From Wikipedia, the free encyclopedia
Klaudio Galeno (antzinako grezieraz: Κλαύδιος Γαληνός, latinez: Claudius Galenus; Pergamo, 129ko iraila– Erroma, c. 200/216) mediku greziarra zen, Erromatar Inperioaren garaian bizi izan zena[1][2][3]. Antzinaroko ikertzaile mediko osoenetakotzat jotzen da, eta bere ikuspuntuak Europako medikuntzan mila urte baino gehiagotan nagusitu ziren anatomian[4], fisiologian, patologian, farmakologian[5] eta neurologian, baita filosofia[6] eta logikan ere.
Galeno | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Pergamo, II. mendea |
Herrialdea | Antzinako Erroma |
Bizilekua | Pergamo |
Heriotza | Erroma, III. mendea ( urte) |
Familia | |
Aita | Aelius Nicon |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | antzinako greziera |
Irakaslea(k) | Albinus (en) Satyros (en) Aelianus Meccius (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | mediku idazlea, zirujaua, biologoa, neurozientzialaria, medikua eta filosofoa |
Eragin handia eduki du Medikuntzaren historian zehar. Gaur egun, oraindik erabiltzen da galeno hitza medikuaren sinonimo moduan.
Galeno Greziaren eraginpean hezi zen, Asklepio jainkoaren tenpluan, zaintzaile (therapeutes) ibili zen. Medikuntza ikasi zuen Hipokratesen bi jarraitzailerekin: Estraconio eta Satiro, eta, gero, Esmirna, Korinto eta Alexandriako medikuntza eskoletara joan zen. Azkenik, Erromara joan zen, eta gladiadoreen mediku fama zela eta, Marco Aurelio enperadorearen sendagile hautatu zuten.
Erdi Aroan, Galenoren anatomia-idazkiak Erdi Aroko medikuen unibertsitate-ikasketen zutabe bihurtu ziren, baina, Mendebaldeko Erromatar Inperioa V. mendean erortzearen ondorioz, horiek geldialdi intelektual nabarmena eragin zuten. Hala ere, Bizantziar Inperioan eta abasstar kalifa-herrian, aurrerapen horiek aztertzen, eta ematen jarraitu zuten. Galenoren ideia batzuk ez ziren zuzenak, ez baitzuen inoiz giza gorputz bat disekzionatu, gizarte greko-erromatarrean praktika horri buruz zeuden tabuak direla eta. Hala ere, ekarpen nabarmenak egin zituen: Erasistratoren akatsa zuzendu zuen, zeinak arteriek airea zeramatela uste baitzuen, eta medikuntzaren lehen esperimentalistatzat hartzen da[7]. Erdi Aroan, Boloniako medikuntza-irakasle eta ikasleak gorputzak disekzionatzen hasi ziren; Mondino Luzzikoak (1275-1326) giza disekzioetan oinarritutako anatomiaren lehen liburu ezaguna idatzi zuen[8][9].
Erdi Aroan, Claudio izena eman zitzaion, baina horrek akats historiografikoa dirudi, Aro Modernoan zuzendu zena, haren testuek onarpen berritua lortu zutenean. 1530eko hamarkadan, Andrés Vesalio Bruselako anatomista eta medikua, Galenoren testu asko grezieratik latinera itzultzen hasi zen, eta, bere De humani corporis fabrica (1543) anatomiaren argitalpenean, eragin garrantzitsua izan zuen mediku greko-erromatarraren lanak[10].
Galeno Pergamon jaio zen —gaur egungo Bergama, Turkia— 129. urtean, familia aberats batean. Bere aitak, Elio Niconek, arkitekto izateaz gain lur-jabe zenak, kontu handiz hezi zuen pentsamendu estoikoan, agian, semea filosofo bihurtu asmoz. Galenok, oso gaztetatik, askotariko gaiak landu zituen: nekazaritza, arkitektura, astronomia, astrologia, filosofia, medikuntzan kontzentratu zen arte.
Esaten denez, aitak medikuarengana jo zuen, medikuntzaren jainkoarekin, Esculapiorekin, gau batean amestu ondoren, zeinak semearen patua iragarri baitzion.
Hala, hogei urte zituela, Pergamoko Asclepeioneko Asclepio jainkoaren therapeute (ikasle edo bazkide) bihurtu zen Galeno, lau urtez, eta medikuntza-ikasketak hasi zituen. Ondoren, tenplua utzi, eta Esmirna eta Korintora joango zen ikastera. Lehen urte horietan, Hipócrates Kosekoa sendagile ezagunaren obra ezagutuko du, bere ibilbidean erreferentzia nagusi izango zena.
Galenok Alexandrian, (Egipto), ptolomeotarren hiriburu zaharrean eta Mediterraneoko kultura-zentro nagusian osatu zituen ikasketak. Galenok azterketa anatomikoek eta fisiologikoek medikuntzarako duten garrantzia ikasiko zuen hemen, eta Herofilo eta Erasistrato anatomista garrantzitsuen lanarekin harremanetan sartuko zen.
157. urtean, aitaren heriotzaren berri izan zuenean, Pergamora itzuli zen, zeinak dirutza handia utzi zion. Han, mediku gisa aritu zen hiru edo lau urtez, gladiadoreen eskolan. Garai horretan, kolpe eta zaurien tratamenduan esperientzia hartu zuen. Urte batzuk geroago, zauriak «gorputzeko leihoak» izenaz aipatuko zituen.
162tik aurrera, Erroman bizi izan zen, hiriburu inperialean[11], eta, bertan, hainbat lan idatzi zituen, anatomiari buruz zuen ezagutza publikoki erakutsiz. Mediku aditu gisa, ospe handia lortu zuen, eta bezero ugari zituen. Flavio Boecio kontsulak auzitegian sartu zuen, eta Marko Aurelio enperadorearen eta haren korregente Luzio Veroren gortean, mediku izan zen azkenean. Denboraldi labur batez, Pergamora (166-169) itzuli zen, Komodok (Marco Aurelioren semea) deitu zion arte.
Gortean egon zen bitartean, Galeno gertaera garrantzitsuen lekuko izan zen, hala nola antoninotar izurria deritzonaren etorrera —bere lanetan deskribatu eta kontatu zuena—, gerra markomanoak, Komodoren hilketa, gerra zibila eta Septimio Severoren tronura iristea.
Antzinako Erroman gorpuen disekzioa legez debekaturik zegoenez, Galenok hainbat ikerketa egin zituen zerriak edo tximinoak disekzionatuta. Horren ondorioz, giza gorputzari buruzko ideia oker batzuk zituen. Galenok gorte inperialean igaro zuen bere bizitzaren gainerakoa, idazten eta esperimentuak egiten. Animalia askoren bibisekzioak egin zituen giltzurrunen eta bizkarrezur-muinaren funtzioa aztertzeko.
Batez ere grezieraz idatzi zuen, garaiko medikuntzan latinak baino askoz ospe handiagoa baitzuen. Bere testigantzen arabera, hogei eskribau erabili zituen bere hitzak idazteko. 191ean, sute batek bere obra batzuk suntsitu zituen. Haren lan nagusia, Methodo medendi —sendatzearen arteari buruzkoa—, oso garrantzitsua izan zen medikuntzan hamabost mendez.
Haren heriotzaren data, tradizioz, 201. urtearen inguruan zenbatetsi izan da Suda lexikoaren X. mendeko erreferentzietan oinarrituta. Beste aditu batzuek, ordea, heriotza-data 216. urtera arte atzeratzen dute.
Izan zuen ospea, ez bakarrik Erroman, laurehun testu baino gehiago zituen bere literatura-jarduera handiagatik izan zen, hein batean; horietatik, ehun eta berrogeita hamar inguru iritsi zaizkigu, batez ere garai hartako meritu handiko baina fidagarritasun mugatuko itzulpenen bidez. 2015. urtean, Erremedio sinpleen prestakin eta ahalmenez lanaren palimpsesto[12] bat aurkitu zen, autorearen zenbait ezaugarri argitzea espero dena[13].
Galenoren lana tradizio hipokratikoan oinarritzen da, eta Platonen eta Aristotelesen pentsamenduaren elementuak batzen ditu, Posidonioren estoizismoaren bidez jasotzen duena. Gainera, prestakuntza bikaina izan zuen, eta, horri esker, sakonki ezagutu ahal izan zituen orduko eskola medikoak, eta, horri guztiari, bere ekarpen originalak erantsi zizkion.
Haren fisiologia, adibidez, Aristotelesen ideietan oinarritzen da, hots, izaeraren, mugimenduaren, kausaren eta helburuaren ideietan, arima bizi-printzipio gisa hartuta, Platonen ideien arabera, zeinak bereizten baitzuen: arima desiragarria —gibelean du egoitza—, arima suminkorra —bihotzean— eta arima arrazionalaren —garunean— artean.
«Fisiologia orokorra» da gorputzaren funtzionamenduari buruzko mundu klasikoaren teoriaren oinarrizko kontzeptuak aztertzea: bertuteak, eragiketak eta espirituak.
Espiritu bat —spiritus, grezierazko pneuma itzultzen duen termino latinoa—, antzinako fisiologiarentzat, oso gai sotila da, barrunbe bateko organoak abian jartzen dituena. Beraz, medikuntza klasikoan, espiritu kontzeptua ez da materiaren kontzeptuarekin kontrajartzen, espirituak materiaren forma berezia baitira —eta, bereziki, sotila—.
Galenorentzat, eta handik abiatuta antzinako medikuntza osoarentzat, espirituak hiru motatan multzokatzen dira, hiru arima-motei dagozkienak —arima gisa psike-a ulertuz, mugimenduaren eta izaki bizidunen aldaketen printzipioa—:
Elikagai bat irenstean gertatuko litzatekeenetik abiatuta ager daiteke giza gorputzaren funtzio nagusien ikusmolde klasikoa. Lehenik eta behin, murtxikatzeko ahoaren eta irensteko ahoaren bertuteak eragingo lukete, eta, horiek osatzeko, urdailak elikagaia erakarriko luke; dohain horien guztien arteko elkarreraginak irensteko eragiketa osatuko luke.
Urdailaren bertute bihurtzailearen bidez, irentsitako elikagaiak kilo bihurtzen dira.
Elikagaiak urdailean eta hestean egiten dituen prozesuei lehen digestioa deitzen zaie. Sortuko diren ondoz ondoko digestioek purua eta purua ez dena bereiziko dituzte, eta horietako bakoitzak hondakin batzuk sortuko ditu. Hondakin horiek ezabatu egingo dira, eta, hala, gainerakoak garbitu egingo ditu. Lehenengo digestioaren hondakinak gorozki beltzak izango dira.
Kiloa —lehen digestioak garbitutako elikagaiak— gibelera eramango da —zain mesenterikoetatik eta portatik—, eta han bigarren digestioa jasango du, eta handik humoreak sortzen dira —gibela da, beraz, lau humoreak, eta, batez ere, odola, garatzen den lekua, jada kilo bihurtutako elikagaitik—. Bigarren digestioak ere hondakinak sortzen ditu; giltzurrunetara joango dira, eta gernuaren bidez kanporatuko dira.
Behazun beltza edo atrabilisa, gibelean sortzen den humoreetako bat, hein handi batean, barera doa. Beste zati bat, gibelean sortu berri den odolarekin nahastuta, zainetan banatzen da —zainetako odola da. Galenoren medikuntzan, zain-sistemak gibelean du jatorria, eta hartatik adarkatzen da —eta ez bihotzetik. Gibela, abdomenaren funtsezko organoa, zainen iturria da, eta zainetako odola organismo osoan banatzen dute —humoreak nahastuta edukitzeagatik, arteria-odola ez bezalako kolorea izango du, puruagoa baita.
Kaba zainetik ere odola iritsiko litzateke gibeletik eskuineko aurikulara, eta, hortik, eskuineko bentrikulura, non bi aukera aurkituko bailituzke: zati batek bentrikuluen arteko trenkada zeharkatuko luke, zenbait porotatik ezkerreko bentrikulura pasatuz; gainerakoa, biriketara joango litzateke, eta, beraz, arteria-zaina deitzen zioten —gaur egungo birika-arteria. Eskuineko bentrikulutik birikara doan odol horrek elikatzeko balioko luke —eta, beraz, ez litzateke bihotzera itzuliko.
Birikatik ezkerreko aurikulara joango liratekeen «zain-arteria» batzuk ere egongo lirateke —gaur egungo birika-zainak. Zain-arteria horiek ez lukete odolik eramango —birikara heldu zena bertan gelditu zen; ez dago biriketako zirkulaziorik antzinako fisiologian. Arteria-zainek eramango zutena pneuma litzateke, birikak arnasa hartzean airetik aterako lukeen espiritua. Aurikulatik ezkerreko bentrikulura pasatzen den pneumak han aurkitzen du beste bentrikulutik, poroetatik, igarotako odola.
Ezkerreko bentrikuluan, pneumak odola purifikatu, eta arindu egiten du; odola garbitu ondoren sortzen diren hondakinak arnasaren bidez kanporatzen dira. Odol pneumatizatu hori —gaur egun, odol oxigenatua deitzen zaio— arteria-sistemaren bidez banatzen da organismo osoan. Gorputzaren atal ezberdinetan, anastomosiak edo arteria-zainak daude, non bi odol-motak nahastuko diren —gibeleko zain-odola eta ezkerreko bentrikulutik datorren pneumatizatua. Odolen nahasketa ontziz aldatuko da, eta, behin arterietatik eta zainetatik kanpo, pixkanaka solidotuko da gorputzeko atalak elikatuz eta handituz, haiek osatzen dituen materia bihurtzen baita —azken batean, humoreen solidotzea da. Horrela, odola gorputzeko atal desberdinetan eraldatzen da, eta, beraz, ez da bihotzera itzultzen. Odola gorputzeko atal bihurtzeko prozesua da hirugarren digestioa, eta horren hondakinak izerdi, ile, azazkal eta abarren bidez kanporatuko dira.
Burmuinera, baita gainerako organoetara ere, odola iritsiko litzateke, eta rete mirabile delakoan banatuko litzateke —meningetan dagoen arteria-zaina, berez txerrietan dagoena baina ez gizakietan. Han, odolaren hirugarren digestio edo egosteak materia oso sotila emango luke produktu gisa, eta horri esker funtziona lezakete harreman-bizitzako bertute espiritual eta tipikoenek —gogo-aldarteak. Digestio honi dagozkion hondakinak zentzumenen organoen bidez kanporatuko lirateke: makarrak, belarriko argizaria, sudurreko mukiak, etab.
Galen ilargi-kraterrak —grafia ingelesaren arabera— izen hori bere memorian darama.
Liburu ugari idatzi zituen, tartean ondorengoak:
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.