Entebbe operazioa
From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Entebbe operazioa edo Thunderbolt operazioa (euskaraz: «Trumoi Operazioa») Israelgo Defentsa Indarrek Entebbeko aireportuan (Uganda) 1976ko uztailaren 4an egindako bahituak erreskatatzeko misioa izan zen.[1] Astebete lehenago, ekainaren 27an, palestinar eta alemaniar terroristek Parisa zihoan 228 eta 248 arteko bidaiari zeramatzan Air Franceko Airbus A300 (Airbus A300B4-203, F-BVGG matrikula zuena) bat Atenasen bahitu eta Entebberako, Kampalatik gertu, bidea hartu zuten. Lurreratu eta gutxira, israeldarrak ez ziren bidaiari guztiak askatu zituzten.
Frantziako Gobernuak Idi Amini, mendebaldeko herrialdeetatik gertu zegoenari, hegazkina onartzeko eskatu zion, bahitzaileek babes bila maila diplomatikoan urrunago zegoen herrialde batera joan ez zitezen . Ugandako diktadorea hegazkina Entebberen gainetik zihoanean ohartua izan zen eta komandoak hegazkinera sartzea ukatu zion.[2]
Tzahalen ekintzak Mosad Israelgo inteligentzia agentziak emandako informazioan oinarritu ziren. Bahitzaileek presoak askatzeko eskakizunak betetzen ez bazituzten bahituak hiltzeko mehatxuak jaso ondoren, operazioa Revolutionäre Zellen alemaniar erakunde militanteak eta Palestinaren Askapenerako Herri Fronteak egindako bahiketaren ondorioz antolatu zuten.[3] Planak Ugandako tropen balizko erresistentzia armatuaren aurkako prestaketak ere jasotzen zituen.[4]
Erreskate operazioa gauean burutu zuten. Israelgo eliteko ehun komando airez Ugandaraino, 3.500 km-tik gorako distantziara, eraman zituzten. Operazioa astebetez planifikatu, 53 minutu iraun eta, ondorioz, 103 bahitu erreskatatu zituzten. Bost israeldar komando zauritu ziren eta beste bat, eraso unitateko komandantea, Jonathan “Yoni” Netanyahu teniente koronela, operazioan hil zen. Bahitzaile guztiak, hiru bahitu eta berrogeita bost ugandar soldadu hil ziren eta sobietar fabrikazioko hamaika MiG-17 lurrean suntsitu zituzten. Ugandako armadako soldaduek laugarren bahitu bat inguruko ospitale batean hil zuten.[5][6]
Erreskatea, ofizialki Trumoi Operazioa deitu arren, batzuetan Jonathan Operazioa ere izendatzen da, eraso-unitateko buru hilaren omenez; Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren anaia nagusia zen.
Ikuspuntu militarretik arrastoa utzi zuen operazioak. Haren ondorioz, estatubatuar militarrek Entebbe operazioan oinarritutako erreskate talde trebatuak prestatu zituzten. Operazioa imitatzeko saiorik nabarmenena Feuerzauber operazioa izan zen Mogadiscion, Lufthansaren 181 hegaldiaren bahiketaren ondorioz, arrakasta handiagoarekin (hiru terrorista baino ez ziren hil) urtebete geroago. Arrakasta gutxiago izan zuen Arranoaren Atzapar Operazioak, Teherango gatibuen krisialdian bahitutako berrogeita hamahiru funtzionarioren erreskateak.[7][8]
Remove ads
Erreferentziak
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads

