europak eta Ipar Afrikako arabiarrek ekialdeko hiri eta estatu hauekin ez zituzten harremanak izan eta zirenik ere ez zekiten.[43]
Ipar Afrikan hedatu ziren lehendabiziko immigrante arabiarrek Bagdadeko kalifen autoritatea onartzen zuten. VIII. mendearen amaieran Aglab-ek, Harun al-Rashiden jenerala, Tunisian Aglabtar leinua sortu zuen eta kaliferriaren mendekoa bezala gobernatu zuen. X. mendean, ordea, Egipton Fatimitar Kalifa-herria ezarri zen eta Magreb, Egipto, Sizilia, Malta eta Mediterraneoko ekialdea kontrolatu zituen 909ko urtarrilaren 5etik 1171ra. Hiriburua Kairon ezarri zuten.
Geroago beste leinuak sortu ziren, esaterako Almorabide eta Almohade. Turkiarrek ere lurraldean noizbehinkako presentzia izan zuten. Otomandarrek Konstantinopla 1453an hartu zuten eta, ondoren, 1519 eta 1551 erregeordetzak Aljerian, Tunisian eta Tripolin ezarri zituzten. Maroko, bestetik, arabiarren eraginez baina hala ere, Sharifan leinuaren agindupean, bereber estatu independentea bezala gelditu zen. Sharifan leinua XIII. mendean sortua zen.
Orokorrean, arabiar kulturak zabalkunde handia ezagutu zuen eta, proselitismoari esker, erlijio musulmana ere kontinentean asko zabaldu zen. Prozesu horietan gameluen erabilerak garrantzi handia izan zuen. Persiarrek Egipto okupatu zutenean sartuta, berari esker arabiarrek basamortuan ibiltzeko aukera izan zuten. Ondorioz, Senegambia eta Niger erdialdea Saharaz haraindiko merkataritzarako ezinbesteko tokiak bihurtu ziren. Merkataritzarekin batera ideiak ere zabaldu ziren.
Islam Mendebaldeko Afrikan zehar zabaldu zen baita ere, besteak beste, Maliko Inperioaren Maliko Mansen (1235-1400) eta Songhai Inperioaren (1460-1591) agintari askoren erlijioa bezala. Mansa Musako 1324ko hajj ospetsuaren ondoren, Timbuktu islamiar irakaskuntzaren gune garrantzitsua bezala ospetsua egin zen; hiri horretan Saharaz hegoaldeko Afrikako lehen unibertsitatea sortu zen. Ibn Battuta bidaiaria arabiarra 1352an Timbuktun egon zen. Battutak ere ekialdeko kostaldeko swahili hirien lehenengo albisteak jaso zituen (Mombasa eta Quiloa).
Arabiarren hegoalderantz zabaltze prozesua oihanarekin gelditu zen. Oihan trinkoa Iparraldeko 10°tik hegoaldera zabaltzen zen eta musulmanentzat benetako harresia izan zen. Oztopo hori zela eta, ez zuten Ginea ezagutu ezta haratago zeuden Afrikako lurraldeak ere. Musulmanek hartu zuten kontinenteko azken lurraldea Nubia[44] izan zen, kristaua XIV. mende arte. Halaber, musulmanen konkistek Europan Mediterraneo ia itsas arabiarra bihurtu zuten[45], baina egoera hori laster aldatu zen: XI. mendean Siziliatik eta Italiako hegoaldetik kanporatu zituzten; Iberiar Penintsulan erresuma kristauek ere musulmanak hegoalderantz bultzatzen zituzten eta XV. mendean erabat kanporatu zituzten; Portugal, bestetik, mende berean gerra Afrikara eraman zuten eta 1415ean Ceuta konkistatu zuten. Hau guztia gutxi izango balitz, Venezia, Pisa, Genova eta Italiako beste hiriek Egiptorekin eta, orokorrean, Ipar Afrikako hiriekin merkataritza handia bultzatu zuten, haien eragina zonaldean indartuz.
Panorama hau guztia XVI. mendean aldatu behar zuen. Portugalek Afrikan presentzia eta eragin handia bazuen ere, 1578an, Alcazarquivirren, Saadi leinuko Abu Marwan Abd al-Malik I Saadi-rekin porrot itzela jasan zuten. Halaber, Espainiako ejertzitoak Afrikan zituen jabetza gehienak utzi behar izan zituen. Azkenik, estatu berbereek dekadentzia prozesu batean sartu ziren, pirata-komunitateak bihurtuz. Turkiak, aldiz, gora zihoan eta horrek arabiar kultura eta merkataritzaren dekadentzia ekarri zuen.[46] Estatu horien historia XVI. mendetik XIXra neurri handi batean piraten historiak dira.
Urrearen eta beste lehengaien merkataritzak Saheleko lurraldetan aristokrazien sortzea ekarri zuen; laster, erregeek Ipar Afrikako merkataritza kostaldearekin kontrolatu zuten. Sortu ziren inperio horien artean Ghanakoa, Malikoa, Songhaikoa, Kanem-Bornukoa edo Wadaikoa ditugu.[47]
Afrikako Aintzira Handien lurraldean, XV. mendetik aurrera, ondo antolatutako erresumak sortu ziren: Bunyoro, Budanda, Ruanda eta Burundi adibide batzuk dira. Erresuma hauen sorrera burdinaren erabilerarekin eta banana bezalako kultibo berriekin lotuta dago. Berrikuntza hauei esker nekazaritza munduko ekoizpena hobetu zen eta, ondorioz, horrek populazio handitzea ekarri zuen.
XV. mendean Henrike Nabigatzaileak, Joanes I.a Portugalgoa erregearen semea, bere herrirako lurrak Afrikan hartzea pentsatu zuen. Asmo horrek bultzatuta nabigatzaile portugaldar batzuk zenbait bidaia antolatu zuten, azkenik Afrika osoari buelta emanez; bidaia horien emaitza Portugalgo subiranotasuna kontinenteko kostaldeko leku askotan ezartzea izan zen.
Itsasontzi portugaldarrek 1434an Bojador lurmuturra igaro zuten, Cap-Vert Senegalgo penintsula 1445an eta 1480rako Gineako kostalde osoa ezagutzen zuten. 1482an Diogo Cão Kongo ibairaino heldu zen, 1488an Bartolomé Díazek Esperantza Oneko lurmuturra gainditu zuen eta 1498an Vasco da Gamak, lurmutur hori gainditu ondoren, Afrika ekialdeko kostaldea esploratu zuen, Sofalan eta Malindin lehorreratzen; handik India aldera joan zen. Portugalgo Erresumak haren subiranotasuna ezarri zuen horietako puntu askotan baina ez kontinentearen hegoaldean. Estrategikoki Gineako kostaldea Europatik gertuena zen eta, ondorioz, ustiatzen lehenbizikoa izan zen. Gotorleku eta gune komertzial asko ezarri ziren; São Jorge da Mina (Elmina) lehenengoa izan zen, 1482an. Orduan indartu zuen merkataritza esklabo, boli urre eta espeziatan oinarritu zen.[48]
1492an, espainiarrak Amerikara heldu zirenean, esklabo trafikoa indartu zen. Alubioiko urrea, bestetik, ugaria zen. Ondorioz, beste herrialde askotako itsasontziak hasi ziren Gineako kostaldean merkataritza indartzen. Nabigatzaile ingelesak 1553an heldu ziren eta haien atzetik, besteak beste, espainiarrak, holandarrak, frantsesaz eta danimarkarrak heldu ziren. Laster kostaldeko nagusitasuna portugaldarrengandik holandarren eskuetara igaro zen XVII. mendean. XVIII. mendean nagusitasun hori Frantziak lortu zuen eta XIXan Erresuma Batura. Senegaletik Lagosera kostaldea europar potentzien gotorlekuez eta merkatalgo guneez bete zen. Barrualdean, halaber, frantsesen eta britaniarren eskuetan joan ziren erortzen.
Portugaldarren presentzia Afrikan, hala ere, mendetan mantendu zen. Kongo ibaiaren estuarioan, Damaraland aldean, egungo Namibian, 1491tik aurrera indigenen artean eragina handitu zuten. XVI. mendearen hasieran, kristautasuna Kongoko Erresuman zabaldu zuten. Barrualdeko tribuen erasoak baino mende berean erresuma horren boterearekin bukatu zuen. Ondorioz, portugaldarrek haien aktibitateak hegoalderantz eraman zituzten, São Paulo de Loanda sortuz, egungo Luanda, 1576an. Portugalen subiranotasuna XX. mende arte mantendu zen, Angola 1975ean independentzia lortu arte, alegia. [49]mende horietan, nagusitasun hori 1640tik 1648ra arte bakarrik jarri zen zalantzan, holandarren erasoarekin batera; urte horietan Portugalek itsas portuen kontrola galdu zuen.
Esklaboen trafiko lehenengo zantzuak Nilo ibaiaren inguruan eta Saharaz hegoaldeko Afrikan eman ziren. Baina esklabo talde handien merkataritza Arabiatik X. mendean sartu ziren gameluen erabilerari esker sortu zen. Gameluekin posible bihurtu zen Saharaz Hegoaldean zehar merkataritza sarea sortzea esklaboak iparraldera eramateko. Esklabotza honek Amerikara zuzendu zen konparatuta desberdintasun handiak zituen; nagusia Ipar Afrikako esklaboak batez ere morroi lana egiteko erabiltzen zirela.[50] Sexuen ikuspuntutik emakumeak gizonak baino gehiago ziren, harenetan beste emakumeen zerbitzari gisa lan egiteko helburuarekin. Ez zen ohikoa, bestetik, gizonezko esklaboak eunukoak bilakatzea. Beraz, esklabo hauek normalean ez ziren peoi moduan erabiltzeko, Amerikarekin gertatuko den bezala.
Atlantikoan zeharreko giza-trafikoa beranduago etorri zen, baina askoz handiago eta ankerrago izan zen. Horren eragina ikaragarria izango zen Afrikako historian. Portugaldarren, espainiarren ingelesen, frantsesen eta holandarren konkistak Amerikan lan-eskuko eskaerak ikaragarri handitu zuen. Eskaera hori batez ere Brasil, Guiena, Karibe eta Ipar Amerikan eman zen. Langileak behar ziren lan gogorrenak aurrera eramateko: nekazaritza, meatzaritza e.a. Eskari horiek asetzeko Atlantikoaz haraindiko trafikoa sortu zuten.[50]
Europako potentziei aparteko onurak ekarri zizkien sistemaren barruan hiru fase bereiz daitezke:
Luzeak eta arrisku handiko bidaiak ziren arren, irabaziek ederto justifikatzen zuten enpresa-abentura hura, areago kontuan hartzen bazen nolako etekinak lor zitezkeen. Esklabo horiek jatorri desberdinak izaten zituzten. Batzuetan trafikatzaileek beraiek harrapatzen zituzten baina ohikoena etsaiak ziren Afrikako estatuen arteko borroken ondorioak ziren. Afrikar erregeek haien presoak saltzen zituzten ondare desberdinen truke: armak, ron, oihalak, haziak...[51]
Napoleondar Gerrek Europako atentzioa Afrikatik desbideratu bazuen ere, Egiptoko inbasioa (1798-1803) esan daiteke bertako antzinako kultura zabaldu zuela. Lehen inbasioaren protagonista Frantzia izan zen: Napoleon bera ere piramide aurrean liluratu egin zen.[52] Frantsesen atzetik britainiarrak heldu ziren [53] eta horrek guztiak Turkiaren gainean eragin handia izan zuen; azken herri horrek lurraldearen gainean izan zuen kontrola berreskuratzen saiatu zen. 1811an, ordea, Mehmet Aliren agindupean, ia estatu independentea sortu zen eta, 1820tik aurrera,[54] Sudan ekialdean haien eragina zabaldu zen. Napoleonen aurkako borrokak, bestetik, britainiarrak Hegoafrikara eraman zituen eta han Herbehereen eskuetan zeuden zenbait kolonia hartu zuten, besteak beste, Lurmutur Ekialdean zeuden kokalekuak eta, 1814an, Lurmuturreko kolonia bera. Kolonia, berez, 1806tik britaniar ejertzitoak okupatuta bazuen, 1814an formalki Britainiar Koroaren eskuetara pasa zen. Napoleonen mugimenduek eta haien ondorioek, modu batez, Afrikan prentsan eta literatura agertzera eraman zituzten.
XIX. mendearen erdialdera, misiolari protestanteak Afrikan zabaltzeko ahaleginak hasi ziren egiten. Lehenengo helburuak Ginearen kostaldea, Hegoafrika eta Zanzibar izan ziren. Misiolari horiek erabat arrotzak ziren Afrikako lurraldetan eta, sarritan, kolonialismoaren zerbitzurako esploratzaileak eta komertzio-agenteak bihurtu ziren. Misiolari horien arteko lehenetarako bat David Livingstone izan zen. Livingstone 1840tik Orange ibaiaren iparraldearen inguruan misiolari lanari ekin zion. 1849an Livingstonek Kalahari basamortua hegoaldetik iparraldera gurutzatu zuen eta Ngami lakura heldu zen. 1851 eta 1856 artean kontinentea mendebaldetik ekialdera gurutzatu zuen; horri esker Zambeze ibaiaren ibilbideak ezagutu zituen. 1855an Livingstone europarren hitzetan zeren eta bertako herriek ondo asko ezagutzen baitzituzten, Victoria ur-jauziak deskubritu zituen eta, Viktoria Erresuma Batukoaren erreginaren ohorez, izen hori eman zien (bertakoentzat Mosi-oa-Tunya zen toki hori, hau da, "trumoitzen ari den kea"). 1858 eta 1864 artean, Livingstonek behe Zambeze, Shire ibaia eta Nyasa lakua esploratu zituen. Esploratzaile hauentzat erronka handiena Nilo ibaiaren iturburua ezagutzea zen eta hori Livingstonen urratsak jarraitu zituzten bi espedizioek lortu zuten: Burton eta Speke (1857-1858) bata eta Speke eta Grant (1863) bigarrena. Hauek Tanganyka eta Victoria aintzirak ezagutu zituzten. Gero jakin zen bigarren hori Niloren iturburua zela.[55][56]
Henry Morton Stanley, 1871an, desagertuta zegoen Livingstone bila joan zen. Livingstone aurki zuen eta Zanzibarrera joan zen, 1874an. Bera izan zen Afrikako espedizio garrantzitsuenetariko baten protagonista: Tanganyka eta Victoria aintzirak inguratu zituen, Lualaba ibaiaraino heldu zen eta, haren ibilbideari jarraituz, 1877ko abuztuan, Ozeano Atlantikoraino heldu zen, horrela, Lualaba Kongo ibaia zela erakutsiz.[57]
Esploratzaileek ere kontinentearen beste lurraldeetan ibili ziren. 1860 eta 1875 artean, Friedrich Gerhard Rohlfs, Georg August Schweinfurth eta Gustav Nachtigal Marokoko hegoaldea, Sahara eta Sudan bisitatu zituzten. Bidaiaria hauek ez zuten bakarrik informazio geografikoa bilatzen; jendea, kulturak, hizkuntzak, natura ere haien helburuen artean zeuden.[58] Beste aurkikuntzak artean, Schweinfurthek Aristotelesek jasotako Antzinako Greziako kondaira bat baieztatu zuen, pigmeo arrazarena alegia. Dena dela, Afrika erdiko pigmeo herriekin kontaktatu zuen lehen europarrak Paul du Chaillu izan zen. Chaillu bera ere 1855 eta 1859 artean Gabonen ibili zen eta Europan gorilen ospea zabaldu zuen. Espezie horren izaera ordura arte zalantzan egon zen, kondaira mitikoa izango balitz bezala.[59]
Europaren ekonomiarako lurralde horien konkistaren aukera oso une egokian agertu zen. Politika protekzionistak zabaltzen ari ziren Europan zehar eta horrek haien ekonomietarako arazo larriak planteatzen zituen. Erresuma Batuko merkataritza-balantzak defizit handia erakusten du eta, halaber, kontinenteko merkatuak ahultzen ari ziren, bereziki 1873 eta 1896 urteak artean. Afrikak Europako potentzientzat (Erresuma Batua, Alemaniar Inperioa, Frantzia e.a) abantailak besterik ez zien eskaintzen: metropoliei produktuak erosi zizkieten, prezio merkean lehengaiak salduko zizkieten... azkenean, diru gutxiren truke, ezinbesteko lehengaiak jasoko zituen metropoliak eta manufakturatutako produktuak askoz garestiago salduko zituzten. Horrela, koloniei esker, metropoliek haien ekonomiak eta merkataritza-balantzak orekatu zituzten, Afrikako herrialdeen pobrezia zabalduz.
Saharaz hegoaldeko Afrika kolonizatu gabeko azkeneko lurrak ziren eta, gainera, arraza beltzekoak, hau da, garaiko ideia arrazisten arabera, bigarren mailako gizakiak. Asmo ekonomiko eta inperialistak zuritzeko europarrek erlijioaren eta kulturaren aldarrikapenak erabili zituzten, benetako asmoak nolabait ezkutatzeko.
Alemaniako kantziler Bismarckek, 1884-1885 urteetan, potentzien konferentzia antolatu zuen, Berlingo Konferentzia alegia. Han, Europako potentzia nagusiek Afrikako banaketa erabaki zuten. Banatze horren ondorioz, kolonialismoaren inposaketa zabaldu zen Afrikan eta milioika afrikarrentzat indarrez ezarritako menderatzea.[60]
Belgika
Frantzia
|
|
|
Alemania
Italia
Portugal
|
|
Espainia
Erresuma Batua
|
|
|
Estatu independenteak
Afrikako deskolonizazioa Bigarren Mundu Gerraren ondoren kontinentean metropolietatik independentzia prozesuak adierazteko kontzeptua da. Prozesua 1951an hasi zen, Libiarekin. Aurretik herri burujabe batzuk bazeuden: Liberia, Hegoafrika, Egipto eta Etiopia. Libiaren independentziaren ondoren beste hauek etorri ziren:
1960 eta 1970 hamarkadetan beste guztiek independentzia lortu zuten. Zenbait kasutan metropoliek ez zuten independentzia prozesu horiek onartu eta, ondorioz, gerra latzak sortu ziren. Hori izan zen Portugalen kasua Angolan eta Mozambike]]n. Hauek izan ziren independentzia lortzen azken herrialdeak: Angolan 1975an, Seychelleak 1976an eta Djibuti 1977an.
Beste aldetik zenbait estatu berrietan ere banantzeko prozesuak eman ziren, estatu berriak sortuz: Namibia 1990ean Hegoafrikatik bereizi zen, Eritrea Etiopiatik 1993an eta Hego Sudan Sudandik 2011n.
Independentziekin lurralde eta hiri askoren izenak aldatu ziren.
Hegoafrikan, apartheid politika zela, estatu autonomo berri batzuk sortu ziren (Venda, Bofuthatswana, Lozilandia, KwaZulu, e.a.) baina aldaketa politikoarekin berriro ere Hegoafrikara itzuli ziren. Ez ziren benetako estatu independenteak izan.
Egun, Afrikan 54 estatu daude.[64] Gehienen mugak eta egiturak europar kolonialismo garaian antolatu ziren. Kolonialismoaz geroztik, Afrikako estatuetan antzeko gaitzak izan dira: ustelkeria, bortizkeria, autoritarismoa eta, orokorrean, egongaiztasuna. Afrikako estatu gehienak errepublikak dira. Horietako oso gutxik lortu dute benetako gobernu demokratiko iraunkorrak sortzea, ohikoena estatu kolpeek eta militarren diktadurek markatutako zikloak izatea delako. Horrexen bi adibide Botswana eta Somalia dira, bi muturretako kasuak: Botswanan, independentziatik, hau da, 1966tik, demokrazia egonkorra dute, hauteskundeekin eta Afrikako ustelkeria tasa txikienarekin.[65] Somalian, ordea, 1991tik, gerra zibila pairatzen dute eta estatuaren desintegrazioa froga adierazgarriena da: aldeek beren zonaldeen autonomia aldarrikatu dute, baina nazioartean ez daude onartuta. Askoren ustez, Somalia porrot egin duen estatua da.[66]
Egin klik detailea ikusteko |
Herrialdeak: Aljeria · Egipto · Libia · Maroko · Mauritania · Sudan · Hego Sudan · Tunisia
| |
Herrialdeak: Benin · Boli Kosta · Burkina Faso · Cabo Verde · Ekuatore Ginea · Gabon · Gambia · Ghana · Ginea · Ginea-Bissau · Kamerun · Kongoko Errepublika · Liberia · Mali · Niger · Nigeria · Sao Tome eta Principe · Senegal · Sierra Leona · Togo | |
Herrialdeak: Afrika Erdiko Errepublika · Burundi · Kongoko Errepublika Demokratikoa · Ruanda · Txad | |
Herrialdeak: Djibuti · Eritrea · Etiopia · Kenya · Seychelleak · Somalia · Tanzania · Uganda
| |
Herrialdeak: Angola · Botswana · Hegoafrika · Komoreak · Lesotho · Madagaskar · Malawi · Maurizio · Mozambike · Namibia · Eswatini · Zambia · Zimbabwe
|
Meatzaritzari dagokionez, Hegoafrikak ditu munduko erreserba handienetakoak urre eta diamantezkoak. Bestela, hainbat herrialde aberatsak dira aluminio, burdin, platino eta titanioa ustiatuz.
Artikulu honen edukia ez da guztiz zehatza, daukan informazioa zaharkituta dagoelako. Zure esku dago artikulua hobetzea, informazio hori eguneratuz. Beharbada, informazio osagarria izango duzu eztabaida orrian. |
Afarrak, afrikanerrak, amharak, arabiarrak, bantuak, basothoak edo sothoak, beduinoak, berbereak edo amazigak, chewak, dogonak, fangak, fulak, guantxeak, hausak, hutuak, igboak, jorubak, kavangoak, khoikhoiak (lehen: hotentoteak), kikuyuak, kongoak, malgaxeak, mandingak, masaiak, ndebeleak, pediak, pigmeoak, sanak edo boskimanoak, songhaiak, soninkeak, swaziak, tsongak, tswanak, tuaregak, tutsiak, vendak, wolofak, xhosak, zuluak.
Afrikan ehunka hizkuntza daude, ziur aski horietako asko oraindik ere sailkatu gabeak. Esate baterako Nigeria estatuan bost ehun hizkuntzatik gora egiten direla aipatu ohi da[67]. Baina Afrikako hizkuntza batzuek hiztun gutxi dituzte, eta lurralde txikietan erabiltzen dira, eta beste hizkuntza batzuk, ordea, zabalduago daude eta estatuen mugetatik harago erabiltzen dira. Azken hauetako batzuk lingua franca estatusa lortu dutela esan daiteke.
Afrikar gehienek hizkuntza bat baino gehiago dakizkite. Horra nahiko zabalduta dauden zenbait hizkuntza:
Afrikaansa | Arabiera | Bambara | Etonera | Frantsesa | Fula | Hausa | Ingelesa | Jorubera | Lingala | Portugesa | Sererera | Sothoera | Swahilia | Wolofera | Jorubera | Xhosa
Afrikar literaturan bi garai desberdindu ohi dira, Europako koloniak ezarri aurrekoa eta hauek desagertu ondorengoa. Idazle garaikideen artean, Nobel saridunak ditugu Doris Lessing (1919-2013), Nadine Gordimer (1923-), Wole Soyinka (1934-) eta John Maxwell Coetzee (1940-), baina aipatzekoak dira halaber Nagib Mahfuz (1911-2006, Mirarien kalezuloa), Agostinho Neto poeta (1922-1979), Chinua Achebe (1930-2013, Things Fall Apart) eta Mia Couto (1955-, Terra Sonâmbula), beste batzuen artean.
Afrika azken urteotan euskarazko liburu batzuen kokaleku nagusia da. Besteak beste, Juanjo Olasagarrek Mandelaren Afrika (1998) lanean Hegoafrikako azken urteotako isla jaso zuen. Jon Arretxek ere kontinente horretan kokatu ditu Tubabu (1994), Hakuna Matata (2000), Zazpi kolore (2000) eta Griot (2004) liburuak, osoki edo partzialki; halaber, Edu Romero Treuillerren Postalerako luzexko (1999) eta Kontatzeke lagata (2000), Afrika Express (Urtzi Urrutikoetxea, 2008) eta Zazpi etxe Frantzian (Bernardo Atxaga, 2009) beste adibide batzuk dira.
Kontinenteak atleta nabariak eman ditu, mundu eta olinpiar mailan txapeldunak izan direnak eta hainbat marka utzi dituztenak. Paul Koech, Catherine Ndereba, Nancy Lagat, Brimin Kipruto eta Samuel Wanjiru kenyarrak, Haile Gebrselassie, Abebe Bikila eta Kenenisa Bekele etiopiarrak eta Saïd Aouita eta Hicham El Guerrouj marokoarrak aipatzekoak dira, besteak beste.
Futbola talde-kirol nagusia da Afrikan. Bertako jokalari askok arrakasta lortu dute Europako txapelketetan, hala nola Samuel Eto'o, Didier Drogba, Claude Makelele edo Pierre Webo.
Kontinentean, Afrikako Nazioen Kopa txapelketa nagusia da. Egiptok 7 aldiz irabazi du, Kamerunek 5, Ghanak 4 eta Nigeriak 3 (2017 arte).
Hegoafrikako errugbi selekzioa munduko talde onenen artean dugu, izan ere birritan irabazi du Munduko Errugbi Txapelketa. Bestela, Afrikako Errugbi Kopan Namibiako errugbi selekzioa nabarmendu da, Hegoafrikaren gainetik.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.