Map Graph

Kemi

Kemi Botniako golkoaren ertzean eta Kemi ibaiaren itsasadarrean dagoen Lappi eskualdeko hiria da. Oulurekin batera, Finlandia iparraldeko industria-hiri ezagunena da eta Kemi-Tornio Ardatza izeneko eskualde ekonomikoan dago, alegia, Lappiren motore ekonomikoa den eskualdean. Azaleraren zati nagusia itsas eremua da eta 95,27 km²-ko lur-azalera baino ez dauka; ondorioz, Lappi osoko hiri txikiena da. Hiriaren azpiegitura nagusia portua da eta bertako itsas merkataritza bideei esker batik bat, Ardatza Finlandiako BPG per capita handiena duen bosgarren azpieskualdea da. Kemiko parke nazional bakarra ere Botniako badian dago, Perämeri Parke Nazionala. Bertan, itsas fauna basatia industriaguneko kutsaduratik babesturik dago eta bisitariek hiria osatzen duten ehunka uharteak bisitatzeko aukera dute. Eskualdeko lau itsas udalerritako bat izateaz gain, biztanle gehien dauzkan Lappiko hirugarren hiria ere bada, guztira, 22.500 bat lagun. Gehienak industrian diharduten langileak direnez, alderdi komunistak eta SESBek hiriko giro politikoan izan duten eragina izugarria izan da. 1960ko hamarkadaz geroztik, hau da, Kemiko Ostegun Odoltsua eta greba bortitzak izan zirenetik hiria "Punaisena Keminä" izenaz ezaguna da herrialdean.

Read article