Printzea
From Wikipedia, the free encyclopedia
Printzea (Il Principe) Nikolas Makiaveloren (Florentzia,1469-1527) libururik ezagunena eta aipatuena da. Makiavelo hil ondoren argitaratu bazen ere (1532), 1513an amaitu zuen idazten, Florentziako Errepublikaren azkena gertatu eta hurrengo urtean. Makievelok Lorenzo Mediciri eskaini zion.[1]
- Artikulu hau liburuari buruzkoa da; errege familiako kidea gaitzat duena beste hau da: «Printze»
De Principatibus / Il Principe | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | Nikolas Makiavelo (1532) |
Argitaratze-data | 1532 |
Generoa | Zientzia politikoa |
Jatorrizko izenburua | Il principe |
Hizkuntza | Toskanera, (Italiera) |
Herrialdea | Italia eta Florentziako Errepublika |
Euskaraz | |
Izenburua | Printzea |
Argitaratze-data | 2008 |
Orrialdeak | 126 |
ISBN | 84-88774-05-2 |
Botereari buruzko tratatu horretan printzerri bat nola eskura, defenda eta indar daitekeen deskribatzen da, baita printzearen dohainak eta ahuldadeak zein diren eta horiek nola ezkuta daitezkeen ere, horretarako aldeko nahiz kontrako adibideak erabiliz.
Liburuan zera agertzen da: printzeak saiatu behar du bera baino lagun boteretsuagorik inoiz ez adiskide hartzen beste batzuk erasotzerakoan, behar gorrian aurkitu ezean, gutxienez; irabazten badu, haren gatibu geratzen delako. Eta printzeek ez dute inoren menpe egon behar, ahal izanez gero. Veneziarrek frantsesei lagundu zieten Milango dukearen aurka, eta lasai asko egon zitezkeen horrelakorik egin gabe; hondamendia bilatu zuten liburuan agertzen den gisa.
Laguntzari uko egitea ezinezkoa bada, florentziarrei gertatu zitzaien bezala, Aita Santua eta Espainia beren armadekin Lonbardia erasotzera zihoazenean, orduan printzeak baten alde egingo du arrazoi horiengatik. Erabaki asko zalantzagarriak dira eta maiz ez dira helburuak lortzen eta nahikoa izaten da ezbehar batetik ihes egin nahi izatea, beste batean erortzeko. Hala eta guztiz ere, zuhurtasuna arazoen izaera ezagutzean datza, eta aukera txarren artean onena egitean. Horixe da, hain zuzen ere, benetako printze ona.
Makiavelok Cesare Borgia hartu zuen garaiko printze eredugarriaren aztergaitzat, baina haren hondamendia ekarri zuen jokaera gaitzetsi zuen. Aldiz, benetako printze eredugarritzat Fernando Katolikoa zeukala esan izan da; haren izena beldurrez aipatzen du. "Helburuak bitartekoak justifikatzen ditu" esaerarekin egin da ezagun eta, gaur egun ere, esaera honi buruzko eztabaida politiko sakon asko egin ohi dira. Haatik, batzuek fama hori Napoleon Bonapartek bere Printzea liburuan egindako oharrei egozten diote.