Egia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Egia baieztapena eta gertakaria bat etortzea da, edo baieztapena eta horrek islatzen duen errealitatea, edo dagokion ideia. Terminoa zentzu tekniko batean erabiltzen da, nola hala zientzia, logika, matematika eta filosofia eremuetan.[1]
- Artikulu hau kontzeptu filosofikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Egia (argipena)».
Horrez gain, egia hitzaren erabilerak zintzotasuna, fede ona eta giza egiazaletasuna ere barne hartzen ditu, orokorrean.
Ideia filosofiko lausoa izaki, ez dugu pentsalari edo adituen artean erabateko adostasuna lortzen duen definiziorik topatuko. Egiaren inguruko teoria desberdinen arteko eztabaidak bizirik dirau, eta, besteak beste, posizio desberdinak daude ondorengo auzien inguruan:
- Zerk osatzen/eratzen duen egia.
- Zein irizpideren arabera ezagutu eta definitu dezakegun.
- Gizakiak berezko ezagutzak dituen edo eskuratu egin ditzakeen soilik.
- Errebelazioak egiazkoak diren edo egia esperientziaren, adimenaren edo arrazoiaren bidez eskuratu daitekeen soilik.
- Egia subjektiboa edo objektiboa den.
- Egia erlatiboa edo absolutua den.
Artikulu honen helburua kontzeptuaren gaineko interpretazio eta ikuspuntu nagusiak azaltzea da. Egiari buruzko galdera eztabaida iturri izan da mendeetan zehar teologo, filosofo eta logikarien artean. Gaur egun, hainbat ikerketa zientifikotarako gaia da, eta baita oinarritze filosofikorako ere. Besteak beste:
- Hizkuntzalaritzari interesatzen zaio hizkuntza egia adierazteko bide den heinean.
- Filosofia antropologikoari interesatzen zaio, gizakiak gezurra edo faltsutasuna baino egia nahiago duelako ideia aintzat hartuta.
- Historiari interesatzen zaio, egiaren kontzeptua eta harekiko estimu edo kondena ez baitira berdinak izan historian zehar eta kultura desberdinen artean.
- Zientziari interesatzen zaio, orokorrean, ezagutza bera egian eta ebidentzietan oinarritzen den heinean.[2][3][4]