Urte
From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Urtea, Lurrak Eguzkiaren inguruan bira oso bat ematen igarotzen duen denbora da[1]. Beste edozein planeta edo argizagiren orbita-periodoa ere bada. Lurraren makurdura axiala dela eta, urtebetean, urtaroak igarotzen dira, hainbat aldaketek markatua: eguraldia, argi-orduak eta, hortaz, landaredia eta lurraren emankortasuna. Adibidez, mundu osoko klima epeletan, Euskal Herria barne, lau urtaro klasiko bereizi izan dira: negua, udaberria, uda eta udazkena.


Urte natural bat Lurraren orbita-periodoaren egun kopurua da gutxi gorabehera, egutegi jakin baten araberakoa. Egutegi gregorianoa, munduan hedatuena, 365 egun ditu urte arruntean eta 366 egun bisurtean, 12 hiletan taldekatuak. Egutegi gregorianoan, urtearen batez besteko iraupena, 400 urteko ziklo osoan, 365,2425 egunekoa da. Urtea adierazteko, ez dago sinbolo ofizialik, baina a erabili ohi da (latinezko annus hitzetik), nahiz-eta batzuetan y eta yr ere erabili (ingelesezko year hitzetik). Honen multiploak dira Ma (megaurtea, geologian erabilia), Ga (gigaurtea) eta ka (kilourtea).
Astronomian, juliotar urtea denbora neurtzeko unitate bat da, zehazki 86.400 segundoko 365,25 egun dituena (segundoa SI sistemaren oinarrizko unitatea izanik), eta hortaz 31.557.600 segundo dirauena[2].
Hamar urteko aldiari, hamarkada deritzo; ehunekoari, mende, eta, milakoari, milurteko. Lau urtek olinpiada bat osatzen dute, eta bost urtek bosturteko bat.
Remove ads
Hitza
Urte, izan ere, hitz orokorra da[3], garai eta euskalki guztietakoa. Iparraldean, herskari hasperenduna du (-th-)[3].
Jatorri etimologikoa hur da (isurkaria, ez fruitua), -te atzizkiarekin (denbora-tartea adierazten duena, hala nola aste eta mende)[3]. Badirudi jatorrizko esanahia euri-sasoia edo urtze aldia izan zitekeela, urte-denbora neurtzeko moduan[3].
Urte hitzarekin batera erabiltzen dira:
Urteko lehen eguna urteberri-eguna da (urtarrilaren 1a), eta azkena, urtezahar-eguna (abenduaren 31).
Esaerak
- Apirila euritsu, urte hura ogitsu[1]
- Ezkur urte, elur urte.
- Urte askoan txapela kaskoan
Remove ads
Historia
Urtea, denbora-unitate moduan, neurtu eta kontrolatzeko bilaketa luzean, gizakiak luzaroan kasualitateekin eta halabeharrezko hurbilketekin gogobete dira, nahiz-eta kausa-efektu zuzenik ez eduki: batez besteko ilargialdiak gutxi gorabehera 29,53 egun irauten duenez, hamabi ilargialdik 354,36 egun irauten dute, hau da, urte tropikoak baino 11 egun gutxiago.


«Ilargi engainagarritik» aldentzen lehenak –urte tropikoari balio zehatza eman nahian– antzinako egiptoarrak izan ziren duela 5.000 urte baino gehiago, 365 eguneko egutegia ezarriz. Ordutik aurrera, gizakiek, pixkanaka-pixkanaka, zehazten joan dira urte tropikoaren iraupena:
- Eguzki-urte juliotarra: Urte batek 365 egun eta 6 ordu irauten du.
- Eguzki-urtea gregorianoa: Urte batek 365 egun, 5 ordu, 49 minutu eta 12 segundo irauten du.
- Urte tropikoa: 365 egun, 05 ordu, 48 minutu, 45 segundo, 97 ehuneko eta 5.456 mikrosegundo irauten du.
Remove ads
Iraupena
Urte gregoriano baten batez besteko iraupena 365,2425 egun da (baliokideak: 52,1775 aste, 8.765,82 ordu, 525949,2 minutu edo 31.556.952 segundo). Egutegi horretan, urte arruntak 365 egun ditu (8.760 ordu, 525.600 minutu edo 31.536.000 segundo) eta bisurteak 366 egun (8.784 ordu, 527.040 minutu edo 31.622.400 segundo). Egutegi gregorianoaren 400 urteko zikloak 146.097 egun ditu, eta, hortaz, 20.871 aste.
Tartekatzea
Urte astronomikoek ez dute egun edo ilargi-hilabete kopuru osoa. Urte astronomikoa jarraitzen duen egutegi batek tartekatze-sistema bat izan behar du.
Egutegi juliotarra
Egutegi juliotarrean, urtebeteko batez besteko iraupena 365,25 egunekoa da. Bisurtea ez den urte batean, 365 egun daude, bisurte batean, berriz, 366 egun. Bisurtea lau urtean behin gertatzen da, eta egun gehigarria otsailean tartekatzen da, bisegun izenekoa.
Astronomian, juliotar urtea 365,25 egunez osatutako denbora-unitatea da; egun bakoitzak, zehazki, 86.400 segundo (SI sistemaren oinarrizko unitatea) ditu, juliotar urte astronomikoan, guztira, 31.557.600 segundo direlarik[7][8].
Egutegi juliotar berrikusia
1923an proposatu eta ekialdeko Eliza Ortodoxo batzuetan erabiltzen den egutegi juliotar berrikusiak, 900 urtero, 218 bisurte ditu, batez besteko urtearen iraupena 365,2422222 egunekoa izanik, hau da, urte tropikalaren batez besteko iraupenaren antzekoa, 365,24219 egun (9,10eko errore erlatiboa). 2800. urtean, egutegi gregorianoak eta juliotar berrikusiak efutegiko egun bateko aldea izaten hasiko dira bien artean[9].
egutegi gregorianoa
egutegi gregorianoak iparraldeko ekinokzioa martxoaren 21ean edo lehentxeago izatea bilatzen du, eta, beraz, urte tropikoa jarraitzen du[10]. 400 urtetatik 97 bisurteak direnez, egutegi gregorianoaren urteko batez besteko iraupena 365,242 egunekoa da 1 ppm baino gutxiagoko errore erlatibo batekin (8-10-7), benetako batez besteko iraupena 365,24219 egun baita. 4000. urterako, martxoko ekinozioa egutegi gregorianoan egun bat atzeratuko dela uste da, ez horren egituragatik, baizik eta Lurraren errotazioaren moteltzeagatik eta, ondorioz, egunaren luzapenagatik.
Beste egutegi batzuk
Sakontzeko, irakurri: «Eguzki-ilargi egutegi»
Historikoki, ilargi-eguzki egutegiek hil osoak tartekatzen zituzten, behaketaren arabera. Ilargi-eguzki egutegiak ez dira dagoeneko erabiltzen, arrazoi liturgikoengatik izan ezik (egutegi hebrearra, zenbait egutegi hindu).
Jalali egutegi historikoaren egokitzapen modernoa, Hejirako eguzki egutegi (1925) izenez ezagutzen dena, eguzki-egutegi hutsa da, behaketan (edo kalkulu astronomikoan) oinarritutako bisurte-egunen eredu irregularrarekin, zeinak, bisurteen sistema algoritmiko bat erabili beharrean, urte berria (Noruz) udaberriko ekinokzioaren egunean (Teherango ordu-eremuan) kokatzea helburu duen.
Aldakuntza
Urte astronomiko baten iraupen zehatza denboran zehar aldatuz joan (eta joango) da. Hauek dira aldaketa horien arrazoi nagusiak:
- Ilargiaren eta planeten eragin grabitatorioak Lurraren mugimendua aldatzen du Eguzkiaren inguruko orbita konstante batean. Lurraren orbita modu kaotikoan aldatzen da, baina hurbilen dauden planeten orbitak baino modu mugatuagoan.
- Lurraren eta Ilargiaren arteko errotazio sinkronoak egunaren eta hilaren iraupena handitzen du (Lurraren errotazioaren momentu angeluarretik Ilargiaren biraketara igaroz). Urte zibilean egunaren luzera neurtze unitatea denez, urtearen iraupenean eragiten du. Aldi berean, errotazio sinkronoa glaziazio ondoko erreboltaren eta itsas mailaren igoeraren araberakoa da.
- Eguzkiaren masa efektiboaren aldaketek, zeinak eguzki-haizeak eta fusio nuklear bidez sortutako energia erradiazioak eragin dituzten, Lurraren orbita periodoak epe luzera izango du eragina (urteko 1,25 mikrosegundo, gutxi gorabehera).
- Beste efektu batzuek orbita-periodoa laburtzeko joera dute, hala nola Poynting-Robertson efektuak (urteko 30 nanosegundo inguru) edo grabitazio-uhinek (urteko 165 attosegundo inguru).
Remove ads
Nazioarteko ikurra
Ez dago nazioarteak onartutako ikurrik urtea adierazteko denbora unitate gisa. Nazioarteko Unitate Sistemak ez du batere proposatzen. NIST SP811[11] eta ISO 80000-3:2006[12] sistemek, berriz, a[13] proposatzen dute, latinezko annus edo annum hitzaren laburdura. Batzuetan, ingelesezko y edo yr erabiltzen dira, year hitzaren laburdura. Euskaraz u. ikurra erabiltzen da[14].
a ikurra
Neurri Unitateen Kode Bateratuak (Unified Code for Units of Measure delakoak)[15] ISO 1000, ISO 2955 eta ANSI X3.50 bereizten ditu, ikur bereiziak erabiliz:
- at = a_t = 365.24219 egun urte tropikalean
- aj = a_j = 365.25 egun juliotar urtean
- ag = a_g = 365.2425 egun urte gregorianoan
- a = 1 aj urtea (zehazten ez bada)
SI aurrizkiak
- ka (kiloannum), milurteko bat da, hau da, mila urtea (103).
- Ma (megaannum), milioi bat urte (106). Diziplina zientifikoan erabilia, batez ere geologian, paleontologian eta astronomian, denbora tarte luzeak iraganean edo etorkizunean adierazteko. Astronomian, juliotar urtea erabiltzen da, zehazki 365,25 egunekoa. Geologia eta paleontologian, urtea ez dago zehaztua, eta egilearen araberakoa da.
- Ga (gigaannum), gigaurte bat da, mila milioi urte (109). Kosmologian eta geologian erabilia iraganeko denbora tarte oso luzeak adierazteko. Adibidez, Lurra orain dela 4.57 Ga inguru sortu zen (4,57 mila milioi urte, alegia).
- Ta (teraannum), bilioi bat urte (1012). Denbora unitate luze-luzea da, unibertsoaren adina baino 70 aldiz luzeagoa. Izar nano gorri baten bizi iraupena uste denaren baliokide da.
- Pa, mila bilioi urte (1015). Tantalo-180m isomero nuklearraren semidesintegrazio-periodoa, izan ere, 1 Pa inguru da[16].
- Ea, trilioi bat urte (1018). Tungsteno-180 gaiaren semidesintegrazio-periodoa, hala, 1.8 Ea da.
Remove ads
Zenbakera
Egutegiko aro batek zenbaki kardinal bat esleitzen dio urte bakoitzari iraganeko gertaera bat erreferentziatzat erabiliz (abiapuntua) aroaren hasiera markatzeko.
Egutegi gergorianoa da munduan gehien erabiltzen den egutegi zibila[17]. Bere abiapuntua da Jesus Nazaretekoaren jaiotzaren VI. mendeko estimazio bat. Bi modutan adierazten dira urteak: latinezko Anno Domini (Jaunaren urtean) –labur, A.D– eta, ohikoagoa euskaraz, Kristo ondoren –labur, K.o.–[18][19][20]. Abiapuntua baino lehenagoko urteak Kristo aurretik –labur, K.a.–[18] adierazten dira. Urteen zenbakiak zenbaketa inklusiboan oinarritzen dira, eta, hortaz, ez dago «Zero urterik».
Badira beste abiapuntu batzuk, adibidez:
- Ab urbe condita (hiriaren sorreratik) –labur AUC edo a.u.c.–, Antzinako Erroman erabilia.
- Anno Mundi (munduaren urtea) –labur AM edo a.m.–, bizantziar eta hebrear egutegietan erabilia.
- Japoniar enperadoreen autoak.
- Anno Hegirae (Hegira urtea) –labur AH–, islamiar egutegian erabilia (ilargi-egutegia izanik, eguzki-egutegiak baino laburragoa da)
Remove ads
Banaketa pragmatikoak
Finantza- eta zientzia-kalkuluek, maiz, 365 eguneko egutegia erabiltzen dute eguneroko eginbeharrak sinplifikatzeko.
Urte fiskala
Sakontzeko, irakurri: «Ekitaldi ekonomiko»
Ekitaldi fiskalak edo finantza-urteak 12 hilabeteko epea du, enpresetan eta beste erakunde batzuetan urteko finantza-egoerak kalkulatzeko erabiltzen dena. Jurisdikzio askotan, kontabilitateari buruzko araudiek hamabi hilabetean behin txosten horiek aurkeztea eskatzen dute, baina ez dute eskatzen hamabi hilabeteek egutegi-urte bat osatzea.
Adibidez, Kanadan eta Indian, ekitaldi fiskala apirilaren 1ean hasten da; Erresuma Batuan, apirilaren 1ean hasten da sozietateen gaineko zerga eta gobernuaren finantza-egoeren ondorioetarako, baina apirilaren 6an hasten da pertsonen gaineko zerga eta estatu-prestazioen ordainketarako; Australian, uztailaren 1ean hasten da; eta Estatu Batuetan, berriz, gobernu federalaren ekitaldi fiskala urriaren 1ean hasten da.
Ikasturtea
Sakontzeko, irakurri: «Ikasturte»
Ikasturte akademikoa ikasle batek hezkuntza-erakunde batera joaten den urteko aldia da. Ikasturtea epe akademikoetan bana daiteke, hala nola seihilekoetan edo hiruhilekoetan. Herrialde askotan, ikasturtea abuztuan edo irailean hasten da, eta maiatzean, ekainean edo uztailean amaitzen da. Israelen, ikasturtea urriaren edo azaroaren inguruan hasten da, egutegi hebrearreko bigarren hilabetearekin bat etorriz.
Erresuma Batuko, Kanadako eta Estatu Batuetako eskola batzuek ikasturtea hiru hileko zatitan banatzen dute (hiruhileko edo lauhileko deituak AEBn), gutxi gorabehera iraupen berekoak, zeinak, gutxi gorabehera, udazkenarekin, neguarekin eta udaberriarekin bat datozen. Batzuetan, ikasleek udako ikastaro laburtu batera joaten dira –batzuetan ohiko ikasturtearen parte dela uste dena– borondatez edo aukerako moduan. Beste eskola batzuek, berriz, urtea bi seihileko nagusitan banatzen dute: lehenengoa, normalean, abuztutik abendura eta bigarrena urtarriletik maiatzera. Seihileko nagusi horietako bakoitza erditik bana daiteke azterketa partzialen bidez, eta erdi bakoitzari hiruhileko deitzen zaio (edo lauhileko herrialde batzuetan). Halaber, udako ikastaro borondatezko bat edo urtarrileko ikastaro labur bat ere egon daiteke.
Beste ikastetxe batzuek, Estatu Batuetako batzuk barne, lau ebaluazio-aldi dituzte. Estatu Batuetako ikastetxe batzuek, batez ere Boston Latin School-ek, urtea bost ebaluazio-aldi edo gehiagotan bana dezakete. Batzuek, horren alde eginez, diote txostenen maiztasunaren eta lorpen akademikoaren artean korrelazio positiboa dagoela.
AEBko ikastetxeetan, normalean, 180 eguneko irakaskuntza-egunak izaten dira urtero, asteburuak eta atsedenaldiak kontuan hartu gabe; Kanadako, Zeelanda Berriko eta Erresuma Batuko ikastetxe publikoetako ikasleentzat 190 egun, eta Australiako ikasleentzat 200.
Indian, ikasturtea, normalean, ekainaren 1ean hasten da, eta maiatzaren 31n amaitzen da. Ikastetxeak martxoaren erdialdean ixten hasten diren arren, benetako itxiera akademikoa maiatzaren 31n da, eta, Nepalen, uztailaren 15ean hasten da[erreferentzia behar].
Australiako ikastetxe eta unibertsitateek, normalean, egutegi-urtearekin bat datozen ikasturteak izaten dituzte (hau da, otsailean edo martxoan hasi eta urritik abendura bitartean amaitu), hego hemisferioan uda abendutik otsailera bitartean izaten baita.
Remove ads
Urte astronomikoak
Juliotar urtea
Juliotar urtea, astronomian eta beste zientzietan erabiltzen denez, gaur egun, zehazki, SIren 86.400 segundoko 365,25 egunez definitzen den denbora-unitatea da[21] (efemeride egunak). Hori da urte unitatearen esanahi bat hainbat testuinguru zientifikotan erabiltzen dena. 36.525 efemeride eguneko juliotar mendea eta 365.250 efemeride eguneko juliotar milurtekoa, izan ere, kalkulu astronomikoetan erabiltzen dira. Funtsean, juliotar urtetan denbora-tarte bat adieraztea da, denbora-tarte luzeetarako denbora-kopuru bat zehatz-mehatz zehazteko modu bat (ez zenbat urte erreal), non efemeride egunen kopurua adieraztea zaila eta ez intuitiboa litzatekeen. Konbentzioz, juliotar urtea argi-urte batek egindako distantzia kalkulatzeko erabiltzen da.
Neurri Unitateen Kode Bateratuan (baina ez Fisika Puru eta Aplikatuaren Nazioarteko Batasunaren edo Zientzia Geologikoen Nazioarteko Batasunaren arabera), a ikurrak (azpiindizerik gabe) beti juliotar urteari (aj) egiten dio erreferentzia, 31557600 segundokoari, alegia.
- 365.25 d × 86400 s = 1 a = 1 aj = 31.5576 Ms.
SI biderkatzaile aurrizkiak aplika dakizkioke «ka», «Ma», etab. osatzeko[22].
Juliotar urte zientifikoa ez da nahasi behar egutegi juliotarreko urte batekin. juliotar urte zientifikoa SIren segundoaren multiploa da; gaur egun, astronomikoa kontsideratzen da bakarrik astronomian erabiltzen den zentzuan; benetako urte astronomikoak zeruko gorputzen mugimenduetan oinarritzen dira.
Urte sideral, tropikal eta anomalistikoak
Hiru urte hauetako edozeini urte astronomiko dei dakioke, modu zabalean.
Urte siderala Lurrak bere orbitaren bira bat osatzeko behar duen denbora da, erreferentzia-sistema finko baten arabera neurtuta (adibidez, izar finkoak, latinezko sideratik, singularra sidus). Bere batez besteko iraupena 365,256363004 egun da (365 e 6 h 9 min 9,76 s) (J2000.0 garaian; hau da, 2000ko urtarrilaren 1a, 12:00:00 –LD (Lurraren denbora) edo TT (Terrestrial Time) ingelesez–[23].
Gaur egun, batez besteko urte tropikala edo tropikoa Eguzkiaren batez besteko ekliptika-longitudea 360 gradu handitzeko denbora-tarte gisa definitzen da[24]. Eguzkiaren ekliptika-longitudea ekinokzioarekiko neurtzen denez[25], urte tropikalak urtaroen ziklo oso bat hartzen du barne, eta nazioartean erabiltzen den egutegi gregoriano gisako eguzki-egutegien oinarria da. Batez besteko urte tropikalaren definizio modernoa denbora errealetik minutu bat edo bi desberdintzen da, adibidez, iparraldeko ekinokzioaren igarotzeen artean, behean azalduko diren hainbat arrazoirengatik. Lurraren ardatz-prezesioa dela eta, urte tropikala urte siderala baino 20 minutu laburragoa da, gutxi gorabehera. Batez besteko urte tropikala, definizio modernoa erabiliz, gutxi gorabehera, 365 egun, 5 ordu, 48 minutu 45 segundo da[26] (= 365,24219 d × 86.400 s). Urte tropikalaren iraupena, milaka urtetan, pixka bat aldatzen da, ardatz-prezesioaren tasa ez baita konstantea.
Urte anomalistikoa Lurrak bere apsideekiko bira bat osatzeko behar duen denbora da. Lurraren orbita eliptikoa da; muturreko puntuak, apside deiturikoak, dira: perihelioa –non Lurra Eguzkitik hurbilen dagoen– eta afelioa –non Lurra Eguzkitik urrunen dagoen–. Urte anomalistikoa, normalean, periheliotik igarotzeen arteko denbora gisa definitzen da. Bere batez besteko iraupena 365,259636 egunekoa da (365 d 6 h 13 min 52,6 s) (J2011.0 garaian)[27].
Urte drakonikoa, urte drakonitikoa, eklipse urtea edo ekliptika urtea da Eguzkiak (Lurretik ikusita) ilargi nodo berarekiko (Ilargiaren orbitak ekliptika gurutzatzen duen puntua) bira bat osatzeko behar duen denbora. Urte hori eklipseekin lotuta dago: horiek Eguzkia eta Ilargia nodo horietatik gertu daudenean bakarrik gertatzen dira; beraz, eklipseak gertatzen dira eklipse erdiko urte bakoitzeko hilabete baten ondoren, gutxi gorabehera. Beraz, eklipse urte bakoitzean, bi eklipse garai daude. Eklipse urtearen batez besteko iraupena hau da:
- 346.620075883 egun (346 d 14 h 52 min 54 s) (J2011.0 garaian).
Termino hori, batzuetan oker, ilargi-prezesioaren periodo drakoniko edo nodala izendatzeko erabiltzen da, hau da, Ilargiaren goranzko nodoaren ekliptikaren inguruko bira osoaren periodoa izendatzeko: 18,612815932 juliotar urte (6798,331019 egun; J2000.0 garaian).
Ilbetearen zikloa
Ilbetearen zikloa da Eguzkiak (Lurretik ikusita) Ilargiaren orbitaren perigeoarekiko bira bat osatzeko behar duen denbora. Aldi hori ilbetearen itxurazko tamainarekin eta hilabete sinodikoaren iraupen aldakorrarekin lotuta dago. Ilbetearen ziklo baten iraupena hau da:
- 41178443029 egun (411 egun 18 ordu 49 minutu 35 segundo) (J2000.0 garaian)).
Ilargi urtea
Ilargi-urteak Ilargiaren faseen hamabi ziklo oso ditu, Lurretik ikusita. Gutxi gorabehera 354,37 eguneko iraupena du. Musulmanek erlijio-helburuetarako erabiltzen dute, hala nola Haj-aren data eta Ramadan barau hilabetea kalkulatzeko, eta, beraz, baita Eidak ere. Juduen egutegia ere ilargi urtearen modukoa da, gehienbat, baina, bi edo hiru urtean behin, tartean, ilargi-hilabete bat gehitzen zaio, egutegia eguzki-zikloarekin sinkronizatuta mantentzeko diseinatua. Horrela, juduen (hebrear) egutegiko ilargi-urteak hamabi edo hamahiru ilargi-hilabete ditu.
Urte lausoa
Urte lausoa 365 eguneko urtearen hurbilketa integrala da, zeina urte zehatzagoekin alderatzen den. Normalean, urte lausoa 30 eguneko 12 hilabete eskematikotan banatzen da, gehi tartekatutako 5 egun. Urte lausoa Etiopiako, Antzinako Egiptoko, Irango, Armeniako eta Mesoamerikako azteken eta maien egutegietan erabili zen[28]. Oraindik ere, zoroastriar komunitate askok erabiltzen dute.
Urte heliakala
Urte heliakala izar baten igoera heliakalen arteko tartea da. Ekliptikatik urrun dauden izarrentzat, urte sideralarekiko desberdina da, batez ere ekinokzioen prezesioagatik.
Urte sotikoa
Urte sotikoa Sirius izarraren urte heliakala da, hau da, igoera heliakalen arteko tartea. Gaur egun, urte siderala baino txikiagoa da, eta bere iraupena juliotar urtearen oso antzekoa da, 365,25 egunekoa.
Urte gaussiarra
Gauss-en urtea edo urte gaussiarra Eguzkiarekiko masa hutsala duen eta beste planetek asaldatu gabeko planeta baten urte siderala da, grabitazio-konstante gaussiarrak gobernatzen duena. Planeta hori Eguzkitik zertxobait hurbilago egongo litzateke Lurraren batez besteko distantzia baino. Bere luzera hau da:
- 365.2568983 egun (365 d 6 h 9 min 56 s).
Remove ads
Planeten urteak

Eguzki-sistemako planeten iraupena Lurreko egunetan adierazita dago, bi hamarrekorekin.
Egutegi gregorianoa onartzeak eragindako pasadizoak
- Teresa Àvilakoa 1582ko urriaren 4an, hil zen, ostegunean, eta hurrengo ostiralean, urriaren 15ean, lurperatu zuten. Santa Teresa eguna urriaren 15ean.[31]
- Shakespeare eta Cervantes data berean hil ziren, 1616ko apirilaren 23an, baina ez egun berean. Cervantes 1616ko apirilaren 23an hil zen, 1582tik Espainian indarrean dagoen egutegi gregorianoaren arabera. Shakespeare 1616ko maiatzaren 3an hil zen, Ingalaterran indarrean zegoen egutegi juliotarraren arabera, 1752ra arte.[32]
- Errusiak ez zuen onartu egutegi gregorianoaren erreforma, sobietarrak iritsi arte. Egutegi berria hartzeko, 1918ko otsailaren 1a otsailaren 14a zen. Kasu bitxia da: “Urriko Iraultza”, SESB zaharrean, azaroan ospatzen zen. Horren arrazoia zen iraultza 1917ko urriaren 25ean gertatu zela, Errusia zaristan indarrean zegoen egutegi juliotarraren arabera. Egun hori, erregimen berriak egutegi gregorianoa hartu zuenean, azaroaren 7an erori zen. Iraultzaren urtebetetzea azaroan izan zen beti, eta batzuetan “Azaroko Iraultza” ere esaten zaio.
Remove ads
Ikus, gainera
- Zero urtea (0)
- Aurten: 2025
- Urte arrunta eta bisurtea
Erreferentziak
Bibliografia
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads
