Alexandro Handia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Alexandro III.a Mazedoniakoa (Pella, K.a. 356ko uztaila[Oh 1][1] – Babilonia, K.a. 323ko ekainaren 10a[Oh 2][2]) edo Alexandro Handia[Oh 3] (antzinako grezieraz: Μέγας Ἀλέξανδρος, Megas Alexandros) Mazedoniako antzinako greziar erresumako erregea (K.a. 336tik), Greziako hegemon, Egiptoko faraoia (K.a. 332) eta Media eta Persiako errege handia (K.a. 331) izan zen hil zen arte. Tronuan, 20 urterekin, bere aita Filipo II.aren ondorengoa izan zen K.a. 336an, eta bere agintaldi gehiena eman zuen mendebaldeko Asian, erdialdeko Asian, hegoaldeko Asiako zatietan eta Egipton kanpaina militar zabal baten buru. 30 urte zituenerako, historiako inperiorik handienetako bat sortu zuen, Greziatik Indiako ipar-mendebalderaino hedatuz. Guduan, ez zen inoiz garaitua izan, eta historiako komandante militar handi eta arrakastatsuenetakotzat hartzen da.
Gazterik eskuratu zuen Mazedoniako koroa, eta, bere agintaldiko denbora gehienean, konkistan jardun zuen. Bere bizialdian, garaiko inperiorik zabalenetako bat sortzea lortu zuen. Haren menpeko lurraldeak Peloponesotik Indiarainoko eremuak biltzen zituen. Estratega handia omen zen, eta ez zuen sekula porrotik izan guda zelaian. Haren ekintzek eman zioten hasiera Garai helenistikoari, kultura greziarraren hedapenaren garaiari, alegia. Mediterraneoko ekialdean, nolabaiteko kultura batasuna eragin zuen, Erromaren goraldira arte iraun zuena.
Olinpias Epirokoa printzesaren eta Mazedoniako Filipo II.a erregearen seme eta oinordekoa, aitak errege izateko prestatu zuen esperientzia militarra eskainiz eta bere heziketa intelektuala Aristotelesen esku utziz (16 urte egin arte). Tronura igotzea ez zitzaion erraza izan; aitak, seme adulteriogiletzat zeukalako, amarekin batera, erbesteratu egin zuen. Ama Epiron erbesteratu zen, eta Alexandroren lagunak ere erbesteratuak izan ziren balizko konspirazio baten arriskua dela eta. Filipo hil egin zuten, eta Alexandrok botera eskuratu zuen tronua erreklama zezaketen arerioak suntsituz.
Alexandro Handiak bere erregealdiko lehen urteak erabili zituen bere agintea Mazedoniaren menpeko herrien gain ezartzera, zeinak Filiporen heriotzaz baliatu ziren matxinatzeko. K.a. 336an, Mazedoniako tronua hartu eta gutxira, kanpaina bat abiatu zuen Balkanetan, eta Trazia eta Iliriaren zati batzuen gaineko kontrola berretsi zuen, Tebas hiriaren kontra abiatu baino lehen, guduan suntsitua gertatu zena. Alexandrok, gero, Korintoko Ligako buru izan zen, eta bere autoritatea erabili zuen aitak irrikatutako proiektu panhelenikoa plazaratzeko eta Persiako konkistan greziar guztien gaineko lidergoa hartzeko.
Grezia osoko hegemon eta aitaren ondorengo gisa, Greziar polisek onarturiko planari jarraitu zion, Persiako Inperio handia konkistatzea mendez mende greziarrei egin zizkieten kalte guztiak mendekatzeko, Asia Txikiko kostaldeko hiri guztiak eta Egeo itsasoko uharteak berreskuratzea barne. Mazedoniarren eta greziar aliatuen armada bat prestatu zuen, eta K.a. 334an. 40.000 gizoneko armadarekin, Persiar Inperio boteretsuaren kontra abiatu zen: persiarren aurkako greziarren mendeku-gerra —Mazedoniaren gidaritzapean[3].
Hamahiru urteko erregealdian, Akemenestar Inperioa konkistatu ondoren, erabat aldatu zuen inguruko egitura politiko eta kulturala, eta kultura-truke handiko garaiari hasiera eman zion, greziarrak Ekialde Hurbilean hedatu ziren garaia, alegia. Aldi horri, garai helenistikoa deritzo (K.a. 323-K.a. 30). Bere balentriek mito bihurtu zuten, eta, une batzuetan, ia figura jainkotiar[4].
Balkanetako muga eta mazedoniar hegemonia antzinako Greziako hiri-estatuen gainean finkatu ondoren eta aita hil ondoren gertatutako matxinadari amaiera emanez, Alexandrok Helespontoko itsasartea zeharkatu zuen Asia Txikirantz (K.a. 334), eta Dario III.ak gobernatutako Persiar Inperioaren konkista hasi zuen. Granikoko guduetan garaile (K.a. 334) Issos (K.a. 333), Gaugamela (K.a. 331) eta Persiar Atea (K.a. 330), Hélade, Egipto, Anatolia, Ekialde Hurbila eta erdialdeko Asiatik Indus eta Oxus ibaietaraino hedatzen zen domeinua bereganatu zuen. Gero, Indiara joan zen, non Poros erregea garaitu zuen Hidaspeseko guduan (K.a. 326). Orduan, tropek ez zuten ekialderantz jarraitu nahi izan, eta Babiloniara itzuli behar izan zuen, non hil zen Arabiako penintsula konkistatzeko planak bukatu gabe. Alexandrok mazedoniarren menpean zeuden herrien integrazioa sustatu zuen «Bat-egite politika» deritzonarekin, armadan sartzea bultzatuz eta mazedoniar eta persiar eliteen arteko ezkontza mistoen alde eginez[erreferentzia behar]. Alexandro bera ere sehaska nobleko bi emakume persiarrekin ezkondu zen.
Hogeita hamabi urteko bizitzan, bere inperioa Greziatik Indus ibarreraino hedatu zen ekialdetik eta Egiptoraino mendebaldetik, non Alexandria hiria sortu zuen[5] (gaur egun, Al-ʼIskandariya, الاسكندرية). Hirien sortzaile emankorra, Egiptoko hiri hori izango zen, dudarik gabe, Alexandro faraoiak sortutako Alexandria guztien artean ospetsuena. Sortu zituen hirurogeita hamar hirietatik, berrogeita hamarrek bere izena zeramaten.
Eskualde batzuen gaineko kontrola, kasurik onenean, ahula zen, eta Asia Txikiko iparraldeko eskualde batzuk ez ziren inoiz mazedoniarren mende egon. Oinordeko argirik izendatu gabe hiltzean, Filipo III.a Arrideo anaiak (K.a. 323-317) –adimen-urritasuna zuen pertsona[6]– eta hil osteko bere seme Alexandro IV.ak (K.a. 323-309) jarraitu zuten oinordetza. Benetako boterea, izan ere, bere jeneralen esku egon zen, Diadoko (ondorengoak) deiturikoak, zeinak Alexandroren inperioa erresuma batzuetan zatikatzera eramango zuen nagusitasunaren aldeko borroka hasi baitzuten. Horien artean, Egipto Ptolemaikoa, Seleukotar Inperioa eta Mazedonia antigonidarra nagusitu ziren.
Alexandro Antzinateko ikono kultural handiena da, konkistatzaile handien artean heroikoentzat goraipatua. Bigarren Akiles bat («soldadu eta erdi jainko»), greziarrentzat heroi nazional eta askatzailea, edo persiarrek sortutako egonkortasuna suntsitu zuen tirano megalomanotzat arbuiatua. Haren figura eta legatua Mendebaldeko zein Ekialdeko historian eta kulturan presente egon da, eta, bi milurteko baino gehiagotan, garai guztietako konkistatzaile handiak inspiratu zituen, Julio Zesarrengandik hasi eta Napoleon Bonaparteraino.
Remove ads
Biografia
Alexandroren bizitza kontatzen duten kroniketan, badaezpadako istorio ugari dago: batzuek gertaezinak dirudite, protagonistek elkar ezagutu izana zailtzat jotzen delako, eta, beste asko, mitologiara hurbiltzen dira. Pertsonaia horrek jende asko liluratu du, eta hari buruzkoak neurrigabe handitu direla ziurra da. Baliteke gehiegikeria horietako batzuk Alexandrok berak nahita zabaldu edo babestu izana.
Haurtzaroa

Alexandro Handia Pellan, Mazedoniako hiriburuan, jaio zen, K.a. 356an. Mazedoniako errege Filipo II.a eta Olinpia Epirokoa izan zituen guraso. Hamahiru urtetik aurrera, Aristotelesen ikasle izan zen, bost urtez.
Haren haurtzaroko istorio anitz kontatzen dira, asko zalantzan jar daitezkeenak. Famatuenetako bat Buzefalos zaldiaren bezatzea da. Plutarkoren arabera, inork bezatu ezin zuen zaldia kontrolatzea erdietsi zuen; zaldiak bere itzalari beldurra ziola igarri, eta eguzkirantz begira ibilarazi baitzuen.
Aitak bultzaturik, aginpide ardurak gaztetik hartu zituen. Hamasei urte zituelarik, erregeorde izendatu zuten, bere gaztetasuna gorabehera. Menpekoak eta beste herrialdetako buruzagien ordezkariak hartzen zituen, eta haiekin elkarrizketatzen zen. Ardura militarrak ere ukan zituen; K.a. 338an Keroneako guduan nabarmendu, eta Traziako gobernadore izendatu zuten.
Antza denez, gazte bizi, sentikor eta handinahia zen. Erlijiotsua ere bazen; anitzetan eskaini zizkien sakrifizioak greziar jainkoei, eta, geroago, baita beste jainko batzuei ere. Haren konkistetan, tokiko tenpluak errespetatzeko agindua ematen zien osteei.
Remove ads
Heziketa
Haren heziketa Leonidas Epirokoak zuzendu zuen[7] (maisu mazedoniar zorrotz eta zuzena eta noblezia gorenaren seme-alabei eskolak ematen zizkiena), gorputz-ariketan hasi eta bere heziketaz ere arduratu zena. Lisimakok, letretako irakasle atseginago batek, Alexandroren maitasuna bereganatu zuen Akiles deituz, eta haren aitari Peleo[7]. Alexandrok buruz zekizkien poema homerikoak, eta, gauero, ohe azpian jartzen zuen Iliada[8]. Herodoto historialaria eta Pindaro poeta ere irrikaz irakurri zituen.
Bere haurtzaroko pasadizo ugari kontatzen dira, eta, aipatuena, Plutarkok kontatzen duena da[9]: Filipo II.ak zaldi handi bat erosi zuen, baina inork ez zuen lortzen haren gainera igotzea edo heztea. Alexandrok, ume zela, zaldia bere itzalaz ikaratzen zela ikusi zuen, eta eguzkira begira jarri zuen. Zaldia, Buzefalo, bezatu ondoren, aitak esan zion: «Bila ezazu beste erreinu bat, seme, Mazedonia ez baita behar bezain handia zuretzat»[10]

Antzinako historialari batzuek diotenez, bereziki Kalistenesek, kontatzen dute Alexandrok, bere nerabezaroan, Olinpiar jokoetan parte hartu zuela (Filiporen eskariz), non garaipenak lortu baitzituen orgen konpetentzietan[10].
Hamahiru urterekin, Aristotelesen babespean jarri zuten[10]. Bost urtez bere maisua izan zen, Mieza hiri mazedoniarreko erretiro batean. Aristotelesek prestakuntza intelektual eta zientifiko zabala eman zion hark jorratutako adarretan: filosofia, logika, erretorika, metafisika, estetika, etika, politika, biologia eta beste hainbat arlotan.
Berehala (K.a. 340), aitak gobernuko lanetan lotu zuen, eta erregeorde izendatu zuen gaztea izan arren[11]. Berak hartzen zituen Persiako mandatariak, irrikaz Dariok exijitutako zerga handiak Mazedoniak ordain zitzan. Adeitsuki hitz egiten zien, eta, hala, informazioa lortzen zuen lehorretik itsasorako ibilbideei buruz eta armada persiarraren prestakuntzari buruz, baliotsua baitzitzaion gerora burutu zituen ekintzetarako. K.a. 338an, zalditeria mazedoniarra Keroneako guduan gidatu zuen, eta, urte horretan bertan, Traziako gobernadore izendatu zuten[11]. Txikitatik, Alexandrok bere nortasunaren ezaugarri nabarmenenak erakutsi zituen: aktiboa, kementsua, sentikorra eta asmo handikoa. Horregatik, hamasei urte besterik ez zituen arren, matxinada armatuari aurre egin behar izan zion[11]. Aristotelesek guduetan parte hartzeko itxarotea aholkatu ziola esaten da, baina Alexandrok erantzun zion: «Itxaroten badut, gaztetasunaren ausardia galduko dut»[erreferentzia behar].
Erbestea eta boterea jaraunstea

Filipo II.ak emaztea arbuiatu eta beste ezkongai bat hartzeak zalantzan jarri zuen Alexandroren posizioa (ama Epirokoa izanik, Alexandro erdi-mazedoniarra soilik baitzen). Alexandro aitarekin etsaitu, eta, amarekin, alde egin zuen Epirora. Traizioak saihestearren, Filipok Alexandro eta Olinpiaren lagunak erbesteratu zituen.
K.a. 336an, Filipo bere kapitainetako batek hil zuen. Hilketa azpilan baten emaitza zen, eta, zabaldutako ustearen arabera, Olinpia izan zen parte-hartzaileetako bat. Filiporen heriotzak Mazedoniako errege bihurtu zuen Alexandro 20 urte zituela. Bere lehen ekintzetako bat izan zen bere burua erregegai aurkez zezakeen edonor desagerraraztea. Mazedoniako koroa eskuratzearekin batera, Korintoko batzarrean, heleniar konfederazioko buru izendatu zuten.
Alexandrok, Filipo aitaren planei jarraiki, Persiaren mendean zeuden Asia txikiko koloniak berreskuratzeko asmoa zuen, baina, kanpaina horri ekin aurretik, Mazedonia iparraldeko traziar tribuak menderatu behar izan zituen, matxinadan ari baitziren. Bestalde, Filiporen heriotzak ekarri zuen ordu arte Mazedoniaren mende zeuden greziar polis ugarik Alexandroren nagusitasunari uko egitea. Alexandrok Tebas, Atenas, eta Tesalia matxinatuak Mazedoniaren kontrolpean berrezarri zituen. Hegemon titulua aitortu zitzaion, eta, ofizialki, Greziaren jaun eta jabetzat onartu zuten.
Diotenez, garai haietakoa da Alexandro eta Diogenes Sinopekoaren arteko ustezko topaketa. Alexandro Korinton zen, eta Diogenes ikusi zuen eguzkipean atseden hartzen. Alexandrok bazuen filosofo zinikoaren entzutea, eta harengana hurbildu eta bere burua aurkeztu ondoren, beraren alde zerbait egin ote zezakeen galdetu zion. Diogenesek honakoa erantzun omen zion: «Ez iezadak argirik ken».
Konkistak
Anatolia
Grezia kontrolpean eta iparraldeko mugak baketurik, Asiaren konkista prestatu zuen jeneral guztiz trebeen laguntzaz. Erresuma Antipatrosen manupean utzi ondoren eta 40.000 gerlariko gudaroste indartsu batez lagundurik, Helesponto igaro eta Anatolian lehorreratu zen, Troas. Dario III.a persiarraren armada garaitu ostean (Graniko, K.a. 334), Asia Txikiko kostaldeko hiri guztiak hartu; Persiaren mendetik askatu, eta greziar konfederazioan (eta Alexandro beraren mende) ezarri zituen.
Batasun kulturala lortzeko bidean, Alexandrok bertako emakumeekin ezkontzera bultzatu zituen bere gerlariak.
Gordionen egonaldi bat egin zuen, eta, bertan, tenpluko korapiloa askatu omen zuen, zenbait iturriren arabera, ezpataz moztuz. Elezaharraren arabera, ekintza horrek Asiako Inperioa ziurtatu behar zion. Aurrerago, Kydnos ibaian bainatu ondoren, gaixo egon zen Tarsosen.
Mediterraneoko ekialdeko kostaldea
Horren ostean, berriro egin zien aurre persiar indarrei, oraingoan Dario III.a enperadoreak berak gidaturik zetozenak. Aurreko gudaldian kopuruak parekatuak baziren ere, oraingoan, persiarrek askoz tropa gehiago zituzten, baina persiarrek porrot latza jasan zuten Issosko guduan (K.a. 333). Persiarrek soldaduen erdia galdu bide zuten, eta Dario enperadoreak arrapaladan ihes egin behar izan zuen gudu-zelaitik. Gainera, Alexandrok enperadore etsaiaren familia harrapatu zuen. Diotenez, Darioren alabarekin, Barsinerekin, ezkontzeko asmoa zuen. Hefestion, Alexandroren komandantea eta lagun mina, Dripetisekin, Darioren bigarren alabarekin, ezkondu zen. Horrelakoak eginez, harreman politikoak sortzeaz batera, Persiako usurpatzaile dei ziezaioten saihestu nahi zuen.
Issosko guduaren ondorengo hilabeteetan, Alexandrok Siria, Fenizia eta Tiro konkistatu zituen (K.a. 332). Gaza konkistatu ostean, Egipton sartu zen.
Egipto
Egipton, ez zuen erresistentzia handirik topatu. Izan ere, egiptoarrek hamar bat urte zeramaten persiarren manupean, eta ez zituzten oso gogoko. Alexandrok, K.a. 332. urtean, Egiptoko bi koroak eskuratu zituen, eta Egiptoko faraoi izendatu zuten. K.a. 331n, Alexandria fundatu zuen Egipto eta Greziaren arteko harreman kultural eta ekonomikoak sendotzeko asmoz.
Mesopotamia
Mesopotamia aldera jo zuen, eta Tigris eta Eufrates ibaiak zeharkatu ondoan, Darioren armada indartsuaren kontra borrokatu zen Gaugameleko lautadan, Arbelesetik hurbil (K.a. 331). Dariok Alexandroren mehatxua desagerrarazteko asmo sendoa zuen, eta ikaragarrizko gudarostea bildu zuen horretarako (persiarrak mazedoniarrak baino bost aldiz gehiago omen ziren). Alexandroren armada, kopuruan askoz murritzagoa izan arren, garaile argia izan zen, gaur egun, oraindik, aztergai diren taktikak erabiliz. Persiako enperadoreak, aldiz, bigarrenez egin behar izan zuen ihes. Persiar indarrentzat kolpe latza izan zen gudaldia, soldadu kopuru izugarria galdu baitzuten, eta mazedoniarrei aurre egiteko gaitasunik gabe geratu ziren.
Jarraian, Alexandrok Babilonia hartu zuen; Dariok, berriz, indar berriak biltzeko esperantzaz, Ekbatanarantz atzera egiten zuen.
Persia
Babilonia eskuratu ondoren, Alexandro Persian sartu, eta Susa eta Persepolis hartu zituen (azken hiri hori, elezaharraren arabera, Thais maitalearen gogoari erantzunez, persiarrek Atenas hirian egindako triskantza mendekatzeko erre zuen). Darioren pausoei jarraika, Pasargada eta Ekbatana hiriak hartu zituen.
Dario III.a bere kapitainek hil zuten Persiako barneko aldean tropa gehiagoren bila zebilela. Bessos, Baktriako gobernadore eta Darioren ahaidea, omen zen azpikeriaren buruzagia. Alexandrok gorpua familiari itzuli; hileta oparoa antolatu, eta hiltzaileak atzemango zituela hitz eman zuen. Bazituen arrazoiak horretarako, Bessos-ek Persiako errege izendatu baitzuen bere burua.
Dario hil ondoan, persiar mendekoekin adostasuna lortzen saiatu zen Alexandro. Hor ere bere, gizonak bertako emakumeekin ezkontzera bultzatu zituen; jatorrizko satrapa edo gobernadoreak haien postuetan mantendu zituen (zaintzapean, betiere), eta, persiar gudariei, bere gudarostean sartzeko erraztasunak eman zizkien. Anatolia, Mediterraneo ekialdea eta Persiar Inperioaren bihotza bere mendean izanik, Mazedoniako errege zenak Asiako errege titulua eskuratu zuen.
Azpilanak eta salaketak
Alexandro Persiako ohiturak hartzen hasi zen, agian bertakoengana hurbildu nahirik. Ohitura haietako batzuek, buruzagiari, jainkozko tratamendua ematen zioten greziarren begietan, eta, lehenagotik zenbaitek esleitzen zioten megalomaniarekin batera, mesfidantzak eta muturtzeak sortu zituen Alexandroren herrikideen artean. Azkenik, istiluak sortu aitzin ohiturak alde batera utzi behar izan zituen inperioaren buruak.
Egiazkoak ala ustezkoak, Alexandroren kontrako azpilanak agertzen hasi ziren Persiako egonaldian. Hainbat pertsona, Mazedonia utzi zuenetik bere jarraitzaile fidel izanak, epaituak eta exekutatuak izan ziren. Bertako zenbait gortesau ere salatu zituzten traizio saiakerak zirela eta.
Asian barrena
Alexandrok Persiar Erregetza aldarrikatzen zuen Bessosen kontrako kanpainari ekin zion, aldi berean Persia ekialdeko lurraldeak hartuz. Bessosek, ordea, borroka zuzena saihestu, eta gerrilla taktikak baliatu zituen, eta mazedoniarrek ingurua eta hizkuntza ezagutzen zituzten persiar soldaduak berekin zituzten arren, kanpaina asko luzatu zen. Alexandroren tropek Baktriana, Hirkania eta Sogdiana lurraldeak konkistatu zituzten, eta Alexandria izeneko kolonia militarrak eraiki zituen han eta hemen (K.a. 329-327). Baktrianan, Persiar Inperioa zenaren ekialdeko lurraldeetan, bertako satrapa edo gobernadorearen alabarekin, Roxanarekin, ezkondu zen.
Azkenik, K.a. 329an, erresistentzian ari ziren persiarrek adorea guztiz galdurik zuten, eta Bessos gatibu hartu, eta Alexandroren gizonei eman zieten. Bessos zigortua eta exekutatua izan zen, eta bazirudien Persian ez zela gehiago Alexandrori aurre egiteko prest zenik. Ordea, Espitamenes izeneko Bessosen kapitain batek errebolta bat abiatu zuen ekialdeko probintzien jabetza eskuratu nahian. Espitamenesek Ariako tribu nomaden laguntza eskuratu zuen, eta, zaldizko arkulari ugari baliatuz, hainbat herri hartu, eta, beste hainbat, matxinadara bultzatu zituen. Errebolta horrek kaosa eragin zuen persiar lurraldean, baina, azkenik, Espitamenes bera zokoratua eta garaitua izan zen, eta bere zaldizkoak barreiatuak. Espitamenesen alabetako bat Seleukorekin, Alexandroren jeneral garrantzitsuenetako batekin, ezkondu zen. Horien ondorengoek osatu zuten Seleukotar dinastia.
India
Persiako Inperioaren jabe, India aldera jo zuen. K.a. 326an Indus ibaia zeharkatu zuen. Mezulariak bidali, eta Alexandrok inguruko erregeei bere nagusitasuna aitortzeko eskatu zien. Taksilako erregeak men egin zion, baina mendialdeko zenbait Raják uko egin zioten, eta Alexandrok gogor borrokatu behar izan zuen horiek garaitzeko. Azkenik, borroka, estrategia, hilketa, diplomazia eta traizio bidez lortu ahal izan omen zuen Ora, Bazira, Masaga eta Aornos gotorlekuak bereganatzea.
Jarraian, Punjab-eko errege zen Poros erregeari egin zion aurre. Hidaspes ibaian (egungo Jhelum), Porosen gizonek suharki egin zieten aurre Alexandroren gizonei, eta, azkenik, Alexandrok, hain urruneko lurrak kontrolatzeko menpeko bat baino lagun bat hobe zelakoan, Porosekin aliantza itun bat sinatu zuen. Jadanik bereak ziren lurrez gain, beste zenbait eskaini zizkion bere laguntzaren truke.
Porosen lurretatik ekialdera, Ganges ibaitik hurbil, Magadha Inperio ahaltsua zegoen. Buruzagiek gerra espedizioak jarraituko ote zituzten beldur, gudarostea matxinatu egin zitzaien, eta aurrera jarraitzeari uko egin zioten. Alexandrok hiriburutzat hartua zuen Babiloniara itzuli behar izan zuen bere soldaduen nekeak behartuta (K.a. 325). Itzulera bidean, Malhi hartu zuen.

Azken urteak eta heriotza
Babiloniara itzulera
Itzulerarako bidea garratza suertatu zitzaion enperadoreari. Babiloniarako itzuleran, gobernadore eta ikuskatzaile militar askoren ustelkeria eta gehiegikerien berri ukan zuen, eta errudun askok heriotza zigorra jaso zuten. Errebolta gehiago gertatu ziren gudarostean, eta matxinoen buruak hilarazi zituen. Ekbatanan, Hefestion lagun minaren gaixoaldia eta heriotza gertatu ziren. Hala ere, Alexandrok konkistan jarraitzeko asmoa zuen, eta, Nearkos itsasgizonari, Persiar golkoan barneratuko zen espedizioa presta zezan agindu zion.
Arraza eta kultura nahaste politikari jarraipena eman nahi izan zion Alexandrok, nahiz eta ez zuen epe luzerako arrakastarik lortu. Roxanaren senarra zen K.a. 333tik, baina, K.a. 324an, Barsine (Estatira ere deitua zena), Dario III.aren alaba, bigarren emaztetzat hartu zuen.
Heriotza
Alexandro Dario III.a zenaren alabarekin ezkondu eta hilabete batzuetara hil zen, Babilonian. Heriotza, K.a. 323an, gertatu zenean, konkista berriak prestatzen ari zen. Heriotzaren arrazoiak ez dira guztiz argitutzat jo, baina hipotesi zabalduenak eritasuna eta pozoia dira. Konkistatzailea hil ondoren, inperioa jeneralen artean banatu zen (diadokoak), eta, luze gabe, elkarren aurka borrokan hasi ziren. Beste hainbeste gertatu zen haien semeen artean (epigonoak).
Haren gorpua Mazedoniarantz bidali zuten K.a. 321ean, baina, arrazoi ilun xamarrak tarteko, Egiptoko Alexandriara eraman zuten azkenik. Hilobia behin eta berriz arpilatu zuten Egipto erromatarrek mendean zuten garaian.
Oinordekoak
Alexandrok ez zuen ondorengo zuzenik utzi. Bere anaia gaztea adimen urrikoa zen, eta bere lehen semea bera hil eta gero jaio zen. Beste seme bat ere bazen, ohaide batena, baina haurraren zilegitasuna zalantzan jarria zen. Hori guztia zela eta, inperioaren jaraunspena gai arantzatsua zen.
Kasandrok Alexandroren hurbileko sendia jazarri, eta hil egin zuen, dinastia desagerraraziz. Testamentu ofizialik ez, eta jeneralek beren artean banatu zuten inperioa. Bederatzi jeneralek, diadoko zeritzotenak, eskuratu zituzten lurraldeak. Elkarren artean urte luzez borrokatu ondoren, lau agintari eta erreinuk lortu zuten nolabaiteko egonkortasuna:

- Ptolomeo egiptoko gobernari bihurtu zen. Besteengandik isolaturik, erreinu egonkorra eraikitzea lortu, eta, Ptolomeotar dinastiari, hasiera eman zion.
- Antigonok Mazedonia gobernatu, eta bere seme Demetrio errege izendatu zuen. Horrela, Antigoniar dinastia fundatu zuen, Kasandrori Grezia kendu ziona.
- Seleukok Mesopotamia eta Siria kontrolatzea lortu, eta Seleukotar dinastia abiatu zuen. Bere erreinua Asiako beste lurraldeetara hedatu zuen Antigonoren kaltean.
- Lisimakok Traziako eta Asia Txikiko lurrak ukan zituen, baina, luzera, ez zuen horiek guztiz kontrolatzea lortu, eta ez zen erreinu egonkorrik agertu.
Remove ads
Politika

Hartutako lurraldeak batzeko, konkistatu ahala hiriak sortu zituen Alexandrok. Hiriak ongi kokatuak ziren, harri-zolaz urbanizatuak eta ur-horniketarekin; zenbaiti bere izena jarri zion. Inbaditutako lurrak autonomia atxikitzen zuten, baina, haren erregetzapean. Haren osteko jeneralak, merkatariak eta jakintsuak bertan jartzen ziren bizitzen; era horretan zabaldu zuten grekoen kultura eta hizkuntza, garai helenistikoari eta geroagoko Erromatar Inperioari bidea irekiz. Fusio politika ezarri zuen konkistaturiko lurraldeetako biztanleak armadan eta administrazioan sartuz eta gudariak beste herrietako emakumeekin ezkontzera bultzatuz (berak ere halaxe egin zuen, izan ere).
Alexandroren heriotzak dinastiaren azkena ekarri zuen, ondorengorik gabe hil baitzen, eta inperioa haren jeneralen artean (diadokoak) banatu zen. Konkista haien ondorioz, greziarrek luzaroan kolonizatu zituzten urruneko lurralde horiek, eta garai helenistikoa deritzona gertatu zen, hots, greziar eta ekialdeko kulturen fusioa.
Alexandroren itzala
Antzinatean, Alexandro Handia, haren konkistak eta politika, historia eta literatura obra ugariren gaia izan zen, Arriano, Kalistene, Quintus Curcius eta Plutarcok idatzitakoak, besteak beste. Apelle pintore eta Lisipo eskultore ofizialez gainera, Alexandroren nortasunak garai berrietako artistak ere inspiratu zituen (Rafael, Il Sodoma, Pierre Puget, etab.).
Erdi Aroko (Roman d’Alexandre eta Libro de Alexandre) eta geroagoko (Alexandre Le Grand, Jean Racine, 1665) literaturak ere ohoratu du Alexandro Handiaren irudia. Euskal literaturan, Zuberoako pastoralek ere leku berezia utzi diote (zazpi antzezpen 1840 eta 1921 artean). 2004ean, Oliver Stone estatubatuar zinema zuzendariak haren bizitzan oinarritutako Alexander filma egin zuen.
Remove ads
Oharrak
- Alexandro jaio zen hekatombeon hilaren seian, mazedoniarrek Loo deitzen ziotena. (Plutarko Keroneakoa, Alejandro, III, 5).
- Ez dago adostasunik hil data zahatari buruz. Cf. Roger Caratini: Alejandro Magno, pp. 417 y 422.
- Izenak αλέξω «uxatu, babestu» eta ανήρ «gizon» hitz greziarretatik eratorriak, hitzez hitz «gizonen babesle» zein «ikara-gizon» adieraz ditzake.
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2017/3/6 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Remove ads
Erreferentziak
Bibliografia
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads