janzteko erabiltzen den edozein arropa edo osagarri From Wikipedia, the free encyclopedia
Jantziak (edo janzkiak, arropak edo soinekoak) dira gizakiek gorputza babesteko, estaltzeko edo apaintzeko erabiltzen duten edozein gauza. Gehienetan, ehunez eginak izaten dira (kotoia, artilea, lihoa eta gisakoak), baina, historian zehar, animalia larruz edo ingurumenean aurkitzen diren beste material eta produktu naturalez eginak izan dira. Gizakiek soilik erabiltzen dituzte jantziak, eta gizarte ororen ezaugarria dela esan daiteke. Erabiltzen diren jantzien kopurua eta mota zenbait faktoreren mende egoten da: kontsiderazio geografiko eta klimatikoak, sexua, gorputz mota, faktore sozialak eta abar. Jantziek, oro har, gorputza estaltzen dute, oinetakoek oinak, eskularruek eskuak, kapelek edo ginbailek burua, eta azpiko arropek gorputz atal intimoak.
Jantziak helburu ugari izan ditzake: babesa izan daiteke, naturako elementu, gainazal latz, harri zorrotz, landare sumingarri edo intsektuen ziztaden aurka, larruazalaren eta ingurumenaren arteko hesia sortzen baitu. Jantziak hotzetik edo berotik isolatu dezake, eta higiene hesi bat eskain dezake, material infekziosoak eta toxikoak gorputzetik urrun egon daitezen. Oinak babesten ditu, lesiorik edo ibiltzeko eragozpenik sor ez dadin, eta zenbait girotan ibilera erraztu dezake, adibidez harea, izotz edo elur gainean. Jantziak erradiazio ultramorearen aurkako babesa ere ematen du. Begien itsutzea saihesteko edo ikusmen zolitasuna areagotzeko erabil daiteke, ingurune gogorretan, kapela hegaldunek egiten duten gisan. Berariazko lan eta zereginetan, kiroletan eta gerran jaso daitezkeen lesioetatik babesteko erabiltzen dira jantziak. Sakelekin, gerrikoekin edo begiztekin hornituta, jantzia bitarteko bat izan daiteke eskuak libre diren bitartean gauzak soinean garraiatzeko.
Janzkiak faktore sozial garrantzitsuak ditu. Arropa jakin batzuk janztea arau sozial aldakor baten adierazle izan daiteke; adibidez, apaltasuna adieraz dezake. Biluzik edo larrugorrian egotea besteren aurrean deseroso edo, desegoki izan daiteke. Munduko leku askotan, sexu organoak, ugatzak edo ipurmasailak bistan izatea, estaltzeko jantzirik gabe, exhibizionismotzat hartua izan daiteke. Pubisaren eremua edo genitalak estaltzea gutxienekotzat jotzen da nonahi, kulturaz haraindi eta klima edozein dela ere, konbentzio sozial bat ohitura bilakatu dena. Jantziak izan daitezke, baita ere, estatus soziala, aberastasuna, talde nortasuna edo indibidualismoa agerrarazteko tresna edo ikur.
Norbera babesteko ekipamendu mota batzuk jantzitzat har daitezke, adibidez, lohihartzekoak edo sendagileen mantal zuria. Babes ekipoen forma espezializatuenak, hala nola aurpegi babesgailuak, babesgailu gisa sailkatzen dira. Muturrera eramanda, urpekaritza jantzi autonomoak edo espazio jantziak gorputzaren formako estalgarriak dira, janzkera baten parekoak, berez arropa izan gabe; izan ere, jantzi bat baino gehiago, gailu teknologikotzat har daitezke. Ildo horri jarraituz, teknologia janzgarria dago, laguntza gailuak jantzian bertan txertaturik daudenean.
Batzuetan, jantziak garraio sistema pertsonal batekin hibridatzen dira (izotz patinak, patin gurpildunak, galtza sakeladunak, aire zabalean bizirik irauteko kutxak, gizaki-orkestra) edo ezkutatze sistema batekin (ilusionistak, espioitzarako sakela ezkutuak, merkatu beltzean saltzen aritzeko gabardinak, non jantziaren helburua maiz mozorro izatea baita).
Jantzi hitza aldi berean aditza edo izena izan daiteke. Aditz funtzioa betetzen duenean, «gorputza arropaz estali» adiera orokorraz gain,[1] «zerbait den eran jantzi» izan daiteke; adibidez, «jendea baserritar jantzita zebilen».[2]
Guztiz argi ez dagoen arren, badirudi duela 100.000 urte hasi zirela gizakiak jantziak erabiltzen.
Antropologia Ebolutiboko Max Planck Institutuko antropologoek egindako ikerketetan, jantzien lehen erabilera datatu ahal izan zuten zeharbidez, zorrietan oinarritutako zeharkako metodo baten bidez. Dedukzio hau egin zuten: giza zorria ezin da jantzietatik kanpo bizi, ordu gutxi batzuen buruan hiltzen baita babesik aurkitu ezean. Horrek esan nahi du gizakiari dagokion jatorrizko zorria (Pediculus humanus) ezin izango zela espezialitatetan banatu gizakiek jantziak erabili arte. Beraz, gorputz zorria (Pediculus humanus corporis) jatorrizko espezietik eta anai-arreba duen subespezietik, buruko zorritik (Pediculus humanus capitis), desbideratu zen data jakin daiteke aztertutako denboran bakoitzak izan zuen mutazio kopuruaren bitartez. Mutazio horiek erritmo ezagunean gertatu zirenez, bi espezieen azken arbasoaren data maiztasunaren arabera kalkula daiteke. Azterketa horien emaitza da data hori duela 40.000–170.000 urtera bitarteko tartean gertatu zela, eta espezializatzeko aukera handiena duela 107.000 urte inguru izan zela.[3]
Ikerketa egin zuten antropologoen iritziz, jantzien asmakuntza gertatu zela Homo sapiens modernoa iparralderantz migratzen hastearekin batera, Afrikako klima beroa lagata, duela 100.000 eta 50.000 urte bitartean. Beste ikerketa batzuek, erloju genetikoan oinarrituta, jantziak duela 30.000–14.000 urte sortu zirela uste dute.[4]
Aztarna arkeologiko zuzenetan oinarritutako datazioek antzeko emaitzak sortu izan dituzte. 2021eko irailean, zientzialariek jakinarazi zuten duela 120.000 urte jantziak egiten zirela, Marokoko zenbait aztarnategitan egindako aurkikuntzen ondorioz.[5][6]
Antropologo eta arkeologoen arabera, lehen jantziak izan ziren gorputzaren gainean ezarri, bildu edo lotutako ilajeak, larruak, hostoak edo belarra. Jantzi mota hori izan zela modu inferentzialean soilik jakin daiteke, era horretako materialak aise hondatzen baitira harri, hezur, maskor eta metalezko tresnekin alderatuta. Arkeologoek, K.a. 30.000 inguruko hezur eta bolizko jostorratzak identifikatu zituzten 1988an, Kostenki (Voronezh oblasta, Errusia, 1988) inguruan ,[7] eta, 2016. urtean, Denisovako harpean (Siberia, Errusia) gutxienez 50.000 urteko jostorratz bat aurkitu zuten, Denisovako gizakiek egina.[8] Tindatutako liho zuntza zaharrenak K.a. 34.000 urtekoak dira, eta baliteke jantzietan erabiliak izatea. Georgiako historiaurreko haitzulo batean aurkitu ziren.[9][10]
Giza kultura askok, Zirkulu polar artikoan bizi direnek barne, animalien larru eta azalekin soilik egin izan dituzte historikoki beren jantziak. Beste gizarte batzuk, aldiz, ehunez osatu edo ordeztu izan dituzte larrukiak, puntuzko ehunez edo askotariko animalia eta landare zuntzez osatuak, hala nola artilea, lihoa, kotoia, zeta, kalamua eta Boehmeria nivea.
Kontsumitzaile modernoek jantzi ekoizpena bermatutzat har badezakete ere, oihala eskuz egitea prozesu luze eta eskulan neketsua eskatzen duena da: zuntza sortzea, irutea[11] eta ehuntzea. Industria Iraultzan, ehungintza izan zen mekanizatzen lehena, ehungailu mekanizatuarekin.
Zenbait kulturatan oihalezko jantziak sortzeko modu asko garatu dira. Era erraz bat da oihalak modu jakin batean tolestea, jantziak sortzeko. Jende askok janzten zituen, eta oraindik ere janzten ditu, oihalezko laukizuzenak, adibidez dhoti eta sariak Indiako azpikontinentean, kilt gonak Eskozian, eta sarong soinekoak Javan. Era horretako jantziak lotu egin daitezke (dhoti eta sariak) edo estekagailuekin nahiz gerrikoekin eraman (kilt eta sarongak), arropak bere lekuan mantentzeko . Oihala moztu gabe egoten da, eta era guztietako pertsonek erabil dezakete, norberaren jantzia egokitzeko.
Beste hautabide bat da oihala neurtzea, ebakitzea eta jostea, eskuz edo josteko makina batekin. Jantziak josketa patroi batez moztu daiteke eta jostun batek erabiltzailearen neurrietara egokitu. Josteko maniki doigarriak erabiltzen dira tamaina desberdineko jantziak egiteko. Oihala garestia bada, jostunak oihalezko laukizuzenaren zati bakoitza erabiltzen saiatuko da jantziak egiteko. Atorrak eta gonak egiteko Europako eredu tradizionalek ikuspegi hori hartzen dute, hau da, oihal zati txikienak erabiltzea adabaki gisa. Gainera, jantzia bukatu ondoren gelditzen diren zatikiak erabil daitezke gainsakelak, burukoak, barneko motzak eta gonak egiteko.
Europako moda modernoak askoz gutxiago aurrezten du oihala, normalean mozten baita halako moldez non zenbait oihal aztarna uzten baititu forma jakinik gabe. Jostura industrialak hondakin gisa saltzen ditu soberakin horiek; etxeko jostunek ohazabalak egiteko erabili ohi dituzte.[12]
Gizakiak jantziak egiten eman dituen milaka urtetan, ezin konta ahaleko estiloak sortu dira. Horietako asko berpiztu izan dira, askoz geroago, gordetako jantzi aleak, argazkiak, pinturak, mosaikoak eta abar baliatuz, baita deskribapen idatziak ere. Janzkeraren historia egungo moda diseinatzaileen inspirazio izan daiteke, baita antzerki lanen, filmen, telebistaren eta birsortze historikoaren jantzigileentzat.
Erosotasuna pertzepzio eta behar fisiologiko, sozial eta psikologikoekin dago lotua, eta, janariaren ondotik, jantziak betetzen ditu erosotasun premiak, gizarte garatuetan. Arropak erosotasuna eskain dezake estetikaz, ukipenaz, alderdi termikoaz, hezetasunaz eta presioaz.[13]
Jantzien eginkizun berehalako eta argiena da erabiltzailea elementuetatik babestea. Haizeak kalterik ez egiteko balio dute, eta eguzki erreduren aurkako babesa ematen dute. Hotz denean, isolamendu termikoa eskaintzen dute. Aterpean eta babespean, jakina, arroparen beharra asko murriztu daiteke. Adibidez, leku epel batera iristen garenean erantzi ohi ditugu berokiak, kapelak, eskularruak eta kanpoko beste jantziak. Era berean, urtaroaren eta eskualdearen arabera izan ohi da janzkera: oihal meheak eta jantzi gutxiago eskualde eta denboraldi beroetan, lodiago eta ugariagoak leku edo garai hotzetan. Euritatik eta elurretatik babesteko diseinatutako botak, txanoak, jakak, pontxoak, eskularruak eta berokiak jantzi espezializatutzat jotzen dira.
Jantziak era askotako materialez eginak dira, larruz eta oihalez, ehun natural eta sintetikoz. Gorputzeko estaldura guztiak ez dira janzkitzat hartzen. Osagarritzat jotzen dira janzteko ezinbestekoak ez diren beste artikuluak (zorroak, esaterako), gorputzaren zati bakar batean jantzi eta erraz eranzten diren gaiak (lepokoak), apaintzeko soilik erabiltzen direnak (bitxiak), edo babes funtzioa betetzen ez duten artikuluak. Esate baterako, betaurreko zuzentzaileak, eguzkitako betaurreko edo elurretako betaurrekoak ez lirateke osagarritzat hartuko, haien babes funtzioak direla eta.
Giza gorputz biluzia hondatu edo narrita lezaketen gauza askotatik babesten dute jantziek, hala nola euria, elurra, haizea edo eguzkia. Jantzi soil, mehe, txiki edo doituek babes gutxiago ematen dute. Arropa egokiak arriskua murriztu dezake lanean edo kirolean. Jantzi batzuek babes izan daitezke arrisku berezien aurrean, hala nola intsektuak, gai kimikoak, klima, armak eta substantzia urratzaileak.
Gizakiek ingurumen arriskuetarako edo bestelako arriskuetarako jantzi berezituak asmatu dituzte: jantzi espazialak, burdin jantzia, urpean igeri egiteko jantziak, bainujantziak, erlezaintzako ekipamendua, motozikleta ibiltzeko larru jantziak, ikusgarritasun handiko jantziak eta bestelako babes jantziak. Batzuetan, ez dago argi jantzien eta babes ekipamenduen arteko bereizketa; izan ere, modan egoteko diseinaturiko jantziek babes zeregina dute maiz, eta sarritan funtzio jakin bat betetzeko diseinaturiko arropak estilo korporatibo bat du diseinuan.
Janzkera hautuak ondorio sozialak ditu, baita ere. Arau sozialen aginduz estali beharreko gorputzeko zatiak ezkutatzen ditu janzkerak, apaingarria izan daiteke eta beste helburu sozial batzuetarako balio du. Pobreziagatik, beste arrazoiengatik edo interes faltagatik janzkera egokia ez daramana utzia, alproja edo zarpaila dela esaten da.[29]
XIX. mendetik aurrera, jantziei eta haien funtzioei buruzko liburu ugari argitaratu izan ziren, Europako potentzia kolonialak ingurune berrietan bizi izaten hasi zirenean, hala nola Asiako giro tropikalean.[30] XX. mendearen lehen erdian jantziek zituzten funtzio ugariei buruzko ikerketa zientifiko batzuk egiten eta argitaratzen hasi ziren.[31][32] 1968rako, ingurumen fisiologiaren esparrua nabarmen garatu zen, baina jantzien zientzia gutxi aldatu zen ingurumen fisiologiari dagokionez.[33] Geroztik, ikerketa handia izan da gai hauetan, eta jakintza nabarmen aurreratu da, baina kontzeptu nagusiak ez dira funtsean aldatu.[34]
Jantziak gizakiaren historiaren lekuko bat direla esan daiteke. Ikerlari askoren iritziz, museoetako bildumetan gordetako jantziak ikasketa iturri garrantzizkoa dira, liburuen eta pinturen antzera.[35] Mundu osoko adituek aztertu izan dituzte jantzien inguruko gaiak, besteak beste, jantzi jakin batzuen historia,[36][37] kultura talde desberdinetako jantzi estiloak[38] eta modaren negozioa.[39] Linda Baumgarten ehun kontserbatzaileak dioenez, «jantziek eguneroko bizitzaren irudi nabarmena ematen dute, iraganean bizi izan zirenen sinesmen, itxaropen eta ikuspenak».[40]
Jantzigintzak erronka batzuk ezartzen dizkie historialariei. Izan ere, ehunez edo larruz egindako jantziak aise hondatzen dira, eta jantzien osotasun fisikoaren higadurarekin batera informazio kultural asko galtzen da.[41] Gainera, museoetan gordetzen dira jantzi gehienetan garrantzitsu, bakar edo adierazgarritzat hartzen direnak, eta horrek mugatu egiten die ikerlariei eguneroko jantziei buruzko azterketak egiteko aukera.[35]
Kultura gehienetan, egokitzat jotzen da jantziak generoaren arabera bereiztea. Estiloak, koloreak, oihalak eta motak desberdinak izan ohi dira emakumeentzat eta gizonentzat.
Mendebaldeko gizarte garaikideetan, gonak, soinekoak eta takoidun oinetakoak emakumeentzako jantzi gisa ikusten dira, eta gorbatak, berriz, gizonezkoentzako jantzi gisa. Lehen, galtzak gizonezkoentzako ziren soilik, baina gaur egun bi sexuek erabiltzen dituzte berdin. Gizonezkoen jantziak, sarritan, praktikoagoa dira (hau da, egoera ugaritan ongi funtziona dezakete), baina merkatuan jantzi estiloen sorta zabalagoa dago eskuragarri emakumeentzat. Oro har, gizasemeek aukera dute bularra leku publiko gehiagotan biluzteko, emakumeek baino. Baita ere, ohikoa da emakume batek «gizonezkotzat» hartzen den arropa erabiltzea; alderantziz, berriz, hau da, gizonak «emakumeen jantziekin» ikustea ezohikoa[42] edo harrigarria da,[43] mozorroetatik kanpo. Gizaseme garaikideek, batzuetan, gizakien gonak erabil ditzakete, esate baterako togak edo kiltak, kultura batzuetan, bereziki zeremoniazko ekitaldietan. Garai batean, gizonek jantzi horiek eguneroko arropa arrunt gisa erabiltzen zituzten.
Kultura batzuetan, legeetan nahi izaten dute arautu gizonek eta, batez ere, emakumeek jantzi behar dutena. Islamak eskatzen du emakumeek janzkera jakin batzuk erabiltzea, batik bat hiyab. Herrialde musulmanetan emakumeek nahitaez jantzi beharrekoak aldatu egiten badira ere, emakumeek estaliago eraman behar dute gorputza, gizonek baino. Emakume musulmanek lege edo tradizio horien mende eraman beharreko jantziak buruko oihaletik burkara iritsi daitezke. Mendebaldeko herrialde batzuetan halako beharkizunek eztabaida sozial eta legala piztu izan dute.[44]
Jantzi garaikide batzuk emakumeek nahiz gizonek berdin erabiltzen dituzten arren ―hala nola elastikoak―, sortzez gizonezkoentzat diseinatuak izan ziren; alderantziz, emakumeentzat sortutako jantzi batzuk, adibidez fedora kapelak, gizonezkoen janzkerara igaro izan dira.
Aro moderno goiztiarrean, janzkera estatus soziala adierazi eta baieztatzeko bide garrantzitsu bat izan zen. Kalitate handiko oihalak eta modako diseinuak janztea aberastasunaren eta estatusaren berri emateko ikur nagusia zen, eta, horren bidez, modaren azken joeren berri emateko modu bat zen. Horren ondorioz, janzkerak garrantzi handia izan zuen hierarkia soziala markatzeko herritar guztien aurrean.[45]
Historian zehar eta kultura jakin batzuetan, jantziak erabili izan dira maila soziala edo egoera adierazteko. Antzinako Erroman, adibidez, senatariek bakarrik erabil zitzaketen Tiroko gorrindolaz tindatutako jantziak. Hawaiiko gizarte tradizionalean, goi mailako kideek bakarrik erabil zitzaketen lumaz egindako kapak edo palaoak, balea hortz zizelkatuak. Txinan, errepublika ezarri aurretik, enperadoreak bakarrik erabil zezakeen horia jantzietan. Historian zehar maiz eman dira lege xedapenak, jendeak zer jantzi zezakeen arautzeko.[46] Halako legerik ez duten gizarteetan, non gizarte moderno gehienak sartzen baitira, gizarte estatusa markatu ohi da artikulu luxuzkoen bitartez, soilik aberatsen edo estatusa dutenen eskura daudenak. Gainera, kidekoen presioak eragina du janzkeraren hautuan.[47]
Jantzi erlijioso batzuk laneko jantzien kasu berezitzat har daitezke. Batzuetan, erlijio zeremoniak egiteko baino ez dira erabiltzen. Hala ere, egunero erabil daitezke estatus erlijioso bereziaren markatzaile gisa. Sikhismoaren jarraitzaileek turbante bat erabiltzen dute bere erlijioaren parte delako.
Erlijio batzuetan, hala nola hinduismoan, sikhismoan, budismoan eta jainismoan, oso garrantzitsua da soineko erlijiosoak garbi eramatea, purutasuna adierazten baitu. Juduen errituak eskatzen du goiko jantzia urratua eramatea, dolu gisa. Koranak hau esten die senarrei emazteei buruz: «...haiek janzkera bat dira zuretzat, zu haientzat zarenaz bezainbatean» (arabieraz: هُنَّ لِبَاسٌۭ لَّكُمْ وَأَنتُمْ لِبَاسٌۭ لَّهُنَّ ۗ عَلِمَ; frantsesez: «...sont pour vous un vêtement autant que vous l’êtes pour elles») (2:187).[48] Kristau apaizek jantzi erlijiosoak eramaten dituzte liturgia ekitaldietan, eta baina beste une gehienetan arropa berezi ez-liturgikoa eraman ohi dute, bereziki lepagora. Aldiz, lekaime eta fraide ordena erlijioso katoliko gehienek jantzi bereziak eramatea arauzko dute, ordenaren bereizgarritzat hartzen baitute.
Jantziak Bibliako testuinguru askotan agertzen dira. Pasarte nabarmen artean daude, besteak beste, Adanen eta Evak piku hostoez gorputz estalgarriak egiten dituztenekoa, Josefen ketonet passim (hebreeraz: תֹנֶת פַּסִּים, «kolore askotako berokia»), edo Judaren eta Tamarren nahiz Mordekairen eta Esterren jantzia. Gainera, Jerusalemgo tenpluan aritzen ziren apaizek oso arropa bereziak zituzten, eta, halakorik ezean, hil egin zitzaketen.[49]
Mendebaldeko jantzien kodea asko aldatu egin da azken 500 urteetan. Ehungintza mekanizatzearen ondorioz, oihal eskaintza ugari dago eskuragarri, arrazoizko salneurritan. Estiloak aldatu egin dira, eta oihal sintetikoen aukerak aldatu egin du «dotore» jotzen zen janzkeraren definizioa. XX. mendearen bigarren erdian, jeans urdinak asko hedatu ziren, hainbesteraino ezen, geroztik, jantzi formala eskatzen duten ekitaldietan ere erabiltzen ahal dira. Kirol jantziak ere merkatu zabal bat hartzen du, gero eta zabalago.
Mendebaldeko jantzien kodean, gizonek eta emakumeek erabiltzen dituzte jeans galtzak. Jeans estilo oso desberdinak daude: gerriaren garaieran arabera, zango zabaleraren edo luzearen arabera eta abar.
Diseinatzaileen izena gizarteratzeko estrategian aitzindari izan ziren Pierre Cardin, Yves Saint Laurent eta Guy Laroche, 1960ko hamarkadan, eta 1970eko hamarkadaz geroztik, modaren industrian praktika arrunta bihurtu zen. Ezagunen artean daude Marc Jacobs eta Gucci.
XX. mendeko lehen urteetan, mendebaldeko jantzi estiloak nazioarteko estilo bihurtu ziren, neurri batean. Prozesu hori duela ehunka urte hasi zen, Europaren kolonialismoaren garaian. Mendebaldeko kultura zabaltzeko prozesua mendeetan zehar finkatu da, kultura estiloak mundu osora zabalduz, are eta gehiago oraindik mendebaldeko korporazio mediatikoak mundu osoko merkatuetan sartu zirenez geroztik. Hala, moda azkarreko jantziak mundu mailako fenomeno bihurtu dira;[51] kostu oso apalekin eta azkar ekoizten diren jantziak dira, betiere mendebaldeko estilo estandarretan oinarrituta.[52] Gainera, ongintzako erakundeek herrialde pobreetara bidaltzen dituzte mendebaldeko herrialdeetatik jantzi erabiliak.
Jantzi etniko edo tradizionalak ospakizun berezietan edo zeregin zehatzetan erabili ohi dira. Hala, ohikoa da Euskal Herrian baserritar jantziak eramatea data jakin batzuetan ―San Tomas jaia, Olentzero eta abar― edo eginkizun berezietan ―esate baterako, euskal dantza jaialdietan. Era berean, Koreako herritar gehienek mendebaldeko estiloko janzkera hartu badute ere egunero erabiltzeko, oraindik ere hanbok tradizionalak erabiltzen dituzte kasu berezietan, hala nola ezkontzetan eta kultura jaialdietan. Gainera, mendebaldeko janzkiak modu bereizgarrietan jantzi edo konbinatu daitezke, beste tradizio edo estiloak gaineratuta. Adibidez, Tongako gizon batek elastiko bat erabil dezake sarong erako gona batekin.
Kirol eta jarduera fisiko gehienak arropa bereziarekin egiten dira, dela praktikotasunagatik, dela erosotasunagatik, dela segurtasun arrazoiengatik. Ohiko kirol jantzietan sartzen dira galtzamotzak, elastikoak, poloak, leotardoak, txandalak eta kirol oinetakoak. Era espezializatuagoan, neoprenozko jantziak erabili ohi dira igeriketan, urpekaritzan edo surf egiten; galtza petodunak eskiatzeko; eta leotardoak gimnastikan. Gainera, elastano materialak oinarri geruza gisa erabiltzen dira maiz kirol jantzietan, izerdia xurgatzeko. Elastanoa hautu ona da gorputzera egokitutako jantziak behar dituzten kirolean, besteak beste boleibola, borroka, atletismoa, gimnastika edo igeriketa.
Paris izan zen XX. mendeko lehen erdian (1900-1940) moda joerak ezarri zituena, bai Europan, bai Ipar Amerikan.[53] Bigarren Mundu Gerraren ondoren, 1950eko hamarkadan, aske geratzea zen helburua. Izan ere, etxetik kanpora lanean hasitako emakumeek egun osoz eraman behar zuten soinekoa. Eguneko soinekoek, beraz, gerri beheratu bat zuten, gerruntze batez edo aldakaren inguruko gerriko batez, eta gona orkatiletaraino edo, gehienez ere, belaunetaraino, inoiz ez gorago. Eguneko soinekoek mahukak zituzten (luzeak eta beso erdirainokoak) eta gona zuzen edo tolesduna.[54] Bitxiak ez ziren oso ikusgarriak izaten.[55] Ilea aski motza eramaten zuten, gizon itxuraz askotan.[56]
XXI. mendearen hasieran, moda estiloak aldagarriak ziren geografiaren, hedabide modernoen hedaduraren edo baldintza ekonomikoen arauz: goi mailako joskintza garestian hasi eta janzkera tradizionalera edo grunge estiloko bigarren eskuko jantzietaraino... Moda erakusketak diseinatzaileentzako ekitaldiak dira, diseinu berriak eta askotan bitxiak erakusteko.
Mekanizazioak giza jantzigintzaren alderdi gehienak aldatu zituen arren, XX. mendearen erdialdean, jantzigintzako langileek baldintza zailetan lan egiten jarraitu dute, lan errepikakorrak eskuz egin behar baitira. Sarritan, kateko ekoizpen bidez egindako jantziak josten dira lan esplotazioko lantegitzat har daitezkeen tailerretan, lanordu luzez, lansari urriz eta langileen ordezkaritza sindikalik gabe. Halako baldintzak garapen bidean dauden herrialdeetan aurkitu daitezke ere, herrialde industrializatuetan ere jantziak antzeko baldintzetan lantzen dira maiz.[57]
GKEen koalizioak, diseinatzaile batzuk (besteak beste, Quiksilver) eta ehungintza eta jantzigintza esparruko sindikatuak ahalegindu izan dira lan baldintzak hobetzen, erosleen arreta pizteko kanpainak eginez, bereziki hedabideetan.[58]
Ehungintzaren eta joskintzaren ekoizpena lansari apaleko herrialdeetara eraman zuten multinazionalek, bereziki Bangladeshera, Txinara, Indiara, Indonesiara, Pakistanera eta Sri Lankara, Multi Fibre akordioaren murrizpenak indargabetu zirenean, 1994an.[59] Ehun inportazioetarako kuotak ezarri zituen akordio hura neurri protekzionistatzat hartua izan zen.[60][61] Nahiz eta herrialde askok aitortzen duten Nazioarteko Lan Erakundearen hitzarmena,[62] eta langileen segurtasun eta eskubide arauak ezartzen dituzten, herrialde ugarik salbuespenak egin ohi dituzte tratatuen zati batzuetan, edo ez dituzte erabat aplikatzen.
Ehungintza industria funtsezkoa izan da garapen bidean dauden herrialdeentzat, milioika pertsonari lana eta soldatak eman baitizkio, esplotazio baldintzetan izan ala ez.[63]
Jantziak egiteko animalien larruak erabiltzea historiaurreko garaietatik dator. Gaur egun, soilik indigenek zona artikoetan eta garaiera handiko lekuetan erabiltzen dute larrua, bero eta babes handiagoa ematen baitu; herrialde garatuetan, diseinuko jantzi garestietara mugatzen da.[64][65] XX. mendearen azken hamarkadatan, baina, animalien larrua erabiltzea eztabaida sutsu baten erdigune bihurtu zen, animalien eskubideen aldeko aktibistek krudeltzat eta alferrikakotzat salatuta. PETAk eta animaliak askatzeko beste talde batzuek arreta ekarri zuten larruen hazkuntza eta krudelkeriatzat jotzen dituzten beste jarduera batzuk.
Jantzietan benetako larrua erabiltzea oso eztabaidatua da; Londreseko (2018)[66] eta Kopenhageko (2022)[67] moda asteetan benetako larruaren erabilera debekatzea adierazpen argi bat izan zen, protesta gogorren ondorioez eta gobernuen arretaz. Versacek eta beste diseinatzaile batzuk utzi zioten larrua erabiltzeari 2018aren hasieran.[68] Gucci eta Chanel moda etxeek beren jantzietan larrua erabiltzea debekatu zuten 2021ean.[69]Munduko herrialde batzuk larruzko jantzi berriak saltzea debekatu izan dute legez. 2021ean, Israelek benetako larru jantzien salmenta partzialki debekatu zuen, salbuespena egin baitzuen erlijio fedearen parte gisa erabiltzen diren jantziekin.[70] 2019an, Kaliforniako estatuak legez kanpo utzi zuen larrugintzarako ehiza, 2023tik aurrera guztiz debekatuta larruzko jantzi berriak saltzea, salbuetsita ardi, behi eta untxi larruz egindako jantziak.[71]
Jantziak barrutik nahiz kanpotik higatzen dira. Barrutik, giza gorputzak larruazalaren zelulak eta koipeak galtzen ditu, eta izerdia, gernua edo gorozkiak kanporatu ditzake. Kanpotik, eguzkiak, hezetasuna, urradura eta zikinkeria kaltegarri izan daitezke. Arkakusoak edo zorriak josturetan ezkuta daitezke. Maiz garbitzen eta berritzen ez bada, arropa higatu agiten da eta estetika nahiz funtzionaltasuna galdu (botoiak erori, josturak askatu, oihal mehetu edo urratu, eta kremailerak huts egin).
Munduko herrialde askotan, jendeak hondatu arte erabiltzen ditu jantziak. Material batzuek, hala ere, mantentze arazoak dituzte. Larrua garbitzea, esate baterako, zaila da; urratuetan eta zuloetan adabakiak jarri arren, eta azaleko zikinkeria nolabait garbitu arren, horrelako materialak zahartu egiten dira ezinbestean.
Nolanahi ere, jantzi gehienak oihalezkoak dira, eta oihal gehienak garbitu eta berriro josi daitezke (adabakiak ipini, sareztatu eta abar).
Gizakiek jantziak garbitzeko metodo espezializatu asko garatu dituzte, hasi ur lasterretan arroken kontra kolpatzea antzina, eta buka garbigailu elektronikoetan edo lehorreko garbiketa ―ura ez den beste disolbatzaileetan zikinkeria disolbatuz. Ur beroko garbiketa (irakitea), garbiketa kimikoa eta lisatzea dira ehunak higienerako esterilizatzeko ohiko metodoak.
Jantzi asko garbitu ostea zimurtuta gelditzen direnez, lisatu egin behar dira ostera jantzi aurretik. Arropa formal eta erdi-formal moderno gehienak kategoria horretan daude (adibidez, janzteko alkandorak eta janzkiak). Lisatutako jantziek garbi, fresko eta aratz itxura ematen dute. Gaur egungo sporteko jantzi asko erraz zimurtzen ez diren puntuzko materialez eginak daudenez, ez dute lisatu beharrik. Jantzi batzuk zimurrik gabeko zuntzez eginak dira, estaldura batekin tratatu baitira (politetrafluoroetilenoa, adibidez). Estaldura horrek zimurrak kendu eta lisatu beharrik gabeko itxura leuna sortzen du. Gehiegizko ilauna edo beste hondakinak jantzien azalean itsatsita gelditzen direnean, erabilgarria izan daiteke ilauna kentzeko tresna bat, lekedaz egindakoa.
Jantziak garbitu eta, behar izanez gero, lisatu ondoren, esekita edo tolestuta gordetzen dira, berriro jantzi arte. Maiz tolestu egiten dira, trinkotuta gorde ahal izateko, irristatzea saihesteko, izurak mantentzeko edo modu atseginagoan aurkezteko, adibidez, dendetan saltzen direnean.
Intsektu eta larba mota batzuk arropa eta ehunez elikatzen dira, hala nola zeden mota batzuk eta jantzien sitsa. Halakoak saihesteko, arropa zedroz egindako armairuetan gorde behar da,[72] eta intsektuak uxatzen dituzten gaiak erabili armairu barruetan, hala nola izpilikua edo naftaleno pilotak. Ontzi hermetikoek (plastikozko poltsa zigilatuek eta eskuzko jarduerakoek, esaterako) intsektuen izurriteek arroparen materialei eragindako kalteak ere baztertu ditzakete.
Zimurrik gabeko jantziak egiteko erabiltzen den erretxinak formaldehidoa askatzen du, eta horrek dermatitisa eragin diezaieke pertsona batzuei. Legez, ekoizleak ez daude behartuta etiketan halako aitorpenik egitera. Dena dela, Europar Batasunak erabaki bat eman zuen 2002an, ehungintza produktuei etiketa ekologikoa emateko irizpideak finkatzen zituena ―besteak beste, formaldehido maila, 30 mg/kg―[73]. Bestalde, Europako Batzordeak berariazko azterketa bat egin zuen 2007an, oihaletatik askatutako formaldehidoaz.[74] Ondorioen arabera, arrisku handieneko jantziak alkandorak dira: aztertutako laginetan, alkandoren % 22 Europako mugaren gainetik zeuden.[75]
Jantziak egiteko lehengaiak ―oihalak― eskulanak baino gehiago balio zuenean, zentzuzkoa zen jantziak konpontzen saiatzea. Garai batean, jantzien konponketa lanbide bat zen. Jostun zorrotz batek aise konpondu zitzakeen azpilduretan edo josturetan askatutako hariak, konponketa ikusezin bihurtzeraino. Gaur egun, arropa gai kontsumigarritzat hartzen da. Katean ekoitzitako jantziak merkeagoak dira haiek konpontzeko behar den eskulana baino. Jende askok arropa berria erosten du konpontzen denbora eman ordez. Hala ere, diru pixka bat aurreztu nahi dutenek kremailerak eta botoiak ordezkatzen dituzte eta azpildura urratuak josten dituzte. Konponketa teknika batzuetan, sashiko japoniar teknikan oinarrituta, helburua da adabakia apaingarri bihurtzea.
Kalkulatzen da urtero 80-150.000 milioi jantzi ekoizten direla.[76] Erabilitako arropa berrarabil daiteke lumatxak, zapiak, tapizak edo loturak egiteko, eta etxeko beste erabilera askotan. Kolore neutroko zelulosa zuntzak edo tindatu gabekoak papera egiteko birziklatu daitezke. Mendebaldeko gizarteetan, erabilitako jantziak zakarretara botatzen dira edo karitate erakundeei ematen zaizkie (adibidez, arropa edukiontzi baten bidez).[77] Batzuetan, saltzen zaizkie biltegi handiei, jantzi agentziei, bazarrei edo enkante elektronikoen bidez. Gainera, erabilitako arropa industria mailan biltzen da askotan, herrialde pobreenetan berrerabiltzeko ordenatu eta bidaltzeko. Mundu mailan, erabilitako arropak 4.000 miloi dolarreko balioa du, eta Estatu Batuak dira esportatzaile nagusiak, 575 milioi dolarrekin.[78][79]
Produktu petrokimikoetatik datozen oihal sintetikoak ez dira ez berriztagarriak ez biodegradagarriak.[80]
Ekoizleen gordetegietan luzaroan egondako gehiegizko jantziak suntsitu egiten dira, batzuetan, markaren balioa gordetzeko.[81]
Europar Batasuneko estatuek 166.000 milioi euroko balioko jantziak inportatu zituzten 2018an; % 51 Batasunetik kanpokoa zen (84.000 milioi euro).[82][83] EBko estatu kideek 116.000 milioi euroko balioko jantziak esportatu zituzten 2018an, % 77 EBko beste estatu batzuetara.[82][84]
Munduko Merkataritza Erakundearen txosten baten arabera, 2022an, munduko jantzi esportazioen balioa 790 mila milioi dolarretara iritsi zen, 2021ean baino % 10,6 gehiago. Txina da munduko jantzi esportatzaile handiena, 178.400 mila milioi dolarreko balioarekin, hau da, munduko merkatu kuotaren % 22,6. Gero, Bangladesh (40,8 mila milioi dolar), Vietnam (39,8 mila milioi dolar), India (36,1 mila milioi dolar) eta Turkia (29,7 mila milioi dolar) daude.
Munduko Merkataritza Erakundearen txosten baten arabera, 2022an, munduko jantzi esportazioen balioa 790 mila milioi dolarretara iritsi zen, 2021ean baino % 10,6 gehiago. Txina da munduko jantzi esportatzaile handiena, 178.400 mila milioi dolarreko balioarekin, hau da, munduko merkatu kuotaren % 22,6. Gero, Bangladesh (40,8 mila milioi dolar), Vietnam (39,8 mila milioi dolar), India (36,1 mila milioi dolar) eta Turkia (29,7 mila milioi dolar) daude.[85]
Vietnamen, jantzien esportazioak dira oraindik ere sektore esportatzaile nagusietako bat, eta esportazioen negozio bolumena eta herrialdearen hazkunde ekonomikoa nabarmen areagotzen dituzte.[86][87] Vietnamgo Aduanen Sail Nagusiaren arabera, 2022an Vietnamgo jantzi esportazioen balioa 39.800 milioi dolarrera iritsi zen, 2021ean baino % 14,2ko gehiago.[88][89] Horietatik, Estatu Batuetara egindako arropa esportazioak 18.800 milioi dolarrekoak izan ziren, hau da, merkatu kuotaren % 47,3; EBra egindako esportazioak 9.800 milioi dolarrekoak izan ziren, hau da, merkatu kuotaren % 24,6.[90][91][92]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.