Art Déco
From Wikipedia, the free encyclopedia
Art Déco (frantseseko arts décoratifs-en laburdura; hots, "dekorazio-arteak") diseinuaren historiako nazioarteko mugimendu bat da, gutxi gorabehera 1920tik 1940ra arte iraun zuena eta askotariko esparruak landu zituena, hala nola arkitektura, etxe-barruen diseinua, industria-diseinua, moda, margolaritza, arte grafikoak eta filmak. Bere garaian, estilo hau dotore, glamourtsu, funtzional eta modernotzat jo zen.
Izena hartzen du 1925ean Parisen egindako Exposition Internationale des Arts Décoratifs et Industriels Modernes erakusketatik.
Mugimendu honek XX. mendearen hasierako estilo eta mugimendu ezberdin askoren uztartze-lana egin zuen (Konstruktibismoa, Kubismoa, Modernismoa, Futurismoa). Europan, bere goraldia 1920ko hamarkadan izan zuen, eta 1930eko hamarkadan ere bere indarrari eutsi zion Estatu Batuetan.
Nahiz eta diseinuaren alorreko mugimendu ugarik jatorri edo helburu politikoak edo filosofikoak izan, esan beharra dago Art Déco mugimendu hertsiki dekoratiboa izan zela.
1930eko hamarkadaren bukaeran eta 1940koaren hasieran, Art Déco-k gainbehera jasan zuen, eta denbora gutxian jendearen zaletasuna galdu zuen.
Art Déco-k eragin handia izan zuen ondorengo arte-mugimendu ugaritan, hala nola Memphis Group eta Pop Art-ean.
Mundu osoko herrialde askotan eta askotarikoetan aurki daitezke gaur egun Art Déco-ren erakusgarriak: Erresuma Batuan, Espainian, Kuban, Indonesian, Filipinetan, Errumanian, Zeelanda Berrian eta Brasilen, besteak beste. Hiri handietan, estilo honetako eraikin asko aurki daitezke. New Yorkeko Chrysler Building, esate baterako, Art Déco estiloko arkitekturaren adibiderik bikainenetakoa da.