ugaztun belarjale handia: arra denean zezen, emea behi From Wikipedia, the free encyclopedia
Bos taurus bobidoen familiako ugaztun ungulatua da. Aspaldi etxekotu zen uro edo basazezenetik abiatuta, egun galdua, haragi, esne, larrutarako zein zamaritzat. Emeei behi deitzen zaie, eta arrei zezen. Gainera, ara zikiratuei idi izena ematen zaie eta jaio berriei txahal. Haren garrantzi ekonomiko eta sozialagatik, eta gizakiek harekin duten harremana dela eta, izen ugarikoa da.
Bos taurus | |
---|---|
![]() | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Artiodactyla |
Familia | Bovidae |
Generoa | Bos |
Espeziea | Bos taurus Linnaeus, 1758 |
Banaketa mapa | |
![]() | |
Eguneko zikloa | eguneko |
Genomaren kokapena | ensembl.org… |
Euskal Herrian ardi eta txerriekin batera, abererik erabilienak dira.[1] Herrialde batzuetan –Indian, adibidez– animalia sakratuak dira. Munduan gaur egun 1.300 milioi abelburutik gora daudela estimatzen da.
Carolus Linnaeus izan zen espezie izendatzen lehena eta hiru espezie identifikatu zituen: Bos taurus, Bos primigenius eta Bos indicus. Gaur egun bigarrena galduta dago eta orokorrean batu egin dira espezie trinomial bakar batean: Bos primigenius taurus izenekoa[2].
Bos taurus espezieak ez du euskarako izen bakarra, sexu eta adinaren arabera izen desberdinak hartzen baititu[3]:
Oro har, behiei euskaraz abelgorriak esaten zaie[4] (bertako arraza gorriei behintzat, betizu eta piriniar behia); ardiei abelzuriak esaten zaie[5], eta zaldi-behorrei – abelbeltzak[6][7].
Animalia handia da. 750 kilogramo inguru pisatzen ditu, baina badira 150 kg eta 1350 kg pisatzen dituztenak ere[2]. Luzeran 250 cm hartu ditzake (buztana kontutan hartu gabe) eta 120 eta 150 cm arteko garaiera izaten du[9].
Hortzeria belarra jateko moldaturik dauka. Helduek 32 hortz dituzte, zortzi ebakortz, lau aurreko hagin eta hiru hagi, baraila erdi bakoizteko. Ebakortzak azpialodean soilik daude eta aurrerantz orientaturik ditu belarra erraz ebakitzeko. Gainaldean almohadatxo bat baino ez du. Barailarekin mugimendu zirkularrak egin ohi ditu belarra ongi txikitu ahal izateko. Aurpegiaren muturra zabala eta lodia da eta usaimena oso garatua du. Bekokia nahiko zapala du. Burua lodia da eta bi adar ditu alde banatara ateratzen direnak eta ondoren aurrerantz okertzen dira.[10] Belarriak zintzilik izaten ditu eta tronpeta itxura dute. Lepoa zabala eta motza da eta kokospea zintzilik izaten du.
Begiak globularrak dira[6] eta honi esker gertuko elementuak oso argi ikusten dituzte, urrunekoantzako aldiz miopeak dira. Begiak alboetan dituztenez 300º-tako ikuspegi eremua daukate. Honek bere ifrentzua ere badu, aurrealdeak 20 cm distantzia baino gutxiagoan ez dute ezer ikusten.
Bizkarrezurra zuzena da, erdialdean okerdura txiki bat badu ere. Aldaka zabalak eta lauak ditu eta pelbiseko hezurretatik buztana ateratzen zaio. Buztana luzea da eta amaieran ile mototsa dauka. Gorputza ile laburrez estalita dago eta kolore ezberdinetakoak dira animaliaren arabera. Badira kolore bakarreko animaliak (zuriak, arreak, gorrixkak, marroiak eta beltzak), badira kolore ezberdinetako orbanak dituztenak ere. Emeek errapea izaten dute zintzilik atzeko hanken artean. Lau titiburu ditu errapeak, 5-10 cm luzerakoa eta 2-3 cm diametroduna bakoitza[6]. Gorputzaren batazbesteko tenperatura 39 °C ingurukoa da[11].
Behiak lau hanka ditu eta oinean kornea batez estalitako behatz bi ditu. Apatxa osatzen dute.
Hausnarkariak izanik bi fasetan burutzen dute janariaren digestioa. Aparato poligastrikoa dute horretarako, hau da, urdailak lau atal ditu, hiru aurre-urdail (rumena, erretikulua eta omasoa) eta benetako urdaila (abomasoa). Landareen karbono hidrato gogorrak liseritu ditzakete horrela, zelulosa, hemizelulosa eta pektinak.
Elikagaiak jasotzen dituen aurreneko zatia rumena da. Urdailaren bolumenaren % 80 hartzen du eta hormetan milaka milioika mikroorganismo anaerobio ditu (bakterioak, protozooak eta onddoak) eta hauek gluzidoak degradatu eta kate laburreko gantz azido bihurtzen dituzte (azido azetikoa –% 60, azido propanoikoa – % 20, eta azido butirikoa – % 15)[12]. Osagai nitrogenatuen katabolismoa ere egiten dute. Rumenaren pHa 7 eta 5'5 artean mantentzen da listuaren tanpoi funtzioari esker[12].
Bigarren atala erretikulua da eta iragazle papera burutzen du, elikagai zati handiak omaso-ra pasa daitezen ekidinez. Omasoak xaflak ditu eta liburu baten orrien itxura hartzen duenez "liburu" izena ere ematen zaio. Elikagaiek dakarten gehiegizko ura xurgatzen du.
Azkenik abomasoa benetako urdaila da eta urin gastrikoak isurtzen ditu. Hortik aurrerako digestio aparatua gizakienaren antzekoa da, heste meharrak elikagaiak xurgatzen ditu eta heste lodiak azkenengo elikagaien hartzidurak egin eta ura eta gatz mineralak jasotzen ditu.
10 edo 12 hilabete dituenean (arrazaren arabera) pubertarora sartzen dira. Ordurako heldutan duen pisuaren % 50-60 izaten du. Ez dute ugaltzeko urte sasoi espezifikorik[13]. Ugaltze zikloak 21 egun irauten ditu. Bederatzi hilabetetako haurdunaldia izaten du eta erditu ondoren 30-80 egunetan zehar ez du susararik izaten[14].
Gaur egun granja eta baserrietan bizi da eta gizakiak intseminazio artifizial bidez sartzen dio zezenaren hazia behiari eta zikloak berak markatzen ditu.
Landarejalea da erabat. Belarrak, zurtoinak, hostoak, haziak eta sustraiak jaten ditu, batez ere Poaceae landareak (gramineoak). Nitrogeno iturri garrantzitsuak dira hirustak eta alpalpa ere[15]. Baserri eta granjatan belar ondua ematen zaio negu partean.
Uroaren etxekotzea duela 10.000 urte inguru gertatu zen Ekialde Hurbilean eta Indian[16]. Ikerlari batzuek diote ordea Europako behiak Asian etxekotu eta Danubio ibaitik zehar edota Mediterraneo kostaldetik iritsi zirela orduko migrazio ibilbideetan zehar. Urioaren eta hainbat arrazaren arteko DNA ikerketek azaldu zuten hipotesi berri hau[17].
Hain goiz etxekotzearen ondorioz behi arraza aniztasuna oso handia da. Europan hautespen artifizial tradizionala antzinako prozesua izan zen, baina XVIII mendetik aurrera asko erabili zen. XIX mendearen amaieran zuhaitz genealogikoak argitaratu ziren Ingalaterran (herd-books) eta ondoren Europa mendebaldean[18]. XX. mendean arraza gehienak desagertu egin ziren ekoizpen handiena zuten arrazak hobetsi baitziren.
Etxekotu zenetik bertatik hainbat funtzio bete zituen behiak, gurdiak eta goldeak tiratzea, zamari lanak egitea eta haragi eta Esnearen ekoizpena nagusiki. Adarrak eta larrua ere erabiltzen ziren eta, azkenik, gorotza ongarri garrantzitsua izan da beti.
2011. urtean 1.347 milioi abelburu zeuden munduan zehar. Honako herrialde hauek dira kopuru handienak dituztenak[19]:
# | Herrialdea | Kopurua (milioika abelburu) | Munduko ekozipenaren ehunekoa |
---|---|---|---|
1 | ![]() | 175 | % 13,0 |
2 | ![]() | 174 | % 12,9 |
3 | ![]() | 96 | % 7,1 |
4 | ![]() | 82 | % 6,1 |
5 | ![]() | 50 | % 3,7 |
Esnea emeek sortzen dute txahala izan ondoren eta horregatik haurdunaldiak erregulatu egiten dira ahalik eta esne gehien ekoizteko. Esnea jeztea duela 10.000 urte hasi zen eta hainbat herrik bizirauteko ezinbesteko prozesua izan zen. Europan esnearen kontsumoa nahiko txikia izan zen antzinaroan. Baserritarrak hasi ziren kontsumitzen eta ondoren gainerako hiritarrek esnekiak kontsumitzeari ekin zioten, gurina bereziki. Gaur egun esnekien industria zabala dago eta gazta, gurina, esne-gaina eta jogurta ekoizten dira.
2006 urtean 550 milioi litro esne ekoitzi zen munduan, urte hartan ekozituriko esne guztiaren % 87 hain zuzen ere[20].
Haragiaren ekoizpena bi bahi motatatik etor daiteke: esnetarako behietatik esne ekozipena agortu ondoren eta hagaritarako propio hazten diren behietatik. 2007 urtean 61 milioi tona haragi ekoitzi zen munduan, haragi ekoizpen guztiaren % 25. Estatu Batuetan munduko ekoizpen totalaren % 19,6 produzitu zen, Brasilen – % 14,4, Europar Batasunean – % 12,8, Txinan – % 9,3, eta Argentinan – % 4,5[19].
Behiaren balio ekonomikoa dela-eta, arrak ernaltzeko erabiltzen dira. Espainia eta Frantzian, hala nola Amerika Latinarreko hainbat herritan, zezenketak egiteko erabiltzen dira. Estatu Batuetan ere, rodeoetan erabiltzen dira.
Idia zezen zikiratua da eta goldea eta gurdiak tiratzeko erabiltzen da. K.a. IV milurtekoan jadanik erabiltzen zen Ilgora Emankorrean eta ondoren Egipto, Europa eta Asiara zabaldu zen[21]. Europan Erdi Arora arte idiak bakarrik erabiltzen ziren baina ondoren zaldia haren tokia hartzen hasi zen[22].
Idiek bikoteka egiten dute lan eta uztarri batek lotzen ditu biak. Euskal Herrian herri kirol bat sortu zen jarduera honen inguruan, idi-dema hain zuzen ere[23].
Behigorri edo Zezengorri euskal mitologiako izakia da, leizeetan bizi den izaki erasokorra. Behi edo zezen gorriaren itxura hartzen du, betizu bezalakoa, eta Mariren etxeak zaintzen ditu.
Zezen gorria Marirekin lotuta agertzen zaigu, eta askotan leize eta harpe ezberdinen zaindaria da. Beste batzuetan Mari bera da hauetako abere batean eraldatzen dena. Behiak ugalkortasunaren sinbolismoari lotuta egon dira zenbait kulturatan, eta dirudienez baita gurean ere. Hori bide da Marirekiko beste harreman bat.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.