2022-23 denboraldia euskal errugbian
From Wikipedia, the free encyclopedia
2022-23 denboraldiak aldaketa nabarmenak ekarri ditu txapelketak antolatzeko moduan Frantziako Rugby Federazioko txapelketak jokatzen dituzten taldeentzat. Alde batetik, txapelketa profesional eta amateurren arteko tartea txikitzeko helburuarekin, laugarren maila semiprofesional berriak, Nationale 2, hartuko du martxa aurten. Bertan, bi euskal talde lehian ikusteko aukera izango da, Donibane-Lohizuneko eta Angeluko taldeak, hain zuzen ere.
Aldaketa honek, Fédérale ligen izaera amateurra sendotzeaz gain, sistema guztiak maila bat behera egitea suposatu du, lehiaketaren arauetan eta erregional mailekin lotura berdin mantenduz.
Beste aldaketa nabarmena azken hauek dakarzte. 2021-22 denboraldirarte izan diren txapelketak desagertzen dira (Honneur, Promotion d’Honneur, 1ère serie eta 2ème serie delakoak) “championnat de France Régionale” izenpean sortu diren maila berriei lekukoa emanez. Akitania Berriak hiru maila izango ditu.[1]
Egituraren aldaketez gain, 2022-23 denboraldiak Baionako Avironen elitera itzultzea ekarri du, Miarritzeko Olympiquen kalterako. Zuri-gorriek TOP 14an lortutako 26 puntuak ez ziren nahiko izan jaitsiera zuzena dakarren azkenengo postua saihesteko.
Nationale mailan ez da euskal ordezkaririk izango, baina sortu berri den Nationale 2an eta ondorengo beste maila guztietan.
Emakumezko errugbiaren kasuan, lehengo urtean Élite 1 maila utzi ondoren, Baionako neskek Fédérale 1 mailan jokatzeko aukera izango dute.
Beste mailetan, aurreko denboraldiko talde guztiek errepikatuko dute, Donapaleuko US Saint-Palais Amikuze izan ezik, Régionale ligara jaitsi baita, eta Hendaiako Estadioa gehituko zaie, aurten emakumezkoen taldea estrainekoz osatu ondoren.
Hegoalden, berriz, ligen egiturak ez du aldaketarik jasan, baina nabarmena da zelaietaz haratago izandako aldaketak. Alde batetik, Gernika RTk Ohorezko B mailara jaitsiera bertan behera geratu zen Espainiako Rugby Federazioak Alcobendas taldeari 2021-22 denboraldiko sailkapenean 45 puntu kendu ondoren, Gavin Van Den Bergh jokalariaren pasaporte faltsutzearen kasuan bizkaitarrek egindako alegazioa aintzat hartu eta hegoafrikarrak jokatutako partidak banan bana baliogabetzea erabaki baitzuen[2]. Gernikak 13 taldek osatutako Ohorezko Maila jokatuko du.
Bizkaitarren jaitsiera deusezteak eta Ourensek Ohorezko B mailan jokatzeari uko egiteak, euskal taldeek osatzen duten A multzoa 10 parte-hartzailekin utzi zuen.
Bestalde, Euskadiko Federazioko ligako taldeek Eibar, denboraldiaren amaieran jasandako jaitsiera administratiboa dela-eta, eta Getxoren B taldea izango dituzte lehiakide. Hauei Zornotzako Urgozo taldea gehituko zaie Euskal ligako lehenengo mailan egingo duten estreinaldian, Bera Beraren bigarren taldeak bere lekuari uko egin ondoren.
Euskal bigarren mailan, Rioja, Eibar eta Uribealdearen bigarren taldeek uko egin diote parte-hartzeari baina Amurrioko Nerbioi Rugby Elkartearen itzulera emango da. Arabarrek Uni Bilboko jokalariekin osatuko dute taldea.
Emakumezkoen euskal ligetan, Arrasatek eta Eibarrek lankidetza akordio bat iragarri zuten, Debagoienekoek Ordiziarekin zuten aurrekoa bertan behera utziz. Hau, Durangoren maila igoerarekin batera eta jaitsiera ezean, ligako partaide kopurua 7 izatea egin du.
Bigarren mailan, hiru talde ezberdinek egingo dute debuta kategoria honetan; Sarako Izarra, Iruña eta Zornotzako Urgozo.
Gauzak honela, hegoaldeko hiru talde izango dira Espainiar Federazioko txapelketa gorenetan. Emakumezkoen Ohorezko mailan (Iberdrola liga izenarekin ezaguna), Eibar Rugby Taldea izango da erreferentzia eta, gizonezkoenean, aurreko denboraldiko txapeldunordea, Ordizia Rugby Elkartea izango da lehian, Gernikarekin batera.