laranjondoaren fruta jangarria From Wikipedia, the free encyclopedia
Laranja jatorriz Asiatik datorren laranjondoak ematen duen fruta zitriko jangarria da. Izatez, azal gogor eta lodiko hesperidio bat da. Mamia zukuz betetako hainbat atalez osaturik dauka. Aberatsa da C bitaminan, flabonoideetan eta esentzia-olioetan.
Aspaldian sortutako hibridoa da, seguru asko arabisagarraren eta mandarinaren nahastea. Munduan gehien kontsumitzen den frutetako bat da. Klima epel eta hezeko eskualdeetan lantzen da.
Laranja hitza sanskritoko "laranjondo" hitzetik eratorria da, (sanskritoz: नारङ्ग, nāraṅga), baina ziur asko jatorri drabidikoko hitza da[1]. Tamilez narandam (நரந்தம்) esaten zaion "laranja mingotsa"ri eta nagarukam (நாகருகம்) "laranja gozoa"ri, nari (நாரி) "fragantzia" esateko.[2] Indiako beste hizkuntza batzuek antzeko izenak dituzte: teluguz: నారంగము, nāraṃgamu; malabareraz: നാരങ്ങ, nāraṅṅa; edo kannadaz: ನಾರಂಗಿ, nāraṃgi.
Sanskritotik persierara iritsi eta bertatik, Europako hizkuntzetara (persieraz: نارنگ, nārang), lehenago arabieratik pasatuz (arabieraz: نارنج, nāranj zuhaitzerako eta نرنجة naranjah fuiturako)[3]. Europara iristsitakoan, hitzak hainbat aldaketa izan zituen: portugesez, hasierako n- kontsonantearen ordez l- jarri eta laranja eman zuen; italieraz l- hori erori egin zen, "la" artikulu femenino singulartzat har litekeenez (berdin, latinezko aranea > italierazko ragno, "armiarma") eta arancia deitzen dute. Arabierazko nāranj hitzetik abiatuz antzinako okzitanierara igaro zen, auranja moduan, eta hortik antzinako frantsessera, orenge gisa. Ipar Euskal Herrian erabiltzen den liranja hitza[4] (euskara baturako aproposa ez dena) Okzitaniatik iritsi dela proposatu dute, l'irange hitz-elkarketatik[5]. Ingelera ertainera frantsesetik pasa zen, hori baitzen hizkuntza landua Ingalaterran, orange gisa (zehazki pomme d'orange hitzetik)[6]. Latinez frantsesezko orange horretako or hasiera urrearekin lotu zen, eta hortik dator aurantium hitza. Garai hartan ezagutzen zen laranja bakarra mingotsa zenez, barietate horrek Citrus × aurantium izena du gaur egun.
Kolorearen izendapena fruituaren ostean sartu zen hizkuntzara[7], lehen aldiz ingelesez 1512an.[8][9]
Europako beste hizkuntza batzuetan, ordea, ez da bide horretatik iritsi. Egun ezagutzen dugun laranja barietate nagusia "gozoa" da, (Citrus × sinensis) eta Europara Portugalgo merkatariek ekarri zuten. Horregatik munduko hainbat hizkuntzatan Portugalen izena darama fruituak. Albanieraz, portokall deitzen da, bulgariera портокал (portokal), grezieraz πορτοκάλι (portokali), mazedonieraz portokal, persieraz پرتقال (poerteghal), turkieraz portakal eta errumaniera portocală. Antzeko izenak daude beste hizkuntza batzuetan, adibidez arabiera البرتقال (bourtouqal), georgiera ფორთოხალი (p'ort'oxali) eta amhareraz ብርቱካን birtukan. Italian arancia esaten bada ere, napolieraz portogallo edo purtuallo esaten da.[10][11]
Era berean, portugaldarrek barietate hori Txinatik ekarri zutenez, erreferentzia batzuetan geratu da. Gaztelaniaz naranjas de la China esamoldea erabiltzen da (hitzez hitz, "Txinako laranjak") eta naranja mandarina. Xabier Letek egindako Leonard Cohenen Suzanne abestiaren itzulpenean ere Txinako laranjak erabiltzen du.[12] Beste indoeuropear hizkuntza batzuetan ere moldaketa horixe egiten da: Txinako sagarra gisako itzulpenak agertzen dira behe alemanez (Apfelsine), nederlanderaz (appelsien edo sinaasappel), suedieraz (apelsin) eta norvegieraz (appelsin). Errusieraz ere Апельсин esaten da (apel'sin). Hortik igaro zen Sobietar Batasuna osatzen zuten herrialde askotako hizkuntzetara. Puerto Ricoko gaztelaniaz china esaten da. [13][14]
Antzinako frantsesezko pomme d'orange hitzetik (hots, laranja-sagarra) eslovakierazko pomaranč, txekierako pomeranč, eslovenierazko pomaranča eta polonierazko pomarańcza hitzak eratorri dira.[15][16]
Laranjondoa antzinatik landatzen den espezie hibridoa da, seguru asko arabisagar arbolaren (Citrus maxima) eta mandarinondoaren (Citrus reticulata) arteko nahastea. Zuhaitz loredun txikia da, 10 metro baino gutxiago hazten dena. Arrautza-formako hosto betiberde iraunkorrak ditu, 4 eta 10 cm artekoak, modu txandakatuan kokatuak eta ertz krenulatudunak. Haren fruitu laranja hesperidio bat da, hau da, baia mota bat.
Sailkapen tradizionaletan, laranjondoa Citrus generoko Citrus sinensis espezie gisa sailkatu izan da. Genero horretako beste partaide batzuk limoiondoa, limondoa eta laranjondo mingotsa dira. Berriki egindako ikerketa genetikoek erakutsi dutenez, fruta-arbola horiek guztiak, izatez, arabisagar arbolatik, mandarinondotik eta zidrondotik eratorritako barietate hibridoak dira.[17]
Laranjondoaren laborantza duela milaka urte hasi zen Txinako hegoaldean.[18] Handik, Asiako hego-ekialde osoan hedatu zen eta, geroago, Ekialde Hurbil osoan eta gero, Europara lehenik Alexandro Handiarekin edo haren aro helenistikoarekin eta, geroago, Zetaren Bidean eta Gurutzadetan zehar ere.
Gaur egun, laranjondoa oso ondo moldatzen da klima mediterraneoan.
Aparteko fruitu kontsideratzen da laranja mingotsa (Citrus aurantium): arabiarrek Europan sartu zuten Iberiar penintsulako hegoaldetik X. mendean. Genetikoki, arabisagar arbolaren eta mandarinondoaren hibridoa da. Laranja mingotsetik lurringintzan asko erabiltzen den esentzia ateratzen da eta marmelada ere egiten dute.
Fruitu zitriko jangarria da. Izatez, azal gogor eta lodikoa da. Mamia zukuz betetako hainbat atalez osaturik dauka. Aberatsa da C bitaminan bereziki. Munduan gehien kontsumitzen diren frutetako bat da. Mota ugarikoak daude: gozoak, garratzak, laranjak, gorriak...Klima epel eta hezeko eskualdeetan lantzen da. Negua eta udaberri hasiera izaten dira jateko urtarorik onenak. Bere horretan jateko, zuku moduan, konfitaturik azkenburuetarako lagungarri moduan edo bere azalarekin marmelada egiteko erabil daiteke.
Laranja esportatzaile nagusia Brasil da eta ondoren, AEBak (nagusiki Florida).
Laranja-zukua ere edari freskagarri eta nutritiboa da. Etxean norberak egin dezakeen zukua da, baina irauteko freskagarri gisa ere ekoizten dute marka askok. Laranja zitrikoa denez, C bitamina asko dauka. Hainbat markak beste osagai batzuk gehitzen dizkiote, kaltzioa edo D bitamina esate baterako.
Laranja-zukuarekin egin daitezkeen errezeten artean, angurri, marrubi edo masustekin ondo konbinatzen du.[19]
Elikagai azidoa da eta, hainbat saltsa eta ozpin egiteko erabilia, zebitxe edo entsaladari botatzekoak. Hainbat koktelen osagaia ere bada. Ohiko nahasketa da laranja sorbetea xanpainarekin, funtsean zukua eta xanpain oso hotzarekin egina, baina aldagaiak ditu: batzuek esnegain urtua ere nahasten dute, beste batzuek laranja edari freskagarri gasdun izoztua, laranja azal birrindua edo azukrea...[20]
Laranja | |||
ura: 86,75 g | errautsa: 0,44 g | zuntza: 2,4 g | balio energetikoa: 47 kcal |
karbono hidratoak: 11,75 g | azukrea: 9,35 g | proteina: 940 mg | lipidoak: 120 mg |
Oligoelementuak | |||
potasioa: 181 mg | kaltzioa: 40 mg | fosforoa: 14 mg | magnesioa: 10 mg |
burdina: 100 µg | zinka: 70 µg | kobrea: 45 µg | sodioa: 0 mg |
Bitaminak | |||
C bitamina: 53,2 mg | B1 bitamina: 87 µg | B2 bitamina: 40 µg | B3 bitamina: 282 µg |
B5 bitamina: 250 µg | B6 bitamina: 60 µg | B9 bitamina: 0 µg | B12 bitamina: 0 µg |
A bitamina: 225 UI | A bitamina: 0 µg | E bitamina: 0,18 µg | K bitamina: 0 µg |
Gantz-azidoak | |||
gantz-azido saturatuak: 15 mg | gantz-azido monoinsaturatuak: 23 mg | gantz-azido poliinsaturatuak: 25 mg | kolesterola: 0 mg |
FAOren arabera, hauek dira munduko ekoizlerik handienak (2005ean, tonatan):
1. | Brasil | 17.804.600 |
2. | AEB | 8.393.276 |
3. | Mexiko | 4.112.711 |
4. | India | 3.100.000 |
5. | Txina | 2.412.000 |
6. | Espainia | 2.294.600 |
7. | Italia | 2.201.025 |
8. | Iran | 1.900.000 |
9. | Egipto | 1.789.000 |
10. | Pakistan | 1.579.900 |
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.