Fanerozoiko eonaren (eta eontemaren) lehenengo era (eta eratema), Proterozoikoaren ondorengoa eta Mesozoikoaren aurrekoa, duela 570 milioi urtetik duela 245 milioi urtera arte iraun zuena. From Wikipedia, the free encyclopedia
Paleozoikoa[1] Lurraren Historiako garai geologiko bat da. Bere iraupena 291 milioi urtekoa izan zen. Hasiera orain dela 542 milioi urte kokatzen da eta bukaera orain dela 251 milioi urte. Paleontologikoki hasiera Kanbriarreko leherketarekin bat jartzen dugu eta bukaera lehenengo extintzio masiboarekin.
Paleozoiko | ||||
---|---|---|---|---|
Paleozoiko | ||||
Kronologia | ||||
Hasiera | duela 541 milioi urte | |||
Amaiera | duela 252 milioi urte | |||
Honen parte da | Fanerozoiko eta ICS Standard Global Chronostratigraphic (Geochronologic) Scale (en) | |||
Osatuta | Kanbriar Ordoviziar Siluriar Devoniar Karbonifero Permiar | |||
|
Bere barnean honako periodoak daude:
Geologikoki Palezoikoa Rodinia kontinentearen hausturarekin hasten da eta Varanger glaziazioaren bukaerarekin. Lurreko kontinenteak denboran zehar hausten joan ziren eta Era honen bukaeran berriro elkartu ziren Pangea izeneko superkontinentean.
Garai honen hasieran bizitzaren ordezkariak bakteria, alga eta belakiak ziren eta oraindik jatorria argi ez dagoen Ediacarako fauna. Kanbriarreko leherketan gaur eguneko phylum gehienak sortzen dira. Siluriaretik Devoniarrera doan denboran animalia eta landareek lur lehorra kolonizatu zuten. Devoniarrean arrainak agertu ziren eta Permiarrean koniferak eta narrasti ugaztunkarak agertu ziren. Karboniferoan baso erraldoiak sortu ziren gaur egungo Europa eta Ipar Amerikan.
Paleozoikoaren hasiera oskol-gogorreko fosilen agerpanagatik markatua dago eta bere bukaera narrasti handiek eta landare modernoek kontinenteak konkistatu zutenean jartzen da. Lehen trilobitoe eta arkaeoziatidoen agerpenarekin bat jartzen zen Kanbriarraren hasiera. Bukaera Permiarreko desagerpen masiboarekin bat jartzen da. Gaur egun hasiera Trichophycus pedum fosilaren agerpenarekin jartzen da.
Paleozoikoaren hasiera bakterioak, algak eta belakiak baino ez zeuden, eta eurekin batera oraindik enigma bat diren Ediacarako fauna. Garai honen hasieran Kanbriarreko leherketa gertatu zen, plan ezberdinak garatu zirelako. Bizitza sinple hauek kontinenteak kolonizatu zituzten hasieran, baina Siluariarra arte ez ziren agertu animalia eta landare konplexuak eta Devoniarrera arte ez zuten garrantzirik hartu. Siluriarretik aurrera ornodunak ugariagoak izan ziren, baina horren aurretik ornogabeak izan ziren nagusi. Devoniarrean arrainen eboluzioa gertatu zen eta karboniferoan baso handiak sortu ziren, ikatz kopuru handia eman dutenak.
Geologikoki Paleozoikoa Pannotia superkontinentearen hausturarekin hasi zen eta Varanger glaziazioaren amaierarekin. Lurra hainbat kontinentetan hautsi zen hasieran. Denbora pasa ahala Wilson ziklo bat bete zen eta berirro batu ziren Pangea superkontinentean.
Elkartze honetan variskar orogenia edo hertziniar orogenia gertatu zen.
Kanbriarra Paleozoikoaren lehen aldia da; duela 541 milioi urtetik duela 485 milioi urte arte iraun zuen. Kanbriarrak eboluzioaren hedapen azkar bat eragin zuen Kanbriarreko leherketa bezala ezagutzen den gertaera batean. Gertaera honetan Lurraren historia emandako taxon berrien sorrerarik handiena eman zen. Algak eta landareak eboluzionatu egiten ziren, eta fauna artropodo blindatuek menderatzen zuten, hala nola trilobiteek. Ia itsas filum guztiak eboluzionatu zuten garai honetan. Denbora horretan, Pannotia superkontinentea apurtzen hasi zen, geroago Gondwana superkontinentean batu ziren zati guztiekin[2].
Ordoviziarra orain dela 485 milioi urte hasi eta orain dela 444 milioi amaitu zen. Ordoviziarrean gaur egun Lurrean oso ohikoak diren hainbat espezie eta talde eboluzionatu zuten, hala nola arrainak, zefalopodoak eta koralak. Hala ere, trilobiteak eta barraskiloak ziren formarik ohikoenak. Garai honetan lehen artropodoek lur lehorra ukitu zuten, Gondwana superkontinentera iritsita, animaliarik ez zuen lurralde bat. Ordoviziarraren amaierarako, Gondwana ekuatoretik Hego Polora mugitu zen eta Laurentiak Baltikarekin talka egin zuen, Iapetus ozeanoa itxiz. Gondwanaren glaziazioaren ondorioz itsas maila asko jaitsi zen, kostaldean egonkortua zegoen bizi forma askorekin amaituz. Glaziazioak Ordoviziar-Siluriar iraungitzea eragin zuen[3], itsas ornogabeen generoen %60[4] eta familien %25 desagerrarazi zuen gertakaria. Honakoa lehen iraungitze masibotzat hartzen da, eta Lurraren historiako bigarren larriena[5][6].
Ordoviziarreko fosilak dituzten arrokak aurkitu dira Donibane Garazi inguruan, Alduden eta Orreagan. Fosil hauek zianobakteria, graptolite, arkeoziatido, brakiopodo eta algak dira. Hainbat kruziana motako marka aurkitu dira, trilobitei egozten zaizkienak. Honi guztiari esker badakigu garai honetan sakonera eskaseko itsaso bat zegoela gaur egungo Euskal Herrian.[7]
Siluriarra orain dela 444 milioi urte hasi zen eta orain dela 419 milioi urte amaitu. Garai honetan Ordoviziar glaziazioa amaitu eta lurra epeldu zen. Arrainen eboluzioan salto garrantzitsuak gertatu ziren, agnatuak ugaritu ziren, Gnatostomatuek eboluzionatu eta ur gezako lehen arrainak agertu ziren. Artropodoak, adibidez itsas eskorpioiak predatzaile nagusiak ziren. Lur lehorraren kolonizazioak aurrerapauso handiak izan zituen, araknido, onddo eta ehunzangoekin[8]. Cooksonia bezalako landare baskularrek lehorreratzea baimendu zuten[9]. Lehenengo landare hauek izan ziren gaur egungo lur lehorreko landare guztien aitzindariak.
Siluriarrean lau kontinente zeuden: Gondwana (Afrika, Hego Amerika, Australia, Antartika eta India), Laurentia (Ipar Amerika Europako atal batzuekin), Baltika (Europako beste eremuak) eta Siberia (Asiako iparraldea). Itsas mailak gora egin zuen eta habitat berriak sortu ziren espezie berrientzat[10][11].
Siluriarraren bukaeran Kaledoniar orogenia eman zen, Ebro eta Akitaniako arroak sortuz. Momentu horretan Euskal Herrian sakonera eskaseko itsaso bat zegoen, koral ugaridun kareharriak sortu zirenean. Egoera hau Karbonifero bukaera arte luzatu zen, Hertziniar orogenia sortu zen garaia. Garai honetan sortu ziren Ebro eta Akitaniako mendiak eta Pirinioetako zonalde axialeko mazizoak: Bortziriak, Aldude, Mendibeltza, Baigura eta Iguntza besteak beste. Bortziriak oso ezagunak dira dituzten mineralizazioak direla eta (azkeneko urteetan uranioa ere aurkitu da). Gaia hartan 30 bat kmko irla luzanga bat osatzen zuen. Hegoaldean metatzen ziren sedimentuek geroago Belabieta eta Urdalarren gaur egun aurkitzen diren marmolak osatu zituzten.[12]
Devoniarra orain dela 419 milioi urte hasi eta orain dela 359 milioi urte amaitu zen[13]. Informalki, "Arrainen Aroa" deitu izan zaio, arrainen dibertsifikazioa nabarmena izan zelako, tartean Dunkleosteus bezalako arrain korazadunak edo Sarcopterygiien sorreragatik, etorkizunean tetrapodoei bidea emango zion arrain taldea[14]. Lur lehorrean, landareak asko dibertsifikatu ziren; lehen zuhaitzak eta haziak sortu ziren. Devoniar Ertaina iritsi zenerako, zuhaixka tamainako basoak existitzen ziren: Lycopodiophyta, Equisetales, iratzeak eta Progymnospermophyta ziren baso hauetako landareak. Honela, habitat berriak sortu eta artropodoen dibertsifikazioa etorri zen. Lehen anfibioak garatu ziren eta arrainak zeuden kate trofikoaren goiko mailan[15]. Devoniarraren amaieran Devoniarreko iraungitzea gertatu zen, espezieen %70 desagertu ziren, ezagutzen den bigarren iraungitze masiboa[16].
Paleogeografiari dagokionez, Gondwana zen kontinenterik handiena hegoaldean eta Siberia kontinentea iparraldean. Bien artean Euramerika sortzen hasi zen.
Devoniarreko fosilak aurkitu ziren lekuak badira Oiartzun eta Irun artean. Bertan krinoideoak aurkitu dira hainbat brakiopodoekin batera.[17] Gainera hainbat lekutan (Bertiz, Etxalar, Orabidea, Baztan, Urkiaga eta Bankan, adibidez) ekinodermo, briozoo, koral, trilobite, marmoka eta molusku koloniak aurkitu dira, ur epeleko eta sakonera eskaseko itsaso baten adierazle.[7] Devoniarra bereziki ondo ikusten da Bortzirietako Mazizoaren ekialdean. Bertan sedimentazio detritikoa eman zen, hainbat dolomitarekin tartekatuz; kareharri eta tupak ere metatu ziren. Devoniar Ertainean arbelen 500 eta 800 metro artean daude eta Devoniar Berantiarrean berriro ere terrigenoak metatu ziren.[18]
Karboniferoa orain dela 359 milioi urte hasi eta orain dela 299 milioi urte amaitu zen. Periodo honetan, tenperatura globalak oraingoak baino askoz altuagoak ziren: Karboniferoaren bataz besteko tenperatura 20 °C zen (nahiz eta Karbonifero Ertainean 10 °Ctara jaitsi zen[19]). Padura tropikalak ohikoak ziren Lurreko eremu askotan, eta zuhaitzak hain ugariak ziren ezen gaur egun ustiatzen diren egur ikatzaren parte handi bat sortu zuten (hortik datorkio izena). Oxigeno maila altuek artropodo erraldoiak baimendu zituzten, euren arnasketa-sistemaren mugek ez baitiete handiago izaten uzten. Amnioten arrautza sortu zen, anfibioei lur lehorra konkistatzeko aukera eman ziena; anfibioak izan ziren garai honetako ornodunik garrantzitsuenak. Lehen narrasti eta sinapsidoek eboluzionatu zuten padura horietan[20].
Karboniferoan zehar tenperatura jaisten joan zen, amaieran Gondwanan glaziazio bat ekarri zuena, Hego Poloan. Ondorioz, Permo-Karboniferoko glaziazioa gertatu zen eta Karboniferoko oihan tropikalen kolapsoa[21]. Karboniferoa orogenia garai aktiboa izan zen, Pangea superkontinentea batzen zihoan heinean. Hegoaldeko kontinenteek batuta jarraitu zuten Gondwanan, uneren batean Ipar Amerika-Europa osatzen zuten Laurussiarekin egin zuten topo Ipar Amerikako gaur egungo ekialdeko lerroan. Honek hertziniar orogenia eragin zuen Europan eta Allegheniar orogenia Ipar Amerikan[22][23][24].
Euskal Herriko Karboniferoan bi eremu ezberdin aurki daitezke. Alde batetik Bortzirietako mazizoa, flysch itxurako sedimentazioarekin eta bere gainean kareharriak; bestetik Aldudeko mendigunea (Mendibeltza eta Iguntze) non kareharrien gainean arbelak kokatu diren. Hertziniar orogeniaren ondoren sorturiko erliebeak oso azkar higatu ziren eta sedimentazioa inguruetan eman zen. Hauen zatiak Adarra mendian, Aiako Harrian eta Etxalaren aurki daitezke. Sedimentuak gorrixkak dira, beraz ziurrenik egoera erdilehorreko klima zegoen garai hartan. Horrez gain ur-gainean geratu ziren lurretan zingirak osatu ziren eta hauek landareek kolonizatu zituzten. Likopodio, ekiseto eta iratzez osatutako basoak sortu ziren eta hauetatik ikatza sortu. Garai honetako ikatza Bera, Etxalar, Ibantelli eta Saran aurki daiteke.Karboniferoan oraindik baina tektonika eman ondoren arbela eta hareharrien arteko tartekatzen bat eman zen.[18][7]
Permiarra orain dela 299 milioi urte hasi eta orain dela 252 milioi urte amaitu zen. Paleozoikoko azken periodoa izan zen. Permiarraren hasieran kontinente guztiak batu ziren Pangea gisa ezagutzen dugun superkontinentean, Panthalasa izeneko ozeano bakarrarekin. Lurra oso lehorra zen garai honetan, urtaro gogorrekin, Pangea barnealdeko klima erregulatzen zuten itsasorik ez zegoelako.
Narrastiak eta sinapsidoak loratu ziren klima lehor honetan. Demitrodon eta Edaphosaurus bezalako izakiak kontinentean jaun eta gabe ziren. Lehen koniferak agertu ziren, lur lehorra dominatuko zutenak. Periodoaren amaieran Scutosaurusak eta gorgonopsidoek lur lehor horietan ugaritu ziren. Laster desagertu ziren, Lurraren historian egon den iraungitze masiborik handienean, Permo-Triasiar iraungipen masiboan.[25][26]
Permiarrean intrusio magmatiko bat gertatu zen Euskal Herrian, granito motakoa, Bortzirietako materialak metamorfizatuz. Hala ere material hauek ez ziren goraino igo eta higaduraz gaur egun Aiako Harria eta Larrun mendiak osatzen dituzte. Hainbat datu ikertuta plutoi hau orogenia bitarte sortu zela ikusi da, egoera tektoniko transkurrente destro batean.[27]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.