cover image

Euskal Herria Europako herrialde bat da. Historikoki euskaldunen eta euskararen lurraldea da, Pirinio mendien mendebaldean kokatua, Frantzia eta Espainiaren arteko muga egiten duen mendilerroaren inguruan, eta Bizkaiko golkorantz zabaltzen dena. Zazpi lurralde historiko edo probintzia ditu: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Nafarroa Garaia eta Zuberoa. Hala ere, ez dago haien arteko antolamendu politiko-administratibo egituraturik. Guztira, Euskal Herriak 20.950,3 km² ditu, eta 3.193.513 biztanle zituen 2020an[1].

Artikulu hau euskal herritarron herrialdeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Euskal Herria (argipena)».
Quick facts: Euskal Herria, Geografia, Hiriburua, Hiririk ...
Euskal Herria
Goiburua: "Zazpiak Bat"


Geografia
HiriburuaIruñea
42°52′59″N 1°56′8″W
Hiririk handienaBilbo
Azalera20.947 km2
Punturik altuenaHiru Erregeen Mahaia
KontinenteaEuropa
Administrazioa
Gobernu-sistemaIparraldean: Frantzia
Hegoaldean: Espainia
EAEko lehendakaria
Nafarroa Garaiko lehendakaria
Ipar Euskal Herriko Herri Elkargoko lehendakaria
Iñigo Urkullu
María Chivite
Jean-René Etxegarai
Demografia
Biztanleria3.193.513 (2020)
302.213 (2005)
Dentsitatea153,02 bizt/km²
Erabilitako hizkuntzak
BPG per capita39,64 US$ (2017)
BPG per capita EAPn34.900 € (2017)
Bestelako informazioa
Close

Iruñea hiriburutzat jo ohi da, arrazoi historikoak direla kausa, nahiz eta izendapen ofizialik ez den. Halaxe iritzi zion XVIII. mendearen hasieran Joanes Etxeberri Sarakoak: «Iruiñea eskualdunen hiri buruzagia».[2] Hiririk handiena Bilbo da, eta Gasteiz de facto Euskal Autonomia Erkidegoaren hiriburua da[oh 1]. Gainera, beste hiru udalerrik dute 100.000 biztanle baino gehiago. 1980tik aurrera, Euskal Herria hiru eremu politikotan banatu da: Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea Espainian, eta Frantziako euskal lurraldea Pirinio Atlantikoetan, 2017tik Euskal Hirigune Elkargoa bilakatua. Euskal Herriko biztanleei euskal herritar edo —gaur egun gutxiago erabiltzen den izena— euskotar deritze; lurraldeari izena eman dion hizkuntza jakin edo hitz egiten dutenei, berriz, euskaldun.

Gizaki modernoa orain dela 35.000 urte iritsi zen gaur egungo Euskal Herrira, eta historiaurrean labar-artea zein hainbat monumentu megalitiko utzi zituzten. VII. mendetik aurrera, Erdi Aroko baskoiak agertzen hasi ziren, eta Baskoniako Dukerriaren inguruan kokatu ziren. 824an, Iruñeko Erresuma hasi zen eratzen Orreagako Guduen lorratzean (778 eta 824), Antso III.a Handiaren erresumatik XII. mendera Nafarroako Erresuma bihurtzekoa. Errando II.a Aragoikoa gaztelar leinuko erregeak, baina, garai bateko Nafarroaren erdigunea inbaditu zuen 1512an, eta Gaztelako Koroari atxiki. Pirinioez iparraldera, Nafarroa independenteak mende batez iraun zuen. Frantziako Iraultzaz eta Karlistaldien garaian, Frantzia eta Espainiako nazio estatuen zentralizazioa gailendu zen. XIX. mendean, baina, industrializazioaren epelean, eusko abertzaletasuna sortu zen. XX. mendera arte, hala ere, gerra gogorrek astindu zuten Euskal Herria, Francoren diktadura zapaltzailea ere tartean. Euskal gatazka piztu zen testuinguru horretan.

Euskal Herriaren lehen aipamena XVI. mendekoa da, Juan Perez Lazarraga egile arabarrak eta Joanes Leizarraga nafarrak idatzita. Euskaldunak egungoan baino lurralde zabalagoan bizi izan dira iraganean, eta egungo lurralde identifikazioa XVII. mendean hasi zen eratzen: Axular idazleak euskaldunen egungo hedadura politiko-administratiboa aipatzen du Geroren aitzin-solasean.