Everest
mendia From Wikipedia, the free encyclopedia
Remove ads
Everest mendia, Himalaia mendikatearen barruan, munduko gailurrik garaiena da, 8.848,86 m.[1] Nepal eta Tibet arteko mugan dago. Nepaleraz Sagarmatha deitzen da gailurra, eta tibeteraz Chomolungma edo Qomolangma, nondik baitator txinerazko izena, Zhūmùlǎngmǎ Fēng. «Everest» izena Andrew Waugh britainiar topografoak eman zion, bere aurretik Indiako lur neurtzaile nagusi izandako George Everest galestarraren omenez.
Everest mendiak eskalatzaile ugari erakartzen ditu, tartean eskarmentu handiko mendizaleak. Mendia eskalatzeko bi bide nagusi daude: bata Nepalen, hego-ekialdetik gailurrera doana, ibilbide estandartzat hartzen dena; eta bestea Tibeten, iparraldetik abiatzen dena. Ibilbide estandarrean eskalada teknikaren aldetik erronka handirik ez izan arren, Everestek arrisku asko ditu, hala nola garaiera gaitza, eguraldi txarra edo haize bortitza, elur jausiak edo Khumbuko glaziarra.

Remove ads
Izena

Everest mendiaren izena tibeteraz da Chomolungma edo Qomolangma (tibeteraz: ཇོ་མོ་གླང་མ, unibertsoaren ama),[2] eta txinera tradizionalez: 珠穆朗玛峰; pinyinez: Zhūmùlǎngmǎ Fēng.
XIX. mendearen erdialdean ingelesek egindako erregistroen arabera, Darjeelingen «Deodungha» edo «mendi sakratua» esaten zioten mendiari.[3] 1960ko hamarkadan, Nepalgo gobernuak izen ofizial bat eman zion nepaleraz, Sagarmatha (nepaleraz: सगरमाथा, zeruaren aitzina).[4]
1865ean, Andrew Waugh britainiarrak, Indiako topografo nagusi zelarik, mendiari lehen izena eman zion ingelesez. Ordu arte, «gama tontorra», «b tontorra», «h moko zorrotza» edo «XV. tontorra» edo antzeko izen generikoez aipatzen zuten. Garai hartan, Nepal eta Tibet itxita zeuden atzerriko bidaiarientzat. Mendiaren izenari dagokionez, Andrew Waughek idatzi zuen:
« | George Everest koronelak, karguan nire aurretik izandako buruzagi ohoretsuak, elementu geografiko bakoitzari benetako jatorrizko edo tokiko izena ematea gomendatu zidan, baina hemen mendi bat dago, ziur asko munduko garaiena, zehaztu ahal izan dugun tokiko izenik ez duena, eta jatorrizko izena, baldin badago, ziurrenik ez dugu aurkituko Nepalen sartzen uzten diguten arte. Bitartean, nire betebeharra eta pribilegioa da izen bat esleitzea, herritarren eta geografoen artean ezaguna izan dadin, eta nazio zibilizatuei izen ezagun bihur dadin.[5] | » |
Waughek erabaki zuen mendiari bere aurrekoa izandako George Everesten izena ematea. Bitxia bada ere, ingelesez Everesten egungo ahoskera (NAF: [ˈɛvər·ɪst]) eta George Everesten deiturarena (NAF: [ˈiːvrɪst]) ez datoz bat.[6]
1960ko hamarkadaren hasieran, Nepalgo gobernua ohartu zen Everest mendiak ez zuela nepalerazko izenik. Hori horrela zen mendia ez zelako ezaguna eta ez zuelako izenik Nepalen, hau da, Katmanduko bailaran eta inguruko eremuetan, beraz izen baten bila hasi zen. Tibeteraz xerpek zerabilten izena ez zen onargarria, herrialdeak nepaleraren alde bideratuta zeukan politikaren aurka zihoanez. Horrela bada, izen berri bat asmatu zuen, Baburam Acharya historialariak sortutako Sagarmatha (nepaleraz: सगरमाथा, zeruaren aitzina).
2002an, Herriaren Egunkaria (txinera tradizionalez: 人民日报; pinyinez: Rénmín Rìbào) Txinako Alderdi Komunistaren agerkariak artikulu bat argitaratu zuen, Mendebaldean izen ingelesa etengabe erabiltzearen aurka eginez, eta tibeterazko izena erabili beharko litzatekeela azpimarratuz. Egunkariaren arabera, txinerazko izena (hau da, tibeterazko izena) ingelesaren aurrekoa da, izan ere, Qomolangma izena 280 urteko antzinatasunaz agertzen da Txinako mapetan.[7]
Remove ads
Mendiaren garaiera
Radhanath Sikdar Mendebaldeko Bengalako matematikari eta topografoa ohartu zen lehenik tontorra Lurreko mendirik garaiena zela, 1852an, «XV. tontorra» (ordura arte ezagutzen zen bezala), 150 km inguruko distantziatik teodolitoen bitartez egindako kalkulu trigonometrikoak erabiliz mendian egindako neurketetan oinarrituta.[8] Neurketak ezin izan zituen hurbilagotik egin, Nepalen sartzeko debekuagatik. XV. tontorrak zehazki 29.000 oin (8.839 imgm) zituela jakin zuen, nahiz eta aurkikuntza iragarri zen 29.002 oin (8.840 imgm) zifrarekin; bi oin gehitu zioten neurketaren emaitzari, era arbitrarioan, hain zenbaki zehatza begi neurriz egina izan zitekeela pentsa ez zezaten.[9]
Berrikiago, garaieraren kalkulu zehatzagoak egin izan ziren, emaitza 8.848 imgm (29.029 oin) izanik, nahiz eta neurketetan aldaketaren bat egon. Everesten ondoren, mendirik garaiena K2 da, 8.611 imgm (28.251 oin).
8.848 imgm-ko garaiera 1955eko Indiako estudio batean zehaztu zen, menditik hurbilago eta teodolitoak erabiliz egina. Garaiera hori, 1975. urtean, txinatarrek egindako beste neurketa batek berretsi zuen.[10] Bietan elur gailurra neurtu zen, eta ez harkaitz gailurra. 1999ko maiatzean, Bradford Washburn britainiar mendizale eta argazkilariak zuzendutako espedizio estatubatuar batek GPS bat jarri zuen gailurreko harkaitzean. Gailuak 8.850 imgm garaiera neurtu zuen harkaitzerako eta 1 m elur eta izotz geruzarako.[11] Nepalek ez zuen ofizialki onartu.[12]
2005eko maiatzaren 22an, Txinako Herri Errepublikaren Everesteko espedizioko taldea mendiko gailurrera igo zen. Zenbait hilabetez neurketa eta kalkulu konplexuak egin ondoren, 2005eko urriaren 9an, Kartografia eta Topografiako Estatu Bulegoko txinatar zientzialari talde batek munduko gailurrik garaienaren neurketa zehatzaren emaitza jakinarazi zuen. Talde horren arabera, Everest media 8.844,43 m ± 0,21 m garaia da itsas mailatik, eta ordu arte egindako neurketarik zehatzena zela adierazi zuten;[13] Hau da, ordura arte uste zena baino 3,7 metro gutxiago. Aurreko neurketak, txinatarrek ere, 1975ean eginak zituzten, gailurra 8.848,13 m garai zela ezarri zutenak. 2005eko Ikerketaren arabera, gainera, gailurrean 3,5 m —ez 90 cm, uste zen bezala— lodierako elur eta izotz geruza bat dago.[10] Nolanahi ere, Lurraren forma geoideak zalantzak sortzen ditu 1999ko eta 2005eko neurriek erakutsitako zehaztasunaz, eta, oro har, mendiaren garaiera halako doitasun handiz zehaztearen erabilgarritasunaz.

Khumbu eskualdeko mapa fotogrametriko zehatz bat (1:50.000 eskalan), Everest mendiaren hegoaldea barne, egin zuen Erwin Schneider austriar mendizale eta kartografoak, 1955ean, Himalaiara egindako nazioarteko espedizioaren barruan. Espedizio hartan, Lhotse eskalatzeko saiakera ere egin zuten, baina ez zuten lortu. Everest inguruaren mapa topografiko are zehatzago bat egin zen 1980ko hamarkadaren amaieran, Bradford Washburnen zuzendaritzapean, airetiko argazkiak erabiliz.[14]
Everest gaur egun oraindik goratzen ari da, eta ipar-ekialderantz mugitzen, Asiako hegoaldeko plaken tektonikak eraginda. Bi iturrik iradokitzen dute goratze mugimendu abiadura 4 mm dela urtean, eta 3-6 mm artean ipar-ekialderantz.[11][15] Garaiera txikitzen ari dela ere iradoki izan da.[16]
2020an, Everest mendi gailurraren 8.848,86 m garaiera neurtu zuen beste azterketa bat ezarri eta onartu zuten Txinak eta Nepalek.[17][1]
Remove ads
Bideak
Everestera igotzeko bide nagusiak bi dira: ohikoa, hego-ekialdekoa da, Nepaletik abiatuta; eta ipar-mendebaldekoa, Tibetetik. Horrez gain, hain ezagun ez diren beste 13 bide daude. Bi bide nagusi horietatik, hego-ekialdekoa teknikoki errazagoa da eta maizago erabiltzen da. Hillaryk eta Tenzingek huraxe egin zuten 1953an. Hala ere, arrazoi nagusia politikoa izan zen, Tibeteko aldea atzerritarrntzati itxita egon baitzen 1950etik aurrera.
Saiakera gehienak apirilean eta maiatzean egiten dira, udako montzoia baino lehen. Garai honetan egoten den jet korrontearen aldaketa batek haizearen abiadura murrizten du. Montzoiaren ostean, irailean eta urrian ere saiakerak egiten dira, baina montzoiak pilatutako elurrak eskalada are zailago egiten du.
Hego-ekialdeko bidea
Khumbu glaziarreko kanpamentu nagusitik abiatzen da bide hau, 5.380 metrora. Bertara iristeko, ohikoena da Katmandutik Luklara (2.860 m) hegan egitea eta bertatik Namche Bazaarera joatea. Handik kanpamentu nagusira iristeko sei-zortzi eguneko bidea dago.
Ipar-mendebaldeko bidea
Bide honen kanpamentu nagusia Rongbuk glaziarrean dago, 5.180 metrora. Bigarren kanpamentura iristeko glaziarraren morrena igo behar da, Changtse mendiaren (6.100 m inguru) magalera iritsi arte. Hirugarrena, ipar lepoaren azpian ezarri ohi da; eta laugarrena, lepoan bertan. 7.775 m eta 8.230 m inguruko garaieran kanpamentu bana ezarri ohi da, azken horretatik gailurrerako saiakera egiteko.
Espedizioen historia

Esplorazioa
1921eko ekainetik irailera, britainiarrek lehen espedizioa antolatu zuten Everest mendira, Charles Howard-Bury militar esploratzaileak zuzendua. Kideen artean zen George Mallory. Iparraldeko, ipar-mendebaldeko eta ekialdeko isurialdeak begiztatu zituzten, eta ondorioztatu zuten iparraldeko lepo eta ertzetik ibilbide bat egiteko aukera zegoela.[18]
Lehen espedizioak
Lehen igoera saiakera 1922ko apirila eta ekaina bitartean egin zen, Charles Granville Bruce buru zuen bigarren espedizio britainiar batean, eta 8.320 m-ra iritsi ziren.[19]
Bi urte geroago, 1924an, Edward F. Norton buru zuen hirugarren espedizio britainiar bat gailurrera igotzen saiatu zen berriro. Gailurrerako erasoa aurreikusita zuten maiatza erdirako, baina ekaitz gogor batek ekainaren hasierara arte atzerarazi zien. Lehen saiakera Howard Somerwellek (garaiera gaitzagatik erretiratu behar izan zuen) eta Nortonek egin zuten, 8.570 metroraino iritsiz. Ekainaren 8an, George Malloryk eta Andrew Irvinek beste eraso bat egin zuten ipar lepoko bidetik, baina gailurretik gertu desagertu egin ziren. Urte luzez espekulatu izan da gailurra zapaldu ote zuten. 1999an, ikerketa espedizio batek Malloryren gorpua aurkitu zuen Everesteko kanpamentu nagusitik gertu. Une hartatik aurrera, eztabaida sortu zen alpinismoaren munduan, ea bi mendizaleak gailurrera iritsi ote ziren igoera hartan, Hillaryk eta Tenzingek 1953an igo baino 29 urte lehenago.[20]
Malloryk hitzaldi batzuk eman zituen Estatu Batuetan urtebete lehenago, 1923an. Orduan, New Yorkeko kazetari batek galdetu zionean zergatik igo behar ote zen Everestera, hainbeste aldiz egina ziotenez galdera, erantzun zuen: «Han delako».[21]
1933an, Hugh Ruttledge mendizaleak zuzendutako britainiar espedizioa gailurrera igotzen saiatu zen, eta 8.570 metrora iritsi ziren.[22] Urte berean, Lady Houston britainiar aberats dantzari izandakoak «1933ko Everesteko Houston Hegaldia» babestu zuen. Hegaldi horren bidez, Douglas Douglas-Hamilton, hamalaugarren Hamiltoneko dukea eta Clydesdaleko markesa buru zituen hegazkin talde batek gailurren gainetik hegan egin zuen, Erresuma Batuko bandera hedatzeko ahaleginean.[23]

Lehen espedizioak Tibetetik, mendiaren iparraldeko aldetik saiatu ziren igotzen. 1950ean, Txinako Herri Errepublikak Tibeteko lurraldearen gaineko kontrola hartu zuelarik, sarbide hori moztu egin zitzaien mendebaldeko espedizioei. Hala ere, Bill Tilman britainiar mendizaleak gidatutako eskalatzaile talde batek esplorazio espedizio bat egin zuen Nepalen zehar, hegoaldetik, gaur egun ohiko ibilbidea dena zabalduz.[25]
1952an, suitzar espedizio batek, Edouard Wyss-Dunant alpinista buru zelarik, baimena lortu zuen Nepaletik eskalada bat egiten saiatzeko. Ibilbide bat ezarri zuen Khumbu izotz jauzitik eta hego lepora igo zen, 7.986 m garaieran. Raymond Lambert eta Tenzing Norgay xerpak 8.595 m ingururaino igotzea lortu zuten, hego-ekialdeko gandorrean, eskaladako garaiera errekor berri bat ezarriz. Tenzingen esperientzia baliagarria izan zen 1953an britainiar espedizioko kide izateko kontratatu zutenean.[26]
Lehen igoera
1950eko urrian, txinatarrek Tibeten indarrez sartu zirenean, mendiaren iparraldeko isurialderako sarbidea guztiz etenda geratu zen 30 urtez baino gehiagoz. Horren ondorioz, hautabideak bilatu behar izan zituzten Everest eskalatu nahi zuten mendizaleek. Urte hartan, Nepalek atzerriko espedizioei mugak ireki zizkiela aprobetxatuz, hegoaldeko bidea aztertzen hasi ziren. 1951n, Eric Shipton alpinista buru zuen britainiar espedizio batek ibilbide hura —hegoaldetik abiatuta, alegia— posible zela azaldu zuen, eta hurrengo urterako saiakera bat prestatzen hasi zen. Alabaina, Nepalek ez zien baimenik eman, Suitzako espedizio bati emana baitzitzaion. Suitzarrak 8.600 metroraino iritsi ziren, baina atzera egin behar izan zuten eguraldi txarrak eta haize bortitzak eraginda.[27]
1953an britainiarrek beste espedizio bat antolatu zuten, John Hunt buru zelarik. Lehen saiakera batean, maiatzaren 26an, Tom Bourdillonek eta Charles Evansek osatutako sokada gailurretik ehun metro eskasera gelditu zen, aurrera egin ezinik, oxigeno arazoengatik.[28]
Hiru egun geroago, maiatzaren 29an, Edmund Percival Hillary zeelandaberritarra eta Tenzing Norgay xerpa goizeko 06:30ean abiatu ziren, eta 11:30ean iritsi ziren gora, munduko gailurrik garaiena zapaltzeko.[29]
Garai hartan, biek adierazi zuten espedizioaren talde lana izan zela arrakastaren giltza, baina urte batzuk geroago Tenzingek argitu zuen Hillary izan zela gailurrean oina jartzen lehena.[30] Mendian gora gelditu ziren argazkiak ateratzeko eta elurretan lurperatu zituzten gozoki batzuk eta gurutze bat, beherantz abiatu aurretik.[31] Espedizioaren arrakastaren albistea berehala iritsi zen Londresera, Elizabeth II.a erreginaren koroatze eguneko goizean. Katmandura itzultzean, Hillaryk eta Tenzingek jakin zuten britainiar zaldun izendatu zituztela.[32][33]
1996ko hondamendia
1996ko eskalada denboraldian, hamabost pertsona hil ziren Everesten, Everesten historiako hilgarriena. Horietako zortzi, hiru espedizio desberdinetakoak, maiatzaren 10ean hil ziren, mendia bortizki jo zuen ekaitz baten ondorioz. Apirilean beste lau pertsona hil ziren, egun hartan jasandako lesioen ondorioz. Hondamendiak eztabaida handi bat piztu zuen Everesteko masifikazioaz. Jon Krakauer kazetariak, kaltetutako taldeetako baten partaide zelarik, liburu bat argitaratu zuen, bere esperientzia azalduz.[34] Anatoli Boukreev mendizale gidariak —Krakauerrek aipatua sentitu zenez— bere bertsioa eman zuen beste liburu batean.[35] Liskarrak eztabaida luzea piztu zuen alpinismoaren munduan.[36] 2004ko maiatzean, Torontoko Unibertsitateko bi ikertzailek egindako azterketa batek erakutsi zuen 1996ko maiatzaren 10eko egun hartan baldintza atmosferiko ezohiko batek eragin zuela oxigeno maila % 14 gutxitzea.[37][38]
Remove ads
Euskal espedizioak

Sakontzeko, irakurri: «1974ko Tximist Espedizioa»
Sakontzeko, irakurri: «1980ko Everest Euskal Espedizioa»
Euskal mendizaleen artetik, Everesteko gailurra zapaltzeko lehen espedizio serioa 1974an egin zen, Tximist Espedizioa, lau urteko prestakuntzaren ostean. Everestera igotzen saiatu zen 23. nazioarteko espedizioa izan zen, 16 kidez osatua, baina ez zuten gailurra lortu, 320 metrora geratu ziren, haize bortitzak eraginda.[39]
Everest Euskal Espedizioa 1980. urtean antolatu zen, 12 euskal herritarrekin eta bertako xerpa laguntzaileekin. Maiatzaren 14an, Martin Zabaleta eta berarekin zihoan xerpa, Pasang Temba, gailurrera iritsi ziren, munduko tontorrik garaienera heldu zen lehen euskal espedizioa izanik. Zabaleta izan zen Everest mendia igotzen 104. pertsona, eta ikurrina, bertan jarri zen 14. bandera. Oxigenoz lagunduta egin zuten gailurra Tembak eta Zabaletak, baina beheranzkoan amaitu egin zitzaienez, 8.760 metrora bibak bat egin ondoren lortu zuten, biharamunean, 5. kanpamendura iristea.[40]
Bi euskal espedizioen kontakizuna Agur Everest film dokumentalean bildu zen 1980an.[41]
Remove ads
Estatistikak
2024. urtearen amaiera arte, 7.269 mendizale iritsi dira Everest mendiaren gailurrera, eta guztira 12.884 igoera arrakastatsu egin dira, behin baino gehiagotan iritsi diren mendizaleak kontuan hartuta. Urtero, 700 eta 1.000 eskalatzaile artean saiatzen dira gailurrera heltzen, eta arrakasta tasak % 60 eta % 70 artekoak dira.[42]
Everest eskalatzen 335 hildako erregistratu ziren 2024ko abenduaren 31 arte. Horietatik, 200 gorpu baino gehiago mendian gelditu dira, handik ateratzeko arazo logistiko konponezinen ondorioz.[42]
Remove ads
Arriskuak
Everest mendia eskalatzeak arrisku handiak ditu, 8.000 m-tik gora denbora luzez egon behar izateak aise sor baitezake garaiera gaitza. Horrez gain, tenperatura oso hotza izan daitekeenez, edozein gorputz atal izoztu daiteke, babes eraginkorra izanagatik ere. Hain tenperatura hotzetik, elurra guztiz izoztua egon ohi da, labaingarri, eta, hala, elur jausiak edo erorketak gertatzeko arriskua oso handia da. Haizearen abiadura muga gorenetara iritsi daiteke noiznahi (135 km/h), eskalada baldintzak larriagotuz. Everesten gailurreko presio atmosferikoa itsas mailaren presioaren heren bat da gutxi gorabehera, eta, beraz, arnas daitekeen oxigeno kopurua ere ohikoaren herena da.[43]
Remove ads
Oxigenoaren erabilerari buruzko eztabaida
Igoeran oxigeno bonbonak erabiltzea gai eztabaidatua izan da beti. George Malloryk berak kiroltasunaren aurkakotzat jotzen zuen arren, oxigeno gabe gailurrera iristea ezinezkoa izango zela ondorioztatu zuen eta, beraz, erabili egin zuen. Tenzingek eta Edmund Hillaryk gailurrera iristea lortu zutenean, oxigenoa erabili zuten. Hurrengo 25 urteetan, normaltzat jo zen edozein igoera saiakerarako. Reinhold Messner mendizalea izan zen, Peter Habelerrekin batera, 1978an oxigenoaren erabilera tradizionala hautsi zuen lehen eskalatzailea. Biek gailurrera lehen aldiz igotzea lortu zuten, oxigenoa erabili gabe. Messnerrek beti ukatu izan ditu oxigenoa erabiltzearen akusazio batzuk. Salaketak isilarazi egin zituen Everesteko gailurrera igo zenean 1980an, babesik eta laguntzarik gabe, bakarka, ipar-ekialdeko bidetik, teknikoki zailagoa dena. Hala ere, Messnerren igoeren ondorengo urteetan, oxigenoaren erabilerari buruzko eztabaidak jarraitu zuen.[44]
1996. urteko hondamendiak eztabaida areagotu zuen. Jon Krakauerren 1997ko liburuak kritika pertsonalak azaldu zituen oxigenoaren erabileraz. Krakauerrek idatzi zuen oxigenoak aukera ematen zuela gutxi kalifikatutako eskalatzaileak igotzen saiatzeko, eta horrek egoera zailak nahiz hildako gehiago ekartzen zituela. 1996ko maiatzaren 10eko hondamendia, neurri batean, igo nahian zebiltzan eskalatzaile kopuru handiak (33 egun batean) eragin zuen, Hillaryren zapaldan ilarak sortu eta eskalatzaileak atzerarazi baitzituen. Pilaketaren ondorioz, mendizale asko gailurrera arratsaldeko ordu biak pasata iritsi ziren, behera itzultzeko ordu mugatzat hartzen dena. Krakauerrek oxigenoa debekatzea proposatu zuen, larrialdi kasuetan izan ezik, eta argudiatu zuen horrek mendiaren kutsadura saihestuko lukeela —bonbona asko mendi lepoetan pilatzen dira— eta kualifikazio gutxiko mendizaleak baztertuko lituzkeela.[45]
Remove ads
Ingurumen eragina
1990 eta 2019 artean, Everest mendia igotzeko espedizio komertzialak ugaritzeko joera nabarmena izan zen, eta horrek hondakinen hazkunde esponentziala ekarri zuen, hala nola kanpadendak, material sintetikoz egindako jantzi teknikoa, oxigeno bonbonak, gas botilak, abandonatutako kanpamentuetako beste hondakinak, baita mendizaleek erabiltzen dituzten komun eramangarrien hondakin urak ere.[46]

Prozesu horrekin batera, azpiegiturak eraiki ziren eta mendiaren pribatizazio politikak ezarri, sarbidea ematen duten baimen ofizialen bitartez. Baimenak mugatu egin ziren ekonomikoki 40.000 eta 60.000 euro bitarteko gutxieneko aurrekontua izan dezaketen taldeentzat. Mendiko turismo horrek eragin nabarmenak ditu gizartean, kulturan eta ingurumenean. Alan Arnette mendizale eta idazleak emandako datuen arabera, 2021ean garaiera handiko turismoan aritu ziren berrogei agentzietatik gehienak mendebaldeko herrialdeetakoak dira, eta % 30 eskas batek du bere kokalekua Nepalen. Bertako biztanleek eskulan merkea jarri behar dute, Mendebaldeko espedizio eta taldeen hornigaiak eramateko, sokak finkatzeko eta hondakinak biltzeko.[47]
Bitxikeriak

Nahiz eta Everest (8.848,86 m) munduko mendi garaiena izan itsas mailaren gainetik, Ekuadorren dagoen Chimborazo sumendia (6.268,2 m) da lurraren erdigunetik urrutien dagoen puntua, ekuatoretik hurbilago baitago eta Lurra elipsoide bat baita, hau da, zabalagoa da ekuatorean lurburuetan baino.
Era berean, mendia altxatzen den planotik gehien luzatzen dena kontuan hartuz gero, orduan Kilimanjaro litzateke, Tanzaniako lautadatik 5.600 m altxatzen baita, 5.895 metroko garaierara arte.
Everest da itsas mailatik gorena den gailurra, baina badira beste bi mendi «Lurreko mendirik garaiena» tituluaren hautagai: Mauna Kea, Hawaiin, da garaiena bere oinarritik neurtuz gero,[48] 10.203 m altxatzen baita zoru ozeanikoan duen oinarritik, baina soilik 4.205 imgm iristen da.
Ozeanoen punturik sakonena Everest mendiaren garaiera baino beherago dago: Challenger Deep puntua, Marianetako itsas hobian dagoena, 10.900 m.[49]
Eguzki sistemako mendirik garaiena, berriz, Marteko Olympus Mons da, itzalitako sumendi bat.[50]
Remove ads
Erreferentziak
Bibliografia
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Remove ads