Utsjoki
Ohcejohka edo Utsjoki Finlandia iparraldeko Lappi eskualdean dagoen udalerria da; zehazki, Europar Batasun osoan iparralderen dagoena da. Guztira, 1.210 biztanle ditu 5.372 km²-ko azaleran, eta horregatik, biztanle dentsitate txikiena duen herrialdeko hirugarren udalerria da. Nabarmentzekoa da azaleraren %80 inguru babestutako natura eremuek osatzen dutela; horien artean, Kevoko Natura Erreserba Hertsia da aipagarriena. Bestalde, Utsjoki sami herritar ehuneko altuena duen Finlandiako udalerria ere bada, izan ere, utsjokiarren %69,9 da herri horren kide. Hain zuzen, udalerria samien jatorrizko eta berezko lurraldearen barnean dago, Sápmi deituriko lurraldean, eta 1973. urtean, Enontekiö, Inari eta Sodankylä udalerriekin batera, Finlandiako Samien Lurraldea sortu zuen, samien ohiturak, hizkuntzak eta lurrak babesteko asmoz. Ipar samiera Utsjokiko hizkuntza ofiziala da finlandierarekin batera.