Eon (eta eontema) berriena, Proterozoikoaren ondorengoa, duela 570 milioi urtetik gaur egun arte dirauena. Paleozoiko, Mesozoiko eta Zenozoiko eratan banatzen da. From Wikipedia, the free encyclopedia
Fanerozoikoa duela 542,0 ±1,0 milioi urte hasitako eta gaur egunera arte dirauen garai geologikoa da[1][2]. Eon honek Lurraren sorreran hasitako Kanbriarraurrea ordezkatu du. Fanerozoiko hitza antzinako grezierazko φανερός (phanerós, «ageriko») eta ζωή (zōḗ, «bizitza») hitzen lotunea da, euskaraz «ageriko bizitza» esan nahi duena. Garai hau baino lehen Lurrean bizitza egon arren, fanerozoikoaren lehendabiziko aroa den kanbriarrean organismoek izaera konplexua hartu zutela esan dezakegu[3][4].
Fanerozoiko | ||||
---|---|---|---|---|
Fanerozoiko | ||||
Kronologia | ||||
Hasiera | duela 541 milioi urte | |||
Amaiera | baliorik ez | |||
Honen parte da | ICS Standard Global Chronostratigraphic (Geochronologic) Scale (en) eta Garai geologiko | |||
Osatuta | Paleozoiko Mesozoiko Zenozoiko | |||
|
Geologikoki, Fanerozoikoa Pannotia superkontinentea banatu eta berehala hasi zen; denboraren poderioz, kontinenteek beste superkontinente bat, Pangea hain zuzen ere, sortu zuten, baina hau banatu zenean egungo kontinenteak sortu ziren.
Izena antzinako grezieratik dator, φανερός (phanerós), «ikus daitekeena», eta ζωή (zōḗ), «bizitza»; izen hori jarri zitzaion biziaren jatorria Kanbriarrean eman zela uste zelako, eon honetako lehen periodoa. George Halcott Chadwick geologo estatubatuarrak sortu zuen izena 1930ean[5].
Proterozoiko-Fanerozoiko muga orain dela 541 milioi urte ezarri da[6]. XIX. mendean muga hau animalien agerpen masiboarekin jarri zen, baina gaur egun ehunka talde proterozoiko ezagutzen dira, batez ere 1950ko hamarkadatik aurrera egin ziren ikerketei esker.
Fanerozoikoa hiru arotan banatzen da: Paleozoikoa, Mesozoikoa eta Zenozoikoa, aldi berean 12 periodotan banatzen direnak. Paleozoikoan arrain, anfibio eta narrastien agerpena jazo zen. Mesozoikoan batez ere narrastiek izan zuten garrantzia, ugaztunen eboluzioa hasi zen eta dinosauroen (hegaztiak barne) garai gisa izendatu ohi da. Zenozoikoa ugaztunen aroa izan da, animalien aldetik eta, bere azken periodoan, gizakiena.
Paleozoikoa Lurraren historiako garai bat da, non bizitza konplexuak eboluzionatu, oxigeno arnastu zuten lehen aldiz lur lehorrean, eta Lurreko bizitza osoaren aitzindariak dibertsifikatzen hasi ziren. Garai paleozoikoan sei aldi daude: Kanbriarra, Ordoviziarra, Siluriarra, Devoniarra, Karboniferoa eta Permiarra[7].
Kanbriarra Paleozoikoaren lehen aldia da; duela 541 milioi urtetik duela 485 milioi urte arte iraun zuen. Kanbriarrak eboluzioaren hedapen azkar bat eragin zuen Kanbriarreko leherketa bezala ezagutzen den gertaera batean. Gertaera honetan Lurraren historia emandako taxon berrien sorrerarik handiena eman zen. Algak eta landareak eboluzionatu egiten ziren, eta fauna artropodo blindatuek menderatzen zuten, hala nola trilobiteek. Ia itsas filum guztiak eboluzionatu zuten garai honetan. Denbora horretan, Pannotia superkontinentea apurtzen hasi zen, geroago Gondwana superkontinentean batu ziren zati guztiekin[8].
Ordoviziarra orain dela 485 milioi urte hasi eta orain dela 444 milioi amaitu zen. Ordoviziarrean gaur egun Lurrean oso ohikoak diren hainbat espezie eta talde eboluzionatu zuten, hala nola arrainak, zefalopodoak eta koralak. Hala ere, trilobiteak eta barraskiloak ziren formarik ohikoenak. Garai honetan lehen artropodoek lur lehorra ukitu zuten, Gondwana superkontinentera iritsita, animaliarik ez zuen lurralde bat. Ordoviziarraren amaierarako, Gondwana ekuatoretik Hego Polora mugitu zen eta Laurentiak Baltikarekin talka egin zuen, Iapetus ozeanoa itxiz. Gondwanaren glaziazioaren ondorioz itsas maila asko jaitsi zen, kostaldean egonkortua zegoen bizi forma askorekin amaituz. Glaziazioak Ordoviziar-Siluriar iraungitzea eragin zuen[9], itsas ornogabeen generoen % 60[10] eta familien % 25 desagerrarazi zuen gertakaria. Honakoa lehen iraungitze masibotzat hartzen da, eta Lurraren historiako bigarren larriena[11][12].
Ordoviziarreko fosilak dituzten arrokak aurkitu dira Donibane Garazi inguruan, Alduden eta Orreagan. Fosil hauek zianobakteria, graptolite, arkeoziatido, brakiopodo eta algak dira. Hainbat kruziana motako marka aurkitu dira, trilobitei egozten zaizkienak. Honi guztiari esker badakigu garai honetan sakonera eskaseko itsaso bat zegoela gaur egungo Euskal Herrian.[13]
Siluriarra orain dela 444 milioi urte hasi zen eta orain dela 419 milioi urte amaitu. Garai honetan Ordoviziar glaziazioa amaitu eta lurra epeldu zen. Arrainen eboluzioan salto garrantzitsuak gertatu ziren, agnatuak ugaritu ziren, Gnatostomatuek eboluzionatu eta ur gezako lehen arrainak agertu ziren. Artropodoak, adibidez itsas eskorpioiak predatzaile nagusiak ziren. Lur lehorraren kolonizazioak aurrerapauso handiak izan zituen, araknido, onddo eta ehunzangoekin[14]. Cooksonia bezalako landare baskularrek lehorreratzea baimendu zuten[15]. Lehenengo landare hauek izan ziren gaur egungo lur lehorreko landare guztien aitzindariak.
Siluriarrean lau kontinente zeuden: Gondwana (Afrika, Hego Amerika, Australia, Antartika eta India), Laurentia (Ipar Amerika Europako atal batzuekin), Baltika (Europako beste eremuak) eta Siberia (Asiako iparraldea). Itsas mailak gora egin zuen eta habitat berriak sortu ziren espezie berrientzat[16][17].
Siluriarraren bukaeran Kaledoniar orogenia eman zen, Ebro eta Akitaniako arroak sortuz. Momentu horretan Euskal Herrian sakonera eskaseko itsaso bat zegoen, koral ugaridun kareharriak sortu zirenean. Egoera hau Karbonifero bukaera arte luzatu zen, Hertziniar orogenia sortu zen garaia. Garai honetan sortu ziren Ebro eta Akitaniako mendiak eta Pirinioetako zonalde axialeko mazizoak: Bortziriak, Aldude, Mendibeltza, Baigura eta Iguntza besteak beste. Bortziriak oso ezagunak dira dituzten mineralizazioak direla eta (azkeneko urteetan uranioa ere aurkitu da). Gaia hartan 30 bat kmko irla luzanga bat osatzen zuen. Hegoaldean metatzen ziren sedimentuek geroago Belabieta eta Urdalarren gaur egun aurkitzen diren marmolak osatu zituzten.[18]
Devoniarra orain dela 419 milioi urte hasi eta orain dela 359 milioi urte amaitu zen[19]. Informalki, "Arrainen Aroa" deitu izan zaio, arrainen dibertsifikazioa nabarmena izan zelako, tartean Dunkleosteus bezalako arrain korazadunak edo Sarcopterygiien sorreragatik, etorkizunean tetrapodoei bidea emango zion arrain taldea[20]. Lur lehorrean, landareak asko dibertsifikatu ziren; lehen zuhaitzak eta haziak sortu ziren. Devoniar Ertaina iritsi zenerako, zuhaixka tamainako basoak existitzen ziren: Lycopodiophyta, Equisetales, iratzeak eta Progymnospermophyta ziren baso hauetako landareak. Honela, habitat berriak sortu eta artropodoen dibertsifikazioa etorri zen. Lehen anfibioak garatu ziren eta arrainak zeuden kate trofikoaren goiko mailan[21]. Devoniarraren amaieran Devoniarreko iraungitzea gertatu zen, espezieen % 70 desagertu ziren, ezagutzen den bigarren iraungitze masiboa[22].
Paleogeografiari dagokionez, Gondwana zen kontinenterik handiena hegoaldean eta Siberia kontinentea iparraldean. Bien artean Euramerika sortzen hasi zen.
Devoniarreko fosilak aurkitu ziren lekuak badira Oiartzun eta Irun artean. Bertan krinoideoak aurkitu dira hainbat brakiopodoekin batera.[23] Gainera hainbat lekutan (Bertiz, Etxalar, Orabidea, Baztan, Urkiaga eta Bankan, adibidez) ekinodermo, briozoo, koral, trilobite, marmoka eta molusku koloniak aurkitu dira, ur epeleko eta sakonera eskaseko itsaso baten adierazle.[13] Devoniarra bereziki ondo ikusten da Bortzirietako Mazizoaren ekialdean. Bertan sedimentazio detritikoa eman zen, hainbat dolomitarekin tartekatuz; kareharri eta tupak ere metatu ziren. Devoniar Ertainean arbelen 500 eta 800 metro artean daude eta Devoniar Berantiarrean berriro ere terrigenoak metatu ziren.[24]
Karboniferoa orain dela 359 milioi urte hasi eta orain dela 299 milioi urte amaitu zen. Periodo honetan, tenperatura globalak oraingoak baino askoz altuagoak ziren: Karboniferoaren bataz besteko tenperatura 20 °C zen (nahiz eta Karbonifero Ertainean 10 °Ctara jaitsi zen[25]). Padura tropikalak ohikoak ziren Lurreko eremu askotan, eta zuhaitzak hain ugariak ziren ezen gaur egun ustiatzen diren egur ikatzaren parte handi bat sortu zuten (hortik datorkio izena). Oxigeno maila altuek artropodo erraldoiak baimendu zituzten, euren arnasketa-sistemaren mugek ez baitiete handiago izaten uzten. Amnioten arrautza sortu zen, anfibioei lur lehorra konkistatzeko aukera eman ziena; anfibioak izan ziren garai honetako ornodunik garrantzitsuenak. Lehen narrasti eta sinapsidoek eboluzionatu zuten padura horietan[26].
Karboniferoan zehar tenperatura jaisten joan zen, amaieran Gondwanan glaziazio bat ekarri zuena, Hego Poloan. Ondorioz, Permo-Karboniferoko glaziazioa gertatu zen eta Karboniferoko oihan tropikalen kolapsoa[27]. Karboniferoa orogenia garai aktiboa izan zen, Pangea superkontinentea batzen zihoan heinean. Hegoaldeko kontinenteek batuta jarraitu zuten Gondwanan, uneren batean Ipar Amerika-Europa osatzen zuten Laurussiarekin egin zuten topo Ipar Amerikako gaur egungo ekialdeko lerroan. Honek hertziniar orogenia eragin zuen Europan eta Allegheniar orogenia Ipar Amerikan[28][29][30].
Euskal Herriko Karboniferoan bi eremu ezberdin aurki daitezke. Alde batetik Bortzirietako mazizoa, flysch itxurako sedimentazioarekin eta bere gainean kareharriak; bestetik Aldudeko mendigunea (Mendibeltza eta Iguntze) non kareharrien gainean arbelak kokatu diren. Hertziniar orogeniaren ondoren sorturiko erliebeak oso azkar higatu ziren eta sedimentazioa inguruetan eman zen. Hauen zatiak Adarra mendian, Aiako Harrian eta Etxalaren aurki daitezke. Sedimentuak gorrixkak dira, beraz, ziurrenik egoera erdilehorreko klima zegoen garai hartan. Horrez gain ur-gainean geratu ziren lurretan zingirak osatu ziren eta hauek landareek kolonizatu zituzten. Likopodio, ekiseto eta iratzez osatutako basoak sortu ziren eta hauetatik ikatza sortu. Garai honetako ikatza Bera, Etxalar, Ibantelli eta Saran aurki daiteke. Karboniferoan oraindik baina tektonika eman ondoren arbela eta hareharrien arteko tartekatzen bat eman zen.[24][13]
Permiarra orain dela 299 milioi urte hasi eta orain dela 252 milioi urte amaitu zen. Paleozoikoko azken periodoa izan zen. Permiarraren hasieran kontinente guztiak batu ziren Pangea gisa ezagutzen dugun superkontinentean, Panthalasa izeneko ozeano bakarrarekin. Lurra oso lehorra zen garai honetan, urtaro gogorrekin, Pangea barnealdeko klima erregulatzen zuten itsasorik ez zegoelako.
Narrastiak eta sinapsidoak loratu ziren klima lehor honetan. Demitrodon eta Edaphosaurus bezalako izakiak kontinentean jaun eta gabe ziren. Lehen koniferak agertu ziren, lur lehorra dominatuko zutenak. Periodoaren amaieran Scutosaurusak eta gorgonopsidoek lur lehor horietan ugaritu ziren. Laster desagertu ziren, Lurraren historian egon den iraungitze masiborik handienean, Permo-Triasiar iraungipen masiboan.[31][32]
Permiarrean intrusio magmatiko bat gertatu zen Euskal Herrian, granito motakoa, Bortzirietako materialak metamorfizatuz. Hala ere material hauek ez ziren goraino igo eta higaduraz gaur egun Aiako Harria eta Larrun mendiak osatzen dituzte. Hainbat datu ikertuta plutoi hau orogenia bitarte sortu zela ikusi da, egoera tektoniko transkurrente destro batean.[33]
Mesozoikoa orain dela 252 milioi urte hasi eta orain dela 66 milioi urte amaitu zen. "Dinosauroen Aroa" izena eman zaio, 150 milioi urtez Lurra, itsasoa eta airea konkistatu zuten narrastiak oroituz. Hiru periodo daude Mesozoikoan: Triasikoa, Jurasikoa eta Kretazeoa.
Triasikoa duela 252 milioi urte hasi zen eta duela 201 milioi urtera arte iraun zuen. Triasikoa, Lurraren historiako trantsizio tarte bat da, Permiarreko iraungitze masiboaren eta Jurasikoko oparotasun garaiaren artean dagoena. Hiru ataletan zaittu ohi da: Triasiko Goiztiarra, Triasiko Ertaina eta Triasiko Berantiarra[34].
Trasiko Goiztiarra orain dela 252-247 Ma gertatu zen, eta oraindik apurtu gabe zegoen Pangeako barne basamortuen garaia izan zen, oso lehorra. Lurrean bizi ziren izaki bizidunen %95 desagertu berria zen. Animaliarik ohikoenak Lystrosaurus, Labyrinthodontia eta Euparkeria ziren, iraungitze erraldoiari ihes egitea lortu zuten beste izaki batzuekin batera. Temnospondyliak ugaritu ziren garai honetan, Triasikoko predatzaile nagusi izateraino[35].
Triasiko Ertaina, 247 milioi eta duela 237 milioi urte artean gertatu zen. Pangaearen hausturaren hasiera eta Tetys itsasoaren hasiera seinalatu zuen. Ekosistema heriotza handiaren hondamenditik suspertu zen. Fitoplankton, koral eta krustazeo guztiak berreskuratu ziren, eta narrastiak tamainaz handitzen hasi ziren. Uretako narrasti berriak, hala nola iktiosauroak eta nothosauroak, itsasoetan hedatzen ziren. Bitartean, lehorrean, pinudiak ugaritzen ziren ziren, baita eltxoak eta fruta-euliak ere. Lehen krokodiloak eboluzionatu egin ziren, eta anfibio handien arteko lehia piztu zuten, ur gezako ingurunea aspalditik menperatu zutenak[36].
Duela 237 milioi eta 201 milioi urte bitartean Triasiko Berantiarra izan zen. Triasiko Ertainaren loratzeari jarraituz, estai honetan tenperatura igoera ugari izan zituen, baita euri-tasa moderatua ere (urtean 10-20 zentimetro). Beroketa horren ondorioz, benetako lehen dinosauroak zein pterosauroak agertu eta ugaritu ziren, lehorrean eboluzionatu zuen reptiliar eboluzioaren boom bat ekarriz. Garaia amaitzerako, lehen dinosauro erraldoiek eboluzionatu eta aurrera egin zuten, eta Pangearen basamortuak kolonizatu zituzten[37][38]. Aldaketa horrek, hala ere, Triasiko–Jurasiko iraungipena izenez ezagutzen den gertaera ekarri zuen. Arkosauro guztiak (krokodiloak eta dinosauroak izan ezik), sinapsido gehienak, anfibio erraldoiak eta itsasoko biziaren % 34 galdu zen une horretan. Iraungipenaren arrazoia eztabaidagai da[39][40].
Euskal Herrian germaniar fazies izenarekin ezagutzen diren metakinak egon ziren, Permiarraren oso antzekoak eta askotan bereizezinak. Triasikoan hiru geruza nagusi metatu ziren fazies honetan: buntsandstein, munschelkalk eta keuper. Lehenengoa hareharriz osatua dago, bigarrena kareharriz eta hirugarrena buztin eta gatz ebaporitikoz. Azken geruza honek garrantzi berezia izan zuen Euskal Herrian, leku askotan aurkitzen diren diapiroak sortzen baititu. Gainera ofita izeneko arroka ere sortu zen, jatorri bolkanikokoa, faila nagusiak jarraituz. Higadura zela eta Euskal Herrian zeuden mendi asko ia lautu egin ziren eta itsas-mailaren jaitsiera orokortu bat dela eta laku eta fadura ugari sortu ziren. Beste gune batzuetan deltak egon ziren. Ingurune hauetan sortu ziren germaniar faziesak, leku batzuetan harea metatzen zen bitartean beste batzuetan ebaporitak agertu baitziren. Aiako Harriaren eta beste mazizoen inguruan pikor larriko sedimentuz osatutako arrokak ikus daitezke, antzinako kostaren hedapenaren seinale.[13] Triasikoaren bukaeran eta Jurasikoaren hasieran karbonatozko sedimentuak metatu ziren.[24]
Jurasikoa orain dela 201 milioi urte hasi eta orain dela 145 milioi urte amaitu zen, eta honetan ere hiru epoka nagusi daude: Jurasiko Goiztiarra, Jurasiko Ertaina eta Jurasiko Berantiarra[41].
Jurasiko Goiztiarra orain dela 201 milioi urte hasi eta orain dela 174 milioi urte amaitu zen. Klima Triasikoan baino askoz hezegaoa zen eta, ondorioz, mundua oso tropikala zen. Ozeanoak, plesiosaurioek, iktiosaurioek eta ammoniteek dominatzen zituzten. Lehorrean, dinosauroak ziren animalia nagusia, Dilophosaurus bezalako espezieekin kate-trofikoaren gorenean. Lehen benetako krokodiloak agertu ziren, anfibio handiak iraungitzeraino bultzatuz. Lehen benetako ugaztunak ere agertu ziren, baina bat ere ez zen satitsu bat baino handiagoa[42].
Jurasiko Ertaina orain dela 174 eta 163 milioi urte artean gertatu zen. Dinosauroen loraldia handia izen zen, Sauropodo saldo handiekin, Brachiosaurus eta Diplodocus bezala, garaiko iratze basoetan barrena elikatzen zirenak. Allosaurus predatzailea sortu zen. Koniferak ziren munduko basoen eremu handia. Ozeanoetan, plesiosauroak ohikoak ziren, eta iktiosauroak ugaritze n ari ziren. Narrastien goreneko unea izan zen[43].
Jurasiko Berantiarra orain dela 163 milioi urte hasi eta orain dela 145 milioi urte amaitu zen. Sauropodo eta iktiosauroen irauntze masibo bat ekarri zuen, Pangea Laurasia eta Gondwanan bereizi zenean, Jurasiko-Kretazeo irauntzea izenarekin ezagutzen duguna. Itsas maila igo zen, iratzediak suntsituz eta sakonera eskaseko itsasoak sortuz. Iktiosauroak desagertu ziren baina sauropodoek biziraun zuten[44]. Itsas mailaren igoeraren ondorioz Ozeano Atlantikoa sortu zen, denborarekin hazi eta hazi joan zena. Mundu erdibitu horretan, dinosauro mota berriek eboluzionatu zuten.
Garai honetan Burgos inguruan Asturiasko mendiei loturik zegoen altugunea sortu zen, baita Akitania eta Ebro inguruetan ere. Honek geroago Kantauri Itsasoa izango zenaren eta geroago Mediterraneoa izango zenaren urak bereiztu zituen eta Eusko-Kantauriar arro berri bat sortu zen. Arro guztian zehar eta orokorrean Mesozoikoan ofita ugari agertu ziren. Daniarrean zehar egoera estentsiboa izan zen eta horregatik agertzen dira arroan zehar. Pirinioetan magma toleitikoa agertzen da, Triasikoaren bukaeratik Jurasikoko Lias garairaino.[45] Garai honetan kareharrizko mazizoak sortu ziren, arrezifeen ondorioz askotan. Horietako batzuk Aralarren ageri dira,[46] bai eta Euskal Herriko arkuko mendietako batzuetan ere.
Kretazeoa Fanerozoikoko periodorik luzeena da, eta Mesozoikoko azkena. Orain dela 145 milioi urte hasi zen eta orain dela 66 milioi urte amaitu. Bi epokatan zatitzen da Kretazeo Goiztiarra eta Kretazeo Berantiarra[47].
Kretazeo Goiztiarra orain dela 145 eta 100 milioi urte artean hedatzen da. Kretazeo Goiztiarrean itsasoak zabaldu ziren eta, ondorioz, sauropodoak gutxitu eta iraungi ziren, Hego Amerikan izan ezik. Sakonera eskaseko kostalde asko sortu ziren, iktiosaurioak iraungi zuena. Mosasauroek txoko ekologko hori bete zuten, eta berauek izan ziren harrapakari nagusiak itsasoetan. Eustreptospondylos bezalako dinosauroek uharte batetik bestera bidaiatzeko eboluzionatu zuten Europako uharteen artean. Carcharodontosaurus eta Spinosaurus generoek Jurasiko-Kretazeoko iraungitzeak sortutako zuloa bete zuten. Iguanodon kontinente guztietan ohikoa izan zen. Urtaroak berriro sortu ziren, eta poloak gero eta hotzagoak egin ziren. Leaellynasaura bezalako dinosauroek poloetako basoetan bizi ziren urte osoan zehar, eta Muttaburrasaurus bezalakoek migrazioak egiten zituzten poloetara udaran. Krokodiloentzat, ordea, hotzegia zen, eta horregatik Koolasuchus bezalako anfibio handien azken gotorlekuak izan ziren. Pterosaurioen unerik gorena izan zen, Tapejara eta Ornithocheirus bezalako generoekin. Lehen hegaztiek eboluzionatu zuten, euren eta pterosauroen artean konpetentzia sortuz[47].
Kretazeo Berantiarra orain dela 100 milioi urte hasi eta orain dela 66 milioi urte amaitu zen. Hozte dinamikak jarraitu zuen, gerora Zenozoikoan jarraituko duena. Uneren batean, ekosistema tropikala ekuatorean baino ez zegoen eta tropikoetatik harago lurretan urtaroak oso nabarmenak egin ziren. Tyrannosaurus, Ankylosaurus, Triceratops eta Hadrosauroak garai honetan biz ziren. Pterosauroak gutxitu ote ziren hegaztiak ugaritzen ziren bitartean eztabaidagai dago; hala ere, familia askok biziraun zuten Kretazeora arte, eta espezie berriak ere agertu ziren, adibidez Quetzalcoatlusa[48]. Martsupialak agertu ziren konifera baso handietan sarraskijale gisa. Ozeanoetan, Mosasauroek agindu zuten eta plesiosaurio erraldoiak, Elasmosaurus kasu, agertu ziren. Lehen landare loredunak agertu ziren. Kretazeoaren amaieran Dekkango basalto plataformak eta beste sumendi erupzio erraldoi batzuek atmosfera pozoitu zuten. Hau gertatzen zen bitartean, meteoro handi batek Lurrarkein talka egin zuen, Chicxulub kraterra sortuz eta, uste denez, Kretazeo-Tertziarioko iraungipen masiboa eraginez[49], bosgarren iraungipen masiboa eta guregandik gertuen gertatu dena. Hegazti ez diren dinosauro guztiak eta biziaren % 75 desagertu ziren. 10 kilogramo baino masa handiagoa zuten izaki bizidunak desagertu ziren, eta dinosauroen garaia amaitu zen[50].
Kretazeoa da Euskal Herrian arroka bolumen handiena ematen duena. Kretazeoaren hasieratik Eozenora leku batzuetan 10.000 metro sedimentu metatu ziren eta beste batzuetan 2.000. Hau subsidentzia ezberdintasunengatik da, baina hala ere oso bolumen handia da.[51] Garai honetan itsas-hondoak sakonera txikikoak ziren eta klima epela zegoen. Koral arrezife handiak sortu ziren ekialde-mendebalde norabidean. Kareharri urgoniar izenarekin ezagutzen dira eta horiek orain dela 120 milioi urte inguru hasi ziren sortzen. Kareharri urgoniarrak agertzen diren mendi nagusiak Aralar, Aizkorri, Hernio, Izarraitz, Anboto, Gorbeia, Udalaitz... daude.[13] Garai honen hasieran hegoaldean Iberiar kontinentea zegoen eta delta eta zingira ugari sortu ziren Euskal Herritik hegoaldera. Errioxan dinosauro lorratzak aurkitu dira garai honetan. Arabako Buradon-Gatzaga eta Urizaharran mundu mailako garrantzia duten anbar ustiategiak aurkitu dira. Orain dela 120-130 milioi sortu ziren eta bi biotopo ezberdinen adierazgarri dira. Urizaharrakoa hondartza bateko ingurunea litzateke eta Buradon-Gatzagakoa lur-barnekoa.[52]
Zenozoikoan ugaztunen eboluzioa eman zen, animalia nagusi izateraino, dinosauroen desagerpenak txoko ekologiko asko hutsik utzi baitzituen. Hiru periodotan banatzen da Zenozoikoa: Paleogenoa, Neogenoa eta Kuaternarioa.
Paleogenoa hegazti ez ziren dinosauroen desagerpenetik, orain dela 66 milioi urte, Neogenoaren hasieraraino hedatzen da, orain dela 23 milioi urte. Paleozenoa, Eozenoa eta Oligozenoa dira bere barneko epokak.
Paleozenoa K-T iraungitzean hasi zenez, gertakari horren ondorioz berreskuratzen hasi zen. Kontinenteek gaur egun duten formaren antza hartu zuten, baina guztiak zeuden euren artean banatuta, India barne. Afrika eta Eurasiaren artean Tetis ozeanoa zegoen, eta Amerikak ere bereiziak zeuden, Panamako istmoa oraindik ez baitzen sortu. Klimak epeltzeko joera izan zuen, uneren batean oihanak poloetan egon ziren. Ozeanoetan predatzaile nagusia marrazoak ziren, narrasti erraldoiak desagertu baitziren. Creodonta bezalako ugaztun talde arkaikoak[54] eta lehenengo primateak agertu ziren, hutsik zegoen mundua betez. Ugaztun gehienak txikiak ziren oraindik, eta animaliarik handienak krokodilo erraldoiak eta Titanoboa bezalako sugeak ziren, inoiz egondako sugerik handiena[55].
Eozenoa orain dela 56 milioi urte hasi eta orain 34 milioi urte amaitu zen. Eozenoaren hasieran ugaztun gehienak txikiak ziren eta oihanetan bizi ziren, Paleozenoan bezala. Euren artean lehen primate, balea eta zaldiak zeuden, beste ugaztun primitibo askorekin. Kate trofikoaren erpinean hegazti erraldoiak zeuden, Gastornis bezala. Zenozoikoaren zatirik handienean hegan egin ezin zezaketen hegazti haragijale handiak izan ziren predatzailerik handienak, Kuaternarioan desagertu ziren arte. Tenperatura 30 gradukoa zen, eta polotik polora tenperatura gradiantea txikia zen. Eozeno Ertainean Australia eta Antartika arteko itsas-laster zirkunantarktikoa sortu zen, ozeano korronte guztiak aldatu zituenak, mundua hoztuz eta oihan tropikalak murriztuz. Ondorioz, ugaztunak hazi ziren; euren artean, jada guztiz urtarrak ziren baleak. Andrewsarchus kate-trofikoaren goiko aldean jarri zen, eta marrazoen ordez Basilosaurus baleak hartu zuen euren lekua. Eozenoaren amaieran urtaroak berriro hasi ziren martxan, sabanak hedatu ziren eta belarra sortu zen[56][57]. Eozenoaren eta Oligozenoaren artean iraungitze nabarmena egon zen, ezagutzen ez ditugun arrazoin ondorioz.
Oligozenoa orain dela 34 milioi urte hasi eta orain dela 23 milioi urte amaitu zen. Trantsiziozko garaia izan zen, Eozenoko mundu tropikaletik ekosistema modernoetara. Belarraren hedapena handia izan zen, espezie berriekin gune berri asko konkistatzen. Belarjale berri asko agertu ziren, horren ondorioz, tartean lehenengo elefanteak eta martsupial asko ere. Felinoak eta kaninoak ere garau honetan sortu ziren. Hostoiraunkor asko ere garai honetan agertu ziren. Urtaroak egonkortu ziren eta, beraiekin, urtaroei lotutako euriteak. Ugaztunak gero eta handiago egin ziren. Paraceratherium, inoiz bizi izan den ugaztunik handiena, epoka honetakoa da[58].
Paleozenoa ikertzeko munduko lekurik hoberena Zumaian dago eta bertan definitu da Paleozenoaren iraupena zein den.[59][60] Paleozeno eta Eozenoan zehar Pirinioak sortzen zebiltzan eta horregatik itsasoko azkeneko sedimentuak garai honetakoak dira. Metaketa batez ere Urbasa-Andimendi-Trebiñu inguruan eman zen hegoaldean eta Galea lurmuturraren inguruan, Getarian eta Miarritzen iparralderago. Sedimentuak karetsuak dira baina K/T mugan fosil motak aldatu ziren, desagerpen masiboa dela eta. Nummuliteak agertu ziren eta hauek erruz aurki daitezke sedimentuetan. Antzeko makroforaminiferoak ere agertzen dira. Hauetaz gain algak, moluskuak, ekinodermatuak, krustazeoak, arrainak eta zetazeoak agertu dira (azken hauek Araba eta Nafarroako hainbat lekutan)[13].
Neogenoa orain dela 23,03 milioi urte hasi eta orain dela 2,58 milioi urte amaitu zen. Miozenoan eta Pliozenoan banatzen da[61].
Miozenoa orain dela 23,03 milioi urte hasi eta orain dela 5,333 milioi urte amaitu zen. Belarra askoz gehiago hedatu zen, munduko gune askotan nabarmenduz eta basoak gutxituz prozesuan. Alga basoak hedatu ziren, foka batzuen eboluzioarekin batera. Perisodaktiloak asko zabaldu ziren, barietate asko sortuz. Primate espezie berri asko agertu ziren. Gune menditsu lehorrak mundu osoan zehar asko ziren. Tetis itsasoa itsi zen, Arabiar penintsularen sorrerarekin eta, ondorioz, Itsaso Beltza, Itsaso Gorria, Mediterraneoa eta Kaspiar itsasoa sortu ziren. Honen ondorioz gune lehorrak hedatu ziren. Gaur egun dauden landare espezieen % 95 Miozenoan eboluzionatu zuten.
Pliozenoa orain dela 5,333 milioi urte hasi eta orain dela 2,58 milioi urte amaitu zen. Aldaketa klimatikoa oso handia izan zen, gaur egungo espezie eta landareeen egoerara eraman zuena. Mediterraneoa lehortu zen Messiniarreko gatz-krisian. Australopithecusa agertu zen Afrikan, gizakien adarraren lehen generoa. Panamako istmoa sortu zen, eta Ipar eta Hego Amerikako animalien arteko migrazioa abiatu zen. Sabanak asko hedatu ziren, Indian montzoiak, Asiako ekialdean basamortuak eta Saharako basamortua sortu zen. Lurreko kontinenteak gaur egungo itxurara aldatu ziren[62][63].
Miozeno eta Pliozenoan zehar Euskal Herriko arkuko mendiak eta Pirinioak jada sorturik zeuden, eta bi isurialde egon ziren, bata Kantauri Itsasora eta bestea Ebroko arrora. Bertan bi laku handi sortu ziren, bata Erriberan eta bestea Trebiñun. Ebaporita ugari egon ziren, igeltsu eta gatzez osatutakoak, adibidez.[64]
Kuaternarioa orain dela 2,58 milioi urte hasi zen eta gaur egun arte irauten du. Fanerozoikoko periodo geologikorik laburrena da. Gaur egungo animaliak eta gizakia egoteagatik bereizten da. Klima oso aldakorra izan da. Bi epokatan banatzen da: Pleistozenoa eta Holozenoa.
Pleistozenoa orain dela 2,58 milioi urte hasi eta orain dela 11.700 urte amaitu zen. Izotz aroak izan ziren nabarmen garai honetan, Eozenoaren erdialdean hasi zen hoztearen ondorioz. Lau glaziazio independente egon ziren, glaziarrak 40ºN baino beherago jaitsi ziren gune menditsuetan. Bitartean, Afrikaren desertifikazioa askoz nabarmenagoa egin zen, Sahara, Namib eta Kalahari basamortuak sortu ziren. Mamutak, nagi erraldoiak, otsoak eta beste megafauna batzuk agertu ziren. Homo sapiensaren sorrera era garai honetan hasi zen, Afrikan egondako lehorte erraldoi baten ostean. Pleistozenoa amaitzen ari zela, megafauna gehiena desagertu zen, baita giza espezie batzuk, neandertalak kasu. Afrikan megafaunaren adibide batzuk mantendu ziren, hipopotamoak eta errinozeroak kasu. Gizakiak iraungitzen honetan izan duen papera eztabaidan dago[65].
Holozenoa orain dela 11.700 urte hasi zen eta gaur egun arte luzatzen da[66]. Historia Unibertsala biltzen duen garaia da. Gizakiak orain dela 10.000 urte hasi zuen ekintzaren ondorioz espezie asko desagertu dira, nahiz eta Industria Iraultzaren ondoren nabarmena izan den[67][68]. Gizakiak kontinenteak banatu (Panamako kanala, Suezko kanala), nekazaritzaren bidez basogabetze erraldoia egin eta berotze globala eragin ditu, besteak beste.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.