Kolari
Kolari Finlandiako iparrean dagoen Lappi eskualdeko udalerri bat da. Muonionjoki eta Tornionjoki ibaiek sortzen duten mendebaldeko mugan dago, Torne ibarra suediar eta finlandiar aldeetan banatzen den lekuan. Bizilagunak, Muonio eta Kittilä ipar eta ipar-ekialdean, Rovaniemi hiriburua hego-ekialdean, Pello hegoaldean eta suediar Pajala udalerria dira. Ylläs muinoko eski-estazioari esker, ia Iparraldea bezain handia den udalerri honek, biztanleria mantentzea lortu duen Lappiko udalerri bakarrenetakoa da; izan ere, Levi eta Ruka ondoren, Lappiko eski-azpiegitura natural handienak dituen muinoa da Ylläs. Azken urteotan, Kolariko motore ekonomikoa bihurtu da erabat eta azpiegitura hauek erakartzen dituzten elur-zaleek udalerriaren biztanleria bikoizten, hirukoizten eta laukoizten dute sasoiaren arabera. Kolariar guztien heren bat Kolarin kirkonkylä deitzen den erdigunean bizi da, guztira, 1.400. Bestalde, aipatzekoak dira Ylläs ondoan dauden Äkäslompolo eta Ylläsjärvi herri oparoak eta ia bostehun biztanle dituen Sieppijärvi.