Portugalgo idazlea, feminista eta militante errepublikanoa. From Wikipedia, the free encyclopedia
Ana de Castro Osório (Mangualde, Mangualde, 1872ko ekainaren 18a — Sé, Lisboa, 1935eko martxoaren 23a) portugaldar idazlea —batez ere haurrentzako liburuena—, kazetaria, pedagogoa, feminista eta militante errepublikanoa izan zen.[1]
Ana de Castro Osório | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Anna de Castro Osorio |
Jaiotza | Mangualde (en) , 1872ko ekainaren 18a |
Herrialdea | Portugal Portugalgo Erresuma |
Heriotza | Lisboa, 1935eko martxoaren 23a (62 urte) |
Hobiratze lekua | Alto de São João Cemetery (en) |
Familia | |
Aita | João Baptista de Castro |
Ama | Mariana Osório de Castro |
Ezkontidea(k) | Paulino de Oliveira (en) (1898ko martxoaren 10a - ezezaguna) |
Seme-alabak | |
Haurrideak | |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | portugesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, haur literaturaren idazlea, eleberrigilea, emakumeen eskubideen aldeko ekintzailea, editorea, politikaria eta sufragista |
Lan nabarmenak | |
Jasotako sariak | |
Ana de Castro Osório Mangualden jaio zen, 1872ko ekainaren 18an. Aita João Baptista de Castro (1845-1920) zuen, bibliofilo, notario eta magistratu entzutetsua, Eucísian (Alfândega da Fé) jaioa, eta ama Mariana Adelaide Osório de Castro Cabral de Albuquerque Moor Quintins (1842-1917), ekintzaile feminista, São Jorge de Arroios-ekoa (Lisboa).[2] Bere amaren gurasoak José Osório de Castro Cabral de Albuquerque (1799-1857) teniente jenerala, Macauko gobernadorea, eta Ana Doroteia Moore Quintius, holandar nazionalitatekoa, ziren.[3] Ana de Castroren aitak, Coimbrakounibertsitatean ikasten ari zela, "Questões Jurídicas" (1868) liburua argitaratu zuen, eta 1911n Carolina Beatriz Ângelok hautesle-erroldako zerrendetan sartzeko egindako eskaera epaitu eta onartu zuen, eta horri esker, Ângelo Portugalen botoa eman zuen lehen emakumea izan zen.[4] Anak, alaba gazteena izanik, hiru neba izan zituen: Alberto Osório de Castro (1868-1946), epaile, masoi eta poeta;[5] João Osório de Castro (1869-1939), epaile eta idazlea,[6][7] eta Jerónimo Osório de Castro (1871-1935), komandante eta Gerra Handiko Borrokalarien Ligako presidentea.[8] Zenbait loba ospetsu ere izan zituen: Jerónimo Pereira Osório de Castro (1902-1957) ingeniari eta enpresaburu industriala; [9] Jerónimo de Melo Osório de Castro (1910-1976) albaitari, irakasle eta idazlea;[10] João Osório de Castro (1926-2007) antzerkigile eta idazlea, eta António Osório, Abokatuen Elkargoko presidente ohia eta poeta (1933-). [11]
1895ean, Setúbalen bizi zela, kazetaritzan jarduteko interes handia adierazi zuen, eta bere lehen artikuluak eta kronikak argitaratzen hasi zen "Mala da Europa" aldizkarian. Tomás Ribeiro politikari, poeta eta idazle ultra-erromantiko portugaldarrak, Branca de Gonta Colaço poetaren eta etorkizuneko aktibismoan kide izango zuenaren aitak, publikoki goraipatu zituen bere lanak.
Urte batzuk geroago, XX. mendearen hasierako urteetan, errepublikanismoaren eta emakumeen eskubideen aldeko borrokan engaiaturik zegoela eta Portugalgo mugimendu feminista sustatzeko xedearekin, kolaborazioak egiten hasi zen zenbait aldizkaritan. Hasieran, Maria Olga de Moraes Sarmento da Silveira idazle eta hizlari portugaldarrak eta Manuel João da Silveirak, bere senarrak, sorturiko "A Sociedade Futura" aldizkarian idatzi zuen.[12] Ondoren, "Jornal dos Pequeninos " aldizkarian eta "A Mulher e a Criança" Portugalgo Emakumeen Liga Errepublikanoaren (LRMP) hilabetekarian;[13] eta handik gutxira, Setubalgo "O Radical" egunkarian, non, 1910etik 1911ra, protagonismo handia izango zuen bere lanei esker. Setúbalgo Eskola Liberalaren sortzailea izan zen[14] eta baita egoitza bere etxean bertan, Lisboan, zuen Lusitânia Editora Limitadarena ere. Haren bitartez, Camilo Pessanha poeta sinbolistaren poesia eta obra sustatu eta zabaldu zituen.[15] Ana de Castrok, bere izenaz gain, hainbat ezizen erabili zituen bere lanak sinatzeko, haien artean, Ann Moore eta Ana Doroteia Moore, amaren aldeko amonaren omenez.[16]
Kazetaritza-lanez gain, Ana de Castro Osório bestelako lanak ere hasi zen idazten 1898tik aurrera, hala nola, lan didaktikoak, erromantzeak, eleberriak eta umeentzako ipuin eta antzezlanak. Azken horien artean, 18 liburukiko "Para as Crianças" (1897 – 1935) bilduma aipatu behar da, Portugalgo haur literaturaren sortzaile nagusien artean toki garrantzitsua eman baitzion.[17]
Ana de Castro Osório,1898ko martxoaren 10ean, 25 urte zituela, Francisco Paulino Gomes de Oliveirarekin (1864-1914) ezkondu zen Setúbalgo Nossa Senhora da Anunciada parroki elizan. Gomes de Oliveira, Paulino de Oliveira izenez ezaguna, poeta, publizista eta Portugalgo Alderdi Errepublikanoko kidea zen.[18] Urte batzuk lehenago, baina, Ana de Castrok Camilo Pessanha poetaren ezkontza-proposamenari gogor uko egin zion, bien arteko adiskidetasunak 1926an hil zen arte iraun bazuen ere.
Paulino de Oliveirarekin bi seme izan zituen: João de Castro Osório (1899-1970), poeta, antzerkigile, literatura-historialari eta saiakeragilea, eta José Osório de Castro (1900-1964), idazle, kazetari eta literatur kritikaria eta Isabel de Castro (1931-2005) aktorearen aita. [19]
Mendearen hasieran, 1907an, Ana de Castro Grande Oriente Lusitanoko kide egin zen eta emakumeak besterik onartzen ez zuen Humanidade Logian integratu zen. Izen masoniko sinboliko gisa Leonor Fonseca Pimentel goitizena hartu zuen, "Napoliko portugaldarra" izenez ezagutzen zen XVIII. mendeko iraultzaile portugaldarraren omenez.[20]
Europan giro politiko eta soziala gero eta ezegonkorragoa zen mende hasierako garai hartan, Ana de Osório Castro bere ahaleginak errepublikaren kausan eta gizonen eta emakumeen eskubideen berdintasunaren aldeko borrokan bideratzen hasi zen, ideal horiek, askotan, bere literatur lanetan islatu zirelarik. Horrela bada, De Osório Portugalgo ekintzaile feminista aitzindaririk ezagunenetako bat bihurtu zen.
1905ean, Lisboara bizitzera joan zenean, "Às Mulheres Portuguesas" [21] Portugalgo lehen manifestu feminista idatzi zuen, eta handik gutxira Grupo Português dos Estudos Feministas taldean sartu zen. 1908an António José de Almeida politikari errepublikanoaren laguntzarekin, Liga Republicana das Mulheres Portuguesas (LRMP) erakunde eta elkarte politikoa sortu zuen garaiko Portugalgo zenbait emakume entzutesurekin batera, haien artean, Carolina Beatriz Ângelo eta Adelaide Cabete mediku eta sufragista, besteak beste. LRMP erakundeak Lisboako Rua dos Castelinhos 6. zenbakiko 2. solairuan izan zuen egoitza.
Garai oparo hartan, idazle eta aktibista portugaldarrak izaera politiko eta sozialeko hainbat lan eta artikulu argitaratu zituen. Idazkiotan, beste gai batzuen artean, emakumearen boto emateko, hezkuntza jasotzeko edo lan duina izateko eskubideari buruz idatzi zuen, eta baita abandonu edo alarguntza kasuetan emakumeen independentzia ekonomikoaren garrantziari buruz ere. Horrez gain, "A Bem da Pátria" izeneko esku-orriak idatzi eta banatu zituen dohainik. Haietan, hezkuntzaz eta higieneaz hainbat aholku eta orientabide azaltzen ziren ama gazteei zuzenduta.[22]
Portugalgo Lehen Errepublika garaian (1910-1926), Errepublika ezarri eta berehala, Ana de Castro Afonso Costa Justizia Ministroarekin elkarlanean aritu zen dibortzio legea prestatzen. De Castroren ustez, "dibortzio legea ez da beharrezkoa bananduta egonda euren patua eskrupulurik gabe jarraitzen dutenak bereizteko, baizik eta espetxeraturik daudenak askatzeko". Legearen onarpena, 1910eko azaroaren 3an, Portugalgo mugimendu feministen lorpen nagusietako bat izan zen.[23]
Hilabete batzuk geroago, Liga Republicana das Mulheres Portuguesas-en barne-gatazkak gertatu ziren emakumeei botoa ematea ahalbidetuko zien Hauteskunde Kodearen berritzea zela eta. Ana de Castro Osóriok aurkeztutako proposamenaren arabera, emakumeek hainbat baldintza bete beharko zituzten botoa eman ahal izateko: zergak ordaintzea, adinez nagusi izatea eta, goi mailako heziketa izanik, elite intelektualeko kide izatea. Horren ondorioz, baina, emakumezkoen populazioaren zati handi bat analfabetoa izateagatik bazterturik geldituko zen. Maria Veleda militantea eta haren alde egin zuen fakzioa proposamen horren kontra agertu zirenez, De Castrok dimisioa eman zuen presidente kargutik. Horren ostean, Propaganda Feminista Elkartea sortu zuen, Carolina Beatriz Ângelo, Joana de Almeida Nogueira eta Rita Dantas Machadorekin batera, besteak beste.[24]
1911n, Ana de Castrok Brasilera bidaiatu zuen bere senarra São Paulon kontsul izendatu zutenean. Han irakasle lanetan aritu zen eta hainbat liburu idatzi zituen, besteak beste, Brasilgo eta Portugalgo ikastetxeetan erabiliko ziren bi eskuliburu: "Lendo e Aprendiendo" eta "Lição de História". Hiru urte geroago, Paulino de Oliveira hil zen, 1914ko martxoaren 13an, tuberkulosiak jota.
Alargun geratu ondoren, Ana de Castro Osório Portugalera itzuli zen bere bi seme-alabekin, João de Castro Osório (1899-1970) eta José Osório de Oliveira (1900-1964). Familia Lisboan finkatu zen, hain zuzen, Rua do Arco do Limoeiro kalean, 17 zenbakiko lehen solairuan.
Europako tentsioaz eta gertu zegoen gerra-giroaz jabetuta, 1914an, De Castrok Comissão Feminina Pela Pátria (Aberriaren Aldeko Emakumeen Batzordea) taldea sortu zuen, Ana Augusta de Castilho, Antónia Bermudes eta Maria Benedita Mouzinho de Albuquerque Pinhorekin batera. Batzorde hori izan zen Portugalen emakumeak gerra esfortzuan parte har zezaten mobilizatzeko asmoz antolatutako lehen erakundea. Batzordeak Sofia Quintino medikuaren ekimenez antolaturiko erizaintza ikastaroak izan ziren Portugalen mojek emandako edota mojentzat ematen ez ziren lehenak. Urte batzuk geroago, Portugalgo indar militarrak Lehen Mundu Gerran parte hartzen hasi zirenean, Elzira Dantas Machadok, Bernardino Machado Errepublikako Lehendakariaren emazteak, emakumeen batzordea birmoldatu zuen eta Cruzada das Mulheres Portuguesas (CMP) ongintza-mugimendua sortu zuen, mobilizatutako soldaduei eta haien familiei laguntza emateko helburuarekin.[25]
1916ko ekainean, António Maria da Silvak, Lan eta Gizarte Ongizate ministroak, eskatuta, Emakumeen Lan Teknikoen azpiikuskari kargua hartu zuen. Bere jardunean hainbat kritika eta salaketa jasan zituen, batez ere Adelaide Abrantes kazetariak, "A Voz" egunkarian, eginak. Abrantesek karguaren baliagarritasuna zalantzan jartzen zuen, bere ustez ministroak bere "alaba pontekoei" egin ohi zizkien mesedeetako bat besterik ez zelako. Kazetariak arpegiratzen zien ugazaben alde egitea eta benetan ez aplikatzea gobernuaren lan-arloko lege berriak, hala nola, jostunen arratsaldeak ezabatzeari zegokiona.
Hurrengo urteetan, Ana de Castro Osóriok idazten jarraitu zuen, eta bai Portugalen, bai Brasilen idazle gisa lortutako ezagutza sendotu zuen. 1922an, herrialde horretara itzuli zen, Rio de Janeiron, São Paulon, Paranán eta Rio Grande do Sulen hitzaldi sorta bat emateko. Jardunaldi horien ostean, "A Grande Aliança" (1924) idatzi zuen[26] eta O Corymbo egunkari feministaren kolaboratzaile egin zen. [27]
Portugalgo Lehen Errepublikaren amaieran, bere herriaren egoera politikoaz etsia hartuta, esku-hartze publikoa murriztu zuen. Handik aurrera, Cruzada das Mulheres Portuguesas elkarteko jardunean eta bere idazle lanean baino ez zuen bere gogoa jarriko.
Ana de Castro Osório 1935eko martxoaren 23an hil zen, 62 urte zituela. Zalantzak daude heriotza gertatu zen lekuari buruz, toki bi aipatzen baitira garaiko zenbait aldizkaritan: Lisboa eta Setúbal. Geroago ikerketek agerian utzi zuten Lisboako Sé parrokiako Rua Augusto Rosan, 17. zenbakian hil zela eta heriotzaren kausa nefritis kronikoa izan zela.
Lisboako Cemitério do Alto de São João hilerrian dago lurperaturik, 4814 zenbakiko familiaren hilobian. Haren hileta-elizkizunean arlo ezberdinetako pertsonaiek parte hartu zuten, besteak beste, Regina Quintanilhak, Fernanda de Castrok, Maria Veledak, João de Barrosek, António Sérgiok, Aquilino Ribeirok, José Rodrigues Miguéisek eta Hernâni Cidadek.[28]
Bere literatur-obra erraldoiak berrogeita hamar titulu baino gehiago biltzen ditu eta saiakera, eleberria eta narrazio laburrak hartzen ditu barne. Hauek dira lan aipagarri batzuk: "Em Tempo de Guerra" (1918), "A Verdadeira Mãe" (1925), "Viagens Aventuosas de Felicio e Felizarda" (1923), "A Grande Aliança" (1924), "Mundo Novo" (1927), "A Capela das Rosas" (1931), "O Príncipe das Maçãs de Oiro" (1935) eta "Histórias Maravilhosas da Tradição Popular Portuguesa" (2 liburuki, 1952an bakarrik bildua); halaber, kolaboratu zuen hainbat aldizkari garrantzitsu ere aipatu behar dira, hala nola: "A Ave azul" [29] (1899-1900), "Branco e Negro" [30] (1896-1898), "Brasil-Portugal" [31] (1899). - 1914), "A Leitura"[32] (1894-1896), "Serões" [33] (1901-1911), "A Farça " [34] (1909-1910) eta "Terra Portuguesa" [35] ( 1916) -1927).
Lan horiez gain, eta Portugalgo haur literaturaren sortzaile titulua merezi izateaz gain, kontuan hartzekoa da herrialdeko ahozko tradizioko ipuin bilduma zabal eta trinkoa osatu eta Grimm anaien eta haur literaturako beste egile atzerritar askoren hainbat ipuinen itzulpen eta argitalpenak egin izana.
Azkenik, Ana de Castro Osóriori zor zaio Camilo Pessanha- ren liburu bakarraren — "Clepsydra"— konpilatzea, edizioa egitea eta 1920an argitaratzea, berak sortu zuen Lusitânia argitaletxean.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.