landare jatorriko ehun-zuntza From Wikipedia, the free encyclopedia
Kotoia ehun zuntz begetal bat da, kotoi landarearen hazien inguruan hazten dena. Gossypium generoko zuhaixka bat da, malvaceae familiakoa, jatorriz eskualde tropikal eta subtropikaletakoa. Amerikan, Afrikan edo Indian espezie autoktono batzuk daude. Kotoi hitza arabieratik dator, قُطْن (al) qutn.
Kotoia da munduan ekoizten den zuntz naturalik garrantzitsuena. XIX. mendean hasi zen industrializazio prozesuarekin hasi zen nabarmentzen, eta aro garaikidean munduko ehun zuntzen kontsumoaren ia erdia hartzen du. Gossypium generoko espezie guztiek ez dute balio komertzialik. Zuntzak espezie gutxi batzuen hazitik ateratzen dira, luzera eta lodiera aldagarriak dituena jatorriaren arabera.
Amerikan, kotoi aztarnak aurkitu zituzten Tehuacanetik (Mexiko) gertu dagoen haitzulo batean, K.a. 5500. urtekoak, baina haien antzinatasuna zalantzan jarria izan da.[1] Modu zehatzagoan datatuta, Mexikon K.a. 3400-2300. urte artean kotoi landarea lantzen zela frogatuta dago.[2] Gaur egun, oraindik ere, mundu osoan gehien landatzen den kotoi mota Mexikon aurkitutakoa da, Gossypium hirsutum, munduko ekoizpen osoaren % 89,9 inguru.[3] Kotoi espezie basatien aniztasun handiena Mexikon dago, eta atzetik dira Australia eta Afrika.[4]
Perun, bertako Gossypium barbadense kotoi motaren laborantza egiten zela frogatu da, Anconen (Limako probintzian) egindako aurkikuntza baten bitartez, K.a. 4200. urtera arte; kostaldeko kulturen garapenaren bizkarrezurra izan zen kotoia, hala nola, Moche eta Nazca kulturak.[5] Kotoia ibaian gora landatzen zen, sareak egiten zituzten kotoi ehunaz, eta kostaldeko arrantzale herrietan merkaturatzen zen, arrain hornidura handien truke. Mexiko eta Peru mendean hartu zuten espainiarrek, XVI. mendearen hasieran, aurkitu zuten herritarrek kotoia lantzen zutela eta kotoiz egindako jantziak erabiltzen zituztela.
Asian kotoia K.a. 5000 - K.a. 4000 artean landatu zuten, lehen aldiz, Indo haraneko zibilizazioko biztanleek. Kultura horrek Indiako azpikontinentearen ipar-mendebaldeko zati handi bat hartzen zuen, gaur egungo Pakistango ekialdea eta Indiako ipar-mendebaldea barne.[6] Indo haraneko kotoiaren industria asko garatu zen, eta kotoia iruteko eta ehuntzeko metodo batzuk erabiltzen jarraitu ziren Indiako industrializazio modernora arte.
Greziarrek eta arabiarrek, itxuraz, kotoia alboratua izan zuten Alexandro Handiaren garaira arte, haren garaikide Megastenesek Seleuko I.a Nikatorri esan zion eran: «badira zuhaitz batzuk artilea hazten dutenak».
Persian, kotoiaren historia Akemenestar Inperioaren garaikoa da, baina Islamaren aurreko Persian kotoiaren laborantzari buruz ez dago datu handirik. Nolanahi den ere, kotoiaren laborantza arrunt egiten zen Merven eta Farsen. Persiar poeta batzuk, besteak beste Ferdowsi eta Xahname, maiz mintzatzen ziren kotoiaz («panbe» persieraz). Marco Polok, XIII. mendean, Persiako produktu nagusiak aipatzean kotoia ere aipatu zuen. Jean Chardin XVII. mendeko frantses bidaiariak, Safaviden Inperioa bisitatu zuelarik, Persiako kotoi ustiategi handiak deskribatu zituen.[7]
Erdi Aroaren amaieran, Europako iparraldean ezaguna izatera iritsi zen kotoia, nahiz kanpotik ekarritako zuntz bat izan, jatorri ezezagunekoa, landare batetik ateratzen zela baizik ez baitzekiten. Artilearekin zuen antza zela eta, jendeak kotoia ardi landare batek ekoitzi behar zuela uste izan zuen. John Mandeville bidaiariak, 1357 eta 1371 bitartean argitaratutako liburu batean, honako ustea hau aipatu zuen egitate ziurtzat: «Han, Indian, zuhaitz zoragarri bat hazten da, bere adarren muturrean arkume txikiak hazten dituena. Adar horiek hain ziren malguak, non makurtu egiten baitziren, goseak zeudenean arkumeei jaten uzteko». Uste horiek islaren bat dute kotoiaren izenak Europako zenbait hizkuntzatan hartutako aldaeran, hala nola Baumwolle alemanez, zeinak hitzez hitz «zuhaitz artilea» esan nahi duen. XVI. mendearen amaieran, kotoia Asiako nahiz Amerikako eskualde bero guztietan landatzen zen.
Indiako kotoiaren artisau manufaktura pixkanaka gainbeheran joan zen britainiarren okupazio kolonialaren garaian, bereziki XVIII. mendearen amaieratik XIX. mendearen hasierara. Gainbeheraren arrazoi nagusia izan zen Ekialdeko Indietako Britainiar Konpainiak ezarritako merkataritza politika kolonial oldarkorra, Indiako kotoiaren prozesamendua eta ehungintza lantegiak lehiakorrak ez izatera eraman baitzituen. Horrela, indiar merkatuek kotoi gordina bakarrik saltzera behartuak izan ziren eta britainiar legearen aginduz Britainia Handian egindako ehun gaiak erostera behartuak izan ziren.[8]
Industria Iraultzak bultzada handia eman zion kotoiaren manufakturari Erresuma Batuan, ehungintza bihurtu baitzen esportazio produktu nagusia. 1738an, John Wyatt eta Lewis Paul zientzialariek arrabolen bidez iruteko makina bat patentatu zuten Birminghamen (Ingalaterra), baita kotoia egiteko bolante eta bobina sistema ere, lodiera uniformeago batekin, abiadura desberdinetan biratzen zuten bi txirrika sorta erabiliz.[9] Geroago, 1764an Jenny irulea asmatu zelarik eta 1769an Richard Arkwrightek marko birakariaren irulea asmatu zuenean, ehungile ingelesek kotoia eta oihala askoz kopuru handiagoan ekoizteko aukera izan zuten. XVIII. mendetik aurrera, Ingalaterrako Manchester hiriak Cottonopolis ezizena hartu zuen, kotoiaren industria nonahi zegoelako hirian eta kotoiaren munduko merkataritzaren erdigune izan zelako.[10] Britainia Handiaren eta Estatu Batuen ekoizpen ahalmena are gehiago hobetu zen Eli Whitney estatubatuarrak 1793an kotoi makina asmatu zuenean. Hari esker, zuntz laburreko amerikar kotoia erabili ahal izan zen ehungintzan.[11] Teknologia hobetuta eta munduko merkatuen kontrola areagotuta, britainiar merkatariek ekoizpen eta merkataritza kate bat garatu ahal izan zuten, non kotoi zuntz landugabeak eremu kolonialetan erosten baitziren, Lancashireko errotetan ehun bihurtu, eta britainiar itsasontziekin berriz esportatzen baitzen merkatu kolonialetara, Mendebaldeko Britainiar Afrikara, Indiara eta Txinara, Shanghai eta Hong Kong bitartez.
1840ko hamarkadan, India ez zen gai fabrika britainiarrek eskatzen eta behar zituzten kotoi kopuru handiak ekoizteko, eta, aldi berean, indiar kotoiaren bolumen handiak bidaltzeko denbora eta diru asko behar zen. Gainera, amerikar kotoiak kalitate askoz hobea zeukan, bertako bi espeziek (Gossypium hirsutum eta Gossypium barbadense) zuntz luze eta indartsuagoa baitzuten. Horrela, merkatari britainiarrak Estatu Batuetan eta Kariben landutako kotoia erosten hasi ziren. Izan ere, kalitatez hobea izateaz gain, kotoi hori askoz merkeagoa zen, esklaboek ekoizten baitzuten. XIX. mendearen erdialdean, kotoia Estatu Batuetako hegoaldeko ekonomiaren oinarri bihurtu zen, eta kotoiaren laborantza eta uzta esklabo beltzen zeregin nagusi.[12]
AEBetako Gerra Zibilean, kotoi esportazioak hondoratu egin ziren, Batasuneko estatuek Hegoaldeko portuei ezarri zieten blokeoaren ondorioz, baita Konfederazioko gobernuak esportazioak mozteko hartutako erabaki estrategiko baten ondorioz ere, Britainia Handia Konfederazioa aitortzera edo gerran sartzera behartzeko itxaropenarekin. Horren ondorioz, kotoi erosle nagusiek, hau da, Erresuma Batuak eta Frantziak, Egipto hautatu zuten ordeko hornitzailetzat. Herrialde horietako merkatariek inbestimendu handiak egin zituzten Egiptoko kotoi sailetan, eta Ismail Paxaren gobernuak mailegu handiak jaso zituen, Europako bankuek eta balio burtsek emanak. AEBetako gerra zibila amaitu zenean, 1865ean, Britainia Handiko eta Frantziako merkatariak Egiptoko kotoia utzi eta berriro hasi ziren erosten Estatu Batuetatik zetorren kotoi merkea, Egipto kiribil defizitario batera eramanez. Izan ere, herrialdeak porrot egin zuen 1876an, eta faktore giltzarri bat izan zen gero Egipto Britainiar Inperiora anexionatzeko, 1882an.[13]
Estatu Batuetan gerra zibilak iraun zuen bitartean, Britainiar Inperioan kotoiaren laborantza asko hedatu zen, batez ere Indian, Konfederazioko estatuetan galdutako produkzioa ordezkatzen saiatzeko. Muga zergak eta beste murrizketa batzuk baliatuz, britainiar gobernuak kotoi ehunen ekoizpena moteldu zuen Indian, eta, hala, kotoi landugabea Ingalaterrara bidaltzen zuten prozesatzera.[14]
Estatu Batuetan, hegoaldeko kotoiak kapitala ekarri zuen iparraldearen garapen jarraiturako. Afrikar esklaboek ekoitzitako kotoiak hegoaldeari laguntzeaz gain, iparraldeko merkatariei ere lagundu zien, kotoiaren zati handi bat iparraldeko portuetatik garraiatzen baitzen.[15]
Kotoia funtsezko laborea izan zen hegoaldeko estatuen ekonomian, esklaboen Emantzipazio Aldarrikapenaren eta Gerra Zibilaren amaieraren ondoren ere. Partzuergoaren bitartez, esklabo beltz askatuek eta lurrik gabeko nekazari zuriek kotoi sailetan lan egiteko aukera ukan zuten, irabazien zati baten truke, lurrak betiere zuri aberatsen jabetza izaten jarraitu ziren. Kotoi sailek eskulan kopuru handiak behar zituzten kotoia biltzeko, 1950eko hamarkadara arte ez baitzen kotoia biltzeko makina fidagarririk asmatu. XX. mendean zehar, kotoiaren industriako okupazioa pixkanaka jaitsi zen, makineria langileak ordezkatzen hasi zen heinean, eta hegoaldeko landa eskulana murriztu egin zen Lehen eta Bigarren Mundu gerretan. Gaur egun, kotoia Estatu Batuetako hegoaldeko esportazio nagusietako bat da oraindik, eta munduko kotoi uztaren gehiengoa zuntz luzeko barietate amerikarra da.[16]
Kotoi zuntzak hazien inguruan sortzen dira, haien kapsulek 3-4 lobulu dituzte, heldutasunean irekitzen direnak; lobulu horietako bakoitzak 5-10 hazi ditu, eta hazi bakoitza zuntz kopuru handi batek estaltzen du, 10.000 eta 20.000 hazi bakoitzeko.[17]
Zuntzak gorozki epidermiko edo trikoma batzuk dira; ez dutenez lignifikaziorik, ez dira benetako zuntzak, nahiz izendapen hori erabiltzen den. Ile moduko horiek hodi zapal baten forma dute, eta honako egitura hau dute: kutikula bat, kutina eta pektina nahasketa batez osatua; zelulosazko kanpo geruza bat; bigarren mailako depositu geruza bat, ia erabat zelulosaz osatua; eta pareta batzuk, erdialdeko barrunbea inguratzen dutenak, espiral baten forman, substantzia nitrogenatu batez betea. Kotoi zuntzaren konposizio kimikoa da: % 94 zelulosa, % 1,23 proteinak, % 1,2 substantzia pektikoak, % 1,2 materia mineralak, % 0,6 argizaria, % 0,3 azukrea, eta beste elementu batzuk.[18]
Zuntzaren kolorea zuria izan ohi da, zuri-horixka edo zuri-gorrixka; luzera espeziearen araberakoa da, Gossypium barbadense espezieak 34-42 mm arteko zuntzak ekoizten ditu, Gossypium hirsutum espezieak 24-34 mm artekoak eta Gossypium herbaceum espezieak 23 mm-tik beherakoak. Diametroa ere espeziearen araberakoa da, 15-25 mikrometro artekoa da.[19] Zuntzen luzeraren arabera, merkatuan bereizten dira zuntz motzeko kotoiak (indiar kotoia), zuntz ertainekoak (amerikar kotoia) eta zuntz luzekoak (egiptoar kotoia).
Zuntz luzeko kotoia garestiagoa da, ehunak, soinekoak, alkandorak eta abar egiteko balio baitu; zuntz ertainekoa azpiko jantziak edo elastikoak egiteko erabiltzen da; eta zuntz laburrekoa merkeena da, lanerako jantziak edo izarak egiteko erabiltzen baita.
Kotoiaren laborantzak arrakasta izateko, izotzik gabeko denboraldi luzea behar da, eguzki asko, eta prezipitazio atmosferiko moderatua, oro har, 600 eta 1200 mm bitartekoa. Lurzorua, oro har, nahiko astuna izan behar da, baina mantenugaien mailak ez du zertan apartekoa izan. Oro har, baldintza horiek tropikoetako eta ipar nahiz hego hemisferioetako eremu subtropikaletako aldi lehorretan betetzen dira, baina, gaur egun, kotoiaren zati handi bat euri gutxiago egiten duen eremuetan landatzen da, ureztatze sistemak erabilita.[20]
Kotoia ekoizteko prestakuntzak hasten dira aurreko uzta udazkenean bildu eta berehala. Ereite aldia udaberria da ipar hemisferioan, otsailaren hasieratik ekainaren hasierara bitartean izaten da. Estatu Batuetako South Plains eremua, Texasko mendebalde osoa da kotoia lantzen duen munduko lurralderik handiena. Kotoia eskualde honetako lur lehorretan ureztatu gabe landu badaiteke ere, errendimendu on bat lortzeko ureztatzearen mendekotasun handia izan ohi da, Ogallala akuiferoko urak baliatuta.[21]
Kotoiak gatza eta lehortea ongi jasaten dituenez, oso labore erakargarria da munduko eskualde idor eta erdi-idorretarako. Baliabide hidrikoak mundu osoan behera egiten ari direnez, kotoiaren laborantzaren mendeko ekonomiek zailtasun eta gatazkei aurre egin behar izaten diete, baita ingurumen arazoei ere.[22][23][24]
Adibidez, laborantza desegokien eta ureztatze intentsiboen ondorioz Uzbekistango eremu zabalen desertizazioa gertatu da; herrialdearen esportazio nagusietako bat kotoia da. Sobietar Batasunaren garaietan, Aral itsasoa modu intentsiboan erabili izan zen laborantzak ureztatzeko, kotoiarena nagusiki, eta gaur egun lur eremuen gazitzea oso hedatuta dago.[25][26]
Berrogei bat kotoi espezie daude, baina lauk bakarrik dute merkataritza balioa:
Gossypium hirtsutum da mundu osoan hedatuen dagoen espeziea; espezieak desberdinak dira zuntzaren luzeragatik (luzeagoa edo laburragoa) eta ezaugarri agronomikoengatik, baina kotoiak beti behar du uda oso beroa eta euri edo ureztatze ur asko.[27]
Konpainia batzuek ingeniaritza genetikoa erabiltzen dute kotoiaren izaera aldatzeko, adibidez zenbait koloretakoa izateko. Monsanto enpresa multinazionalak, besteak beste, haziak ekoitzi ditu koloreztatutako kotoia lortzeko, bereziki, Indiako urdina, jeans galtzak egiteko erabiltzen dena. Xinjiang eskualde autonomoan (Txina) kolore gorri, berde, urdin edo beltzeko zuntzak ekoizten dituzten landareak garatu dituzte. Beste batzuek, aldiz, askoz zuntz luzeagoak eta erresistenteagoak sortzeko erabiltzen dute bioteknologia. Enpresa kotoigile batek kolore naturaleko bi kotoi mota patentatu zituen 1990ean: marroia eta berdea.[28]
Alabaina, aldaera genetiko guztiak ez dira egin kolorea aldarazteko. Aldaketa askoren helburua da landarea izurrite mota batzuekiko erresistenteagoa izatea, hala nola Bt kotoi barietatea;[29] edo herbizidekiko erresistenteagoak izatea, hala nola Monsanto enpresaren Roundup Ready barietatea, glifosatoarekiko erresistentea baita.[30]
Transgenikoak erabiltzearen aurkako erresistentzia aski zabaldua egonagatik ere, 1997an jadanik Estatu Batuetan kotoi laborez ereindako eremuen % 25 genetikoki eraldatutako barietateekin egina zen.[31] Beste ekoizle handietako batek, Indiak, 2001ean eman zion bidea labore transgenikoari, Bt kotoi barietatearekin.[32][33]
Genetikoki eraldatutako barietateen laborantzaren aurrez aurre, kotoia lantzeko nekazaritza ekologikoa dago, landare transgenikoak ez erabiltzeaz gain, ongarri edo plagizida produktu kimiko sintetikorik ere ez baitu erabiltzen.[34] Ekoizpen mota honek biodibertsitatea eta bizitzaren ziklo biologikoak sustatzen eta hobetzen ditu.[35] AEBetako kotoi sailek National Organic Program (NOP) bete behar dute. Erakunde horrek zehazten ditu izurrite kontrolak, laborantza, ongarriztatze eta labore organikoak kudeatzeko onartutako jardunbideak.[36] 2007an, kotoi organikoko 265.517 fardel ekoitzi ziren munduko 24 herrialdetan, eta mundu osoko ekoizpena hazten ari zen, urtean % 50etik gorako erritmoan.[37]
2023an, kotoi ekoizle nagusiak Txina (6,7 milioi tona) eta India (5,6 milioi tona) ziren munduan;[38] ekoizpen horren zatirik handiena herrialdeko bertako ehungintza industriek kontsumitzen dute. Kotoi landugabearen esportatzaile nagusiak Estatu Batuak eta Afrika dira; zehazki, Afrikako parte hartzea bikoiztu egin da 1980tik aurrera munduko kotoiaren merkataritzan. Bi eremu horiek ere ez dute ehungintza industria handirik; manufaktura industria mota hori ekialdeko eta hegoaldeko Asiako garapen bidean dauden herrialdeetara joan zen, batik bat Indiara eta Txinara.
Kotoiaren erresistibitatea, % 27ko hezetasun erlatiboan, da:
5.87 * 1010 Ω*m |
Kotoiaren eroankortasuna % 27ko hezetasun erlatiboan, da:
0.17 * 10-10 S/m |
Beraz, isolatzaile elektriko bat da kotoia.
Kotoiaren Nazioarteko Eguna urriaren 7an ospatzen da urtero. 2019an sortu zen, Saharaz hegoaldeko Afrikako lau ekoizle handik —Benin, Burkina Faso, Txad eta Mali— Munduko Merkataritza Erakundeari proposatu ziotenean landare zuntz horren ospakizuna egitea, 28,67 milioi nekazari eta 100 milioi familia baino gehiago bizi direnez kotoiaren langintzaz. Ospakizunak aukera ematen du jakintza partekatzeko eta sektorearekin lotutako jarduerak erakusteko. Horrela, kotoiaren ikusgarritasuna eta funtsezko zeregina areagotzeaz gain, nazioarteko merkataritza sustatzeko eta pobrezia gutxitzeko daukan indarra azpimarratzen dira.[39]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.