Bateragune auzia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Bateragune auzia Espainiako Auzitegi Nazionalean 2011. urtean egindako auzi bat izan zen, ezker abertzaleko zortzi kideri egina, Espainiako justiziak legez kanpo utzitako Batasuna alderdia ETAren aginduz berriz sortu nahian zebiltzala egotzita. Horrez gain, «Eusko Alkartasuna, Aralar, Abertzaleen Batasuna eta ELA erakarri eta Euskal Herria eta Espainiar estatuaren artean konfrontazio borroka eremua” eraiki nahi izana ere leporatu zitzaien. Zortzi auziperatuak 2009ko urriaren 13an atxilotu zituzten, LABen Donostiako egoitzan bilera bat egiten ari zirela.
Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaile ohiak agindu zuen operazioa, 2009an, eta hura kargugabetu ondoren Pablo Ruz epaileak hartu zuen sumarioaren ardura.
Ezker abertzaleko kideek salatu zutenez, Bateragune auzia epaiketa politikoa izan zen: auzipetuek ezker abertzalearen barnean estrategia aldaketa bultzatu nahi zuten, borroka armatuaren aroa amaitu eta bide demokratiko eta baketsuan soilik oinarritzeko. Auziaren aurka, mobilizazio ugari izan ziren.
Dena da ETA printzipio politiko-judizialaren ondorioz egin zen epaiketa hau bertan behera geratu zen Estrasburgoko Auzitegiaren epaitegiak Bateragune Auziaren epaia baliogabea zela esan zuenean. Ordurako (2020 uztaila) auziperatutakoentzat Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatutako kartzela zigorrak beteak zituzten.