Frantziako komikigilea (Lyon, 1976) From Wikipedia, the free encyclopedia
Chloé Cruchaudet (Lyon, 1976ko azaroaren 2a) komiki-marrazkilari, gidoilari eta koloratzaile frantsesa da.
Chloé Cruchaudet | |
---|---|
(2010) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Lyon, 1976ko azaroaren 2a (47 urte) |
Herrialdea | Frantzia |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | frantsesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | gidoilaria, haur literaturaren idazlea eta komikigilea |
Jasotako sariak | ikusi
|
Kidetza | Collectif des créatrices de bande dessinée contre le sexisme (en) |
Chloé Cruchaudet-ek Lyongo Émile Cohl Arte aplikatuetako Eskolan egin zituen lehen ikasketak[1], eta gero, animazioa ikasi zuen Gobelins-Paris ikastetxe publikoan[2]. Horixe izan zen bere ibilbide profesionalean jorratu zuen lehen arloa: ikasketak amaitu bezain laster, telebistarekin kolaboratu zuen L 'âne tro-tro eta Atomic Betty marrazki bizidunetan.[3] Aldi berean, hainbat argitaletxetan (Editions Milan-en, adibidez) eta prentsan lan egin zuen. Zenbait proiektu koletibotan ere parte hartu zuen, hala nola Delcourt argitaletxean plazaratutako Les fables de La Fontaine komiki bilduman, eta Petit à Petit argitaletxearentzat Louise Attaque musika taldeari buruzko album batean ere kolaboratu zuen.[3] Fred (Philémon komiki seriaren sortzailea), Franquin eta Boucq komikigileen eragina du, eta bere narratiba benetako gertaeretan oinarritzen da, izan liburu historikoetan, autobiografietan edo telebistan ikusitako erreportajeetan.[3]
2006an, bere lehen liburua argitaratu zuen marrazkilari gisa, Joséphine Baker BD-music albuma.[4] 2008an, Delcourt argitaletxean, Groenland Manhattan argitaratu zuen. Bertan, Groenlandiako Minik-en bizitza[5] kontatzen da, 1897an Robert Peary esploratzaileak New Yorkera eraman zuen eta giza zoologiko moduko batean ikusgarri eduki zuten haur inuita.[6] Liburuak René Goscinny saria jaso zuen.[7] Urte bereko azaroan, Delcourt-ek argitaratutako Les Enfants sauvés album kolektiboan parte hartu zuen marrazkilari gisa.[8] Liburuan zenbait bizitza esperientzia kontatzen dira, nazien erregimenetik ihes egitea zein zaila zen erakusten dutenak, eta, benetako hainbat egoeratatik abiatuta, erregimen horren ikuspegi orokorra eskaintzen dutenak; adibidez, Salonikako juduen patua, ghettoetako bizitza, Frantziako, Austriako eta Herbehereetako haurren erreskatea.[9]
2009tik 2012ra Ida komiki seriea argitaratu zuen, hiru liburukitan, Delcourt argitaletxean[3]: Grandeur et humiliation (2009)[10], Candeur et abomination (2011)[11] eta Stupeur et révélation (2012)[12]. Seriea 1880ko hamarkadaren amaieran garatzen da, eta hogeita hamar urteko "neskazahar" hipokondriako eta autoritario baten abenturak kontatzen ditu.[3] Garai berean, 2011n, Les Otres Gens proiektuan parte hartu zuen. Les Otres Gens Frantziako online komiki-nobela bat zen, 2010 eta 2012 artean argitaratua. Gidoilari nagusia Thomas Cadène izan zen, proiektuaren sortzailea, baina marrazkiak 100 marrazkilarik baino gehiagok egin zituzten, haien artean Cruchaudet.[13][14] Seriea 11 liburukitan argitaratu zuten Dupuis argitaletxean, eta Cruchaudet-ek bigarren[15] eta hirugarrenean[16] parte hartu zuen.
2013ko irailean, Mauvais genre argitaratu zuen, Fabrice Virgili eta Danièle Voldman historiagileen La Garçonne et l'Assassin saiakeran oinarritua.[17] Album honetan, Cruchaudet-ek hogeiko hamarkadako Urrezko Aroko Parisen gertatutako ezohiko harreman transgenero baten istorio sotil eta ñabardurez betea kontatzen du, benetako gertaeretan oinarritua. Paul protagonista desertore bihurtu da gerraren izugarrikerietatik ihes egiteko. Parisera iristea lortzen du, eta han ezkutatzen da Louise emaztearen laguntzarekin. Heriotza-zigorraz mehatxatutako desertorea denez, kondenatuta dago lau hormen artean betiko egotera edo... beste pertsona bihurtzera. Horrela, emazteak lagunduta, emakume arropaz jantzi eta Suzanne, Louiseren lagunik onena, izango da. Hasieran maskarada bat zirudiena beste zerbait bihurtuko da, identitate berri bat sortuko da.[18] Lanak kritikaren oso harrera ona izan zuen, eta hainbat sari jaso zituen: 2013ko Prix Landerneau BD saria[19], Quai des Bulles jaialdiko Coup de coeur saria[20], Komikietako kritikoen eta kazetarien elkartearen kritikaren saria[21], eta 2014ko Angulemako Komiki Azokako Publikoaren saria[22].
2016ko otsailean, Chloé Cruchaudet-ek uko egin zion, beste hiru emakume komikigilerekin batera (Julie Maroh, Aurélie Neyret eta Tanxxx), Arteen eta Letren ordenako zaldun izendapenari.[23]
2017az geroztik, Lyongo Émile Cohl arte-eskolan irakasten du.[24]
2018an La croisade des innocents argitaratu zuen Soleil Productions argitaletxean. Kontakizuna gutxi ezagutzen den gertaera historiko batean oinarrituta dago, 1212an Lur Santura eginiko espedizioan, Croisade des enfants izenekoa.[25]
2022an hasiera eman zion bi liburukiz osaturiko Céleste serieari: Bien sûr, monsieur Proust (Soleil Productions, 2022)[26] eta Il est temps, monsieur Proust (Soleil Productions-2023)[27]. Serieak Marcel Prousten erretratu bat margotzen du, bere dontzeila Célesteren begietatik. Chloé Cruchaudet-en helburua Céleste pixkanaka Marcel Proustekin eta bere obrarekin identifikatzen joango dela erakustea da. Prousten hitzak pixkanaka agertzen joango dira eleberri grafikoan. Horrela, "A la recherche du temps perdu" lanaren aipuak elkarrizketa bihurtuko dira lan grafiko honetan integratzeko.[28] Bien sûr, monsieur Proust ACBD 2023 Kritikaren Sari Nagusirako izendatuetako bat izan zen.[29]
Beheko zerrendan erreferentziarik ez duten komikiak Babelio edo BD-Gest plataformetan agertzen dira zerendaturik.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.