Ikasliburu
From Wikipedia, the free encyclopedia
Ikasliburua, eskola liburua, irakasliburua edo testuliburua, hezkuntzan, gai jakin bati buruzko ezagutza biltzen duen liburu bat da, ikaslearentzat propio egina eta bereziki ikastetxeetan erabiltzen dena. Gaiari buruzko eduki teorikoa modu didaktikoan erakusteaz gainera, ariketak eta ikaslearen ebaluaziorako beste atalak ere izaten ditu.
Testuliburuak irakaskuntza-tresna gisa sortu ziren Johannes Gutenbergek inprimategia asmatu zuenean.
Testuliburuak tradizio historiko luzea du, latina irakasteko lehen kartilekin abiatzen dena. Ondoren, hainbat diziplinatako informazioak eta kontzeptuak biltzen zituzten eskola-entziklopediak bihurtu ziren, lehen hezkuntzan espezializatuak. Gaur egun, Interneten garapenetik aurrera, formatu digitalean daude, baina kasu gehienetan ez dute funtsezko aldaketarik eragiten paperean egiten direnekiko[1].
Liburua ikasle guztiei zuzenduta dagoenez, normalean ez dira ikasle talde zehatz baten egoeratik abiatzen, eta ez dute ikasleen gaitasunen eta interesen aniztasuna kontuan hartzen