Euskal Herriko musika garaikidea
From Wikipedia, the free encyclopedia
Euskal Herriko musika garaikidea XIX. mende erdialdetik aurrera Euskal Herrian egindako euskarazko nahiz erdarazko musika da. Askotariko estiloek bilakaera desberdinak izan dituzte, baina guztiek ere lotura dute garai horretatik aurrera izandako industrializazio eta aldaketa demografikoekin. XX. mende bukaerako eta XXI. mendeko gizarte mediatikoak sofistikazio handia eta elkarreragin bereziak sortu ditu jatorrizko euskal musika, musika jaso klasikoen eta nazioarteko pop musika berrien artean. Euskal Herriko musika sorkuntza eta emanaldiak norbanakoen eta gizataldeen identitaterako ezin besteko elementu bilakatu dira.
XIX. mendean, euskal foruen galera eta identitatearen krisia gertatzearekin batera, euskal kulturaren berpizkunde bat izan zen, eta hainbat abesbatza talde sortu. Burdinbidearen Euskal Herriko etorrerak (1863) eskusoinu txikia ekarri zuen, harrezkero herri musikan sendo errotua, ordu arteko txistu eta txirulaz gain. Herri ohitura eta musikari buruzko interes etnografikoa ere agertu zen, ikertzaile dirudunek eta erlijio gizonek bultzatuta. Mugaz bi aldeetara euskal jaiak ugaldu egin ziren eta, bitartean, turismoaren eta kanpoko eliteen eraginpean, musika klasikoko genero batzuk lantzen hasi ziren hiriburuetan oinarrituta. Turismoaren hegalpean, 1914 arte, Jose Maria Usandizaga donostiarra garatu zen, operagile eta zarzuelagilea. Gero loratu ziren beste zuzendari eta musikagile batzuk ere orkestrarako musikaren inguruan.
Diktadurako agorraldi latzak kimu berriei utzi zien lekua, mugaz bi aldeetan agertu zen kultura eta musika isuria Nouvelle chanson eta Nova canço gidari hartuta: XX. mendeko 60ko hamarkadako Euskal Kantagintza Berriaren agerpena jotzen da euskal herri musika modernoaren mugarritzat eta ezin besteko erreferentziatzat. Geroztik, kontsumo gizartean eta hiritartzean sakondu ahala, Espainiako zein Frantziako eta nazioarteko produktuak eta joerak indarrez sartu ziren Euskal Herrian, itxaropen eta belaunaldi arteko kontraesanetan murgildutako giroan. Niko Etxart izan zen aitzindarietako bat, aurreko tradizioaren eta musika mugimendu berriaren arteko zubi lan bihurrian. 80ko hamarkadan punk kontzeptuaren goraldia izan zen, DIY ("egin ezazu zeuk") filosofia bidelagun hartuta. 90eko hamarkadatik, berriz, dibertsifikazioaren eta gizarte mediatikoaren zabalkuntza orokorra gertatu da: rock, jazz, elektronikoa, new age, punk, hardcore, heavy metal eta gainerako estilo guztiak garatu dira Euskal Herrian.