Pinguino
From Wikipedia, the free encyclopedia
Pinguinoak itsas hegaztiak dira[1], Spheniscidae familiakoak. Batez ere Hego Hemisferioan bizi dira, baina Spheniscus mendiculus espeziea Ekuatoretik iparraldera bizi da, Galapagoetan. Uretan bizitzeko egokitzapen handia dute, orokorrean luma zuri-beltz kontrastatuak izaten dituzte eta euren hegalak igeri egiteko eboluzionatu dute. Gehienek krilla, arrainak eta txipiroiak jaten dituzte, baita ur-azpian jaten ari direnean ehizatzen dituzten beste espezie batzuk. Bizitzaren erdia lehorrean eta beste erdia itsasoan ematen dute, gutxi gorabehera.
Pinguino | |
---|---|
Paleozeno-gaur egun | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Aves |
Ordena | Sphenisciformes |
Familia | Spheniscidae |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Mugimendua | bipedalism (en) |
Kolorea | beltz, zuri eta laranja |
Antartikarekin lotzen badira ere, espezie gutxi dira klima hotzetara moldatuta daudenak, eta asko klima epelagoetan bizi dira, baita Ekuatore inguruan ere.
Pinguinoek tamaina desberdina izaten dute espeziearen arabera: 30 cm eta 110 cm artekoa da. Handiena Aptenodytes forsteri espeziea da, inoiz 35 kilogramo arteko pisua baitu[2]. Txikiena Eudyptula minor espeziea da, 40 zentimetroko altuera eta kilogramo bateko pisua duena. Orokorrean, Bergmannen araua betetzen dute eta txikienak gune beroetan eta handienak gune hotzetan bizi ohi dira. Hegaztion mokoa oso sendoa da eta gorputzaren estalgarri hotzetik babesten dituen gantz-geruza lodia dute eta beste hegaztietan ez bezala alde biluzirik uzten ez duten lumak dituzte. Isatsa motza eta zurruna du eta hankak oso atzean ditu, sabelean, uretan hobeto mugitzeko.