From Wikipedia, the free encyclopedia
Zuzenbidea gizartean bizi diren pertsonen arteko harremanak eta euren portaerak finkatu eta xedatzen dituzten arau eta instituzioen multzoa da, justizia printzipioetan oinarrituta eta estatuak sustatua. Arau multzoa izateaz gain, zuzenbidea moralarekin eta boterearekin estuki loturik dagoen kontzeptua da: zuzenbideak barne hartzen dituen arauak ongia eta gaizkia finkatzen dituen moral jakin bati dagozkio; beste alde batetik, zuzenbidea estatutik jaulki eta estatuaren hertsapenaz aplikatzen da.
Pertsona baten bizitzan, present dago une oro zuzenbidea: jaiotzatik (eta umekia denetik zuzenbide zenbaitetan) eta hil ondoren, pertsona gisa banakoak dituen eskubideak eta besteekiko betebeharrak zehaztu, pertsonaren ondasunen jabetza ziurtatu eta bermatu, kontratuen bitartez beste pertsonekin dituen harreman ekonomikoetarako egitura bat definitu arlo honetan izan daitezkeen gatazkak bideratzeko, pertsona batek beste pertsona bati egindako kalte eta erasoen arduraduna izendatu eta horri ordaina eta zigorra eskatu eta estatuarekiko harremanak eratzen ditu. Pertsona banakoaz haraindi, zuzenbideak gizarte-ordenaren ongizatea eta segurtasuna legez zaindu ere egiten du. Erakunde eta herrialdeen arteko harremanak ere arautzen ditu. Zuzenbideari buruzkoa den guztia juridikoa dela esaten da; horrela, zuzenbideak gatazka juridikoak ebatzi eta ordena juridikoa ezartzen duela esaten da.
Zuzenbidea osatzen duten arau multzoan hierarkia dago. Herrialde bateko konstituzioak, maila gorenean, herrialdeko printzipio nagusiak eta bertako hiritarren oinarrizko eskubideak zehazten ditu. Konstituzio honi jarraiki, maila ezberdinetako legeak jaulkitzen dira, herrialde bateko legebiltzar edo parlamentuak onartutakoak lehenik eta gobernuak lege horiek garatuz eta zehaztuz ezartzen dituen bestelako arauak bigarren maila batean. Azkenik, pertsona ezberdinen artean hitzartu eta sinatzen diren kontratuak ere bete egin behar dira, baina horietan ezin da legearen aurka ezer adostu. Une jakin batean indarrean dagoen arau juridikoen multzoa ordenamendu juridikoa da.
Beste alde batetik, arau horiek jalgi eta betearazten dituzten instituzio eta erakundeak ere sortzen ditu zuzenbideak. Horrela, epaileek arauen aplikazioa eta interpretazioa eginez, hiritarren artean sortzen diren gatazkak ebatzi eta pertsonen eskubideak baieztatzen dituzte, horiek urratuak izan direnean, epaia emanez. Pertsona batek legea hautsi duela frogatzen bada, epaileak horri zigorra jarri (gartzela-zigorrak, kasu batzuetan; herrialde zenbaitetan, baita heriotza zigorra ere) edo bestelako neurriak hartzen ditu, legean oinarrituz betiere. Epaileen aurrean pertsonak ordezkatu eta hauen interesak aldezten dituzten pertsonak abokatuak dira. Epaileengana iritsi gabe, hiritarrekin duen harremanetan administrazio publikoaren egintza ere zuzenbidean oinarritzen da eta hiritarren babeserako baliabide anitz eskaintzen ditu, erreklamazio eta helegiteen bitartez. Polizia ordena publikoa zaindu eta pertsonen eskubideak bermatzeko dago, legea hausten dituztenak epaileen esku utziz.
Zuzenbidean arlo ezberdinak bereizten dira. Lehenengo maila batean, zuzenbide pribatua, partikularren arteko harremanak arautzen dituena, eta zuzenbide publikoa, estatuaren funtzionamendua erregulatu eta hiritarrekiko harremanak ezartzen dituena, bereizten dira. Zuzenbide pribatuaren baitan zuzenbide zibila eta merkataritza zuzenbidea daude; zuzenbide publikoan, berriz, zigor zuzenbidea eta administrazio zuzenbidea, besteak beste.
Zuzenbidearen balorazio ezberdinak egin dira: batzuen iritziz, zuzenbideak gizartearen ongizaterako eta justiziarako ordena izan beharko luke eta horretan ahalegindu behar du; ikuspuntu marxista batetik, zuzenbidea gizarte-ordena inposatzeko gizarte-klase baten tresna bat besterik ez da eta ikuspuntu neutro batetik, zuzenbidea arau-multzo bat besterik ez da, justiziarekin zerikusi handia edo txikia izan dezakeena[1].
Juristek legearen definizio ugari garatu dituzte mendeetan zehar. Hala ere, ez dago erabat onartutako definiziorik.
Euskaltzaindiak bi adiera ematen dizkio zuzenbide hitzari:
Zuzenbidearen filosofia jurisprudentzia bezala ezagutzen da. Jurisprudentzia arauemaileak zer izan behar du legeak? galdetzen du; jurisprudentzia analitikoak, berriz, zer da zuzenbidea?.
Baina zer da, azken batean, lege bat? Legeen xedea beti orokorra dela diodanean, esan nahi dut legeak subjektuak masiboki eta ekintzak abstraktuan kontsideratzen dituela, eta inoiz ez pertsona edo ekintza partikular bat. Ikuspegi horretatik, berehala ikusten dugu jada ezin dela galdetu noren eginkizuna den legeak egitea, zeren eta borondate orokorraren egintzak baitira; ez eta printzea legearen gainetik ote dagoen ere, Estatuko kide denez gero; ez eta legea zuzengabea izan ote daitekeen ere, inor ez baita bere buruarekin zuzengabea; ez eta nola izan gaitezkeen libre eta legeen mende, gure borondateen erregistroak besterik ez baitira. Jean-Jacques Rousseau, Kontratu Soziala, II, 6.[4]
Hainbat saiakera izan dira zuzenbidearen definizio unibertsal onargarria sortzeko. 1972an, Hampstead baroiak ezin zela horrelako definiziorik ezarri esan zuen[5]. McCoubreyk eta Whitek, berriz, zer da zuzenbidea? galderak ez duela erantzun sinplerik esan zuten[6]. Glanville Williamsek, aldiz, zuzenbide hitzaren esanahia hitz hori erabiltzen den testuinguruaren araberakoa dela esan zuen: esaterako, antzinako ohiturazko zuzenbidea eta udal zuzenbidea bi esanahi desberdin eta bateraezinak zituen testuinguruak zirela[7]. Thurman Arnoldek esan zuen argi dagoela ezinezkoa dela zuzenbide hitza definitzea, eta, era berean, argi dagoela hitz hori definitzeko borroka ez dela inoiz alde batera utzi behar[8]. Zuzenbide hitza definitu beharrik ez dagoela pentsa daiteke (adibidez, orokortasunak ahaztu eta jo dezagun jurisprudentziara)[9].
Definizio bat zuzenbidea arau eta gidalerroen sistema bat dela da, eta gizarte-erakundeen bidez betearazten dela portaera gobernatzeko[10]. The Concept of Law liburuan, H. L. A. Hartek zioen zuzenbidea arau sistema bat dela[11]; John Austinek zuzenbidea subirano baten agindua zela zioen, zigor baten mehatxuak babestua[12]; Ronald Dworkinek, berriz, zuzenbidea justizia lortzeko kontzeptu interpretatzaile gisa deskribatzen du Law's Empire izeneko testuan[13]; eta Joseph Razek dio zuzenbidea pertsonen interesen bitartekari izateko autoritate bat dela[14]. Oliver Wendell Holmesek honela definitu zuen zuzenbidea: «Auzitegiek benetan egingo dutenaren iragarpenak, beste itxurakeriarik gabe»[15]. Zuzenbideari buruzko bere tratatuan, Tomas Akinokoak dio zuzenbidea gauzen arrazoizko ordenamendua dela, guztien ongiari dagokiona eta gizartearen ardura duenak aldarrikatzen duena[16]. Definizio horrek osagai positibista eta naturalistak ditu, aldi berean[17].
Zuzenbidearen azken xedea justizia da, eta, horrela, zuzenbidea osatzen duten arauak printzipioz bidezkoak lirateke gizarte-ordena zaindu eta pertsonen eskubideak bermatzeko. Ildo horretatik, zuzenbide naturala eta zuzenbide positiboa bereizten dira. Zuzenbide naturala, arau idatzien aurretik, gizarteak ontzat eta bidezkotzat jotzen dena da, gizarteko jokabideak gidatu eta gizakiek berez onartzen dutena. Zuzenbide naturalean oinarrituz, gizarteak arau zehatzak osatu, eta aplikatzen ditu. Justizia edo lege naturalean oinarrituz, arau juridiko horiek osatzen dute zuzenbide positiboa. Dena den, askotan, ez datoz bat pertsonek beretzat nahi dituzten eskubideak, gizarteak eskatzen duen ordena eta arauek ezartzen dituzten xedapenak.
Justizia kontzeptua bera ere eztabaidatua da: batzuen iritziz, justizia Jainkoak finkatzen du, eta, horrela, zuzenbidea erlijio nagusiak ezartzen duten ordenan oinarritzen da herrialde zenbaitetan; arrazionalismoan, ordea, gizakia lege naturala arrazoitzeko gauza dela baieztatzen da, gizakiaren esentzian arakatuz eta ondoren gizakiak gizartean elkarbizitzeko moduak adostuz, Jean-Jacques Rousseau filosofoak aipatu zuen gizarte-kontratuaren bitartez esaterako. Lege naturala ezartzerakoan, eragina izan duen beste pentsalari bat Immanuel Kant izan zen, norberak gizarte osora zabaltzea onartuko lukeen arau baten arabera jokatu behar duela baieztatuz.
Justiziaren bila, zuzenbidean nagusitzen diren printzipio nagusietako bat berdintasuna da: legea guztientzat berdina da, eta guztiei modu berean aplikatzen zaio[18]. Beste printzipio naturaletako bat bakea da: zuzenbideak gatazkak konpontzen saiatu behar du. Zuzenbide-estatuetan, askatasuna eta giza eskubideak ere bermatzen ditu zuzenbideak.
Zuzenbidea arauek osatzen dute, baina ez edonolakoak: zuzenbidearen arauek juridikoak izan behar dute, eta, halatan, garrantzitsua da arau horiek nondik sortu eta zein diren zehaztea, zuzenbidearen iturriak finkatzea, alegia. Euskal Herrian egun indarrean dagoen zuzenbideetan, iturriak dira; legea, ohiturazko zuzenbidea eta zuzenbidearen printzipio orokorrak, hurrenez hurren. Doktrina legala (jurisprudentzia) eta doktrina zientifikoa ere kontuan hartu ohi dira. Ingeles tradizioari jarraitzen dioten herrialdeetan, Common law sistema juridikoa izaten da indarrean, eta, bertan, legea ez, baizik eta jurisprudentzia da zuzenbidearen iturri nagusia.
Nazioarteko zuzenbidean, berriz, herrialde bakoitzeko legeak ez dira aintzakotzat hartzen, eta, ordena honetan, nazioarteko trataduak, ohiturazko zuzenbidea, zuzenbidearen printzipio orokorrak eta doktrina juridikoa ezartzen dira zuzenbide iturri moduan.
Zuzenbidearen historiak lotura estua du zibilizazioaren garapenarekin. Antzinako Egiptoko zuzenbidea, K.a. 3000. urte arte datatua, Maat kontzeptuan oinarritzen zen, eta tradizioan, diskurtso erretorikoan, berdintasun sozialean eta inpartzialtasunean ezaugarritzen.[19][20][21]. K.a. XXII. menderako, Ur-Nammu agintari sumertar zaharrak lehen lege-kodea formulatua zuen, adierazpen kasuistikoak egiten zituena (baldin..., orduan...). K.a. 1760 inguruan, Hammurabi erregeak babiloniar legea garatu zuen, kodetuz eta harrian idatziz. Hammurabik bere lege-kodearen zenbait kopia jarri zituen Babiloniako erresuma osoan, estela gisa, jende guztiak ikus zitzan; Hori Codex Hammurabi izenez ezagutu zen. Estela horien kopiarik ukigabeena XIX. mendean aurkitu zuten asiriologo britainiarrek, eta, ordutik hona, erabat transliteratua eta hainbat hizkuntzatara itzulia izan da, ingelesa, italiera, alemana eta frantsesa barne[22].
Itun Zaharra K.a. 1280koa da, eta inperatibo moralen itxura hartzen du gizarte on baten gomendio gisa. Antzinako Atenas, K.a. VIII. mende inguruko Greziar hiri-estatu txikia, bere hiritarren inklusio zabalean oinarritu zen lehen gizartea izan zen, emakumeak eta esklabo jendea baztertuz. Hala ere, Atenasek ez zuen zientzia juridikorik, ezta legetzat hitz bakar bat ere[23], eta lege jainkotiarraren (thémis), giza dekretuaren (nomos) eta ohituraren (díkis) arteko hiru norabideko bereizketan oinarritzen zen[24]. Hala ere, Antzinako Zuzenbide Grekoak berrikuntza konstituzional handiak izan zituen demokraziaren garapenean[25].
Erromatar zuzenbideak greziar filosofiaren eragin handia izan zuen, baina bere arau zehatzak legelari profesionalek garatu zituzten, eta oso sofistikatuak izan ziren[26][27]. Erromatar Inperioaren gorakadaren eta gainbeheraren arteko mendeetan zehar, zuzenbidea gizarte-egoera aldakorrei aurre egiteko egokitu zen, eta kodifikazio handia jasan zuen Teodosio II.aren eta Justiniano I.aren garaian[28]. Erdi Aro Goiztiarrean kodeak usadioz eta jurisprudentziaz ordezkatu baziren ere, erromatar zuzenbidea XI. mende inguruan berraurkitu zen Erdi Aroko legelariak erromatar kodeak ikertzen eta beren kontzeptuak zuzenbide kanonikora egokitzen hasi zirenean, jus komuna sortuz. Latinezko lege-esaerak orientaziorako bildu ziren. Erdi Aroko Ingalaterran, errege-auzitegiek aurrekari-multzo bat garatu zuten, geroago ohiturazko lege bihurtu zena. Europa osoko Merkatari-zuzenbidea eratu zen merkatariek, tokiko legeen alderdi ezberdin ugariekin baino gehiago, ohitura-estandar komunekin trukatu ahal izateko. Merkatari-zuzenbidea, merkataritza-lege modernoaren aitzindaria, ondasunak kontratatzeko eta besterentzeko askatasuna azpimarratzen zuen[29]. Nazionalismoa XVIII. eta XIX. mendeetan hazten zihoan heinean, Merkataritza-zuzenbidea herrialdeetako bertako zuzenbidean sartu zen kode zibil berrien mendean. Napoleonen eta Alemaniako kodeak bihurtu ziren eragingarrienak. Jurisprudentzia-liburu izugarrietan datzan ingelesen ohiturazko legearen aldean, liburu txikietako kodeak erraz esportatzen dira, eta erraz aplikatzen epaileentzat. Hala ere, gaur egun, zantzuak daude lege zibil eta ohiturazko legeak bat egiten ari direla[30]. EBko zuzenbidea tratatuetan kodetzen da, baina Europako Justizia Auzitegiak ezarritako egitatezko aurrekarien bidez garatzen da[31].
Antzinako Indiak eta Txinak zuzenbidearen tradizio ezberdinak ordezkatzen dituzte, eta teoria eta praktika juridikoko eskola independenteak izan dituzte historikoki. Arthashastra, ziur asko K.o. 100. urtearen inguruan bildua (material zaharragoa duen arren), eta Manusmriti (100 – 300 urteen artean) Indiako fundazio-tratatuak izan ziren, eta onartutako orientazio juridikotzat jotzen diren testuak biltzen dituzte[32]. Manuren filosofia nagusia tolerantzia eta pluralismoa zen, eta Asiako hego-ekialde osoan zehar aipatzen zen[33]. Indiar azpikontinentearen musulmanen konkisten garaian, sultan eta inperio musulmanek xaria ezarri zuten, batez ere Mogol Inperioko Fatawa-e-Alamgirik, Aurangzeb enperadoreak eta islameko hainbat adituengatik bilduak[34][35]. Indian, indiar tradizio juridikoa, lege islamikoarekin batera, ohiturazko-zuzenbideak ordezkatu zuen India Britainiar Inperioaren parte bihurtu zenean[36]. Malaysiak, Bruneik, Singapurrek eta Hong Kongek ere ohiturazko-zuzenbidea onartu zuten. Asiako ekialdeko tradizio juridikoak eragin laiko eta erlijiosoen nahasketa paregabea islatzen du[37]. Japonia izan zen bere ordenamendu juridikoa, mendebaldeko lerroari jarraituz, modernizatzen hasi zen lehen herrialdea frantsesaren zati batzuk inportatuz, baina, batez ere, Alemaniako Kode Zibila[38]. Neurri batean, Alemaniak XIX. mendearen amaieran zuen goranzko indarra islatzen zuen horrek.
Era berean, Txinako lege tradizionalak mendebalderantz jo zuen Qing dinastiaren azken urteetan, zuzenbide pribatuko sei kode gisa, batez ere Alemaniako zuzenbidearen eredu japoniarrean oinarrituta[39]. Gaur egun, Taiwango legeak garai hartako kodifikazioen arteko antzekotasuna mantentzen du Chiang Kai-sheken nazionalisten eta 1949an kontinentearen kontrola lortu zuten Mao Zedongen komunisten arteko zatiketaren ondorioz. Txinako Herri Errepublikan gaur egun dagoen lege-azpiegiturak Sobietar Sozialisten zuzenbidearen eragin handia izan zuen, zeinak zuzenbide pribatuaren aurrean, funtsean, administrazio-zuzenbidea lehenesten duen[40]. Industrializazio azkarraren ondorioz, gaur egun, Txina erreforma-prozesu batean dago, gutxienez eskubide ekonomikoei dagokienez, ez, behintzat, eskubide sozial eta politikoei dagokienez[41]. 1999an, kontratu-kode berri batek administrazio-nagusitasunetik aldentzea ekarri zuen. Gainera, hamabost urteko negoziazioen ondoren, 2001ean, Txina Munduko Merkataritza Erakundean sartu zen[42].
Oro har, ordenamendu juridikoa zuzenbide zibilaren eta ohitura-zuzenbide artean bana daiteke[44]. Jakintsu modernoek diote bereizketa horren esanahia pixkanaka gutxituz joan dela. Zuzenbide modernoan, tipikoak diren transplante juridiko ugariek, tradizioz, ohitura-zuzenbide edo zuzenbide zibilean tipikotzat jo izan diren ezaugarri asko partekatzea eragiten dute[30][45]. Hirugarren sistema juridikoa zuzenbide erlijiosoa da, eskrituretan oinarritua. Herrialde bat gobernatzen duen sistema zehatza bere historiak, beste herrialdeekiko loturak edo nazioarteko estandarrekiko atxikimenduak zehazten du. Jurisdikzioek autoritatez lotesletzat hartzen dituzten iturriak dira edozein ordenamendu juridikoren ezaugarri definitzaileak.
Zuzenbide zibila, gaur egun, munduko herrialde gehienetan erabiltzen den ordenamendu juridikoa da. Zuzenbide zibilean, zilegi jotzen diren iturriak, batez ere legeria (batez ere gobernuak onartutako konstituzio edo estatutuetako kodifikazioak) eta ohitura dira[46]. Kodifikazioak milaka urtekoak dira, eta adibide goiztiar bat Kodex Hammurabi babiloniarra da. Zuzenbide zibileko sistema modernoak, funtsean, Justiniano I.a bizantziar enperadoreak VI. mendean emandako kode juridikoetatik datoz, XI. mendean Italiak berraurkitu zituenak[47]. Erromatar zuzenbidea, Erromatar Errepublika eta Inperioaren garaian, oso prozesala zen, eta ez zuen maila juridiko profesionalik[48]. Horren ordez, magistratu laikoa aukeratu zen, iudex. Erabakiak ez ziren era sistematikoan argitaratzen, eta, beraz, garatzen zen edozein jurisprudentzia mozorrotua eta ia ezagutu gabea zen[49]. Kasu bakoitza berriro erabaki behar zen Estatuko legeetatik, horrek, gaur egungo zuzenbide zibileko sistemetan, epaileen erabakien garrantzirik eza (teorikoa) islatzen zuen etorkizuneko kasuetarako. 529tik 534ra, Justiniano I.a enperadore bizantziarrak erromatar zuzenbidea kodetu eta sendotu zuen une horretara arte; beraz, geratu zena lehengo lege-testuen multzoaren hogeiren bat izan zen[50]. Hori Corpus Iuris Civilis izenez ezagutu zen. Historialari legelari batek idatzi zuen moduan: «Justinianok, kontzienteki, erromatar zuzenbidearen urrezko arora begiratu zuen, eta hiru mende lehenago lortutako gailurrera itzultzea zen haren helburua»[51]. Justinianoren Kodea, Ekialdean, indarrean egon zen Bizantziar Inperioa erori arte. Mendebaldeko Europa, bitartean, Teodosioren Kodearen eta alemaniar ohitura-zuzenbidearen nahasketa batean oinarritu zen, harik eta XI. mendean Justinianoren Kodea berraurkitu zen arte, Boloniako Unibertsitateko jakintsuek beren legeak interpretatzeko erabili zutena[52]. Zuzenbide zibilaren kodifikazioak, hertsiki zuzenbide erromatarrean oinarrituak, zuzenbide kanonikoaren eragin erlijio-zuzenbidearekin batera, Europan zehar hedatu ziren Argien Garaia arte. Gero, XIX. mendean, Frantziak Kode Zibilarekin eta Alemaniak Bürgerliches Gesetzbuchekin, beren kode juridikoak modernizatu zituzten. Bi kode horiek eragin handia izan zuten, ez bakarrik Europa kontinentaleko herrialdeetako zuzenbide-sistemetan, baita Japoniako eta Koreako tradizio juridikoetan ere[53][54]. Gaur egun, zuzenbide zibileko sistemak dituzten herrialdeak Errusiatik eta Turkiatik Erdialdeko Amerika eta Latinoamerika arte doaz[55].
Anarkismoa, gizartean, munduko zati handi batean praktikatu da. Badira komunitate anarkista masiboak, Siriatik Estatu Batuetara doazenak, eta ehunkatik milioikara doaz. Anarkismoak filosofia politiko sozial ugari biltzen ditu, joera eta ezarpen desberdinekin. Lege anarkistak, batez ere, anarkismoa gizarte batean nola gauzatzen den aztertzen du: erakunde deszentralizatuetan eta elkarrekiko laguntzan oinarritutako esparrua, demokrazia zuzenaren bidez ordezkatua. Legeak beren beharretan oinarritzen dira[56]. Anarkosindikalismo eta anarko-komunismoa gisako ideologia anarkisten zati handi bat, gizartearen tresna nagusi gisa, langileen sindikatu deszentralizatuetan, kooperatibetan eta sindikatuetan oinarritzen da batez ere[57].
Sobiet Batasuna eta Txinako Herri Errepublika moduko estatu komunistetako zuzenbide sistemak dira zuzenbide sozialistak[58]. Iritzi akademikoa banatuta dago zuzenbide zibiletik bereizitako sistema bat ote den, zeren ideologia marxista-leninistan oinarritutako desbideratze handiak baitaude, hala nola botere judiziala alderdi exekutiboaren mende egotea[58][59][60].
Ohiturazko zuzenbide edo zuzenbide arrunt ordenamendu juridikoetan, auzitegiek emandako erabakiak zuzenbide gisa aitortzen dira estatutu zuzenbidearen eta erregelamendu exekutiboen baldintza berberetan. Aurrekari doktrinak (latinez: stare decisis) esan nahi du auzitegi gorenen ebazpenek behartzen dituztela beheragoko auzitegiak antzeko kasuei antzeko emaitzak ematen zaizkiela ziurtatzea. Aitzitik, zuzenbide-zibileko sistemetan, estatutu-zuzenbideak zehatzagoak izan ohi dira, eta erabaki judizialak, laburragoak eta ez hain zehatzak, zeren epaileak kasu bakarra erabakitzeko baino ez baitu idazten eta ez etorkizuneko epaileak gidatuko dituzten arrazoiketak ezartzeko.
Ohiturazko zuzenbidea Ingalaterran sortu zen, eta Britainiar Inperioari noizbait lotuak egondako ia herrialde guztiek heredatu dute (Malta, Eskozia, AEBko Louisiana estatua eta Kanadako Quebec probintzia izan ezik). Erdi Aroko Ingalaterran, Normandiako konkistan, zuzenbidea eskualdez eskualde aldatzen zen ohitura tribaletan oinarrituta. Ohiturazko zuzenbide kontzeptua Henrike II.aren erregealdian garatu zen, XII. mendearen amaieran, Henrikek herrialdeko zuzenbide instituzionalizatu eta bateratua sortzeko autoritatea zuten epaileak izendatu zituenean. Ohiturazko zuzenbidearen eboluzioaren hurrengo urrats nagusia gertatu zen John erregearen baroiek legeak onartzera mugatzen zuen dokumentu bat sinatzera behartu zutenean haren autoritatea. 1215eko Magna Carta edo Konstituzioak eskatzen zuen gainera: erregearen epaileen segizioek leku jakin batean egin zitzatela beren auzitegi eta epaiak herrialdeko leku ustekabekoetan justizia autokratikoa eman beharrean[61]. Legeak egiteko sistema horretan, epaile talde itxi eta eliteko batek eginkizun nagusia hartu zuen, eta, Europako bere parekoekin alderatuta, Ingalaterrako Justizia zentralizatu egin zen. 1297an, adibidez, Frantziako auzitegi gorenak berrogeita hamaika epaile zituen bitartean, Ingalaterrako Erregu Komunen Gorteak bost zituen[62]. Botere judizial indartsu eta estu hark ohiturazko zuzenbidea garatzeko prozesu sistematizatua ekarri zuen[63].
Denbora aurrera joan ahala, askok uste zuten ohiturazko zuzenbidea oso sistematizatua eta malgua zela, eta gero eta hiritar gehiagok eskatu zioten erregeari ohiturazko zuzenbidea bertan behera uzteko. Erregearen izenean, Lord Kantzilerra kasuan bidezkoa zena egiteko epaiak ematen hasi zen. Sir Tomas Mororen garaitik (Lord Kantziler izendatu zuten lehen abokatuaren garaitik) ekitate-talde sistematikoa sortu zen ohiturazko zuzenbide zurrunaren alboan, eta beren-beregi zen Kantzilertzako Gortea garatu zuen. Hasieran, ekitatea okerrekotzat kritikatzen zen sarritan[64]. Denborarekin, ekitate-auzitegiek printzipio sendoak garatu zituzten, batez ere Lord Eldonen garaian[65]. XIX. mendean Ingalaterran eta 1937an AEBn, bi sistemek bat egin zuten.
Ohiturazko zuzenbidearen garapenean, idazki akademikoek garrantzi handia izan dute beti, bai sakabanatutako jurisprudentziaren printzipio orokorrak biltzeko, bai aldaketa babesteko. William Blackstone, 1760 ingurukoa, ohiturazko zuzenbidea bildu, deskribatu eta irakatsi zuen lehen aditua izan zen[66]. Baina, deskribatzean bakarrik, azalpenak eta azpiko egiturak bilatzen zituzten adituek, poliki-poliki, legearen funtzionatzeko modua aldatu zuten[67].
Erlijio-zuzenbidea, esplizituki, erlijio-aginduetan oinarritzen da. Horren adibide dira: Halakha judua eta Xaria islamiarra, biak jarraitu beharreko bide gisa itzultzen direnak. Kristau-zuzenbide kanonikoak ere bizirik dirau eliz elkarte batzuetan. Askotan, erlijioak legearekiko duen inplikazioa aldaezina da, Jainkoaren hitza ezin dutelako, ez epaileek, ez gobernuek aldatu, ez arautu[68]. Hala eta guztiz ere, jurisdikzio erlijioso gehienak giza lanean oinarritzen dira antolamendu juridiko sakon eta zehatza aurreikusteko. Adibidez, Koranak badu zuzenbide bat, eta beste zuzenbide batzuen iturri gisa jokatzen du interpretazioaren bidez: Qiyas (analogiaz arrazoitzea), Ijma (adostasuna) eta aurrekariak[69]. Hori, batez ere, Xaria eta Fiqh izenez ezagutzen diren lege eta jurisprudentzia gorputz batean dago. Beste adibide bat da Tora edo Itun Zaharra Pentateukon edo Moisesen Bost Liburuetan. Horrek Lege juduaren oinarrizko kodea gordetzen du, zenbait komunitate israeldarrek erabiltzen dutena. Halakha Talmuden interpretazio batzuk laburbiltzen dituen lege juduaren kode bat da.
Hainbat herrialde xariaren juridikzio dira. Israelgo zuzenbideak zuzenbide erlijiosoak erabiltzeko aukera ematen die auzilariei. Zuzenbide kanonikoa Eliza Katolikoko, Ekialdeko Eliza Ortodoxoko eta Komunitate Anglikanoko kideek baino ez dute erabiltzen.
Zuzenbide kanonikoa (grezierazko kanonetik, neurtzeko makila zuzena, erregela) elizaren buruzagitzak kristau erakunde edo eliza baten eta bere kideen gobernurako egindako ordenantzen eta erregelamenduen multzoa da. Eliza katolikoa arautzen duen barne-zuzenbidea da (bai eliza latinoa, bai ekialdeko eliza katolikoak), ekialdeko eliza ortodoxoak eta mendebaldeko eliza ortodoxoak eta Komunitate Anglikanoaren barruko eliza nazional indibidualak[70]. Hiru elizen gorputz horien artean oso ezberdina da zuzenbide hori egiteko, interpretatzeko eta, batzuetan, ebazteko modua. Hiru tradizioetan, kanona elizaren kontzilioak[71] onartutako araua zen hasieran; kanon horiek zuzenbide kanonikoaren oinarria osatzen zuten.
Eliza katolikoak mendebaldeko sistema juridiko jarraitu zaharrena du[72][73], Europako zuzenbide zibil modernoaren eta ohiturazko zuzenbidearen bilakaeraren aurrekoa. 1983ko Zuzenbide Kanonikoaren Kodeak eliza latinoa gobernatzen du, sui iuris. Ekialdeko eliza katolikoek, diziplina eta praktika desberdinak garatu zituztenak, ekialdeko elizetako kanonen kodeak arautzen ditu[74]. Eliza katolikoaren zuzenbide kanonikoak ohiturazko zuzenbidean eragin zuen Erdi Aroan[75], zuzenbide erromatarraren doktrinari eutsi ziolako, hala nola errugabetasun-presuntzioa[76].
XVIII. mendera arte, xaria mundu musulman osoan erabili zen kodetu gabe, eta Otomandar Inperioaren Mecelle kodea izan zen XIX. mendean xaria legearen elementuak kodetzeko lehen saiakera. Mila bederatziehun eta berrogeiko hamarkadaren erdialdeaz geroztik, herrialdez herrialde, ahaleginak egin dira xaria baldintza eta ikuskera modernoetara hobeto egokitzeko[77][78]. Garai modernoetan, herrialde musulman askotako ordenamendu juridikoek zuzenbide zibil eta ohiturazko zuzenbidearen tradizioak dituzte, baita zuzenbide eta ohitura islamikoak ere. Zenbait estatu musulmanetako konstituzioek, hala nola Egiptok eta Afganistanek, Islama Estatuaren erlijio gisa onartzen dute, eta legebiltzarrek Xariari atxikitzera behartzen dute[79]. Saudi Arabiak Korana onartzen du konstituzio gisa, eta zuzenbide islamikoaren arabera gobernatzen da[80]. Iranek ere zuzenbide islamikoa errepikatu du 1979tik aurrera[81]. Azken hamarkadetan, islamiar berpiztearen mugimenduaren funtsezko ezaugarrietako bat xaria berrezartzeko deia izan da, literatura ugari sortu eta munduko politikan eragina izan duena[82].
Arrazoiketa juridikorako (zuzenbidea aplikatzeko) eta legea interpretatzeko (eraikitzeko) metodo bereiziak daude. Lehenak silogismo juridikoa dira, zuzenbide zibileko ordenamendu juridikoetan lekua duena, analogia, ohiturazko zuzenbide ordenamendu juridikoetan dagoena (batez ere AEBn) eta bi sistemetan ematen diren teoria argumentatiboak. Azken horiek interpretazio juridikoaren arau desberdinak dira (zuzentarauak), hala nola interpretazio linguistikoaren, interpretazio teleologikoaren edo interpretazio sistemikoaren zuzentarauak, bai eta arau zehatzagoak ere, esate baterako, urrezko araua edo okerreko araua. Badira beste argudio eta interpretazio-kanon asko ere, estatutuen interpretazioa erabat ahalbidetzen dutenak. Edward H. Levi zuzenbide irakasle eta Estatu Batuetako fiskal nagusi ohiak adierazi zuen «arrazoiketa juridikoaren oinarrizko eredua adibidearen bidez arrazoitzea» dela, hau da, antzeko arazo juridikoak ebazteko kasuetan emaitzak alderatuz arrazoitzea[83]. AEBko Auzitegi Gorenaren auzi batean, zorra kobratzeko enpresa batek akatsak saihesteko egindako prozesu-ahaleginei buruzkoan, Sotomayor epaileak ohartarazi zuen «arrazonamendu juridikoa ez dela prozesu mekaniko bat, ezta erabat lineala ere»[84].
Jurimetria, arazo juridikoei ematen zain metodo kuantitatiboen aplikazio formala da (batez ere probabilitate eta estatistika). Metodo estatistikoen erabilerak, kasu judizialetan eta lege-berrikuspeneko artikuluetan, garrantzi handia izan du azken hamarkadetan[85][86].
Guztien benetako batasuna da pertsona bakar eta berarengan, bakoitzak gizakume bakoitzarekin egindako hitzarmenez egina, bakoitzak bakoitzari esango balio bezala: baimentzen dut eta ematen diot neure burua gobernatzeko eskubidea gizakume honi edo gizakumeen biltzar honi baldintza honen arabera, zuk berari zeure eskubidea eman eta bere ekintza guztiak era berean baimentzen dizkiozula.
Herrialde industrializatuetako zuzenbide-erakunde nagusiak dira: auzitegi independenteak, parlamentu ordezkatzaileak, exekutibo arduratsua, militarra eta poliziala, antolaketa burokratikoa, legelariak eta gizarte zibila bera. John Lockek bere The Spirit of the Laws eta Montesquieu baroiak Défense de l'Esprit des lois liburuetan, botere politikoen, legegileen eta exekutiboen arteko banaketa defendatu zuten[87]. Haien printzipioa zen inork ezin zituela estatuko botere guztiak bereganatu, Thomas Hobbesen Leviathanen teoria absolutistaren kontra[88]. Sun Yat-senen Bost Botereen Konstituzioak, Txinako Errepublikarentzat, botereen banaketa urrunago eraman zuen, beste bi gobernu-adar gehiago baitzituen: Kontrol Yuan bat ikuskapenerako eta azterketa Yuan bat funtzionario publikoen enplegua kudeatzeko[89].
Max Weberrek eta beste batzuek Estatuaren hedadurari buruzko gogoeta birmoldatu zuten. Hiritar arrunten eguneroko bizimoduaren gaineko botere militar, polizial eta burokratiko modernoak arazo bereziak sortzen ditu aurreko idazleek, hala nola Locke edo Montesquieuk, aurreikusi ezin izan zituzten kontuak emateko. Legelarien ohitura eta praktika oso garrantzitsua da jendeak justiziarako duen sarbidean, gizarte zibila hitza berriz, legearen oinarri politikoa osatzen duten gizarte-erakunde, -komunitate eta -elkarteei buruz hitz egiteko erabiltzen den bitartean.
Epailetza da, hainbat epaileen artean egiten den eztabaida emaitza erabakitzeko. Herrialde gehienek apelazio-auzitegiak dituzte, eta auzitegi goren bat dute agintari judizial. Estatu Batuetan, Auzitegi Gorena da aginte hori[90]; Australian, Auzitegi Gorena; Indian, Indiako Auzitegi Gorena; Erresuma Batuan, Auzitegi Gorena[91]; Espainian, Auzitegi Gorena; Alemanian, Bundesverfassungsgericht; eta Frantzian, Cour de Cassation[92][93]. Europako herrialde gehienetan, Luxenburgoko Europako Justizia Auzitegiak estatuko zuzenbidea baliogabetu dezake, EBko zuzenbidea egokia denean. Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiak aukera ematen die Europako Kontseiluko estatu kideetako herritarrei giza eskubideei buruzko auziak aurkezteko[94].
Zenbait herrialdek beren aginte judizial gorenari uzten diote Konstituzioaren aurkakotzat jotzen duten legeria indargabetzea. Adibidez, Brown vs Hezkuntza Batzordea epaian, Estatu Batuetako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zituen arrazaz bereizitako eskolak ezarri zituzten estatu-estatutu asko, estatutu horiek bateraezinak baitziren Estatu Batuetako Konstituzioaren hamalaugarren zuzenketarekin[95].
Botere judiziala, teorikoki, Konstituzioak behartzen du, gainerako gobernu-organoak bezala. Herrialde gehienetan, epaileek konstituzioa eta gainerako legeak interpretatu besterik ezin dute egin. Baina ohituren zuzenbideko herrialdeetan, arazoak konstituzionalak ez direnean, botere judizialak ere sor dezake legea aurrekari doktrinaren arabera. Erresuma Batuak, Finlandiak eta Zeelanda Berriak subiranotasun parlamentarioaren ideala aldarrikatzen dute, eta, horren bidez, botere judizial hautaezinak ezin du legegile demokratiko batek onartutako legea baliogabetu[96].
Estatu komunistetan, hala nola Txinan, auzitegiak botere betearazlearen zatitzat edo botere legegilearen mendekotzat hartzen dira, eta gobernu-erakunde eta -eragileek era askotako eragina izaten dute botere judizialean[97]. Herrialde musulmanetan, auzitegiek maiz aztertzen dute Estatuen legeak Xariari atxikitzen ote zaizkion: Egiptoko Auzitegi Konstituzional Gorenak baliogabetu ditzake lege horiek[98], eta Iranen Zaindarien Kontseiluak bermatzen du legedia bateragarria dela Islamaren irizpideekin[98][99].
Botere-legegilearen adibide nabarmenak dira: Londresko Parlamentuko Ganberak, Washington D.C-ko Kongresua, Berlingo Bundestag, Moskuko Duma, Erromako Parlamentu italiarra eta Parisko Assemblée Nationale. Gobernu ordezkatzailearen printzipioaren arabera, jendeak politikariek beren nahiak bete ditzaten bozkatzen du. Israel, Grezia, Suedia eta Txina gisako herrialdeak ganbera bakarrekoak badira ere, herrialde gehienak ganbera bikoitzekoak dira; hau da, bi ganbera legegile dituzte, bakoitza bere aldetik izendatuak[99].
Behe Ganberan, politikariak barruti txikiagoak ordezkatzeko aukeratzen dira. Goi-ganbera, boto-konfigurazio desberdina duten estatuak ordezkatzeko hautatu ohi da, dela sistema federalean (Australia, Alemania, Amerikako Estatu Batuak...) edo sistema unitarioan (Frantzia...). Erresuma Batuan, gobernuak izendatzen du goi-ganbera berrikuspen-ganbara gisa. Bi ganberetako sistemei egiten zaien kritika bat da goiko eta beheko ganberak elkar ispilatu besterik ez dutela egiten. Bikameralismoaren justifikazio tradizionala da goi ganbera batek berrikuste ganbera gisa jokatzen duela eta horrek gobernu-ekintzaren arbitrariotasuna eta bidegabekeria minimiza ditzakeela[100].
Legea onartzeko, legebiltzar bateko kideen gehiengoak lege-proiektu bat (lege-proposamen bat) bozkatu behar du ganbera bakoitzean. Normalean, hainbat irakurketa eta zuzenketa egingo dituzte alderdi politiko ezberdinek. Herrialde batek konstituzioa errotuta badu, gehiengo berezia behar du konstituzioa aldatzeko, eta horrek zaildu egiten du legea aldatzea. Gobernu bat izan ohi da prozesuaren buru, diputatuetatik eratua izan daitekeena (adibidez, Erresuma Batua edo Alemania). Hala ere, sistema presidentzialista batean, gobernua, normalean, exekutibo batek eta bere kabineteko funtzionario izendatuek osatzen dute (adibidez, Estatu Batuek edo Brasilek)[101].
Espainiako estatuak sistema bikamerala du: Diputatuen Kongresua eta Senatua. Gaur egun, Espainiako Diputatuen Kongresua, 350 diputatuk osatzen dute, eta, hauteskunde-barruti bakoitzeko, biztanleriaren araberako diputatu kopurua dute. Diputatuen Kongresuan, probintzia bakoitzak (50) —gehi Ceuta eta Melilla— hauteskunde-barruti bat osatzen du; beraz, 52 hauteskunde-barruti, eta barruti bakoitzeko biztanleriaren kopuruaren arabera hautatuko ditu dagozkion diputatu kopurua. Espainiako Senatuari dagokionez, Espainiako Konstituzioak ezartzen du senatari-kopuru aldakor batek osatzen duela Senatua, sistema misto baten bidez aukeratuak. XIV. legegintzaldian, Senatua, 266 senatarik osatzen dute: zuzeneko hautaketako 208k eta izendatutako 58k. Zuzenean aukeratzen diren senatarien kopurua finkoa da, eta izendatutako senatariena, berriz, biztanleriaren araberakoa.
Hego Euskal Herriari dagokionez, hauek dira hauteskunde-barruti bakoitzak aukeratzen dituenak:
Hauteskunde-barruti bakoitzak zuzenean hautatutako senatariez gain, EAEko Parlamentuak hiru senatari izendatzen ditu, eta Nafarroa Garaiko Parlamentuak, bat.
Botere betearazlea, ordenamendu juridikoan, Estatuaren aginte politikoaren erdigune da. Sistema parlamentario batean, Britainia Handia, Italia, Alemania, India eta Japoniarekin gertatzen den moduan, exekutiboa kabinete izenez ezagutzen da, eta legegileetako kideek osatzen dute. Botere betearazlea gobernuburuak gidatzen du, botere legegilearen konfiantzapean. Herri-hauteskundeek alderdi politikoak izendatzen dituztenez gobernatzeko, alderdi bateko buruzagia aldatu egin daiteke hauteskundeen artean[102].
Estatuburua botere betearazletik bereizita dago, eta, sinbolikoki, legeak aldarrikatu eta nazioaren ordezkari gisa jarduten du. Horren adibide dira: Alemaniako lehendakaria (legealdi federaletako eta estatuetako kideek izendatua), Erresuma Batuko erregina (herentziazko kargua) eta Austriako lehendakaria (herri-botoz aukeratua). Beste eredu garrantzitsua sistema presidentzialista da: Amerikako Estatu Batuak eta Brasil. Sistema presidentzialetan, exekutiboak estatuburu eta gobernuburu gisa jarduten du, eta aukeratu gabeko kabinete bat izendatzeko ahalmena du. Sistema presidentzialean, botere-exekutiboa legegiletik bereizita dago, eta ez da haren erantzule[102][103].
Nahiz eta gobernuaren zeregina herrialde batetik bestera aldatu, normalean, legediaren gehiengoa proposatu eta gobernu-agenda proposatuko du. Sistema presidentzialetan, botere exekutiboak, maiz, legediari betoa jartzeko ahalmena du. Bi sistemetako exekutibo gehienak kanpo harremanez, militarrez eta poliziaz eta burokraziaz arduratzen dira. Ministroak edo beste funtzionario batzuk herrialde bateko bulego publikoen buru dira, hala nola Atzerri Ministerioa edo Defentsa Ministerioa. Botere exekutibo ezberdin bat aukeratzea, beraz, herrialde oso batek gobernuarekiko duen ikuspegia iraultzeko gai da.
Erakunde militarrak Gobernua bera existitzen diren unetik existitzen badira ere, polizia indar baten ideia kontzeptu nahiko modernoa da. Adibidez, Erdi Aroko Ingalaterrako zigor-auzitegi ibiltarien sistemak edo epaitegi-penalak, hala, gezurrezko epaiketa eta exekuzio publikoak erakusten zituzten kontrola mantentzeko beldurrez zeuden komunitateei ezartzeko[104]. Lehen polizia modernoa XVII. mendeko Pariskoa izango zen ziurrenik, Luis XIV.aren gortekoa[105], nahiz eta Parisko Polizia Prefekturak dioen munduko lehen polizia uniformedunak zirela[106].
Max Weberrek esan zuen estatuak kontrolatzen duela indarraren legezko erabileraren monopolioa[107][108]. Militarrek eta poliziek exekutatzen dute gobernuak edo auzitegiek hala eskatuta. Huts egina terminoa politikak ezarri edo betearazi ezin dituzten estatuei dagokie; haien poliziak eta militarrek jada ez dute segurtasuna eta ordena kontrolatzen, eta gizartea anarkiarantz mugitzen da, gobernurik ezarantz[109].
Burokraziaren etimologia frantsesezko bureau (bulego) eta antzinako grezierazko kratos (botere) hitzetatik dator[110]. Militarrek eta poliziek antzera, sistema juridiko baten zerbitzariek eta burokrazia osatzen duten organoek exekutiboaren gidalerroak osatzen dituzte. Kontzeptuaren lehen erreferentzietako bat Grimm baroiak eman zuen, Frantzian bizi zen autore alemaniarrak. 1765ean idatzi zuen:
« | Frantzian, legeen benetako izpiritua Gournayko jauna zenak hainbeste kexatu ohi zen burokrazia da; hemen, karguak, idazkariak, ikuskatzaileak eta intendenteak ez daude interes publikoaren mesederako izendatuak, eta badirudi interes publikoa ezarrita dagoela karguak egon daitezen[111]. | » |
Oraindik ohikoa da ofizialtasunaren gaineko zinismoa, eta langile publikoen lana, beraz, enpresa pribatuetan etekinek eragindakoarekin kontrastatu ohi da[112]. Izan ere, enpresa pribatuek ere, batez ere handiek, badute burokrazia[113]. Burokraziaren pertzepzio negatiboak alde batera utzita, zerbitzu publikoak, hala nola eskolatzea, osasuna, polizia edo garraio publikoa, Estatuaren eginkizun erabakigarritzat hartzen dira, ekintza burokratiko publikoa gobernuaren boterearen lokarri bihurtuz[113].
XX. mendearen hasieran, Max Weberrek uste zuen estatu garatu baten behin betiko ezaugarria bere laguntza burokratikoa zela[114]. Weberrek idatzi zuen burokrazia modernoaren ezaugarri tipikoak hauek zirela: funtzionarioek beren misioa zehaztea, lan esparrua arauen arabera lotuta egotea, eta zuzendaritza goitik beherantz kudeatzen duten karrerako adituek osatzea, idatziz komunikatuz eta zerbitzari publikoen diskrezioa arauekin lotuz[115].
Zuzenbide estatuaren korolarioa botere judizial independentearen agintea deitzeko aski autonomoa den abokatu-lanbide bat egotea da; Prozedura judizial batean abokatu baten laguntza izateko eskubidea korolario horretatik dator —Ingalaterran abokatuaren edo abokatuaren funtzioa aholkulari juridikotik bereizten da[117]. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak adierazi duenez, legeak behar bezala eskuragarri egon behar du guztiontzat eta jendeak legeak nola eragiten dien aurreikusteko gai izan behar du[118].
Profesionaltasunari eusteko, legearen praktika, normalean, gobernu batek edo erakunde arautzaile independente batek gainbegiratzen du, hala nola abokatuen elkargo batek, abokatuen kontseilu batek edo zuzenbide-elkarte batek. Legelari modernoek nortasun profesional bereizia lortzen dute prozedura juridiko zehatzen bidez (adibidez, azterketa kalifikatzaile bat arrakastaz gainditzea), eta legeak titulazio berezi bat izatea eskatzen du (lege ikasketetan lizentziaduna, Zuzenbide Zibileko lizentziaduna edo Iuris doktore-titulua ematen duen hezkuntza juridikoa). Goi-mailako titulazio akademikoak ere egin daitezke. Adibidez, Zuzenbidean Masterra, Lege Ikasketetako Maisutza, Lanbide Heziketako Abokatutza Ikastaroa edo Lege Doktoretza, eta izendapenaren forma juridikoen bidez (lanbidean onartua izanik) eratzen dira karguan. Espainiako estatutan abokatu gisa lan egin ahal izateko, Zuzenbidean lizentziaduna eta Abokatuen Elkargoren batean izena emanda behar du izan
Herrialde musulman askok antzeko arauak garatu dituzte hezkuntza juridikoari eta abokatutzari buruz, baina batzuek, oraindik, aukera ematen diete zuzenbide islamiko tradizionalean trebatuta dauden abokatuei zuzenbidea praktikatzeko estatutu pertsonaleko auzitegien aurrean[119]. Txinan eta garapen bidean dauden beste herrialde batzuetan, ez dago profesionalki trebatutako jende nahikorik egungo sistema judizialak erabiltzeko, eta, beraz, estandar formalak lasaiagoak dira[120].
Behin egiaztatu ondoren, legelariak sarritan lan egiten du: abokatu-bulego batean; ganbera batean, praktikante bakar gisa; gobernu-postu batean; edo korporazio pribatu batean, barne-aholkulari gisa. Gainera, abokatu bat ikerketa juridikoa eskatzen duen ikertzaile juridiko bihur daiteke liburutegi baten, merkataritza-zerbitzu baten edo lan independente baten bidez. Zuzenbidean trebatutako pertsona askok beren trebetasunak eremu juridikotik kanpo erabiltzen dituzte[121].
Ohiturazko zuzenbidearen tradizioan, legearen praktikarako, esanguratsua da legearen egungo egoera zehazteko ikerketa juridikoa. Horrek esan nahi du jurisprudentzia-txostenak, aldizkako argitalpen juridikoak eta legeria aztertu behar direla. Lege-jardunbideak, halaber, dokumentu batzuk idaztea eskatzen du, hala nola auzitegietako idazkiak, idazki limurtzaileak, kontratuak, borondateak eta fidantzak. Negoziaziorako eta gatazkak konpontzeko trebetasunak ere garrantzitsuak dira praktika juridikorako, eremuaren arabera[121].
Sistema juridiko guztiek oinarrizko gai berberak jorratzen dituzte, baina jurisdikzioek era desberdinetan sailkatzen eta identifikatzen dituzte beren gai juridikoak. Bien arteko bereizketa da: zuzenbide publikoa (Estatuarekin lotura estua duen terminoa, konstituzio-, administrazio- eta zigor-zuzenbidea barne) eta zuzenbide pribatua (kontratuak, bidegabekeriak eta ondasunak estaltzen dituena)[122]. Zuzenbide zibileko sistemetan, kontratuak eta bidegabekeriak betebeharren lege orokor baten mende daude, eta fideikomiso-zuzenbidea, berriz, estatutu-erregimenen edo nazioarteko hitzarmenen mendean. Nazioarteko, konstituzio- eta administrazio-zuzenbidea, zigor-zuzenbidea, kontratua, kalte-galera, jabetza-zuzenbidea eta fideikomisoak ohiko oinarrizko irakasgai gisa hartzen dira[123], nahiz eta beste diziplina asko egon.
Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), Zuzenbide ikasketak egiteko aukera dago Leioa eta Donostiako kanpusetan, bai eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) ere. Halaber, aukera hori ere badago Deustuko Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitatean (biak, legez, pribatuak eta Eliza Katolikoarenak).[124] XVI. mendetik 1901. urtean itxi zuten arte, Oñatiko Unibertsitatean ere zuzenbide-ikasketak eskaini ziren. Baionan, Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateak zuzenbidean lizentzia ikasketak (Licence en Droit, frantsesez) eskaintzen ditu.[125]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.