Medikuntzaren historia osasunaren ezagutzak eta sendabideak izan duten bilakaera ikertzen duen historiaren adarra da. Bere jatorritik hasita, gizakia errealitatea bera eta bertan gertatzen diren bizia, heriotza edo gaixotasunaren gertaera transzendentalak azaltzen saiatu izan da. Lehenengo giza kultura eta zibilizazioek itxura batean kontrakoak ziruditen bi zutaberen gainean oinarritu zuten beraien praktika medikoa: alde batetik, izaera pragmatikoa zuen enpirismo primitiboan (naturatik lortutako erremedioei eta belarren erabilerari lotuta gehienbat) eta, beste alde batetik, medikuntza magiko-erlijioso batean, jainkoengana jotzen zuena adierazezina zena ulertzen saiatzeko. K. a. 500. urtean Alkmeon Krotonakoarekin, tekhné (teknikan) oinarritutako etapa bati hasiera eman zitzaion, non uste zen gaixotasuna, eralda edo konpon zitezkeen fenomeno natural batzuen ondorioz sortzen zela. Hau izan zen medikuntza modernoaren jatorria, nahiz eta hurrengo bi milurtekotan, korronte berri asko sortuko diren eta tradizio luzea duten beste kulturetako modeloak ere presente izango diren (txinatarra esate baterako).
Datu azkarrak Historiako aurrerapen mediku nagusiak ...
|
|
- K. a. 3000: Danubioko ibaiertzean, pazientearen biziraupenarekin lehenengo trepanazioen ebidentziak.
- K. a. IV. mendea: Grezian, Alkmeon Krotonakoak gaixotasunaren lehenengo teoria naturala garatu zuen.
- K. a. 420: Hipokratesek Tratatu hipokratikoak idatzi zituen eta Juramentu hipokratikoa sortu zuen.
- 1451: Nikolas Kusakoak miopia zuzentzeko leiar ahurrak asmatu zituen.
- 1543: Andres Vesaliok De humanis córpori fábrica argitaratu zuen, Kopernikok eredu Ptolemaikoa okerra dela esan zuen urte berean.
- 1588: Francisco Díazek urologiaren munduko lehenengo tratatua izan zena argitaratu zuen gazteleraz.
- 1628: William Harveyk zirkulazio sistema eta bihotzaren egitura (De motu cordis et sanguinis) azaldu zituen.
- 1665: John Elsholzek lehenengo zain barneko ziztatzea egin zuen.
- 1796: Edward Jennerrek baztangaren aurkako lehenengo txerto baliagarria garatu zuen.
- 1800: Humphry Davyk oxido nitrosoaren propietate anestesikoak argitaratu zituen.
- 1816: René Laennecek estetoskopioa asmatu zuen.
- 1839: Rudolf Virchowek teoria zelularra argitaratu zuen.
- 1842: Crawford Longek anestesia erabili zuen lehenengo ebakuntza kirurgikoa egin zuen.
- 1865: Gregor Mendelek Experiments on Plant Hybridization artikulua argitaratu zuen, genetikaren ikerketei hasiera emango ziena.
- 1869: Friedrich Miescherrek ADNa aurkitu zuen.
- 1870: Louis Pasteur eta Robert Kochek gaixotasun infekziosoen mikrobioen teoria argitaratu zuten.
- 1895: Wilhelm Röntgenek X izpiak aurkitu zituen.
- 1896: Henri Becquerelek erradioaktibitatea aurkitu zuen.
- 1906: Frederick Gowland Hopkinsek bitaminak aurtiku zituen eta hauen gabezia proposatu zuen eskorbutoaren eta errakitismoaren kausa bezala.
- 1910: Thomas Hunt Morganek geneak kromosometan daudela frogatu zuen.
- 1929: Alexander Flemingek bere penizilinaren inguruko aurkikuntza British Journal of Experimental Pathologyn argitaratu zuen, antibiotikoen garaiari hasiera emanez.
- 1933: Jean Brachetek ADNa kromosometan dagoela eta ARNa zelula guztien zitoplasman dagoela frogatu zuen.
- 1953: Francis Crick, James D. Watson eta Rosalind Franklinek ADNaren egitura molekularra aurkitu zuten.
- 1980: MOEak baztanga guztiz desagertu zela deklaratu zuen, hau garaitua izan zen lehenengo giza gaixotasuna bihurtuz.
- 1990: Giza Genomaren Proiektua sortu zen, nukleotido guztien posizio erlatiboa zehaztu eta bertan dauden 20.000-25.000 geneak identifikatuz. Proiektua 2003. urtean bukatu zen.
- 1992: Evidence-Based Medicine Working Group (EBMWG)ek, McMaster Unibertsitateko JAMA aldizkarian (Kanadan), Evidence-based medicine. A new approach to teaching the practice of medicine artikulua argitaratu zuen, ebidentzian oinarritutako medikuntzari hasiera emanez.
|
Itxi
XIX. mendean, honela definitu zuten Auguste Bérard eta Adolphe Marie Gubler medikuek ordura arteko medikuntza: «Gutxitan sendatu, sarritan arindu, beti kontsolatu»[1][Oh 1].
XX. mendeko medikuntza, garapen zientifiko eta teknikoak bultzatuta, erantzunak emateko gaitasun handiagoa zuen diziplina bilakatzen joan zen, baina ordura arte esperimentatu izan ziren praktiken fruitu izateari utzi gabe: medikuntza zientifikoaren oinarria (ebidentzian oinarritutakoa), biologizista da nagusiki, baina onartu eta proposatzen ditu faktore biologiko, psikologiko eta soziokulturaletan oinarritutako osasun-gaixotasunaren eredu berriak[2].